Neska-mutil garbi-zaliak
Enbeita'tar Balendin
Mutillak
Illun-abarren gerizpe baltzak
Ixiltzen ditu basoak;
Mendi-zelaiak ixillik dagoz,
Murmurka errekatxuak...
Une onetan gogoratzen daust
Neure maitasunan suak
Etxe inguruan dirala oingo
Neure maitian pausuak.
Neskeak
Gaurko eguna igande da-ta,
Goizetik nintzan mezatan;
Arratsaldian, iolas garbian,
Gure erriko zelaian;
Illuntzerako etxera nator
Garbi-zalien antzian,
Askoz obeto nagualako
Gautu ezkero etxian.
Mutillak
Maite ba'zaitut, maitatzen zaitut
Nik beti maitasun garbiz,
Sekulan bere ni ez naz bizi
Loikerirako egarriz;
Lagunduteko gertu naukazu
Bardin nai gabaz nai argiz;
Etzara txarto bizi izango,
Nirekin beti ba'zabiz.
Neskeak
Neure bizitzan garbitasuna
Nainun izan dot gogoko,
Jaunari indarra eskatzen dautsat
Lora eder au zaintzeko.
Maite ba'zaitut, maitatzen zaitut
Garbi-zale zaralako,
Eta biotzez esaten dautzut
Etzaitudala itxiko.
Biak batera
Abestu daigun biok batera,
Alkarturikan biotzak;
Bata bestian maitasunean
Jarraitu daigun bakoitzak.
Loraz jantziak izango dira
Guretzat mundu-arantzak
Zorioneko benetan dira
Garbitzalien ezkontzak.
|