L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1960 I (1960-urtarrila/martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Nor ote?...

(Ego Flos campi...)

 

Olagoiti, K.O.

 

Illunabarrez loretegian

Aruntz onuntz bein nenbillen

An nabaitzen zan usai goxotan

Ene gogoa gozatzen...

        Ta alkar izketan

Loreak oar nituen.

 

Dena belarri jarri nitzaien

Ea zer esaten zuten...

Lili txuria lore anaiei

Onela asi zan galdetzen:

        «Zuen artean

JESUS nork ote ezagutzen?...

 

Gure jabe dan Baratzaiari

Entzun bai-diot esaten,

Nerau JESUS'i eskeintzeko zein

Lore polita nintzaken!...

        Beraz, nor danik

Ez al dit iñork azaltzen?»

 

Larrosa gorri bizia zaio

Lenen onela mintzatzen:

«Etzait ezagun JESUS izenik.

Batek baki nor liteken!...

        Aundiki ba'litz

Bai, ezagutuko nuen».

 

«Nerau ere enaiz izen ori iñoiz

Aitu dedanik oroitzen,

—jazmin txikitxo usaitsu batek

erantzun zion ondoren—.

        T'ertilariak

Beti neu naute erabiltzen!...»

 

Kameli otz axolagabeak

«Nik ere ez! —du gaiñeratzen—.

Saskil bat, ziñez! Pinpirin diran

blutil gazte ta neskatxen

        Papar gaiñean

Bakarrik ni naiz ibiltzen!...»

 

«Saskil? Bai zera! Ezin liteke!

—liliak du erantzuten—.

Ni Arentzako eder naizela

Ez al dezu, ba, entzuten?

        Neu naiz bestela

Leku txarrean gelditzen!...»

 

Auek entzunik bioleta apal

Ixilla ari da itz egiten:

«Emen agiri eztan lore bat

Ba-dala zait iruditzen

        JESUS sarritan

Oitua begiz ikusten...

 

Bide-ertzetako kardaberari

Ba'diozu galde egiten,

Esango dizu bere ondotik

Ikusi dula igarotzen...

        Ta igarotzean

Buru-makur dula agurtzen.

 

Egia ote? Bide-ertzetako

Belarrak ote ezagunen?...

Orren itxusi dan kardabera

Ote zaio, ba, atsegiñen?...

        Orixe eztakit

Egia nola liteken!...

 

Izana arantzez josia oro

Etzait eder iduritzen...

Ardi bildotsen ille txuria

Beretzat bai-du pillatzen,

        Lapurra dala

Ez al digu or ematen?...»

 

Liliak, baiña, bere abotsa

Pitintxo bat du eztitzen,

Ta bide-ertzera irtenda dio

Kardaberari galdetzen:

        «Zerrorek JESUS

Benetan ote ezagutzen?...»

 

—Bai! —darantzuio— nere ondotik

Milla aldiz igaroko zen!...

Bere jantziak ere leunkiro

Sarri ditut nik ikutzen!...

        Naizena izanik,

Onexek nau ni arritzen!...

 

—Neronen antza duanik-edo

Bai ote zaizu iduritzen?

—Zertxobait, ziñez: gau-illargitan

Goibel zeranean jartzen...

        Burua tente

Zuk geixeago jasotzen!...

 

Arek, ordea, beti burua

Makur daki eramaten.

Txuritasunez, alare, zure

Antz aundia diot artzen...

        Aren antzeko

Ba'nintz neu ere zerbaiten!...

 

—Bere begiak nolako diran

Ez al didazu azaltzen?

Lore urdin bat erakutsirik

Argi dio oar erazten

        Aren begiak

Zein zoragarri diraden.

 

—Bere bularra nolakoa da?

—Lore gorri du ematen.

—Eta buruan koroitzat-edo

Eztu ezer eramaten?

        Arantzak dute

Aren burua inguratzen.

 

—Etzait orixe koroi ederra

Danik neroni iduritzen!

—erdi parrezka du orduantxe

Kameliak gaiñeratzen—.

        Ez ote dio

Burua zuloz betetzen?...

 

Larrosak ere ba-dituztela

Beren arantzak izaten?

Auek, ordea, orri tartean

Errez dirade ezkutatzen.

        Arantzak soillik

Ez ditut ontzat ematen».

 

Liliak berriz kardaberari

Galdezka dio jarraitzen:

«Erantzuidazu: JESUS'ek bai al

Eta nola du maitatzen?»

        Egitez dio

Kardaberak erantzuten:

 

Bere lumatxo ariñak oro

Indarka atera ondoren,

Aren begitan lau aizetara

Egaran ditu jaurtitzen,

        «Alaxe —esanaz—

Daki JESUS'ek maitatzen».

 

«Oraindik ere jakin nai nuke

—liliak dio esaten—

Neroni JESUS ezagutzea

Al izango litzaidaken...

        Bai al dakizu

Nun ikusiko ote nuken?...»

 

«Ura ikusteko nolatan oi dan

Bidetan zear ibiltzen,

Bere begiak zein errukitsu

Duten oroi begiratzen,

        Etorri zaite

Nere ondora bizitzen...

 

Lortuko dezu kardabera apal

Ba'zera zeu ere egiten

Zorioneko naizela Berak

Sarri oi bai-dit esaten,

        Bidez doana

Oro bai-det nik alaitzen...

 

Zure usaiak lilluratuta

Ez baita Ura galdetzen

Ezta aundikien loretegira

Lore eder billa etortzen:

        Beste usai batek

Ura du guztiz zoratzen...

 

Bai al dakizu zein dan usaia

Geien zaiona gustatzen?

Loren usaiak baiño geiago

Zeiñek duan lilluratzen?

        Biotz zaurien

Miñak dutena ixuritzen...»

 

Lili txuriak kardabera izan

        Etzuan nai:

Naiago izan zun loretegian

        Eder jarrai.

 

Larrosa ere liliarekin

        Alkartu zan

Etzuan ontzat bizilekua

        Bide-ertzetan.

 

Berdiña izan zan kameliaren

        Erantzuna:

Berdiña ere bioleta ta

        Jazmiñena.

 

Beraz, guztiak JESUS nolako

        Al ziteken

Ezagutzeke gelditu bear

        Izan zuten.

 

Mendi-belarra soillik JESUS'en

        Adiskide

Kardabera apal eztanak ezin

        JESUS maite.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.