Ertilariaren gaitasunak
O.
Gizonari berez dagokio eder-irritsa. Origaitik esan oi dogu: urlia edo sandia ederrak darabil, aize-bolada zakar baten eskuetan ba'lebil. Eta, ain zuzen be, egi ta eder biran gabiltz erdi-zoratuak, tximirrika auts-ariña argi-taket inguruan lez. Eta arritzekoa ete? Biotz-barruan daukaguz, Jaunak ezarrita, joera bi oneik oso bizi: adimenak argia dan janari, barne-senak ederra. Eta guk ditugun barren-kemen guztiai bardintze egokia damotsen Jainkoak gale bi oneik be etzituan asetzeke itxi. Zoragarriro erein eban eder-azia gure ingurumari.
Eta nok ez, barruan sentitzen dauan ederraren tximiko eztiaz jabetzeko lain indar? Zein jauregi zein eliz garai bat ikustekoan, anditasunaren itzalak lausotzen gaitu oarkebe; margolariak lauki bikaiñean ipiñi dauan arima usiak, zurlarutu; abes-batz naiz orkesta baten jardunak, gogo-ernaitu. Eta zer olerkariaren arnas aundiko bertso-saillak irakurtean? Eta esatean, Bedoña'n Marin'go neskatillak. Loramendi'renak esan ebezan lez? Negarra datorkigu, ixil-ixil, matrail gorrituetan beera.
Baiña, au olan, dalarik, ez gara guztiok gai barnean daroagun edo izadiak eskintzen dauskun ederra bildu, jaso ta adierazteko; are gitxiago, gai ezbardiñak alkar nasturik, eder barria sortzeko. Sortzaille andi, egia, Jainkoa dogu soillik: besteok Aren buztarpeko sortzaille txikin besterik ez gareala autor bear, baiña sortzaille gara, naiz-ta beeragoko mailla ta neurrian. Eta nortzuk ditugu oneik, Jainko antzera sortzaille diran izaki gurenok? Ertilariak, antzelariak, erderaz esan, artistak. Eder antzetsua dagie oneik, goitiko argi-aldi txinpartatsuz buru-biotzak goriturik.
Au doiñu ta otsez baliatzen yaku, ederra adierazteko: bestea, arri, zur, margo ta abarrez. Mintzoeraz ederra dagianari, elertzale deritxogu, ots, eler-eder-zale. Itzak eskuratzen ditu elertzaleak, tresna egoki lez, ederra antzez jaulki ta azaltzeko. Elertzale era bateko izena dau, ta zelako saillari lotu ta jardun, alako izen berezia damotsagu: izlari, eletari, olerkari, eleberri-zale, antzerkille, kondaira-zale, ipuinlari, saiotzaille, eleder-zale, artezkari edo epaille ta abar.
Ertilarien artean batzuk asmotsuak dozuz, antzetsuak beste batzuk. Berezko jit ta izakera asmotsua dabenak, au da, sort-indar berezkoa dabenak ertilari gorenengoak dira. Irazan edo sortu, egia esan, Jainkoak bakarrik egin oi dau ezerezetik atera ta sortzea Berari dagokio-ta. Giza-semeak, beerako maillan beste ainbeste dagi bere asmamenaren argi ta indar arrigarriz. Asmamen (irudimen, olermen) andiko ertilariak gaiztasun andi barik billatzen ditu gai osterantzeko ta gogai zut-jagiek, bizi ta argi ta giartsu adi-erazteko. Eta olako sugar berezia ezarten dautso diñoan edo idazten dauan guztiari, ots, bere zerbaitez jantzi ta gatzatzen dauz dagizan antze-lanak.
Bigarren maillakoak, ostera, ez dabe onenbesteko asmamenik, ezta erne-aldi ain bizirik be, baiña antzez dagie lan, eskuko yake ertiaren ezkutua, lan-era edo teknika ondo dazague. Labur: naizta asmamen ta irudimen goitar bage, sakon ta gunez egin ta azaltzen dabe ederra.
Bai ta ertilariak, zerbait egiteko, doai ta gaitasun batzuk nai-ta-ez euki bear. Eta elertzaleari gagokiozala, zeintzukaz apaindu ta jantzi bearra dau? Bi oneik bai beintzat izan bear dabe bere apaingarri: sortzetikoak eta lortuak.
1) Sortzetikoak. Oneik bitan bat-banatu daikeguz: erti-lanerako deia ta ortarako gaitasuna.
Edozein arazotan gauzak ganoraz egin al izateko deia bear dogu, joera berezia, barruan darabilgun irrika, antze-lana osotzera bultz daragigun barne-indarra. Izateagandiko zer apart au barik ez dogu ezer garairik egingo, naita gogotik nekatu. Berarizko deia bear da erti-lanerako.
Orrezaz gaiñera, nai-ta-ezean erakutsi bear ertilariak gaitasuna be, edertirako ausi, ario ta garramura. Itz au borobiltzen dabenak, batez be, norberaren izakera sumakor gupera ta gogoaren aldetiko doai berezi batzuk dira. Ta orrein artean, a) adimen zorrotza izadiak eskintzen dauskuna artzeko ta abar; ortarako, jakiña, adi ta ezagumen-indar guztiak neurri ta ein egokian euki bear, eta au edozetan naitaezko ba'da, askoz geiago erti-lanetan; onetan ari danean, argi-aldia izan oi dan antzelariak, ots, bertatiko ta oituzko trebetasuna, ederraren zauskada artu ordukoxe, gogai edo oldozkun barriak ederkiro sortu ta itxura barrian oldozkun orreik adi-erazo te iragarri al izateko. b) Oroimena arturiko era eder ta egigai bikaiñak gomuta-ganbaran gorde ta iraun-azorik, joanaren pipit goxoa ez galtzeko. d) Irudimena, zentzunen bitartez jasotako gai ta gauzen antz sumakorra ugaritu ta onegaz eralketa barriak egiteko. Auxe nunbait antzelariaren doai berezi ta garrantzitsuena; onek lagundurik, bada, eder ta sumakor, irudi-jantzi sotillez adi-erazoko ditu oldozkunik goi eta utsenak. Eta auxe ez ete dogu ertiaren muiña bera? e) Biotzondoa, atsegin edo nekegarri yakunaren aurrean arimea kezkatu daiten, ta doai au be atzera eziña elertzaleak bereziki; ederra senti ta biltzen ez dakianak, sorkari eder apaiñak ikusiz barne-mindu ta idarrosten ez danak, nekez burutu al izango dauz besteen biotzak ederrez ikutu ta kezkatan jarri dagikeezan erti-lanak, g) Erti-sena, ederra onartu ta alakoa eztana ezetsi dagian, antze-lanetan batez be, ortarako ederra zer dan ta nun dagoan jakin bear da, bai ta oartu edo sentidu be. Sen edo aoxuri au ertilari danak euki bear dabe, gitxi-asko, baiña elerti-zaleak era nabarmenean. Doai au barik, burutu bai burutu daitekez edertasun batzuk, baiña bai errez uts eta akats-zulo andietan amildu be. Baietz diñotzu, orrelaxe dirala munduko erri guztietako literatur-kondairak. Ba-dira epopei edo poema andiak, zer edo zer izan nai dabenak, eder-gurguuz bakarrik josiak.
2) Gaitasun lortuak. Beste zenbait gaitatasun nobere indarrez ta oar-ikasiz jadetsi geinkez. Gizon jantzia, gizon landua, esan oi da. Zer adi-erazten ete dogu esaera orregaz? Aitatzen dogun ori asko irakurria, asko ikasia dala, kultura andikoa dala. Ba-da, beraz, elerti-kultura be, ta ederti guztiak era batera ta geuk jardunez egin nai dogun ertia berarik ikasiaz lortzen da jakintza edo ele-kultura ori. Umea azi ta ezi egin bear da, gizon izatera eldu daiten. Elerti-zaleak erabat azi, edatu, ugaritu egin bear dauz bere erti-gaitasunak, lanez zein ikasiz. Azte onek osotasun garairaiño garoaz, eta azi ezik lur landu bagearen antzera dira gure almen eta indarrak. Ortarako, ona zer egin: erti bakoitzaren arau-legeak ikasi, eredu onak astiz irakurri, norbera be lantxoren batzuk egiten saiatu, oarmena ugaldu izadi-zizkuak eta giza-bizitza arakatuaz.
Orobat lan-era edo teknika be bear da ertilana burutzerakoan. Eta ez da pitiña bere garrantzia. Gogoko yakun ertian jardun, bai, baiña erti orrek berezko ditun lege ta arauak zapaldu barik; margo-ertian diarduanak, esate baterako, zelan marraztu jakin bear dau lenengoz, olerkariak, ostera, bertso-gintzarako legeak. Noraezekoa dozu au, elitzake ba bestela erti-lanik, antzelariaren buruan ezik. Bulkoz eta irudiz eder sortu dana, orrelaxe txukun ta kirioz azaletik be iragar al izateko, eder-era ernai, errez ta trebea bear.
Ortik dator gero, ondoren martzalez, noberaren idazkera (estilo) berezia.
|