Prometeo deskateaturik
Luigi Anselmi
Jainko ororen lehenak,
Zeus handiak,
goizero igortzen du arranotzar ankerra
gibela urra diezadan...
Bainan iluntzero esku beltz batek
zilarrezko igitai zorrotzaz
estekatzen nauten
burdinezko lokarriak trenkatzen ditu...
Gauero,
izenik gabeko kaleen labirintoan
barneratzen naiz jainkoen isilean,
beraiei ebatsitako sua
gizonen artean barreiatu asmoz...
Eta Dionisio alaiak, eskuzabalki
eskainitako ukendu ezti gozoaz,
ardura ematzen ditut
hegazti jainkotarrak
erraietan egin zauri larriak...
Hiri urdin-arre honetan
ortzea
barnetik ikusi
itsulapiko baten
zirrito estua baino ez da;
itsulapiko ahantzia,
haur pobre baten
jostailu kaxa ilun
eta hutsean...
Ortzeko zirrito urdinaz salbu
itsulapikoa bezala izkin guzietatik
ingurinatzen gaituen hiri urdin-arrean;
itsulapiko honetan, diot,
bere jabeek, gure jainkoek,
berantean behin gordetzen dute
sos bakanen bat,
limosna,
esperantzazko kontsolagarri...
|