Lizardi'ren omenez Tolosa'n
Etxaithar
Joan den Maiatza'ren 28'an ospatu ziren Gipuzkoa'ko uriburu zaharrean aundikiro Xabier Lizardi zenaren omenezko jaialdiak.
Euskal-olerki baratzean ain eresi eztitsuaz kantari jardun zitzaigun urretxindor lilluragarria, euskal biotzak oro bere olermenaren dardaraz zoratzen jakin zituen gizona, jaiotzez Zarauztarra genduen eta bere izen-abizenak Jose Maria Agirre ziren. Alabaiña, euskaltzalentzat eta batez ere euskal-olertizaleontzat, Joxe Mari zena Xabier Lizardi izanen da, izen onekin ezaguterazi baitzuen bere burua euskal-olerti barrutian eta gixa berean esan genezake bereago zitzaiola Tolosa'ko erria Zaratz'koa baiño. Onetxegatik Tolosa'k eztu ahaztu Lizardi'k zeukakion maitetasun bereizia eta gure olerkariaren kabi goxo izandako uriak bere gorazarrerik bikaiñena eskeiñi dio. Noizpait Lizardi'k Tolosa amatzat aitortu zuen bezala, orain uri onek gure olerkaria semetzat aitortu du.
Jaialdi onen berri ematea da gure asmoa, gure Aita Onaindia'k eskabide au egin baitzidan eta ez al-diogu poztasun au ukatuko euskeraren alde ainbeste saiatzen den gizonari.
Gorazarre-jaiari meza ixil batekin eman zitzaion asiera, mezemalle gure Aita Villasante genduelarik eta meza-entzuleen buruetan Jaun Mikel Olano apezpiku agurgarria. Tamalez, ez genduen predikurik izan eta ene ustez gixa ontako jaialdi batean euskal-mintzaldi eder bat bear-bearrekoa da. Bidaso'z aruzko gure anaiak ez lukete orrelako utsik eginen. Ia ba, beste baterako ikasbide ontaz baliatzen geran.
Ondoren, txistulariak eresi zoragarri batzuekin gozatu zizkiguten belarri-txuloak Idiakez deritzan plazan eta auek bukatu bezain laister «Iparragirre» antzokira zuzendu giñan, emen baitzuen egitekoa Euskaltzaindia'k Lizardi'ren gorazarrezko bilkura beroa.
Neguan gorputz ozperak sutondoan arkitu oi duen goxo eta giroa idoro zuten gure euskal-arimak, Lizardi zenanen goi-arnasak berotutako batzar artan. Irigoien gaztea jardun zitzaigun aurkezle Euskaltzaindia'ren izenean eta Lizardi'ren omenez egindako olerki sariketaren epaia jakin-erazi zigun. Lenengo saria Nikola Ormaetxea jaunarentzat izan zen, «Lau urtaroak ene begietan» izendatutako poesi zoragarriagati. Dirutan 2.500 peseta jaso zituen. Bigarren saria, 1.000 pesetakoa, Jose Mari Ananalde jaunari «Len eta orain» deitu olerkiagatik eta irugarren saria, 500 pesetakoa, Luka Dorronsoro jaunari, «Kaiolatik iges» izenarekin aurkeztutako poesiagatik.
Ondoren, Mirentxu Moraitz Tolosar andereñoak euskal-antzertiaren alde ainbeste saiatzen denak «Lizardi» taldearen buru zoragarriro ederberritu zizkigun «Orixe»ri saritutako olerkia eta Lizardi zenaren ezkutuko olerki bat. Txalo beroak jaso zituen Mirentxu Moraitz esale iaioak eta bai merezi ere. Gero, Orixe'ren aldi. Ormaetxea jaunak mintzaldi polit eta ernegarri bat egin zigun, Lizardi'ren gizatasuna, olermena eta euskal-jakitea aditzera emanaz. Amaitzeko, Antonio Arrue jauna lege-gizonki mintzatu zitzaigun Lizardi'ren olerkaritza eta euskal-sukarra goraipatuz eta euskaldun guziai eskabide sutsu bat egiñaz bere erakuspideari jarrai gakizkion.
Bazkaria, «Zeru-Aundi» ostatu famatuan izan zen. Sabel-jaiak izpirituak berotu eta eztitu oi ditu eta egun artan ere alaxe gertatu zen, euskal-anaitasunak bazterretik bazterrera gaiñezka egin baitzuen. Basarri'k eta Uztapide'k bere bertso dotoreakin lilluratu baiginduten, baiñan Basarri'k batez ere bere bazkal-mintzaldi naroarekin miretsirik utzi ginduen. Ori zen, ori, etorria eta neurria guziak adierazteko. Eztut sekula ikusi gure Basarri ain jator, aundi guzizko, esango nuke eta eleder jabe. Zorionak biotz-biotzez, adiskide, otordu zoragarri artan zure itzak izan bai-tziren gure arimen janari gozagarri eta edari mozkorgarri.
Arratsaldean, gorazarrearen bukagarri, euskal-dantzaldi ederrak eratu zituzten uriko zezen-plazan. Euskaldun erri guziak egin gura izan zion bere gorazarrea Lizardi paregabeari. Laphurdi'ko, Naparroa'ko, Bizkai'ko, Araba'ko eta Gipuzkoa'ko dantzaririk ospatsuenak eldu zitzaizkigun bere omenaldira. Biarritze'ko «Oldarra»koak, Iruñe'ko Udaletxeko taldea, Bilboko karmeldarren «Gaztedi»koak talde ontan Untzalu gaztea eta euskaldun jatorra beti bezain alai eta ikusgarri egon zen kutxa gaiñean ari zelarik, Gasteiz'ko «Txirinbil» taldekoak eta Donostiako talde bi. Zezen plazatik aterata euskal-erromeria Igarondo'ko zelaian gure gazteriaren pozgarri.
Biotz-arimaz alaiturik etxeratu giñan egun artan. Tolosa'ko kale ta plazetan Lizardi'ren arnas bizi-erazlea somatu genduen nun-naitik eta arnas berogarri ori itsasten ba'da euskaldun bakoitzaren biotzean, bildurrik gabe esan dezakegu Euskalarria biziko dela. Ala biz!
Zorionak Euskalzaindia'ri, Tolosa'ko Udaletxea'ri eta Lizardizale guziai olako jaialdi ederra antolatu zigutelako. OLERTI'k gogo-gogoan zauzkate euskeraren alde eta batez ere euskal-olertiaren alde eman duzuten urrats txalogarri onetan.
|