Iritziak
Gere jokabidean obeki ta ziurrago zapaltzeko, iñoren iritzia ere maiz jakin nai izaten dugu. OLERTI'az zer esan duten? Karta mordo itzala daukat emen lan-mai alboan. Danak gorapenezkoak? Geienak bai, baiña danak ez; ba-ditut iru bat beintzat bestelakoak ere. Kontrakoak izan ezta be, beren «baiñak» jartzen dizkiote OLERTI'ri; baiña oiek, auek dira: 1) lar zail idazten dugula, Aita Muxika'k Erroma'tik: 2) olerkari zarrak, zergatik idazten ez duten, San Martin'dar Jon'ek Eibar'tik; 3) itz ezagun-ezak oartxo bat bear luketela oiñean, Arregi'tar Errupin'ek Buenos Aires'tik. Onez landa, beste guztiak dituzu txalogarriak. Aiek eta auek aintzakotzat artzekoak, noski.
Beloke'tik Iratzeder'ek: «Oso pullita da argitaratzen duzun OLERTI hori: agian Eskuara eta Eskual-arima goiti hegaldaraziko dituela. Lan egin beti, eta eskual-hitza helaraz guziez goragoko Hitz hartaraino».
Irune'tik Olabeaga Anaiak: «Nere begi aurrera ez etorri arren, oraindik beintzat, belarrietara iritxi zait zure OLERTI bikaiñaren ospea. Asko poztu naizela, zer esanik ez dago. Aldizkari berria Euskal-Errian ikusita, euskaltzale danok bultzada bizi-emaille, aize ozkirri zuzpergarri bat nabaitzen degu gure biotzetan. Bizi gera, beraz ekin dezagun aspertu gabe. Zu bide ortan zaude; nere zorion bero-beroenak artu itzazu».
Isasondo'tik Sarasola'k: «Artu ditut OLERTI jaio berriaren iru zenbaki. Benetan, aldizkari au, oso gogozkoa izan da neretzat, eta artu itzazu nere izen-abizenak bera argitaratzen dan bakoitzean neri bialtzeko. Euskalerriko olerkiak, ta baita ere olerkariak, kabi bat bear zuten, ta aurrerantzean OLERTI izango dute. Bejondaizula!»
Mexiko'tik Beiztegi'tar Jon'ek: «Eskerrik asko benetan bialdu daustazuzan idazti polit orreik dirala-ta. Ba-genkian Karmel, OLERTI ta beste lan politen egillea zein zan, batez be, emen daukagun Milla euskal-olerki eder orreina. Zorionak, ba. Azkue jaunaren Iztegia ta zure Milla olerki orreik dodaz maiteen, eta ez neukez galdu nai, ezer galdu bear ba'neuke iñoiz. Zure aldizkariok ezagunak doguz emen, eskerrak San Martin adizkide maiteari, eta atzenengo lerroraiño irakurri ta aztertuak izaten dira gure artean. Melo'renak izaten dira guretzat ikutugarrienak, erbesteratuak gara ba gu be. Ikusten dogu baita, aurrentzako ipuiñak argitaltzen dozuezala; guk be egin dogu emen gure alegintxoa, eta danok toki baterako izango diranetik, ea orri be garrantzi apur bat emoten yakon. Dante'rena, antzerkiak eta olerkiak be politak dira Karmel'en; OLERTI, ostera, gure Parnaso'rako bidea».
Altza'tik Irigoien'dar Roman'ek: «Eguna egunaren gaiñean, mordoskatxo bat joan zaizkit OLERTI'ren iru lenengo zenbakiak artu nitunetik. Eta pozez artu ere, gure euskeraren alde egiten dan guztia bezela. Goragarria benetan artu dezun lana, ta oraindik erdixka besterik irakurri ez ba'ditut ere, betoz, betoz iru oien ondoren argitaratuko diran besteak. Eta Jaunak nai dezala orain jarri dezun euskal loretegi ortan lore berri usaintsu ugari biltzea».
Caracas'tik Ibinagabeitia'k: «Zure aldizkari OLERTI berriaren erpai naukazu, ta millesker neri ere Parnasu ortarako ateak zabalik uzten dizkidazulako... Besteren soiñekoz sartu bearko nauzu, akerraren adarra baiño elkorragoa bait-nauzu zorioneko Muse'kiko. Ala ere ekin gogoz zuek, goi-argia txurrustaka jasotzen duzutenok. Ni ere euskeraren kezkak narabil, ez daukat beste amesik... Baiña emen gaindi ez da errex gure arlo ederrean buru-belarri sartzea. Dana dala, al dudantxoa egiten dut geiago egin guraz, ordea. Iradokitzen didazun asmoa, Bergili'rena alegia, ezin obea duzu. Nik ere "Larre-kantak" itzultzeko asmo ori aspalditik neukan, Paris'en bertan Georgikak'en ekoispen berri bat billa ibilli nintzan ortarako, baiña ez nuen arkitu. Arrezkero argitaratuko zan, eta gaur bertan eskatu diot ango adiskide bati biali dezaidan. Eta gogoz ekingo diot itzul-lanari, zurekin batean idazti mardul batean Bergili'ren lanegiñak oro argitaratzeko. Bergili olerkari aundiak nere atsegiñak egiten ditu, eta maite dut benetan. Zure Jainko-Antzerkia, errex baizen ugari ta zailu itzulita dago. Eztitan irakurri ditut orain arte argitara dituzun zatiak oro. Nekez arkitu diteke gure artean zu bezelako itzulari ederrik. Ez dut uste beste bat dagoenik, eta langilleagorik gure arlo maitagarrian bat ere ez. Jarrai ezazu aurrerantzean ere, Karmel zoragarria neri bialtzen».
Bermeo'tik Antonio P. Bilbao'k: «Arañegun jaso nitun OLERTI aleak, baita pozik irakurri be. Zuk aurkez jardunean eskatzen dozun lez, euskaldunok alkar artuta lan ba'dagigu, euskerearen alde, alkar zoriondu geinke; eta OLERTI gero ta ederrago biurtuko yaku».
Innsbrusch'etik Altuna'tar Patxi'k: «Adiskide batek erakutsita ezagun aal izan dut, oraindik orain ateratzen asi zeran aldizkari polit OLERTI. Txito atsegin izan bait-zait, arpidedunen artean ar dezaidazula izena otoi dagizut».
Buenos Aires'tik Arregi'tar Errupin'ek: «OLERTI euzkal ortzian beste izar berri bat. Amaren magal bigunean, bere ezpaiñetatik itz banaka-banaka ikasi gendunontzat eta, baita ere, neke aundiz ikasi duten euskeldun berrientzat leku berarizko bat izango du OLERTI aldizkariak emendik aurrera».
Logroño'tik Zerio'tar Paustin'ek: «Aurtengo udan Bilbao'tik igarotzean, eman zidaten OLERTI'ren lenbiziko zenbakia eta, ura poza! Aldizkari polita ta ederra ta egokia bene-benetan! Gure euskera maitea biziko da ziur, zu bezelako langille asko arkitzen ba'ditugu. Ta izango dira geroago ta geiago orrelako langilleak, Jainkoa lagun. Gurre erriko lurralde guztietan loretzen ari dira langille bikain eta egiazko euskaltzaletasunez bete-beteak. Aurrera beti danok euskera maiteari gure arnas guzia ematearren. Geurok, euskaldunak alegia, pizkortu bear dugu gure izkuntza. Eta zutik jarriko da laster; obeto esan, zutik dago orain eta eztute iñoiz era zerraldoan ikusiko bere etsaiak. Orra or mundu zabalean euskeraren adiskide guziak, beraren alde jokatu naiez. Orra or olerkariak eta idazleak gure maitagarria edertu nairik. Bere eberkera israeldarrak piztu-arazi baldin ba'dute, zergatik guk ez gure euskera? Bijoaz bazterrera ukakor eta illuntzale guziak. Euskera maitea plazara irten da eta ezta andik berriz joango. Gai guziak erabiltzen dituzte euzkal-idazleak oraingo ontan eta, ala izanik, indar berria artuko du euskerak, geroago ta geiago. Euskerak iraun dezan eta zabaldu dedin ere, al baldin bada, lanik aundiena egingo al du gerokoan zure OLERTI aldizkari maite orrek».
Eibar'tik, San Martin'dar Jon'ek: «OLERTI, beti bezela txukun dator, eta alperrik txolarte gabe ibilli, eskuetan artu-aldi bat egin gabe ezin natzaizu egon, ain eztikorrak dira olerki-gai oiek. Zure itzaurre jakingarria irakurri ondoren, sartu naiz orririk-orri, erlea lorarik-lora ezti billa bezela; lenbizikoa beintzat ederra, gure Bordari jatorrari esker astrakto antzerako olerki oiek geroago ta atsegingarriago ditut, jakiña, ez guztiz astraktoak, lausotasun apurtxo bat bakarrik duenak baizik; zuk, Mugarra mendiari eskeintzen diozuna ere, ederki dago; ta baita Ayalde'na ere. Asko geiago ez dut irakurri, baiñan beste ezti xurkatu bat egiteko gogoz nago».
|