Bertsolaria'ren nortasuna
Zeleta
Orain 50-60 urte inguru arte baiño argiago ta sakonago ezagutua ta gorestua da, oraiñaldian, bertsolariaren nortasun berezia.
Izendatu dugun aldi artararte, edo argiago esanda: berso ta olerki'etazko irakurgai zuzpergarriak idatzi ta argitaltzen gure idazleak eraso zien arte, gizaki arrunt, arlote, orditu edo alper antzekotzat bezela ikusia ta ezagutua zan, euskaldun geienen oker-iritziz edo ez-jakitez, leku batetik bestera kantari zebillen euskaldun bertsolaria.
Erri-jai, peri-eun eta abar, jende xeari par-eragiñazteagatik, edo lizunkeridun gertakun nabarmenen bat «BERTSO BERRIAK» izeneko paper-lardatsean aditzen eman nai zanean baizik, etzan deitua edo billatua izaten gure bertsolaria.
Ori etzan, ordea, okerrik aundiena; beste au baizik: antolaturiko bertsoketa saioan egundoko bertsorik bikaiñenak, eta sarritan, irakaspen aundikoak egokitasunik arrigarrienaz dozenaka bota arren ere, ordurarteko euskaldun bertsozalien artean etzan bear bestez ezagutua izan berezko jakinduriz eta neurtitz-legez zoragarriro kantari ariko zan bertsolari txalotuaren berarizko NORTASUNA, eta gutxiago oraindik ENDERRI batentzat jatorrizko bertsolari ta olerkari onak. izateak bere Elerti edo Literatura'rentzat duen ezpaibako garrantzi izugarrizkoa.
Errugetasun edo ez-oartze ortatik zetorkion, euskaldunari, iñolaz ere, bertsulariaren nortasun ez-ezagutze ori; baiña garaiz edo berandu, egiazko euskaltzaleak, benetako euskera-piztaleak sortu izan ezpalira, askoz okerrago izango gendun oraindik: agian, oraingo egunetan, bertsolaririk, olerkaririk, ez euskaltzalerik, EZ GENDUEN IZANGO...
Jaun Goikoa'k ala nai-ta, noizpait sortu ziran politika gabeko Elkarte Euskaltzaleak. eta aieri esker, maiz aipatuak eta gorestuak dira gaur gure bertsolari ta olerkari guztiz aipagarriak.
Nolanai ere, zer esanik ez, bertsolari ta olerkariak ditugula EUSKERA'ren eutsigarririk onenak, eta EUSKALTZALEAK ezik, EUSKERA berak ere zor aundia diela gaurko bertsolari ta olerkari goretsieri.
Bertso ta olerki ikasiak sarri gogoratu, oguzi ta abestuak izaten bait-dira euskaldun jatorren artean, eta gure izkuntza adierazi ta zabaltzeko ez degu, oraingoz, bertso ona baiño eraingi oberik. Ez al da egia? Egi au zabalkiro adierazi nai izan nuan Donostia'ko Urkixo Mintegian oraintsu eman nuen euskerazko itzaldian.
|