L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<maza0300>— Mazantini-3 (1992) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskararen bide ilunaren argitze

Jean-Baptiste Orpustanekilako solasaldia

 

E. Gil Bera

 

        Jean-Baptiste Orpustan euskara eta euskal literaturaren erakaslea da Bordeleko unibersitatean. Euskal toponimiazko ikerlanak egin ditu eta gaurko egunean euskal etimologiaz eta euskararen iragan ilunaz gehien dakienetarik da. Laster agertuko da haren zuzendaritzapean eginiko Oihenarteri buruzko eskuliburu bat.

        — Orain mintzatzen da euskalkiez eta euskara standardez. Nola ikusten duzu hori?

        — Ikusi behar da euskararen egiturak zein diren hoberenak eta hautatzen diren formak zein diren hoberenak; nik uste dut, beti, etimologiatik hurbilenak direla; beraz, hortarik abiatuz, erabiltzen baditut etimologiari hurbilago diren formak eztut arrazoinik heien baztertzeko. Dena den, uste dut bakotxak bere arrazoinak badituela bere herriko euskalkiari ahal bezain hurbil egoiteko, nonahiko izan dadin, xuberotarra edo nik dakita, Bizkaiko azken ibarrekoa edo.. Hortarik harat, zer behar dute egin gurekin ikasketetan ari direnek? behar dute beren euskara —eztut erraiten nik standarizatu— behar dute hobetu. Hobetzeko bideak eztira baitezpada berdintzekoak beti, eta berdintasun zenbaitek ukan dezakete beren balioa —jendea, adibidez, ezin adi delarik, orduan behar dira hiztegiak, jakin hitz haur hemen zertako erabili eta zertako ez...— Baina ainitz gauzetan euskalkien ezberdintasunak hain dira ttipiak... diot edo dakot: berdin berdina baita. Hartakotz, funtsean, euskalki guziak hobetzen ahal dira. Guziak. Zeren orok baitituzte, dela zuzentasunaren aldetik, edo etimologiatik urrundurik sobera, edo erdalki hitzak sobera sartuz, orok baitituzte beren hutsak. Hori standardizatzea dea? Nik eztut arras uste, zeren baitakigu idazle handi guziek gogo argiz egin dutela indar alde hortarat eta gauzak hobetuz berdindu dltuztela ahal bezainbat, baina ez ahal baino gehiago.

        Lacombek erraten zuen, funtsean, euskaran bi euskalkiz bertzerik ez dela: bata bizkaiera eta bertzea garaitiko guziak. Bizkaiera dei bertzetarik ezberdina eta noradino? Mitxelenak dio bizkaieraren ezberdintasun ohargarrienak berriki sortu direla. Eta hori egia baldin bada —eta uste dut Mitxelenak ikertu gabe eztuela deus ere ateratu— eztut uste mende hunen hastapenean erraiten zutena hain xuxena dela. Euskararen problema hau da: lehenik, nahi bada, ezberdintasunak, orokorki, gauza ttipiak dira edozein euskalkietan; bigarrenik, badakigu haundituz joan direla historian zehar, orain artio. Orain muga bat bada, menturaz, ezberdintze horietan, XX mendearen bigarren zatian. Baina, hemen erabiltzen ditugun ainitz hitz, ainitz itzuli, oraino gipuzkeran baino hurbilago ditugula bizkaieran zenbait aldiz, hiztegian gauza berak gertatzen dira. Ez denetan, oro ezberdinak baitira, baina horiek ere gertatzen dira. Eta erran behar dea badirela bi? Edo ainitz? Zenbat ez dakigu. Leizarragak baitzioen etxe batetik bertzerat ere kasik aldatzen zela... eta egia da hori ere. Herri batetik bertzerat, hasteko, ezberdintasun haundiak badira, hemen berean.

        — Euskararen berdintzeko beharraz mintzatu ohi da halako panacea bat balitz bezala...

        — Berdintzearekin erran nahi dut berdintzerat indar egitea. Eztut nahi eta nik eztut uste marra bat egin behar dela. Beti euskararen egitura orokor morfofonetikoari ahal bezain hurbil egonez, behar dela, halarik ere, ahal bezainbat halako molde orokor bat aurkitu, bainan orokorki, ez dut erraiten xehetasun guziak berdin. Eztut uste, ortografiari dagokionez bakarrik, arrazoinik dela hatxe guzien ezabatzeko kontsonanteen aldetik, zeren oraingo jendeak erraiten baitu. Bakotxak bere moldean idazten badu khe edo ke, hala erraiten baldin badu, horrek ez du euskara ezteusetan arruntzen. Uste izan da —eta hau ere mende hunen hastapeneko gogoeta zen, Broussainek eta anitzek erran dute...— euskara ez balinbazen beharrez berdindua galduko zela; arrazoinamendu hori ezin xutik egona da, zeren ezpaitu ezberdintasunak galduko euskara, bertze arrazoin batzuek dute galduko, bertze batzuek osoki, erran nahi baita ez mintzatzeak, ez erabiltzeak... baina ez ezberdintasunek. Berdintzen baldin badira ikusi behar da zein erregelatarik berdindu eta zein arau onartu behar diren, hor behar da ikusi etimologiazko formak zein diren, eta hek dituztenek egin behar dituzte atxiki, hek ez dituztenek indar bat egin behar dute hetarat: nornahi izan dadin eta zenbat izan diten ere: zenbakiak eztu arrazoinik haren ondotik hauta diten edozein gauza.

        — Zertan da euskararen etimologia?

        — Etimologian, beti gelditzen dira dudazkoak edozein hizkuntzetan, guti edo aski; eta euskaraz, bistan da, aski dela, edo gazteleraz guti, gonparatzeko. Orain ari dira lanak egiten, Agud eta Tovar-en hiztegiak, argitaratzen ari dutena, baditu ainitz eta ainitz xehetasun; eztut erraiten oro han direla eta ez hek egiten dituzten azterketak oro zuzenak aterako direla; zenbait eztira, menturaz, hala. Bainan hainbertze gauzen elgarretaratzeak lana biziki errexten du. Eta orai badakigu, nonbait han, orokorki bederen, euskaran zer den erdaratik eta bereziki latindar erromantzetarik jin dena eta zer jin eztena. Orain duela 50 urte gutiago zakiten; mende hunen hastapenean nornahik zernahi idazten zuen; baziren oro latinetik ekartzen zituztenak eta eztu orain hain aspaldi. Bainan oro eztaitezke ekar, zeren latinaren erregela fonetikoak ezagutzen baitira aski orain jakiteko zer emaiten ahal zuen latinak eta zer ez, eta orain badazkigu euskararen erregela morfo-fonetiko gehienak aski. Etimologiaz ere, zerbaiten erraiteko bederen, zer den latinetik eta zer ez, gehiena badakigu, edo jakin dezakegu hasteko. Gero, urrunago joanez, euskararen etimologia zaharra zer den, orain bi mila eta hiru mila urtetakoa edo aitzinekoa, hori eztakigu orain; hortan eztakigu oraino gauza handirik. Erran behar da hortako ikerketa lanak gelditu zirela duela urte zenbait, 1950-60 urtetan, Lafonen eta Boudaren eta horien lanak... Orain menturaz berriz hasiko dira: Bordeleko unibersitatean, urte hunen hondarrean, urri hastapenean, tesi bat egina izanen da euskararen eta latina baino zaharragoko hizkuntzen arteko harremanez eta, menturaz, horren ondotik, uste dugu ondoko urtean, eginen dugu ere halako bilkura bat gai hortaz mintzatzeko orain ahal bezainbat Europan euskaraz eta euskararen bertze hizkuntzekilako harremanez aritzen diren ikerlariekin. Eztakit aski izanen denez, badakit ez direla lan modakoak zeren etimologia ezpaita lan modakoa; erran behar da badela mila arrazoin Europan hortako: Europako hizkuntza guzien etimologiak aspaldidanik, nonbait han, zuzen eginak dira; latinaren etimologia egina da, grekarena ere bai, eginak dira horiek oro, beraz zuzen da modan egon ez dadin. Aldiz, euskararena ezta oraino egina.

        — Toponimia balioko tresna izan behar da, dudarik gabe, hortan aitzinatu dela erran dezakeguia?

        — Toponimian baziren bide gaitzak eta bide onak; zeren aspaldidanik jendea mintzatu baita toponimiaz. Bada oraino ainitz gauzaren egiteko. Toponimia zaharraren biltzea beharrezkoa da, ari da egiten, eta behar luke egina izan, oraingo tresnekin, ordenareekin... dokumento guziak ezagunak baitira, eta badira andana. Oro eginak izanen direnean gauza biziki errextuko dira, nik hemen puska bat egin ditut. Toponimiak gauza zenbait erakusten dauku, baina zorigaitzez eztauku oro erakusten; biziki zaila da ere, izen zaharretan baitira aztergaitzak ere ezinaztertuak ere bai: eztakigu gauzarik aski euskara zaharraz, edo eztakigu euskararen eta haren inguruko hizkuntzen arteko harremanez. Lehenik hiztegi bat da, biziki aberatsa. Euskal izen leku zaharrek erakusten dituzte lekuaren osagailuak, lurra, lurraren itxura, gora eta beherak, ibar eta erreka, landareak, zuhaitzak, horiek aipatzen dituzte eta bertze gauzarik ez, ihiziak eta abereak izigarri guti, zenbait, menturaz bozpasei hitz aurkitzen dira; zeren, egiazki, ezpaitzen arrazoinik horien aipatzeko; lurrak emaiten dituenetan, ogiaz edo gariaz, horietan ere toponimia zuzenak eztu deus erratekorik zeren urte guziez aldatzen diren gauzak baitira; aldiz, baziren gauza batzu orain ageri eztirenak, hola lurraldeak landu ziren lehenbiziko aldian, sasiak eta ohianak nola kendu, erre, errotik moztu eta ateratu... Gauzak ez dira errex zeren huts eginarazleak baitira: eman dezagun Azkonbegi: "azkonen begiak" edo "azkonak ikusten ziren lekuak", baina azkonak nork ere ikusi behar ditu erran beza, azkonak gorderik egoiten baitira; dudarik gabe ezta azkona ikusten diren lekua, bertze zerbait da, behar da bilatu, azkona ainitz gauza baita, arma bat, jende izena... Gero, euskara zaharraz jakin behar diren gauzak: hitzen elgarretaratzeko edo atzizkitzeko, nik dakita, morfo-fonetika, aditzak, erranaldien egiturak, menperatzeko moldeak. Horiek jakinen direa? Bertze hizkuntzekilako gonparaketak ainitz ekartzen du. Lehenik erromantzekilakoak, latinarekilakoak eta orain euskaratik biziki urrunduak diren hizkuntzekilakoak, zeren ainitz egitekoa baita, munduan bada hizkuntza andana euskararekin aztertu behar dena.

        — Zure toponimiazko iker lanetan erraten duzu Nabarra dela etorkizko eta egiazko izena...

        — Ezta dudarik, dokumentu guzietan hala agertzen baita. Eta hori baita beti erabili ere: Nabarra. «Rex in Pampilone et on Nabarra»; hamarka eta ehunka atxemaiten duzu XI eta XII mendeetan forma hori. Erdi Aroan ezta navarro erabiltzen salbu gazteleraz. Gaztelerak navarro egin du navarrus-etik eta navarro-tik Nafarroa atera da, berant. Jende izenetik hor, azkenik, herriaren izen berria egin da; zeren aitzineko dokumentuetan ezpaitugu behin ere aurkitzen «Nafarroa» hori. Jende izenetik herriaren izena hori gertatzen da bertzetan ere, zeren Xuberoko behereko ibarra Pettarra erraiten baita eta hori zen behe-tarra, erran nahi baita, ibar-behe-tarra. Ezta dudarik navarro «o» horrekin gaztelera hutsa dela; izen hori gaztelerak moldatu duen hitza da, Erdi Aroko latinetik: navarrus. XVI mendean bermatua zen jadanik, dudarik gabe, Gipuzkoan; biziki gazteleratua baitzen politikan eta, kasu huntan, fonetikan. Baina Nabarra da, hainbertzetan da agertzen... Eta gipuzkera ezpaita hemen sartu, hemen ezta behin ere erabili «nav» «naf» «nafarro» hori, idazki guzietan Nabarra aurkitzen duzu, salbu jakintsunenetan: Leizarragak, Oihenartek, Axularrek, horiek ezagutzen zuten. Baina jendeak eztu behin ere erabili, zeren baititugu froga idazkiak ere; baditugu XVII mendean eginiko eskutitzak, Lapurdin, bizkitartean, eta idazten zuten Nabarra, Axularren eta haien aro berean, eta ez jende jakintsunaren baina jende xoilaren eskutitzak. Hemen beti Nabarra izan da. Gero, Baxenabarra, XVIgarren mendean asmatu duten hitza da, frantsesetik. Orduan bi Nabarren artean muga egina baita.

        — NB multzoaren gafia Aranaren arodanik finkatua da arau gisa, kasik deus ere gogoetatu gabe; zuk proposatzen duzu bereizi beharko liratekela erdal mailegua (dembora) eta euskal osaketa (zenbat), Axularrek, adibidez, egin bezala.

        — Axularrek etzuen beti-beti egiten, baina bai orokorki. Halarik ere, nb-ron erregela hori ohartu gabe emana da. Zeren baitakigu euskarak ainitz hitz eztela mb-rekin (zenbat, hainbertze...) horietan oro n da, dudarik gabe; bizkitartean, erdarari hartu hitzetan ez da arrazoinik batere n-ren erraiteko, dembora latinek erran dute beti mb-rekin, bi ezpainetako sudurkariarekin, hola zen eta hola da oraino; zuzenago laitekela, uste dut, betiereko formaren erabiltzea. Baina jende eta leku izenetan agertzen den m ez dute etimologikoa baina ez dute ere n. Mitxelenak Fonética Histórica-n azterturiko orgambide, zaldumbide, gaztambide erranez sudurkari horrek erakusten duela lehenagoko formak ez zirela gazta baina gaztan, ez zaldu baina zaldun... nik uste dut ezetz eta holako hitzetan b-ren aitzin soinua dela m hori, euskarak betidanik ukan du ixuri bat b-ren sudurkatzeko eta Martinet-ek dio hala gertatzen dela oraino Afrikako hizkuntza aspaldiko batzuetan. Euskarak hori egin du, aski du euskarak elgarrekin eman ditzan zaldu eta bide hortarik ateratzeko, betidanik, zaldumbide, aitzin sudurkatze bat eginez, baina aitzin sudurkatze hori eztaiteke izan m baizik orduan, zeren b bi ezpainetakoak ezpaitu emaiten ahal n, behar du eman m bi ezpainetakoa. Hortarik nik erraiten dut hitz hori zaldumbide zaldu bide dela, ez zaldunen bidea, bainan zaldu lehenagoko latinetik saltus-etik, oihaneko bidea, gero mb hori betidanik m-rat zuzendu da; hartakotz, Akitaniako sembe idazki zaharrek erakusten dute euskal seme hitzaren forma zaharra. Ondorioz, uste dut Etimologokoki m-rekin direnak m-rekin idatzi behar direla.

        — Erran ohi da euskara hagitz guti aldatu dela bertze hizkuntzekin alderatuz...

        — Euskarak, mila arrazoigatik, eztitu hitzak aldatu ingurumeneko hizkuntzek eta bereziki erromantzeek egin dituen bezala, badakigu latinetik erromantzeek zenbat aldatzen zituzten hitzak: castellum: gaztelarazko castillo ezta latinetik hain urrun, baina castet gazkoina biziki urrunago da, eta château frantsesa oraino biziki urrunago da, aldiz, castellum-etik atera du euskarak gaztelu, eztu kasik batere aldatu, aldatu du, behar zenean, hastapeneko gogorra ozenduz. Euskarak guti aldatu dela edo emeki, eztut erran nahi ez dela aldatu, azken mende hauetan, bereziko, biziki aldatu dela eta sortu direla, idazteko baino gehiago, erraiteko molde arruntuak eta higatuak. Zerk ekartzen duen hori, behar liteke ikusi; gehiago aldatu dela duela bi mendetan lehenago, menturaz, bi mila urtez baino gehiago, ezta dudarik, ageri da. Eta gonparatzen badira duela hiru mendetako idazleek idazten zituzten gauzak orain entzuten direnekin... euskara hizkuntza kultural bat izaitetik gelditu baita noizpait edo gelditzerat abiatu bederen, eta erdarak hartu ditu euskararen lekua. Gero, gaztelerak ainitz gauza eman dakote Espainiako euskalkier, eta hori gauza aski berria da. Eman dezagun «jota»; gipuzkeran XVIIgarren mendean sortu da eta XVIII mendean egiten ari zen, zeren mende hastapaneko idazleek oraino ezpaitzuten onartzen, Larramendik eztu onartzen, adibidez. Horrek ainitz erakusten du. Erran behar da ere gazteleraren indarra hango euskalkien gainean, bereziki mugetan baina hirietan ere, hiri haundiak han baitira, indarra haundia izan dela aspaldidanik; egia da etzituela ezberdinatasunak, fonetikaren aldetik, frantsesak bezain haundiak, baina frantsesa biziki aldatu da fonetikaren aldetik, eta gero hemen gaskoina galdu da, edo haren indarra bederen biziki ahuldu.

        — Jota-z landara, fonetikan gertaturiko aldaketak aski berriak direa?

        — Fonetikan badira gauza bitxiak. Ohartzen gira gauza zenbaiti. Askatzea (aspiratzea), adibidez, badakigu hegoaldean aspaldidanik Aragoneko mugetarik hasiz, askatzea galdu zela, eta lehenago bazela hemen bezainbat; aldiz, hemen hedatu da galtzeko partez, horrek ekarri du ainitz gauza. Baina orain askatzen dakiten gazteak biziki guti dira; hor lehenik aragondarrak eta gero gaztelerak galdu du, ez ukanez edo galdurik, askatzea hegoaldeko euskalkiek gehienek galdu dute, eta hemen, gaskoina galduz geroz eta nola frantsesak ezpaitu gehiago askatzen, galduz doa... Bizkitartean, euskararen ondoan izan balire ez gaztelera, aragondarra eta frantsesa, bainan alemana eta anglesa edo arabiera, euskaldun guziek oraino duela mila urte bezala askatuko zituzten beren hitzak. Auzotasunaren ondorio azkar bat. Orain biziki ageri da zeren lehenagoko euskaldunek ikasia baitzuten euskara, eta ez frantsesetik euskara; orain erdaratik da euskara gehiena ikasten.

        — Harri Aroko mintzaira erraiten zaio euskarari, baina orain adituko bagenu latin baino lehenagoko euskara zer konprenituko genuke? Zenbaiterainokoa izan da euskararen aldapena?

        — Hiztegia behar da ikusi nola den. Beharrezko eta funtsezko hiztegia oraino gelditzen da euskaran ere; eta, nonbait han, bere laburtasunean aski azkarra gelditu da. Toponimiak erakusten dauku aspaldidanik erabiltzen direla duela mila eta zenbait urtedanik beharrezko hitz horiek; bainan, gero, hortarik harat, eztakigu nola egituratzen zuten erranaldia, aditzak ere eztakigu nola erabiltzen zituzten, noradino latinetik ikasi zuten partizipioaren egiten, tu edo du-rekin. Lehenago, dudarik gabe, etziren horiek erabiltzen. Nola egiten zuten? Menturaz, gauza horiek luzaz geldituko dira jakin gabe; baina hipotesiak egin daitezke beti eta egin behar ere.

        — Zein eta zer zen Mitxelena euskararendako?

        — Uste dut euskararen jakitateaz izan den magister haundiena dela dudarik gabe. Uste dut nehork eztuela hori dudatuko edo dudan ezarriko. Hainbertze jakitateren biltzea uste dut eztela hain errex; menturaz, nahi bada, noizpait izanen dira ere, baina ni, hasteko, ez naiz hein hartan, urrunetik ere. Ezpalitz delako Fonética Histórica Vasca baizik... ainitz gauza erakutsi dauku. Eta erran behar da, halarik ere, bazuela halako zorroztasun eta zuzentasun bat biziki handia eta zabala. Hortakotz, oro erran dituia? Oro zuzen aztertu dituia? Zenbait aldiz nik uste dut ezetz. Eta zenbait aldiz norbait joanen da menturaz oraino bertze azterketa batzuetarat edo urrunago, nik dakita... Hola da jakitatearen legea, ezpada beti aitzinatuz joaten eta funtsean behar du joan, ez da jakitatea.

        — Euskal letrak tradiziorik gabeak direlako sinesmena hedatuxea da, batzutan euskal idazleen artean ere; zer pentsatzen duzu hortaz?

        — Gauza guzien berdin ezartzea, haundi ala ttipi, baliodun ala ezteus, Ameriketatik sartu den moda da. Horrek badu izen bat aspaldidanik beotianoen moldea da. Baliodun diren gauzen balioaren jakitea, aztertzea eta onartzea da kulturaren lehenbiziko urratsa. Nik eztut ikusten nola has daitekeen aitzinekoei ezer behatu gabe, ez Frantzian edo Alemanian edo Errusian edo edozein erresumetan... Ezpaginu literaturarik... baina jadanik XVI-XVII mendeetan idazle haundi batzuek eta zenbait biziki haundiak egin dute literatura, ezarri dute xutik hizkuntzaren literaturan erabiltzeko molde eta metodoa.

        — Lau mende Oihenart sortu zenetik. Nola baloratzen duzu haren obra?

        — Bada bitxikeria bat Oihenarten historioan zeren eta Larramendik, aitzineko euskal idazleak goraipatzen dituenean, eta bereziki Axular, baina elizatasunez zen hori, eztu aipatzen ere Oihenart, uste dut eztuela behin ere aipatu eta, irakurri baldin badu, beretako atxiki du. Eztezakegu erran, dudan gira. Bizkitartean, orok goraipatu dute Oihenart baina aski berriki artio, Oihenarten olerkiak aski gaitzetsi dituzte. Lehenik, zaila delakotz; bigarrenik, edergintzan sobera jakintsun edo prezios edo nik dakita delakotz. Baina nik eztakit zertako behar den goraipatu Gongora Espainiako lehenbiziko olerkaria bezala eta ez Oihenart Euskal Herriko lehenbiziko bezala, zeren gauzak berdintsuak baitira eta oraino ere gongorismoaren preziostasuna Oihenartena baino haundiagoa da. Baina badute egite puska bat. Zaila da, bai; eta euskaldunek eztute ezagutu idazteko molde hori, bereziki olerkietan. Kantuak, bertsoak, aski errexak, on edo gaitz zenbait aldiz, onartu dira; baina Oihenarten olerkietara joaiteko behar da indar puska bat egin, eta Gongoraren olerkietara joaiteko ere, bertzenaz eztute asmatuko eta ikusiko haren balioa. Baina nork ukatuko du, bizkitartean, orok dioten bezala, Gongora gelditzen dela azkenik Espainiako olerkaririk handiena? Guti ezagutu da, guti irakurri da; eta Oihenartek Gongorak bezala egiten zuen, berdin berdin, eta, dudarik gabe, jakinez, ezagutzen baitzuen, Lope de Vega aipatzen du... Bazuela dretxorik euskaraz gazteleraz bezala egiteko? Menturaz ez... zeren gaztelera akzentoduna baita eta akzentogabeak baititu eta beraz errexago baita hitz hotsen sinalefen egitea euskaraz baino, baina Oihenarteren euskaran baziren ere akzentoak.. Baina gonparatzen badira biak, zinez, molde berekoak dira. Gero, Oihenart gogo eta izpiritu handikoa izana da, oraiko historiatzaile modernoenek ere biziki goraipatzen dute Oihenarten lana, ez da uste izan behar, ez da batere baztertzen den lana, oraino delako Notitia gelditzen da XVIIgarren mendean idatzi den, dudarik gabe, historia haundienetarik bat, Frantzian, ezpada ere haundiena edo nonbait han... Historiatzailearen ikuspegia ezta gauza ttipia. Norbaitek baldin badu handitasun bat, egiazkoa, hark badu, bere nortasun filosofiko idaztean...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.