L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1961 II (1961-apirila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Udaberria kantagai

 

Satarka

 

                 I

Euzki beroak berpiztu ditu

Zelai, mendi ta baserri.

Lore politak jaio dira-ta,

Bazter danak usaingarri.

Urretxindorra gauaz, egunez,

Poz-pozik dabil kantari.

Erleak arin lore ederretan

Gogo onez biltzen janari.

Bizi berria dator guretzat...

Eskar anitz, Udaberri!

 

                 II

Lore politez jantzi dira gaur

Belardi eta zugatzak.

Lurrin gozoaz uri, baserri,

Arkitzen dira aberatsak.

Argitu dira baso, mendiak,

Aldendu dira ekaitzak.

Txoriak ezin egon ixillik,

Alai dituzte biotzak.

Orra Udaberrik, maitez, guretzat,

Zoragarrizko emaitzak!

 

                 III

Mendi-mendian goizalde arin,

Odei beltzik gabe argi.

Lilluragarri zuaitz ta landak,

Lore berritan txit zuri

Zoragarrizko lurrin gozoak

Usaintzen uri, baserri.

Edertasun au ikusirikan

Txoriak pozez kantari.

Gure biotzak alaitu dira...

Aintza, zuri, Udaberri!

 

                 IV

Ortzea garbi arkitzen dana,

Ez da odeirik ageri.

Baratz, zelaiak, liliz beteak,

Bazter guziak apainki.

Baserrietan enara beltxak

Kantatzen dute alaiki.

Ardi politak belardietan

Belarra janaz gozoki.

Udaberria degun bitarte

Gu zorionez, ederki!

 

                 V

Piztu da gartsu, argi berria...

Arindu dira mendiak.

Baratz, landa ta sagardietan

Jaio dira gaur liliak.

Zoragarrizko lurrin gozoak

Usaintzen baxter guziak.

Agertu dira urretxindorrak,

Txori kantari zoliak.

Gure biotzak alaitzen ditu

Urtero Udaberriak!

 

                 VI

Euzki ederrak bidali du urrun

Zoritxarreko Negua.

Loreak jaio dira-ta... non-nai

Unkitzen da usai gozua.

Pozez kantari urretxindorra,

Kukua eta xoxua.

Enarak egin du baserrian,

Umientzat kabitxua...

Udaberriak gure barruan

Piztu du maitasun-sua!!

 

                 VII

Arindu eta sendotu gaitu

Egunsentiko argiak.

Loreak jaio ta usai gozoaz

Uri, zelai ta mendiak.

Pinpilinpauxak leunki aidean,

Gogoz zurgatzen liliak...

Gu ere alai kanta-kantari,

Biurtu gera txoriak.

Udaberriak gaur piztu  ditu

Gure biotz ta begiak!

 

                 VIII

Goizean txit goiz agurtzen gaitu

Eguzki berogarriak.

Elurra bezin zuri, loretan,

Apain daude sagardiak.

Usai gozoaz lilluragarri,

Baso, mendi, baserriak.

Kanta-kantari ez dira aspertzen

Txoriño maitagarriak.

Udaberriak orra guretzat

Egun atsegingarriak!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.