Gabaz aldendu nintzan
Satarka
Gabaz aldendu nintzan nere erri maitetik,
Naigabez eta ixillik (...!) mendiko etxetik.
Amari muxu eman nion arpegian...
Negarrez an gelditu zan subazterrian!
Bizi bear ta ezin bizi erbestean,
Geienetan jan gutxi, lorik ez gauean.
Gosea ta egarri nere gorputzean,
Beti naigabez itun... miña biotzean!
Egunero begira sorterri maitera,
Pozik joango nintzake nere basetxera.
Baiñan legeak lege... nai hai, baiñan ezin...
Zergatik ote nuen erritik alde egin?
Gabaz aldendu nintzan nere erri maitetik,
Naigabez eta ixillik (...!) mendiko etxetik.
Amari muxu eman nion arpegian...
Negarrez an gelditu zan subazterrian!
Oi! geroztik ez dut nik bizimodu onik...
Aul nago, gaxo... ezin dut artu arnasik!
«Ai, urrutiko miña! gaitz senda-eziña!»
Laister ilko naiz emen... au nere samiña!!
Agur, nere baserri ta baso-zelaiak!
Agur, jaioterriko lagun on, alaiak!
Agur, betiko gure dantza ta jolasak,
Igande-jaietako irrintzi ta pozak!
Agur, nere amatxo, ama maitatia!...
Zu nere gau illuneko argi pozkarria!
Zu lagata, ba-nua... Au atsekabia!
Otzez dar-darka daukat nere soin guztia!!
Agur, ama maitea! ... zerura arte agur!
Etzaitzela egon negarrez eta uzkur.
An alkartuko gera... Jaungoikoak nai du.
Goi zerurn zurekin... ipui eta kantu!!
|