Amaren biotza
Irigoien'dar Roman
I
Arpegi zurbill, begiak itzal,
arnas artu eziñean,
bere seaskan aurtxo txiki bat
ill-zorian arkitzen zan,
ta belauniko ama gaixoa
aurraren aldamenean
alegin danak alper-alperrik
zirala ikusi zunean,
etsipena artu ta osakaiak
utzirik bazter batean,
beldur ta otoitz ta negar-zotin,
kupidagarri benetan.
II
Amak aurraren arpegia artu
ta maitasun guztiakin
ipiñi zitun ezpañak bere
kuttunaren ezpañekin;
ta zori-txarra!- azken-arnasa
jaso zun laztan arrekin.
Bere bizia baiño maitego
zunaren eriotzakin
oiu bizi bat entzun zan gelan,
gero ixiltasuna egin,
ta seaskara, ez altxatzeko,
jausi ziran alkarrekin.
III
Zer gertatu zan ikasi nairik,
sendagilleak labana
eskuratzen du eta irikitzen
ama illaren gorputz dana.
Ontan, begiak zabal-zabalik
sinist'ezin zekusana
biotza artzera... ta biotzik ez...
(Nola ta nork eramana...?
Nunbait, amaren biotzak oar
kuttuntxoaren azkena,
eta arnas ura jaso bearrez
arnas-atzetik joana...)
|