Literatura bidean
Muxika'tar L. Mari
Maiz entzun oi ditugu euskal literaturaren balio ta erruak aitortzen dizkiguten ainbat esamesa. Alegia, idazle batzuk euskera zakar ta astuna darabiltela beste batzuk berriz arin, labur ta ukibera. Nere ustez, ba-du esate onek bere egi mardul borobilla. Zenbat bider ikusten ditugu xamurtasun gabeko idazlan zakar ta totelak. Idazkera orren erdoiak, gaurko irakurleari euskeraganako naskagura galgarri bat sortu oi dio. Euskal idazleak sarritan irudi bizi ta leunetan galtzen ez direlako, irakurleari etzaio atsegin euskera irakurtzea.
Sentimentuak indar berezia du literaturan. Gaia, naiz sakona izan, egokiago sartzearren, sentimentua ukitzera jo bear dugu idazleok. Biotza sentimentu ta lillura guriari ukibera zaio; ez, ordea, zabarkeri elkorrari. Ez dut esan nai onekin, gai sakon ta zorrotzak erabilli ez ditezkenik, baizik eta idazkera apain, bigun ta atsegiñak eskuratu bearrean gerala. Gai elkorrak legungarri, bustigarri bat bear dute; bestela, maiz, lan alper, galduak lirake, batez ere gaurko irakurlearentzat. Bestalde, gaur egungo irakurle euskaldun askok erdel literatura irakurria dute. Ango itz-arintasun, aberastasun ta joskera bitxiari oiturik, nola etsi bat guean literatura motel, apaindugabeko ta zaartu bati?...
Egi galanta ere da, gauz egokiagoa dala iru edo lau idea mamitsuzko idazlan txukun, dotorea, beste ogeita zazpiko illun ta gogorra baiño. Zergatik? An, irakurlearen sentimentuak biotz eragitez lilluraturik. apaingarri bat dakusalako; bestean, ordea biotzak erakargarririk gabe ez du bultzadarik idea oien indarra onartzeko, eta nazkak menderaturik pot agiten du laister.
Erderari begiraz. Sarri eduki izan ditut esku artean gaur egungo idazle sonatu diran Antonio Machado, Juan Ramón Jiménez, Azorín, Asunción Silva, Salinas, Concha Espina, ta abar, ta auen irakurraldiak zenhat ao-gozo legunak eman dizkidaten! Atako idazkera mee, garbi ta ugaria, asmaketa ausarta, biurriak; ametseredu piñak, irudi apain biotz ukigarriak. Itxuraz, joskera ta danean atsegin gozo darion literatura! Egia esan, gure Lizardi aundiak ez du lotsarik auen aurrean; baiña, beste euskal idazle askok, zenbat bide oraindiño ibilli bearrean! Noski, euskal literatura, oraindik gaztea dugulako, au konprenigarri da; baiña alderdia or gelditzen da beti. Juan Ramón Jiménezek, adibidez, zenbat orrialde legunki miazkagarriak dauzkan! Biotza beratzen da onen olerkitasun guri-xoillaz. Ta prantzitar, italiar, alemaniar ta beste askori begiraz ere, zer esanik ez daukagu. Espaiñiar literatura bere bigarren urre-aroan dagola bat baiño geiagok esan didate. Nere iritziz, ez nuke ukatuko au. Gaurko espaiñiar literatura ugari, atsegin baliotsua da. Lirikan bertan, goitar ta mee dabiltz Machado ta Juan Ramón Jiménez batzuk.
Euskeraren laguntzan. Aberaski guzi oiek ikusirik, ez ote litzake egoki ta zillegi, erdel sorotik balio oiek gureganatzea? Ona dana ez da zapuztu bear, naiz erdeierritik. etorri. Edertasuna lilluragarria zaio, beraz bai euskaldunari, bai alemaniarrari, bai japoitarrari. Orain, ordea, edertasuna norberagan sujetibua izanik, oni atsegin zaiona besteari ez litzaioke atsegin. Baiña, oraindik ez nator ortara.
Literatura kondairaren zear, literatura mota edo era asko dauzkagu; era auek, edertasunaren adierazle ezberdiñak baiño ez dira, au da, estetikaren adierazle. Kondaire jarraituaz, errez dakuskegu era oiek, naiz sorlekua izkuntza batean eduki, Europako beste izkuntza askok bereganatzen zituztela. Eta au ez literaturan bakarrik baita pilosopi ideatan ere. Adibidez, ikus dezagun erromantizismua. Mugimentu berri onek europar kultura galanki aldatu zuan. Lenengoz, arrazoikeria sentimentu-kutsu berati batez kendu zuan. Geroago, klasikuetara makurtu zan; ondoren ere, bide askotara. Baiña erromantizismu-joera guzti oiek. erri ta izkuntza ezberdiñetan eduki zituzten jarraitzailleak. Onda lenengo aldian, Inglaterran: Thomson, Richardson; Prantzian: Rousseau, Diderot; Alemanian: Lessing; ta Espaiñin: Jovellanos. Geroago, europar asko ikusiko ditugu naasian joera berdiñarekin: Goethe, Hoffmann, Heine, Victor Hugo, Walter Scott, Zorrilla, Bécquer ta abar. Beraz, izkuntza bakoitzaren izatera eratu zan, bai ña onek etzion kendu guzti auetan joera berdiñak nabaitzea. Apur bat etxeraturik, euskal literaturan bertan, ba-dauzkagu egin onen adibide bikaiñak. Euskerak, literatur artu-eman auek egiteko, berez beintzat oztoporik ez dauka. Izkuntza guztiak bezela, alako ta alako sentimenduak azaltzeko aniz bereziak dauzka ele batzuekin.
Gure Aitzol jaun agurgarriak, onela dio Lauaxeta bizkaitar olerkari aundiatzaz: «Beraz olerkari jaio ba-da, erdeeretakoak irakurri ta ikasteakin aurrerapen galante itsasi zaizka. Batez ere, Prantzian aizkaneko gizaldietan agertu diran olerkarienganako zaletasun bizia nabaitzen diogu. Francis Jammes biotz-bigun, gauz txikitxoen ertilari trebearenetik, Baudalaire elerti iraulari, "Parnasisme" taldea irasi zuan olerkari arenetaraiñoko bertso arrigarrienak euskeratu dizkigu. Biotz biguñekoa bera, biotz barru-barrundik irtendako leuntasun miña eta apaltasun meea daramazkiten olerkiak sortzea atsegin zaio, noski, Lauaxetari. Verlaine, Sully-Prudhome, Manzzorti, Coppée eta Herediaren minkuntasun eta leuntasunak Urkiagaren oldargiari eragiten diote». Itz auek argiagoak dira nere esanaia adierazteko. Ikusi dugunez, Lauaxeta aundia, prantzitar parnasistarren jarraitzaille bezela azaldu digu Aitzol jaunak. Benetan, nola apainduko, nola aberastuko, ba, izkuntzak, bere sorotikan bakarrik? Bat bastearen bidez, laguntzaz eta ideaz loretu dira gaurko kultur izkuntzak. Izan ere, ele baten literatur bide batek, ez du aitortzen, a priori beintzat, beste izkuntzaren ez-egokitasuna. Orregatik, izkuntza baten bereiztasun edo izatearekin obekigo datozen joera batzuk sendoago, barruago onarturik ikusten ditugu.
Arrazoi onen bidez, goragarri ta itxurazkoa litzake, erdel literatura gure euskeraren aberats-iturritzat artzea. Itxuratze onek, neurri onean egiñik, ez lioke euskerari bere nortasuna itzalduko, ezta ere garbitasunik kenduko. Baizik eta euskerak berez gordetzen dituan apaingaiak adierazten eta esnatzen lagunduko lioke. Apaltzeko bildurrez edo uste txar arroxkaz, ez dugu uste izan bear, ez dagola iñoren bearrean gure euskera. Egia da azken gizaldi ontan, galanki jorratue ta abestua izan dala: baiña, tamalez, izkuntza landu edo kultur-ele maillara iristeko, bide mutur luzetxoa daukagu, oraindik aurrean. Ez gaitezen zalekeri itsuaz, gure euskeraren zigortzailleak. Erdel kutsu oiek gure izatearen eta arrazaren kontra dijoazela norbaitek eran lezake. Arrazoia zenduke, irakurle, arrisku ori balego; baiña, aurrez esana dut, euskeraren izateari dagokion literatur joera onartu daikela bakarrik. Euskera ez da literaturarentzat, literatura baizik euskerarentzako. Gauz agiria da, gizartean edozer gaietan kopiagarri asko agertzen. dirala. Gizartea bat bestearen artu-emanaz bizi da. Literaturak ere, alkartasun oiek ipiñi ditzazke.
Idazkera bat. Idazkera baten egokitasun ta aberaskiak azaltzera nator. Idazkera apain onen susmoak oartu ditut beste euskal idazle jator batzuetan. Ona laburki.
Itzal aundiko ta ezaguna dugu Juan Ramón Jiménez, 1956ko Nobel sariduna. Euskaldunen artean, badira amaika, olerkari onen liburuxka zoragarri dan «Platero y yo» irakurritakoak.
Zorionez, bein batean, etorri zan nere eskuetara liburuxka ori, ta bai zoratu, lilluratu ere. Aren poesitasunez, olerkari senti nintzan iñoiz ez ala. Olerkitasunaren leunak, biotza, olermena azkatu ta kanturi biurtzen zuan. Ura olerki jario eztibera! Ura ederraren, poesiaren laztan gozo ta zabala! Lizardi ta Loramendik, aldi ain mee te goitarrez atsegindu ninduten au, Juan Ramón Jiménezen olerkitasunaren lillura erakargarriak, biotza ta adimena, ziaro itsutu zizkidan ederrez. Baiña, nola senti au guztia, euskaldun izanik? Euskerak, alako olerkari goitarrak edukiz, nola ezin etsi, eder-txorabioz, erdeldun baten olermenari?... Nere sentimentuak damait arrazoi guztia. Juan Ramónen idazkera, euskal izatearekin arrigarriro egokitzen da noski. Egiaz, baditut beste makiña bat erderean irakurriak, baiña auetako batzuk ez naute txoratu, ezta gutxiago ere; nere euskal izatearekin ez datozelako, alegia. Rubén Daríoren idazkera arro ta puztuak, adibidez, euskeraren xoiltasun zuhurrarekin elkartze egokirik ez du, askotan beintzat. Berari irakurtzeak eznai edo aleko dama. Gaiñera, latin.izkuntzak irudimen askatu, banatukoak dira. Europa goikoak, inglesak, alemaniarrak, errusiarrak, eta auekin bat euskaldunak, ez gera itz arro ta irudi aundikoen zale. Euskera, irudietan laburra, xoille, neurtua dugu. Onekin, irudimen askatu zaleeri, ez diet uka nai leku euskal literaturan. Baiñan, bai azaldu, euskera ta euskaltasunak daskaizkigun zuhurtasun ta xoiltasun oiek. Gaiñera, zuhurtasunak ez du ukatzen olerkitasun aberatsa, ezta ere irudi ta metaforen ugaritasuna.
Juan Ramónengna biurtuaz, auxe adierazi bear dut: irudietan, itzetan eta izkera osoan, euskerarekin berebiziko elkartasun egoki ta aberatsa daukala. Ez dut ikusi, idazkera ontan, xoiltasuna ta irudien bizitasuna baizik. Idazkera, guztiz bitxi, xamur ta atsegiña du; itz errez eta apaiñen bidez, irudiak garbi jazten ditu; ez dago beregan illuntasunik, musika ta olerki-jario mee te launa baiño.
(Yakin, 8gn aletik.)
|