Sendia
Roman Irigoien
I
Lagunekin bildu-ta egiten dedanean
atsegiñezko jardun-aldia;
lanean mendiz-mendi edo erreka zear,
bai goibel dala, bai eguzkia,
eta ni arnas estu ta eztarriko legor
ta arpegi izerdiz busti-bustia;
jolasean nekeak uzten ditudanean
ta nigan arki indar berria;
naiz estuasunean, naiz lasaitasunean;
osasun-bete edo eria;
elizan belauniko jartzean ta Jauna'ri
apalki egin nere eskaria...
biotzaren txokorik goxo-maitienean
daramakit nik beti sendia.
II
Altza'n, eliza baiño beraxeago dago
«Donosti-alde», etxe txukuna,
Jaungoikoak ezkontza gurea onespendu
eta kabitzat artu genduna.
Atea irikitzean, bertaraño datorkit
an barruko poz ta maitasuna:
Benedi, emazte on, zintzo ta langilleak
etxe guztian zabaltzen duna.
Kabi ontan bost seme ta alabatxo ditugu,
bost izar, gure alaitasuna;
bostak eskerrak, Jauna! eder eta mardulak,
bata bestea bezin kuttuna.
Gure etxe txiki ontan Jesus degu errege,
aurtxoak leia ta ondasuna.
III
Eguneroko nere lanak egin ondoren
etxeratzean illunabarrez,
buruausteak eta lanak atean utzi,
aztu nekeak, eta poz-pozez
nigan gizon berria esnatzen da emazte
ta txikitxoen arrera onez.
Etxea ta nereak ditut, egarrituak
iturburuko ur garbia lez...
Etxean eta nereen artean arki oi det
alaitasuna bete-ta gañez...
Etxean eta nereen artean, atsedena
ta pake ederra gau ta egunez...
Etxean ta nereen artean...: zerupean
nik naiagorik... ezertxo ere ez!
IV
Emaztea... Itz bakar au esatearekin
nere barrua nola alaitzen dan...
Ene biotzak zenbat ikasi dun beratzaz...
Aoak ezin, ordea, esan...
Benedi: ezagutu zindudan egunetik
gizon berria jaio zan nigan.
Ama iil aurtxo nintzala, ta beti bizitu naiz
bere gozoa jakin naiean.
Orain gure aurtxoei diezun maite-eztiak
erakusten dit zein aundia zan.
Zearo sinisturik nago amak zerutik
jarri zindula nere bidean,
bera neretzat zer zan zugan nik ikasiaz
biotz-biotzez maite dezadan.
V
Etxea beteten dun emaztea nerea,
aukeran ere oberik ezin.
Bera izandu da nere gaztaroko ametsak
egi osotan biurtzeko din.
Maitasuna elburu duala, burua argi,
arpegia alai, eskuak arin,
batean ta bestean gelditu gabe dabil
kuttun gaitunai nundik on egin.
Orain sukaldeko lan, joste edo garbiketak,
gero aurtxoak alaitzeko ipuin...
bere zorioretan arkitzeko aski du
gu zoriontsu izanarekin.
Ez da arritzeko bada emaztea izatea
etxeko biotz danen erregin.
VI
Gure loretegiko txortarik ederrena
bost larroseko aurtxo taldea.
Aurtxo zoragarria: lurreko aingerua,
gure jostallu, gure jabea;
ekaitz ta urteen indarrez igartzera doazen
zugaitzen puja berri ezea;
berez bi notin diran aurtxoen gurasoak,
aurragan biok bat egitea;
ustez betiko galdu zitzaigun aurtzaroa
orain berriro guganatzea
ta gure eskuetatik gizon ta andre egiteño
bide onetik eramatea.
Maitasunez sortua ta maitasun-iturri,
maiterik ba'da, aurra maitea...
VII
Lanak egin ondoren etxera biurtzean
ta sukaldean alkartu denak,
umeak dabilzkiten jolas eta kontuak
ditut nik jairik egokienak.
Igo belaunetara ta lepoa estutuz,
neretzat laztan eztitsuenak.
Eta gero, ipui-zale, baten eskea agertzen
duten artean iru zarrenak,
Arantzatxo, arretaz danoi begira, abesten
erakus nairik dakizkienak,
ta bular-asekada ondoren Juan Maritxo'n
pozezko irri-par berezienak
nere izaera zenbat argitzen, ezin jakin
«aita» nork deitu ez dituztenak.
VIII
Ta etxean dedala emazte on, maitale,
lanean gutxi bezela azkarra;
etxean, naigabeak aztuazten dizkidan
seme alaba talde jatorra;
etxean baita ere emazteak eta nik
gure lenengo egin-bearra
nai ba'degu berengan piztutzen degun egi
eta oitura onen txingarra
Goiko laguntzarekin aurrerantz biurtzea
Kristo'ganako maitasun-garra;
ta gaurko txorta eder au biar izatea
gorputzez sendo, gogoz azkarra,
nola ez det etxea bereziki maiteko,
nola izango ez naiz ni «gu'tarra»...?
|