Euskal-esnale ta euskal-idazle
(Yose Paulo Ulibarri, Okendo'ko semea)
Axmutil
I
Lerrotxo oneitan Araba'ko seme ta euskalzale sutsu ta euskal-idazle ia ez ezagun baten barri emon nai neuke. Araba dau Euskalerriak bazterrik erdelduntuena eta, orrexegaitik, euskal-idazlerik gitxien emon dauana. Eta emon dituen banakak bere eztabe ospe andirik izan, gitxi ezagutuak izan dira.
Orra or bat: Barrutia, Aramayo'ko seme ospetsu, Arrasate'ko eskribau ospetsuago izana. ¿Nok eztaki gure artean beronen barri, beintzat urte batzuk ezkero? ¿Nok eztaki, bere eskibau-lumeari euskerazko lantxo edo bi baño eragin ezarren, eragin eutson apurtxoaz euskal-idazle yator, yayo, banabanakotzat gelditu yakula? Araba'ko seme onek izan dau ausaz gure artean beste iñok izan eztauan garaipena: ilda berreun urte geroago bizi askoren artean zeingeiagoka baten txapeldun geratzea, idazle-sari ederra irabaztea. An ziran sari orren berorren leiaz, gure egunotako antzerti-gille punterengoetako asko: Zubikarai, Erkiaga, Etxaniz eta abar; baña amazortzigarren gizaldiko idazle ez ezagun onentzako izan zan 3.000 pesetako sari opagarri ori, Julio de Urkijo Euskal-filoloji-mintegikoak oparo emonik. (Ikusi Euskalzale, 1897, 402-415, ta Egan. 1956, 5-6, 189, 203 orrialde).
Ezin ukatu Barrutia onegaz yazo danak asko esan nai dauana, gogoan artzekoa (aleccionador) dala; baña ez, Mitxelenak (Historia de la Literatura Vasca) diñoanagaitik. Barrutiagaz yazo
danak Mitxelena jaunak diñonaz besterik esan nai dau: gure alkarren barri ezin yakiña erakusten deusku. Onen txikia izan gure auzotxoa, eta, alan bere, ¿zer ete dogu alkar ain gitxi ezagutzeko? Esaterako, Barrutia'ren izen eta omenak iñori zorrik ba'deutso, Azkue zanari deutso zor. Azkuek emon eban aren teatro-lantxoaren ezaupidea; Azkuek billatu eta argitu eban aren yatorria; Azkue'ganik yakin gendun Barrutia nongoa zan, Zalgoa'n (Aramayonan) yayoa; Azkuek, iya bere azken-urteetan bere ekin eutson «Euskera» aldizkariaren orrietan Barrutiaren Gabonetako ikuskizuna goratzen, gauza txukun, eder, errikoi, irakurgarritzat aitatzen («Lantxo irakurgarria», «linda composicion arrancada del pueblo», «curiosa pieza» eta abar). Euskaldun arlekiñik eta aitatu barik, baña bai labur ta zeatz esanda, orra Barrutiaren oraintsuagoko goratzaille ta eder-erizlerik beroenak alan-olan esan daben guztia. Baña or etorri yakun bein, nor-eta «istoriak bost piper siku inporta deustaz» diñoan bat, azkenbako illetea yoten: Barrutia ez ei-dau «iñok konsideratu, ezteutsa iñok kasurik egin, ezta aitatuten, ezta leiduten, ezta inprimietan» (iru urte lentxoago «Egan»'ek argitaratu, barriz... ). Eta Barrutiaren zorigaiztoaren errua, idazle onezaz izan dan «iñorantziaren» erru guztia, inok-eta Azkuek! ¡«Euskera» aldizkariaren orrietan ori irakurri bearra! ¡Ori, ta istoriak miñik emoten esteutson orrek an bertan Azkue zanaren ganera ixurtzen dauan irain-zaparrada guztia! ¡Tira! Poeta baten itzak dira Aresti'ren orrek, ta olakoak, poeta ta asmatzalle bat ei-dira-ta, zerbait asmatzeko eskubidea aspalditxotik dauke. Baña istoriari lotsa geitxoago deutsenai esan deyegun: Azkuek Barrutiaren izena ta lantxoa goratzeko, ¿noz aitatu dau arkaismurik ez itz zarrik? ¿Noz ta non ikusi dozue Azkue, Barrutiaren alde burua erakusteko lotsaz lez eta iñori baimen edo parkamen eske? Azkuek orrezaz idatzia ta esana, arren, ez egizue lotan zagozela ezta iñoren begiz irakurri. Mitxelenak, asmatzalle baten esanari ondo eretxirik, urrean, «Historia de la Literatura Vasca» orretan, diñoana barruan gorde baleu, zerbait lenago «Historia de las Literaturas Hispanicas» dalakoan esanari ezer geitu ezpaleutso, askoz obe; egiak eta zuzenak mesede izango eben.
Pio Barojak deitu eutson bein, errealdi baten, Azkue'ri euskerearen «mosca carnaria», sarraski-euli edo dana dalakoa. Orain, ostera, ¿ez ete dabiltzaz bat baño geyago, Azkue sarraskitzat artuta, aren ganean euli zikintzaille egiñik?
Baña Barrutia onek aritik atera nau-ta, eldu deyodan artu dodan saillari. Beste Araba'ko idazle ez ezagun bat aitatu bear dot: Jose Paulo Ulibarri. Okendo'ko seme au ezta Mondragoe'ko eskribaua baño ezagunagoa. Onetan Barrutia baño bere zori txarrekoagoa izan da. Baña ez bildurtu; ez dot uste asmatzailleen saillekoa nazanik, eta eztot iñoren errurik asmauko, emen bere Azkue jaunaren itzala ur dabilkigun arren. Ulibarri'ren «Gutunliburua», orain artean banaren batek ezagutu dauan Ulibarri'ren «manuscrito» bakarra, Azkuen eskuetatik igaro zan Urkijo jaunaren eskuetara. (Beste bat, batzar-liburua, erderazkoa baño euskerazko oarrakaz, Bilboko erriak dauko).
«Gutunliburu» onetatik, eta Okendo'ko ta Bilbo'ko ageri-liburuetatik aterata, beyoaz aurretik Okendoar argi onen biziko barri andi-andienak, gero beronen euskal-lanari eltzeko.
Yose Paulo Ulibarri Galindez Okendo'n yayoa dogu: Araba'ko erri onetan 1775'garren urtean, agoztuaren 17'an yayo ta Abando'n, Bizkaian, 1847'an, mayatzaren 5'n illa. Bere gurasoak: Jose Ramon Ulibarri Esnarriaga, eta Anjela Galindez Abasolo, Okendoarrak biok bere. Bere izena: yayotzeko egunean berean, Untzako Amaren eleixan kristiñautu ebenean ezarri eutsena Josef Paulo; Abando'ko ezkontza-liburuan daukena, Josef Pablo; il zaneko partidakoa, Pablo; bere bizian emoten deutsoena, bein Jose Pablo, ta bein Pablo; berak, euskeraz diarduanean geyen erabilten ebana, Yose Paulo. Ageri-papelai agur andi egiten deutsenak, ba-dabe emen aukera. Guk Yose Paulo esango deutsogu. Gurasoak euren ezkontzako lenengo umea eben. Okendo (Gutunliburuko Ukondo ta Okondo), Yose Paulo yayo zan egunetan erri euskaldun utsa zan. Gaur eztago bertan euskaldunik, erbestetik (Laudio-Orozko-aldetik) ezkontzaz yoan diranak izan ezik.
Bederatzi urte zituala, Abando'n dogu, bere osaba-ixekoenera etorrita, geroago emen abere-sendatzalle ospetsu izango zan au.
1794-1795. Frantsesak mugatik onuntz abiau dira, eta Yose Paulo, emeretzi urteko gazte gordiña, Abandoko gazteakaz batera gudamutil doa. Itziar ta Sasiola inguruetan emon eban urte atako negua. Ogei ta amazazpi urte geroago, negu orretako gomuta illungarritxo bat dau gogoan: otza astindu ta gosea ixiltzeko edo, edari zuria katilluka emoten eutsela edaten.
1797. Ezkondu zan urtea. Abando'ko alabea da emazte artu dauana: Maria Josefa Landa Urkiza, bere Gutunliburuko Maripepatxu maitea, amazortzi urte eginbako neskatilla gazte lorekoa. Urtarrillaren 30 izan zan eztai-eguna. Antza danez, seme-alabarik bakoa izan zan ezkontza au. Ez, seme-gura ez zirealako. Senar-emazte biok berrogei ta amar urtetik gora ebiltzezala bere, Yose Paulo, bere andreak BAKARRIK (olantxe letra nausiaz) irakurteko egin eban gutunean, Urkijo jaunak «muy naturalista» dala diñoan karta orretan, semeen amesa galdu eziñik agertzen yaku. Abando'n, Bilbo zarre auzuan, euken curen bizilekua.
Urkijo jaunak «herrador» egiten dau gure Ulibarri. Geitxoago ete zan nago. Abere-sendatzalle ta «herrador» eztira dana bat, nire eretxiz; eta orixe zan Yose Paulo: «mariscal veterinario», «veterinaire et marechal-ferrant», erderaz. Alantxe diño berak bere izena ta lanbidea iragarteko euskeraz, eta erdera bitan moldaerazo eban txantelean. Ona txantel orretan bere buruaz euskeraz yarri ebana: «Yose Paulo Ülibarri'co, abere-sendatzalleen yakinena orain munduan ezagutzen dana, bizida Vizcayan Yaun-done Vicente Abando-co Eleiz-atetan, Bilbo Uriyaren alboan». Ez euken edozeintzat bere burua. Ez uste, orraitio, umore bakoa zanik. « Beti izango naz zentzunbagea, zirautson 55 urte zituela andreari; niri etorriko yat zentzuna aginik eztaukodanean eta ulle gitxi ta urdine daukodanean». Bere buruari barre egiten dakiena ezta dana txantxetan artzekoa, ez dana barregarri bere.
Eztakigu nongo eskoletan ibilli ta ikasia dan; baña abere-sendagintzan ez eze, beste sail askotan bere erakutsi eban Ulibarrik gaitasunik, eta Abando'arrak sarritan eroango dabe erriko etxera, lau bidar egingo dabe agintari (fiel regidor), euren onaren eta ondasunen begirari izan zedin. 1830'an Aita Estarta'ri egiñiko gutunean berak diñoanez, ordurartean iru bider izan eban agintaritza ori Abando'n. ¿Noz? Irugarren aldiz, 1829'an. Bigarrenez, 1814'an, aurki, urte onetan Gernika'ko batzarretan agiri dan ezkero. Oituraz ta legez, Gernika'ko batzarretara lenengo ta bigarren alkatea bialtzen zituen Abando'ko erriak. ¿Lenengo aldiz noz? 1814'garreneko urte ori baño lenago, nik uste. Baña, 1800-1820'rañoko Abando'ko batzar-liburuak galduak izan diralako, ezta errez emen argi andiagorik egiten. 1836'garrenean izango zan laugarren eta azkenengo aldiz. Oraingoan bigarren zotz-aldi baten egin eben. Lenengo zotz-aldikoak, karlistak euren etxeetarik urregi zituela ta, arein bildurrez ez eben kargurik artu nai izan. Bigarren aldian Ulibarrik urten eban gorengo agintaritzarako, Eleuterio Basozabal eta Antonio Uribe lagun zituela. Ez eben urtea amaitu. Urrietan «Ayuntamiento Constitucional» barria yarri eben Abando'n.
1820'an eta 1823'tik 1826'era, ganera Abandoko erriko etxean «archivero contador» bere izan zan Ulibarri.
Gernika'ko batzarretan bere iru aldiz aurkitzen dogu: 1814, 1829 ta 1830: lenengo aldi bietan, Abando'ko erriak bialdurik; irugarren orretan, Luyua'ko baten ordez. Ara yo ta orra yo, egiñalak egin zituen urte onetan. Gernika'rako eskubidea lortzearren ¿Zer dala-ta Gernikaranai ori? Bizkai'ko agintari jau-egiteko. Luyu'tarrak emon eutsen euren nen aurrean euskerearen alde su ta gar ezarleku bat: baña ezbear batek galerazo eutson bere asmoak azkeneraño eroatea. Udazkeneko batzarretan ezta agiri. Urte orretan asi ziran Ulibarriren biziko egunik baltzenak: «Ogetamargarren urtean artu nendun golpe ilkor ikeragarrizko andi bat, buru eta bizkar-azur eta gibelondoa (ta) gorputz guztiaz; askatu yatan birikiya eta bularpeko guztiya eta itsurtzi (ixuri) nendun odola aoti eta beti, eta osagill eta sengagillak esan zituen (eben) ez nintzala biziko, eta erri askotan sinistu zituen (eben) il nintzala bere (Karlos Artza'ri, 1833). Ezbear au etxeko zurubi edo eskalleratan yazo yakon, baten batek labangarrien bat ipiñirik, antza. Berak ez eban iñor salatu. Luzeroan lanerako gauza etzala gelditu zan; urte bi egin zituen erriko batzarreara bere agertu barik. «Prantsesen atxurkadiak eta zurubi edo eskallerakoak nakardie txarto», diñotso 1832'an andreari. «Nik eztot ibilli gure ikusi neyen lekuti; eztot urteiten iñora guztizko premiña ezpadaukat». Mezea, orraitio, egunero entzuten dau. Zoritxar onen geigarri, andrea iya beti dabilkio erbestetik, bein Paris'en, bein Zestona'n, euskerearen «areriyo edo etsai andi» egiñik. Lanik ez, irabazirik ez, eta artuenik eskuratu ezin. «Iñok eztau emon gure dirurik zordunen artian, guztiz dago galdurik diruen etorreria; nik eztot artuten dirurik, ez Bilbo zarren dago lanik; katuek okelia legez dabiltz alkar kentzen aldizkoak edo parrokianuek... Juan Domingoeneti ekarten dot txakoliñe biar dan guztie zorren aldera, ze ak eztau emongo dirurik» (andreari).
Ezbear onek galerazo eutson, bada, Gernika'n egin nai izan eban lana, baña azia ereinda itxi eban Ulibarrik ¡bai orixe! Arik amaika urtera, 1841'an, Bizkaiak zerbait itxartzen asi dala dirudi: Gernika'ko batzarkideak euskerearen aldezko erabagi pozgarri samartxo bi artu ebezan: eguneroko erabagien laburpena euskeraz egin eta urrengo eguneko batzarrean irakurtea, eta «Institutoan» euskerea irakastea. Erabagi orreik ez ete deutsie ezer zor Ulibarri'ren aldarri ta ekiniari?
1836'tik aurrerantzean, Abando'ko batzar-liburuetan ezta Ulibarri'ren aztarrenik; bazterturik edo dago. ¿Zarrez eta geixoz? ¿Bere etxean uzaba gategoen bat sartu zalako, etxeko jaun, erriko batzarretan onek sartzen zirala? ¿Ala iguñez eta bere borondatez, politika barriaren bideak ontzat emoten ez zituelako edo? Eztakigu. ¿Politikaz zer zan, baña, Yose Paulo? Buru ta biotz, erregetarra. Argi agiri dan bere Gutunliburuan bere erregezaletasuna, baita Cadiz'ko lege barriaren alderako iguiña bere. Abando'ko batzar-liburuetan bere argi bai argi dago ori. Cadiz'ko aizeak ez zituen maite. Andiko aize ta politika-bide orreri izen bitxia ezarri eutsen: «debruziñoa». Ulibarri'ren eretxian deabruen lana ziran, erdera-legea, batez bere ¡euskaldunen Foruei ukutu eutselako! Erlijiñoaren alde, barriz, zintzo yokatu nai izan eban beti: «Nik eguño eztot, ez txantxetan bere, Yainkoen legeen aginduen kontra ezer esan» (andreari).
Karlisten gerratea sortu zanean, ixillik egonbearra etorri yakon. Bere 1830'ko yauskerati zerbait osaturik, erriko batzarretara yoaten asita dago. 1833'an «sindico» zala diño Jaizkibelek: «revision de cuentas» batzordekoa zan beintzat. 1834'tik 1836'era gobernuak ixentauak egon arren agintari, eztau batzarretara uts andirik egiten; eta eztau bere laguntza ukatuko erriko gorabera ta azi-orraziak atontzeko. Esaterako, urte orrein barruan, «Plan economico» barria egin zanean, orretarako osatu eben batzordeko izan zan bera. Baña, biotzak ez eutselako agintzen, erregiñaren alde ezin berotasunik erakutsi, ta bein baño sarriagotan agintari armadunen gogortadak «epe onez» eta ixillik iraun bear izan zituen. «Agintari batek esaustan ea noren aldekoa nintzan. Eta nik erantzun neutsan Agindu eiten (n)eusten aldekoa; nik eztodala besterik egiten obeidu baxen. Eta erantzun eustan: Eztabenak gogor egiten Erregiñaren alde kendu biar dabela aurreti» (1835, semendian). Ulibarrik ezin egin gogor Erregiñaren alde. Urte bete lenago Don Carlos'ek Elizondo'n emoniko «decretoa» bere Gutunliburuan euskeraturik ezarrita dauko. Euskerearen eta Euskalerriaren zoriona Don Carlos'en aldeti etorriko ziralako uste osoan dago. Olako ustea zerakusan beintzat 1834'an Diputadu jaun eta euskaldun guztieri zuzendutako «agerkai» baten. Don Carlos'en aldirik etzan etorri, eta ezin esan Ulibarri bere uste orretan oker ebillenik bere.
II
Emen orainartean aitatu doguzan barriak Ulibarri uri-gizonaren irudia damoskue geyen baten; Ulibarri euskalzale ta euskal-idazlea aztertu daigun orain, bere «Gutunliburua» gidari ta argi artuta. ¿Zer dogu Gutunliburu au?
Ulibarrik, berak besteai eta besteak berari egiñiko karta edo gutunak liburu batera aldatzeko oiturea artu eban, antza, 1822'garren urtea ezkero. Orixe da, ba, liburu au: Ulibarri'ren gutuntegia, berak bialdu nai artzen zituen kartak yasoten dituan liburua, batez bere. Batez bere, diñot, kartaz ganera, beste gauza jakingari batzuk bere ba-ditualako. Azkenengo orrietan dana da bertso-lanezkoa. 1823'an asi ta mila zortzireun da berrogetakagarrean amaitzen da. Sitsak yanak ditu letra bi edo iru, eta eztago errez azken-urtea zenbakarrena dan ateraten.
Gutunliburu onek argi dirauskuna da Ulibarri gizon asko ta andiekaz eukala artu-emona. Etziran, ez, lagunabarrezkoak bere karta-lagunak: Erregearen ingurukoak (Erro); Gipuzkoan, Iztueta ta Mendizabal; Bizkayan, Malla guztietakoak: Diputadu (Valdespina'ko markesa, Nobia Salzedo, Anitua, Barrenetxea); osteango agintari ta Gernika'ko batzarkide (Basaguren, Soloeta Balzola, Olabarria, Yulian Argaiz, Zamakola ospetsuen koñatua); guda-gizon (Berrizko Juan ta Praisku Zengotita Bengoa koronelak); prailleak (Estarta, Luno ta Zabala Prantziskotarrak). Gutun onein barri zeatzago yakin nai dauanak Julio Urkijok «Euskal-Erriaren Alde» aldizkarian (1915, 225-231) irakurri bei.
Liburu orretan pilpil ageri yakuz egillearen euskal-biotza ta gogoa. ¡Bai euskalzalea ta bai «euskal-esnalea» bera! Onetan eztogu iñoren urrengo. Yoan dan gizaldiaren lenengo urte urdurietan, Ulibarrik erakutsi eban, nik uste, euskaldunentzat biderik argiena ta zurrena. Godoy, Llorente ta Traggiaren azpitiko ta agiriko yoko lorriñari erantzunik egokiena ¿Astarloak, Errok eta olangoak emona ete zan? Burutik bururakoa, eztabaida utsezkoa zan iya onen yoka-bidea. Beste biderik artuko dau Ulibarrik: euskalduntasuna zaindu ta zaildu; euskaldunak euskalzaletu, euskerea erabilli ta landu, ori zan egitekorik andi ta bearrezkoena. Eta egiteko orretan emon zituen Ulibarrik bere urterik onenak. Berau baño euskaldunen zuzpertzaileagorik gitxi. Euskaldunai iñoz bere ez egin erderaz, euskaldunai beti euskeraz, «orra zeure adiskidearen esan maitia, Praisku», zirautsan bein Berrizko koronelari. Euskerearen areriorik txarrenak etzegozan kanpoan, barruan baiño; euskaldunen zabartasuna zan euskerea galtzen eban sitsa. Amaseigarren gizaldian amorrua emoten eutson Pedro Madariaga Dima'tarrari euskaldunen alkarregaz euren artu-emonetan euskaraz ez eginbearrak. Bardin yazoten yakon Ulibarri'ri bere. Barruak erretan eutsozan euskaldun ez-yakiñ askok erdaldunen aurrean erakusten eben kokolotasunak. «Eztakiye ezer, eta tayu bat egiñik egoten dire erdalduneri adi; gero aen antzekoak eiten dire». Ez ditu bapere maite abade erdelzaleak edo euskeraz sermoirik egiten ez ekienak. Ez eban ikusi nai gure eleixetan erderazko «Padre nuestro» euskerazko «Aita gureari» kanporuntz bultzaka.
Euskereari eusteko biderik egokienak asmau zituen: euskera eskoletan sartu; eleixetan, errietako ta Gernika'ko batzarretan berari egokion lekua emon; gramatikak eta iztegiak egin, euskerazko liburuak argitaratu eta zabaldu; euskerearen alde egiteko, benetako «euskaltzain» izateko, Gipuzkoan lez Bizkayan bere, ogetalau gizon izentau; erriaren gogo-biotzak zuzpertu ta argiteko kanta-paperak atera. Etzan asmatzalle makala; baña eztau iñok esango asmo orreik azur ta mami bakoak direanik. Etzan ameslari utsa; baekian nondi nora yo, ba-ekian oñen ganean ibilten. Etzan eragille utsa bere; berak egiñala ez eban egin barik itxiko; eta, alan, euskera guztietako liburuak billatu ta zabaltzen dakusgu, eta, gero ikusiko dogunez, bertso-orriak atera ta ara ta orra bialtzen bere bai.
Norbaitek, bearbada, buru berotzat yoko dau. Egia esan, erderearentzat eztau berba gozorik. Etxeko ta kanpoko arerioak bere euskera maiteari egiten eutsezan iraiñak bere onetik ateraten eben. « Ez nau artzen ez etxeak ez leku guztiak bere», iñoan olako baten bere barruko amorruari eutsi eziñik. Minberea zan benetan eta bere minberatasun ori erretan, zauri gorritan yartzeko ¡ikuskizunik larregi bere inguruan zorigaiztoz! Aita Zabalarentzat «gogoa ilgarri» zana, Ulibarri'rentzat ez, alan bere. Berak, bizi dan artean aldarri egingo dau, beintzat. Iñoiz, euskerearen arerioak gogoan dituala, «isgilluak eta burdin zulatuak» bere aitatzen ditu; baña etzan iñori ezetako gatxik egitekoa, bere irakiña barru-barrukoa dau, eta bere adiskideari kartaz beste iñori eztaki iragarten. Ba-ekian, ikusi bear izan zituen irain ta biotz-mingarri askoren aurrean, «epe oneko» izaten, bere barruko irakiñari eusten, batez bere karlista-gerrate aldian, bere etxea arakatu ta bere eskuz egindako euskal iztegi bat kendu ta erre eutsenean, esaterako. Politikan bere etzan ain buru gogorra. «Orain kendu zan baltzen izena; guztieri parkatu deutsie Erregiñak bere senarraren aginduz». Olantxe, diño 1.832'an, mixiño-oste baten, Don Fernando'ren azkenengo geixoan. Eztago orain baltzik ez zuririk. Erregeak agindu ezkero ¡kitu!
Erregea aitatu dogun ezkero, ez dogu esan barik itxi nai, ari bere euskeraz egin nai izan eutsola bein. Egi-erdi baño ezta Urkijok onezaz esan ebana. Egia da Iztueta'k, Ulibarrik emonda, Erregearen eskuetaratu bear eban txantela (memorial, oroitia), erderazkoa zana. Baña txantel ori erakutsi baño len, «lendabizi euskeraz egin agurra», zirautson Iztueta'ri. Erregeak, Ulibarriren aginduz, entzun bear zituen lenengoko itzak euskerazkoak izan bear eben.
Ulibarri, euskal-idazle. Eztakigu noz asi zan euskera lantzen eta euskeraz idazten. Ikasi amaren altzoan ikasi eban bere Okondo maitean, gero liburuetan bere ikasi eban gure izkuntza maitatzen eta lantzen. Euskera maitatzen irakatsi eutsen artean ixentau giñaikez: Etxabe, Poza eta Bizkai'ko zozoa, Galizia'ko mosolloari erantzunez norbaitek XVII'garren gizaldian Madrillen ateratako liburua. Euskera lantzeko erabilli zituen liburuak: Larramendi, Astarloa, eta Lecluse ta Astigarraga gramatika-gayetan; eta Axular, Kardaberaz, Añibarro, Mogel, Aita Bartolo, Iztueta eta abar... Harizmendi'ren bertso batzuk bere sartzen ditu bere gutunen artean, nonbait otoi-liburuen batetik artuta. ¿Noz asi zan bera idazten?
1) Bere lenengo liburua Gutunliburua baño lenagokoa da, 1815'garren urtekoa, eta beraugaitik, gure egutegi-egilleen aitita emongo neuskio nik goitizena. Gai au ain maite izanik, asko da Urkijo jaunak Ulibarriren Gutunliburuan beronen euskerazko egun ariaren usaiñik ez artzea. Ona egunari onen yatorria. Euskerea zala ta etzala, eztabaida sortu zan bein Yose Paulo ta beste erdaldun etorri barri baten artean: erdaldunak, «euskeraz ezin imini dala» olangoxe libururik bere; Yose Paulok, bayetz, berak egingo dauala zortzi egun barru, beste orrek «sillututia pagan gura badau». Erdeldunak, arik gerotxoago erbestera alde egiñik, ez eban yakin nai izan agindua zor danik, eta Ulibarri'ren lepotik eta zizkutik urten eban egunariak. Urrengo urte bietan Bizkai'tik, Gipuzkoa'tik, eta Naparroa'tik bere, asko izan zituen gure idazleak egunariaren eske: «baña nenguan legez bolsie edo zizkue utsiturik onegaz, ez nintzen atzartu ostera jarraitzera egiten asmazio edo egunera». Orra argiturik gure Bibliografiaren illun-unetxo au. Vinson'ek, bere «Bibliographie» aren geigarrian, egunari ori onela izentetan deusku: «Egunari eusquerazcoa erderazcotic itzuliya. Vizcai, Guipuzcoa ta Arabaco Provinciaentzat. 1815'garren urteraco. Bilbaon». Iñok baldin badauko, nok egiña dan ba-daki.
2) Gabon-kantak egiten. ¿Gutunliburuak ez ete deusku argituko beste illunik? Nik bayetz uste. 1814;'tik 1832'garreneraño iya urtero agertu diran Gabon-kanta batzuk egillearen izenik eztakarrela. Abando'n sortuak dira, Bilbo zarrean, Prantziskotarren konbentuaren babesean, emen antxiñarik izan zan oiturari yarraitu gurarik edo. Baña oraingoak su barri bat dakarre. Eta su-emolle, Ulibarri dabil nonbait, iñor ibiltekotan. ¿Su-emolle besterik ez? ¿Kanta-egille ez? 1819'garrenekoak Bizkai'ko emakume baten izenaz urten eben. Andra ori Vizenta Mogel ei-dogu, Abando'n Eleuterio Basozabal'egaz ezkondurik bizi zana. 1832'garrenekoak bere, beintzat Peru ta Juanen arteko berbakuntzia, Mogel orrenak ziralakotzat emon zituen aita Mateo Zabalak bere euskal-ipuiñen artean. ¿Eta beste gañerakoak? Mogel'enak diralakotzat dagozanen kutsua ba-dabe beste urteren batzuetakoak bere: baña beste batzuk eztauke Markiñaldeko euskeraren usaiñik. Euren tituluak bere ba-diñue zerbait: batzuk, gaboneko kantia edo kartak (Mogel'enak diralakoak beti olantxe); beste batzuk gaboneko otsaldi, osaste edo kanta, osaste edo berba neurtuak oneik Ulibari'ren usaña daukela esango neuke euren izenean; eta barruan, iñoz Ulibarri'ren kutsurik gitxi asmetan badeutsiegu, yakin daigun Yose Paulok bere kartak bere iñoz «Doña Vicenta» orreri emon eutsozala zuzendu ta orraztuteko. Beraz ¿ez ete eikeozan emon bere bertso orreik bere, argitaratu ta guztien aotan ipiñi orduko?
Baña Gutunliburuak ¿zer dirausku onezaz? Ulibarrik 1824'tik gorako kanta orreik zabaltzen ekin eutsola; eta batez bere euretariko batzuk, egunari euskerazkoagaz batean, bereak balira lez zabaldu zituela, zorion andiak artuaz, politak zirala-ta. Batez bere 1826'koak, euren azal eta mamiz, Ulibarriren usain andia dauke; bapere ez Mogel'enik.
Ekarri daiguzan ona puska batzuk:
Zeruban gloria,
lurrian bakia,
aingeru ta gizonen
gaurko berbetia.
Yayo yakun ezkero,
bildotztxu maitia,
aztu bear genduke
lengo asarria (1824).
Gerrate batetik urten barri dagoz Españan, eta azkenengo berba oneik bake ta maitasun-dei ederra dakardie.
Baña Jesus'en yayotza gomutau ondoren, euskeltzaletasuna biztu bearraren aldia dator gero.
Beti agertuten naz - urterik urtera,
euskera politian - zubei kantetara (1825).
¿Zer esateko? Aurreko urteko bertsoak aitatuko doguz:
Bizkaian ezta biar - erbeste legerik,
geure foru maitiak - nai doguz bakarrik.
Aldendu bitez, bada, gaiztuen asmuak,
eta gorde osoro - Bizkaiko Foruak.
Eurak gordetzekotzat - Diputaziñua,
Gernika'n batzarrian - daukagu autuba;
iñok gura badesku Foruba lurpetu,
guztiok bear geunke - esan: ¡gu gara gu!
Bakia da guretzat doerik onena;
baña balego iñor - gura eztabena,
laster ikusiko dau buruban egurra,
eta gordeko dogu geure olla-lurra.
Esan dogunez, 1826'koak dauke Ulibarri'ren lorratzik geyen azal eta mamiz. Bertso makaltxoak dira, eta asi ta amaituarteño agur baten diardue, Jangoiko yayoparriaren aurrean euskerazko agurra jentillen a dios'egaz burrukan yartzen dabela.
Agur diñue guztiak,
agur seintxu laztana,
agur txantxitxue,
agur kutxitxue...
Agur diñue guztiok.
agur, agur, agur;
eztago izen oberik
mundu guztian gaur...
Agur ezin esan leie
luziperretarrok,
zegaitik sulezean
erdera dia guztiok...
3) Beste bertso batzuk. Ulibarri'ren gogo-muña ta biotz-barrua Gutunliburuko karta tartean sartu dituen bertsoetan bere aldarrika diardue. Ona puskato batzuk:
Agirre Ibarrondo,
euskera ikasi ondo,
ederrik eta garbirik,
erdaldun yakituna
isteko ixilik.
(Agirre Ibarrondo'ri).
Bertso oneik zorion agurrezkoak dira, baña Ulibarririk asi orduko egiten dau iges berak bizi dituen gayetara.
Euskal-eskolen gaya:
Esaizu: ¿zelan da au,
zetara adi gara?
¿Euskera berba eginda,
eskolia erdera?
Ori da asmo gaiztoak
egitia gu galtzera.
Esan biarrian Aita Guria
izen polit egokian,
¡esaten Padre nuestro...
erderazko garrazkerian!
(Barrenetxea'ri).
Bilbo, aurrez daukan uria, geroago ta erdereak kutsatuagorik dauko, ta bertatik erdal-zaletasuna zabalduez doa; orregaitik Ulibarrik eztau Bilbotarrentzat legunkeririk.
Dago zer garbitu asko
emengo lekuetan;
uri au da geure galtzaille
gauza guztietan;
egin dan legez pozua
erdera loiekaz
mota guztiko suge...
ta ganeko pestiekaz.
(Novia Salcedo'ri)
Llorente gure arerioaren izenea sarritan dator bertso oneitan.
Llorente baserrian zanian,
ibilten zan gaiztoa zabuke,
il artian Astarloa Yaune,
amarru ta amurruz kukuke,
Paulo Astarloa ilda gero,
arroturik atera eban bero,
iminteko mundua ero,
Llorente kanonigue,
guzurrez apaindue...
Godoy'en aginduz
ibilliko zan Llorente
okertuten ainbeste jente
irureun mille errielaz
Godoy'k emonakaz...
(Novia Salcedo'ri)
Llorente ta olakoen asmoai erantzuteko:
Ogetalau gizon
biar dira izentau
Gernika'ko batzarrian,
egiteko alegin an,
euzkeraren ganian,
eta era batera zeiñek obeto
ondatuko dabe Llorente
sekula betiko...
(Agirre Ibarrondo'ri)
Erderaz ganera, ba-dau Ulibarrik beste areriorik ere: ardaoa ta tabakorria. «Nago gaxorik ardaoaz eta erderia eta pipiaz. Oneik egiten deutsie Bizkayari zankoa meatu, gibela tximeldu» (Juan Bautista Anituari). Ardaoa, ganera, erdelduna da:
Arturik edaontzia, edan al dana,
txakolin sagardao gozo, Bizkaikoa dana,
ez ardao erdeldunik, iñoz ez artu,
eztayela aurradea alper eta txiker geratu.
(Barrenetxea'ri )
4) Ulibarri, poema-gille. 1839'garrenerañokoak dira Ulibarrik Gutunliburuan sartu dituen karta, bertsozko zorion-agur eta beste yakingarriak. Karlisten gerratea amaitu zan ezkero, etxetik iñora barik bizi zala dirudi. Bederatzi urte lenago zirautson bere andreari: «Nik daukadan gatxagaz ez naz luzero biziko». Oindiño urte batzuetan iraungo dan: 1847'garrenerarte. Eta azken-urte orreitan, lagun-artea itxirik, ba-dirudi euskerea artu dauala lagun bakartzat, eta, lumeari eragiñaz, bertso-giñen emoten ditu asti-orduak, eta bertsoz bete ditu bete Gutunliburuaren azken-orriak. Sekula ezta izan bertsogille txit azkarra ta eztau adiñik onena neurtitzetan ekiteko. Ezta urretxindorra bere, baña kantuz, euskerazko kantuz nai dau emengo aldia egin, eta emengo egunak amaitu. Eder-legeari dagokionez, goragarri andi-andirik ezpadabe bere, Ulibarri'ren poemok, asmoz beintzat, txit gogoangarri dira. Eurotan darabiltzan gayak ikusita, gure literaturan arabar ez ezagun au bide barri-urratzalletzat yo lei.
¿Zeri daragoyo, ba, kantuz gure neurtizlari aguretu onek? ¿Zertzuk darabiltz kanta-gai? «Zerua ta lurra»: Aingeru gaiztoak, gizonen sortzea munduan, Kaintarrak, Tubal'en ondorengoak, Euskalerriko etxe nagusien yatorria, Euskalerriko meatzak, olak eta ola-gizonak, emeko lur-lanak, egazti ta abereak, gure arrantzaleen egitsari andiak, ezkonta (andreak irakurtekoa bakarrik zan beñolako gutuna baixen gordin eta «naturalista» benetan), umeen aziera (emen euskal-eskolen gaya), lenagoko euskaldunen sendotasuna ta indarrak, eta azkenez, bere Okondo edo Ukondo maitea, bertako mendi, baso, baserri ta ibai guztien barri emoten deuskula. ¡Zer artuko eban besterik kanta-gai, euskerea ta Euskalerria gogo ta biotz-muñetaraiño sarturik eukazan Okendo'ko seme argi onek? Badau or Ulibarrik «Euskaldunak» poema bat osatzeko gaya. Izan bere, arnas andiko poema baten puskak dirudie kanta oneik euren baldartasunean. ¿Ta nor izan dau eredu? Gure artean iñor bere ez. Bizirik ziran ordurako gure gerotxoagoko poema-egilleak: Hiribarren eta Azkue, «Eskaldunak» eta «Euskadia» poemen egilleak. (Esan daigun azkenengo poema onen izenak eztauala gure erriaren izenagaz zer ikusirik); baña ixillik egozan oindiño. Nik uste, onetan txit goragarri dala Ulibarri, bere lana gordiñik eta eltzaka gelditu dan arren.
Bere yoera ta euskeraren adibide ta argigarritzat, puzka batzuk yarri daiguzan emen. Begira zelan aingeru gaiztoetan Luziper erdeldun egiten dauan:
Bere ederren ederrez
len uste ebana izen
zeruan burua,
orain bere lagun añiñoen artean
da erdeldun sulezekoa:
Au da buru,
au da agintari,
au danatuen errondari,
berau erderaren merkatari...
Lenengo arratsa eldukeran Adan'ek eta Ebak izan eben izu-larriak eta urrengo eguneko pozak White'ren amalaukoa dakarkigue gogora:
Sarturik gau illunian,
gixona larri-larri il aginian,
usterik ilten dala
iausirik eriotza
edo balbean.
Agerturik argi beraza,
gaberako guztiz erasa
izarrakaz,
gizona biztu da pozturik
eurakaz.
Iminten deutso ixena il argixa,
dalako illuneko argixa;
goiko bitxituari izarrak,
gizonen gaberako
argi ederrak.
Urrengo goxian
zugaitzaren abarrarteti
argi ederra agertzean,
gizona pozturik
atsegin betean
atzoko argia ikustian.
Txepetxa, bere salto ta arrotasunean, gure Otañok lez ikusi dau. Baña ¿ze txori ete da matxitxue?
Matxitxue,
da txori isila ta mansue,
txepetxa baño birritan andiago,
bularra zuri ta gorri antzora.
Eztau ezek ikaratuten;
ikusi dogu iturri onduan,
neskatilla alboan egonda,
edarran ura edaten.
Goixian eiten dabenian txirriskia,
da eguraldi onaren ezaugarria.
Amak, seña bataiatu ondoren, besoetan artu ta laztantzen dauaneko poza ona zelan azaltzen deuskun:
Bataiatu ezkero, seña
eta etorririk etxera,
emoten deutsie amari
egiñik aingeru ederra.
Amak señari esaten:
Ai ze zuri ederra zagoz,
neure kutxitxua ta txantxitxua,
bai neure aingerutxua.
Yainkoak imini zaitu
zuri edertxua.
Egingo dot alegintxua
ez galduteko zuritasunik...
Txiki-txikitxua,
txiki politxua,
zeu zara nire biotzekotxua,
aurra tipitxua,
tipi sotiltxua.
¡Ara Yainkoen umetxua!
Kutxitxu ta txantxitxu oneik 1826'garreneko gabon-kanten senide dira, nonbait.
Eta ¿non irakurri edo ikasi ete ditu umearen lotordurako otoiztzat dakazan bertsoak? Aita Donostik San Luis ereregeak egiten ebalakotzat azaldu eban otoi ori berori.
Banoa loaren artzera,
Jesus, zure izenian;
gau eta egun begira naizu
ene etsayen artean.
Yauna, zure odol yainkotiarraz
erosi nauzu munduan.
Arren, begira nazazu
il eta ondoan zeruan.
Ukondo, bere yayoterria, dau azkenengo orrietan kanta-gai. Ona puskatxo bat:
Euzkerazko eskoletati urten dabe
guztizko yakitun andiyak:
iru milla urte onetan
Ukondo'ko semiak
itxasoz ta legorrez
agintari nagosiak:
Ulibarritartik agindu
Ukondoko erriak.
Ukondo'ri kantuz amaitu eban Ulibarrik bere Gutunliburua. Eta nik bere ementxe emoten deutsot azkena neure azter-lantxo oni.
Neure alegintxoa egin dot Araba'ko seme zindo au ezaguterazoteko zeaztasunik yakingarrienak billatu ta alik argien azaltzen. Bere Gutunliburuari arrapaladako begiratu bat eginda, ezin izan dot geyago egin. Emen dabe Arabarrak astiroago begiratzekoa dan azter-gai bat; emen dabe euskaldun guztien aurrean lotsabarik erakutsi leyen gizon arrigarri au, euskerearen eta Euskalerriaren alde ain biotzez eta ain buruz yokatu eta geroagoko kezka ta yoera askori aurrea artu eutsen au: Yose Paulo Ulibarri, Okendo'ko seme argia, abere-sendatzalle yakituna, baña gure gatxen sendagarrietan aitu ta yakitunagoa.
|