L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1962 III-IV Esku-azalak (1962-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Jose Manuel Etxeita eta Luzarraga

Mundaka'n (1842 - 1915)

—euskal idazlea—

 

Eusebio Erkiaga

 

        Ogeigarren mende onen asierako idazlea dogu. Luis Mlitxelena-ren esanez, bear bada aaztuegi samar izan dogun lenengoetariko euskal-nobelagillea.

        Mundaka (Bizkaia)-an jaio zan 1842 gn. urteko abenduaren 13-an, eta il bere, erritxu orretan, 1915 maiatzaren lenengoan, 73 urte zituala. Gurasoak: Aita, Markos Etxeita Duñabeitia, Garaiko semea. Ama, Maria Josefa Luzarraga Abaroa, Mundaka-ko alabea. Anaiarrebak: Dionisia, Maurizio ta Maria Josefa.

        Emaztea: Juana Abaroa Ajuriagoxeaskoa, mundakarra au bere. Antxe, euren jaioterrian ezkondu ziran, poderez, 1867 gn. zemendiaren 25-ean, Santa Katalina egun senaillauan, eta ezkontza-egiune ori, arik laugarren egunean sendatu eben Liverpool-en, zemendiaren 29-an.

        Belaziño-eguna 1870 gn. iraillaren 3-an. Seme bakarraren izena, Salbador. Orain, aren billoba bat bizi da, Amelia Perseberanda,  ta bestea, Juan Manuel, il zan.

 

        Zelakoa zan, ganez

        Gizon bardingoa zan luze-laburrean. Azalez, baltzerana. Begiak, urdiñak zituan, zear luzanga urratuak. Bekoki zabala, ezpan lodiaz, ao egokia, bizar estua.

 

        Zelakoa, izakeraz

        Atsegiña ta mazala ei zan. Artu-emonetan, apal eta maitakorra. Bai goikoentzat, bai beekoentzat, guztientzat bardin antzekoa, gizon oso ta bakarra, azpillik bagea.

        Buruz argia, zanez azkarra, ariurriz langillea. Orra, esan deuskuenez, aren izakerea. Alegin egingo dogu, aren lanetarik jardunaz, izakera ori ezagutzeko: arretaz eta laztankiro egin bere.

 

        Bizitzako asi-orraziak

        Lenengo urteak, umezaroa ta gaztetxualdia, jaioterrian emon zituan, aitaren ondotxuan; baiña txit gazterik ezagutu eban itxas gogorreko bizitzea. Agiri danez, amabi urtegarrenerako ontzi aundiko txo edo, joan zan.

        Geroago, Bilbon egin zituan ikasketak, Nautika-gaiak ain zuzen, guztizko notak lorturik. Agregau dalakotzat joan zan Santandertik, Habana-ra ostera bi egiteko. Irugarren pilloturako azterketak Ferrol-en egin, ta ondoren, Hornos lurmuturrean zear, Guayaquil-era joan-etorri batzuk egin zituan. Ostera batean, izentauriko Hornos lur-mutur orretan, ekatxak artuta, ekarren kakao-zama aztuna ontzi-barruan, baterik bestera aldatu izan yakelako, noiz ondoratuko ibilli ziran.

        Matanzas'eraiño joateko aukera bat ez eban galdu nai izan ta orrezaz ganera, Ameriketara beste ostera bi egiñaz, bigarren pilloturako bear zituan egunak metautea jadetsi eban.

        Eskabide bat egin eutsan II Isabel erregiñari, errege-agindu baten oiñarriaz baliaurik, eta eskari ori ontzat artzea lortu eban, ta obari ori, andik lasterrera, pillotu guztiengan zabaldua izan zan. Geroago, Derrota-pillotu edo itxaso guztietarakoaren izenpidea bere-gandu eban.

        Liverpool-en fragata aundi batean sartu zan. Ain zuzen, ibiltaldi ori ez eban guztiz zorionekoa izan. Habana-ra zanean, Mexiku-ko Matamoros-erako agindua emon eutsen, ta emen lau illebetean lotu bearra izan eben, laterri ori guduan edo ebillela-ta.

        Onunzkoan, sekulako ekatxa izan eben, eta kapitana, osasunez makal ebillela-ta, ez zan ausartu aurrerantz egiten. Orduan, zarraren gurariz ta oniritziz, Etxeita jarri zan ontziko buru.

        Gure idazlearen «Memorias» gutunean, le rro oneek datzaz:

        «Ain fragata ederreko kapitan egin ninduenean, ogeiurte besterik ez nituan. Eta, orrelakoak izan ba, bizitzako gorabeerak!, fragata ori ezagutu nebanean, ni bergantin bateko kamarako morroia —mozo da cámara—- nintzan Españar merkante-ontzirik aundiena zan, eta nik, amaika bidar ames egin izan neban, ontzi orretako pillotu iñoiz izango ete nintzakean; eta arik zortzigarren urtean, ez bakarrik pillotu, ontziburu nagusi izan nintzan».

        «Ibiltaldi batean, ekatxetarik batek oiñeztuaren bidez, mastarik luzeena eratsi euskun. Geroago ta gogorrago etorren ekatxa, baiña guk, ekin mutillak aurrera! Irlanda-ko lurrak begi-aurrean genituan-ta. Beste denporale sendoago batek, ostera, goizaldeko lauretan ondatu euskun ontzia, ta ezertxu bere salbau eziñik, soiñean soiñekoak, eldu giñan legorreraiño, lurralde aretako atxetan loturik».

        «Jaun aundiki batek abetaldu ginduzan, an urre egoan bere etxean; tximini-ondoan berotu giñan ta bear izan genduan guztia emon euskun».

        Gerorantz urte luzeetan itxasoan jardun ostean, legorrean geratzea erabagi eban; itxasoak austeari utzi, ta Manila (Filipinas) aldean lotu zan. Amasei urte emon zituan an, eta ez edozelan.

        Uri aundi artan, entzute oneko ta ospe aundiko gizon egin zan. Ango kaieko Batzarreko izan zan; Tabakalera Bazkunako ontsejeru; Filipinas ugarteetako Banakuntzako bere bai; Itxas-Bazkunako artezkari ta Saleroste-Kamarako lendakari. Eta, guztien buruko, Manila-ko alkate jaun.

        Lan eta arazo guztietan agertu izan eban bere zuzena ta zindotasuna. Gizon azkarra ta jendakiña izan zan; euskaldun eredua. Apala, baketsua, etxezalea, aren oiturak ez euken ezer nabarmenik.

        Bere aldiko aldizkarietan, bai an bai Euskalerrian, agertu oi zituan bere lantxuak. Etxe, sendi ta erriaz batean, itxasoa, euskerea ta musikea ziran aren zaletasun buruak. Gurasoen berbetearentzat eta musikearentzat izan oi zituan txolarte ta astiunerik gozoenak. Ordu luzeetan ekiten ei eutsan idazten. Azken urteetan izango zala ori, uste dogu.

        Errira betiko biurtu zanean, poz aundia artu eban. Emaztea il yakanean, barriz, ezin-esan alako atsekabea. Susmo bat genduan eta ona emen: Etxeita-k asmauriko bertsuak, bere errian kantauten ete zituan. Eta egia. Gure eskariz eguneton batu dabe txorta bat, arek Manila-n egoalarik, Mundaka-n Santa Katalinaren ermitea jausi ostean egindakoa. Jakiña, oraingoen izkera moduan dago, ta ez dauka idazlearen kera jatorrik oraingo jantzi onetan. Bertsuok ez dakiez gaurko gazteak; 70 urterik gorakoak dakiez, soillik.

        Aitatu ditugun zertzeladarik geienak, Jose Mari Egileor jaunaren bitartez, ta aren senideen laguntasunez, lortu ditugu. Gure esker ona ba, guztioi, jakin nai izan genduzan zeetasunetarik asko, gure-gandu ditugulako.

 

        Lanak

        Ez dakigu noiz asi zan idazten. Esan deuskuenez, lan laburrak egiten ei zan zalea; jardun errezak, eztabadak, benetakoak ala asmaurikoak; ipuiñak, izneurtuak

        Batzaldietara, bialdu izan zituan lantxuak. Euskal-Esnalearen sariketa batean, lenengoa emon eutsen. Bigarren saria lortu eban, 1909 gn. urtean, «Mari-Jesus ta iru artzaiñak» deritxan ipuiñagaz. Garai-ko Euskal-Jaietan bere, Euskalerriaren Alde-koek atonduak, bigarrena izentau eutsen olerkietan, «Itxasoa» lana zala-ta. Bazkuna orrek 1914 gn. egiñiko batzaldian, Anton Trueba-ren ipuiñen itzulpenetan, lenengo ta bigarren sariak barruna zituan. Arik urrengo urtean eldu yakan, bere Euskalerri maitea betiko uzteko ordua.

        Ipuiñak egiteko doai nabaria erakusten dauan arren, lan luze ta mardoagoak bere, egin zituan. Ain zuzen, oneekaitik agiri da toki jasoan gure elebarrikuntzan. Or ditugu iru liburu bizkaieraz idatziak, Durango-ko Elosurenean elaztuak.

        Elebarri bi egin zituan: «Josecho» 1909 gn. argitaratua, eta «Jayoterri maittia» 1910 gn. Lenengoak 368 orrialde ditu, eta 255 bigarrenak. Irugarren liburua, neurtitzez betea, «Au, ta Bestea», 1913 gn.

        Eta, anartean, zer geunkan euskaldunok elebarri kontuan? Ikusi dagiguzan gure berbetazko elebarri ta edestigaiak, Mitxelena-ren liburuan. Ordurarte bai gaiez ta bai egilleez, euskeraz idaztea geienbat, «mester de clerecia» ez al zan, apaizen jarduna, eleizgizonen arazoa?

        Lendabizi, elebarri-ernamin bai litzan, arako «Peru Abarka» dago, amazortzigarren mende ondarreko lana, baiña 1881 gn. argitaratua liburu-taiuan. Urrengo, 1847 gn. Iztuetaren «Gipuzkoako probintziaren kondaira». Geroago, 1860-tik gora, «Atheka gaitzeko oihartzunak», Ganitx Antxordokiren galdugordeko ibillerak, J. B. Daskonagarre-k frantsesetik euskeratuak edo. Patxi Lapitze-k 1867 gn. «Bi saindu heskualdunen bizia» agertu eban. Elissamburutarrek 1889 gn. bateratsu samar azalduak: Mitxel-ek, «Lehenagoko eskualdunak zer ziren» eta Jean Baptiste-k, «Piarres Adame saratarraren zenbait historio».

        Lekeitiar asele batean erroa izanik, 1893 gn. R. M. Azkue aundiak bere lenengo irakurgaia «Bein da betiko». Urrengo, Txomin Agirre ondarrutarraren etorrera zoriontsua: 1898 gn. erakutsi eban «Auñemendiko Lorea» ta 1906 gn. «Kresala», lan biok bizkaieraz egiñak.

        Iru urte geroago, orra or azaldu ETXEITA gurea: «Josecho» (1909) ta «Jayoterri maittia» (1910). Arik urte bigarrenean, oraiñarte gaillen dirauan Agirre-ren «Garoa». Azkue-ren «Ardi galdua» (1918). Azkenengo lan biok gipuzkeraz dagoz, egilleak bizkaitarrak izan arren.

        Oraintsuago, «Orixe»-ren «Santa Kruz apaiza». Azkue-ren «Latsibi» bizkaieraz idatzia ta Baehr-ek giputz jarria, auspean datza oraindiño.

        Arrezkeroko nobela-gutunak ezagunak ditugu, moduen batean. Euren egilleak bizirik dagoz.

        Gurean orren asibarriak giñanean, noraiño elduak ete ziran, esaterako, auzoan ditugun gaztelaniar ta frantsesen nobelakuntzea? Amabigarren mendetik oraiñarteko arlo zabal, sakon eta luzea, benetan.

        Etxeita-k, elebarri bakotxaren azkenaldean, «Argibidea» damosku, liburuan esanaren laburpena bai litzan. Egin-lanaren bidemugatzat eta uberkatzat erabilli ete zituan argibideok, ala lanegiñaren ariak biltzen ete ditu, arloa amaitu ostean?

        «Josecho» dau lanik luzeena. Umetxu orrek urte bi ez zituanean asten da edestia, ta arik eta ogetamar urtera arteko guztian, gertaerak gertaera jalkiten ditu. Basetxean, kalean, arrantzuan, itxas aundian ibilliko da mutil ori. Gero, Mexiku-n, Montebideo-n eta Argentina-n. Azkenen buruan, sorterrirantz biurtuko da, ta bereak eta bost ikusi ondoren, amaiera baketsua izango dau erritxu kutunean. Jazoera naibagetsu ta pozgarriak azaltzen ditu errian, auzoan, atzerrian emengo ta beste tokietako gauzak, lurraldeak, notiñak eta oiturak jakiñerazoaz. Lagunak bere, polito ezagutzen ditu, ta mueta bereziak agertzen dira irakurlearentzat. Nagusikeria, arro-usaiña, guraso batzuen ankerkeria, gizon doillorrak eta abar erakusten daki. «Axular» ospatsuaren no da to bere, argitara dakar. Josetxo-ren aialdeko izango dan Eladitxo-ren estura, neke ta amodio zintzoaren joan-etorriak, orriz orri, irakurgarri diralarik. Gazte-denporako sentimentu garrbiak goratu izan zituan ao betean.

        «Jayoterri maittia» dalakoan bere, azalez, emengoak kanpoetara joan ta barriren barri biurtuko dira-ta, bestearen antzerea damosku. Lenengo maillako notiñak, ugariago ditugu emen. Elebarri au, ostera, alaiagoa da, ariñagoja. Bear bada, biotz-isuri aundiagokoa. Barruan, arako lillura ugariago zirikatzen dauana; letragintzaren ikutu nabariagoa daukana. Irri-ikutu atsegiñez txitean-pitean, olde ameskorraren kilika bigunez.

        Euskaldun neska-mutillak doaz Mexikorantz, ta geroago, biñan biñan datorkez onantz, Ardibaso zoragarrirantz. Artzain-nobela kutsua edo dauka. Bi milla urte leenago izan zan Virgili-ren ta Pizkundeko artzain-elertiaren ao gozoz igurtzia, nunbait. Ba darabil emen lagun bat, barreikarri ta alaia, arako Agaton Korkotx, eta onen ermaiñua dala-ta, orrialde gazi-gozoak maneau zituan Etxeita gureak. Liburu biotan, atzerrietako gauza jakingarrien albistak emon ditu, zera, euskeraz ain murritz ditugun orrialdeak.

Nobela biok garbi-garbiak, edozein umek irakurteko lakoak. Irakurgai ta ipuin onak, aitatu eban itzaurre batean, ta orixe izango zan aren jokabidea. Aren arima eder bakuna, orra or agirian.

        Irugarren liburua neurtitzekin ornidu eban, elebarri bietarik arturik eta zerbait geiago ezarriaz. Guztira 52 olerki ditu, ta musika-zale zanez, neurriz artez egiñak dira, izkera errezean, oztopo barik irakurtekoak, itzak moztu ta itsusitu bage, euskera osasuntsuan. Samurtasuna igari dabil izneurtu askotan, an or emen sentimentu bikain ta gardena erakutsiaz. Minberatsuen ondoan, ba ditu bertsu zirikatzailleak bere, alaikorrak; eta noizean bein akulugana zorrotz darabil. Alkarrizketazale itsua zan, eta neurtitzeton bere, autuka diardue ango bizidunak, geienez giza ta emakumeak. Teatrulan politik egin izan eukean, orretara jarri izan ba litz.

        Buru-jantziek eskeintzen deuskuezan gogo-problemarik ez eban agertu. Ostera, nobela errikoiak asmau zituan, erri zeeko asi-orrazi ta gorabeerak ederto batean esanaz. Orregaitik ba, elebarri biok, euren ariak dauken arreta ta interesaz baiño bere, jantziagaitik, izkera dotore ta jatorragaitik ditugu jakingarri.

        Berbakuntza gozo ta bizia darabil beti; iturri onekoa, aren aldiko euskaldunen ezpan-artekoa. Euskaldun batena, arduraz orraztua, labur esateko. Noizean bein, erdalkeriaren ikutua izan arren, ta ori itzurrenari buruz soillik, euskal-esanaldi bitxi, txanbelin ta mamintsuak daukaz oparo, ta orregaitik, aren liburuok bein eta barriro irakurtea onuragarri litzakigu oraingo edonori bere. Aldi onetako erdalgiro onetan, itzez ezezik esanaldi neo-mordoillozko aro onetan, bear-bearreko esango genduke.

 

        Azalaz

        Letra-saillean jardun ete eban gaztezaroan Etxeita-k, ala euskalmiñak biurtu ete eban idazle? Ez ete zituan zaartzarorantz egin, elebarriok? Lumazale batzuoi jazoten yakun antzera, bear bada, ez eutsan literatura-ikasketai ekin oi dan gaztezaroan. Ez dakigu agiñak bardindu aldian jardun ete eutsan. Geienbat, irakurri ebanaz adoretu zan, ta orrelan asi zan, premiñaz beterik eutsan euskera baztertuari emoi barriak eskeiñi nairik. Zalantzarik bage, Truebaren lanak begiko zituan, ta baita Mogel-en ta Txomin Agirrerenak bere. Pierre Loti-ren irakurgairik ezagutu ete eban?

«Jayoterri mattia»-n ezarritako «Berbaurria» ausnargarri bekigu, aren jakituria ta biotz-kezka ta artegatasuna txastauteko. Esaldi batzuk erraldatuko ditugu ona:

         (5 gn. orrialdean). «Ai, irakurle maitia! Gure asabak, lurpetik lurganera igota, ikusiko ba lebe euskerea mendijetatik be aldenduaz duala, ta euskotar askok eztabela ulertzen euren errijetako berbeta ederra, lenbailen, barriro, arin-arinka lurpetuko litzakez, arriturik, eta euren semiak ain aldakorrak izan dirala siñistu eziñik. Guretzat ezin egon leiteke, gure gurasuen altzuetan ikasiriko berbetia baño eztitsubagorik, eta bijotzak ariñago samurtuten dauzanik...»

        Apala zaneko erakusbidea, onako itzetan ikusi giñei. «Olako irakurgeiak —diño geroago— nik baño milla bidar obeto egingo leukezan euskaldunak dagoz...»

        »...Geure berbeta eder ori euskaldunak alkarregaz egin ezkero, berbakuntza guztijak jarraitu oi dabezan bidiak jarraituko leukez, berbak geitubaz ta garbitubaz urtearo».

        «Lege bategaz iratzi biar da izkelgi bakotxa, ta zein izkinde artuko da? Orixe da lenengo erabagi biar dana. Erabagi ezkero, orixe izango da geuk ixentauriko euskerea, ta guretzat, garbijena. Artian, al dabenak al daben euskera garbijenaz argitaratzen ba doguz irakurgai ta ipuin onak, beteko dogu euskera maitia garbitzeko ta zabaltzeko daukagun egipidia».

        Fonetika-arpegiak edo jantziak, arduratan jarri eban Etxeita, itzen jatorriak ainbatean. Orregaitik, «bidea, soloa, mendia, zirean, direan» idatziko ditu lenengo liburuan. Eta «bidia, solua, mendija, ziran, diran» bigarren irakurgaian. Erdalitzak, argiro igarten dituanak, kursivaz jarriko ditu.

        Itz barriak eta erdi ez-ezagunak, orrialdeen barrenetan jarri oi zituan, aen esangurea gaztelaniaz adierazirik. Berba banaka batzuk, berberak asmau bere bai. Demostrativu dalakoa, inguru onetan lez darabil, atze-aurretan. Aditza, itaurreko daroa sarritan jator ez dan moduan, gaztelaniar izkera-kutsuaz. Atzizkiren batzuk ez erabiltzan egoki: -ren ta -en; -ari ta -ai, ei; -tera ta -ten; -la ta -nik, iñoizka itxulastu oi ditu. Aditzaren jokoetan, irugarren notiñak leen-letra bage jarten ditu, iñoiz ta joaneko ta oraiñeko erak naastauten ditu bakan. Makurrok edo utsegiteok, pare bat kuartillatan sartu leitekez, ta orrez berezi, jatortasuna dario aren luma azkarrari.

        Giputz-ikutua dauka zer batzuetan. Esaterako, -txo txikergarria darabil beti, ta ez -txu; eta -tera esan-bearraren esan-bearrez, aditzak -ten eskatzen dauanaean bere, -tera ikusi izan dogu iñoiz. Urten, igon, beste izkelgien erara darabiltz noizean bein: urten zan, igon ziran, eta abar.

        Esanaldi sail ederra batu leiteke aren lerroetan: batzuk oargarri yakuz; beste batzuk pitxi apaiñak, «Kresala»-ren egilleak berberetzat artu eukezanak. Ezagun dabe biok aldi batekoak zirana, ta euskal-eragin bardintsukoak. Gaurko idazleetarik geienok, urriegi ditugun esakizun txairo ta jatorrik asko.

        Gramatika egokirik izan ete eban Etxeita-k, esku-artean? Ai, Altube-ren «Erderismos» joria ezagutu izan ba leu!... Gogatsu ikasi ta jagon izango zitukean, nunbait, arau zeatz eta aberasgarriak. Arauok, ostera, oraingo idazle batzuek bere, ez ditue gogoko. Gaztelaniaren itzurrena etxekoago yake, eta ortik dator jokera errezenaren zaleago izatea.

        Etxeita-k, bear bada, ez zituan beti anaikiro buztartu semantikea ta itzen garbi-miña. Kezka ta ardurearen faltaz, ez ostera. Euskera erdaltsuaren zale diranak, aurki, ez dabe orrelako okerrik; ta euskera asmau gura dabenak ez dabe itzen nortasunaz begiramen aundirik. Egia da izkerea, berez, asmoen agertzaille soilla besterik ez dana. Beraz, aldakorra da, gizonen oitura ta gauzen antzera. Baiña elederreko lanak, izkera narratsez ta zazkelez jaztea ta argitaratzea jokabide sasikoa izan da beste izkuntzetan, oker ez baldin ba gagoz. Erriak bere izate apalean, bere zeetasunean, euskera txairoagoa —bai itz jatorrez, bai alkar-buztartzez— gogozago entzun oi dau autuetan, itzaldietan eta edonun. Ori egiztauteko aukerarik izan dauanak, ondotxu daki. Ta obeto dakianari izketan entzun ostean, euskaldun arrunta, erritarra, ondamuz geratu oi da, izkera ain dotore, banako ta mamintsua jakin ezaz. Ta ez dogu orain ontzat emon euskera gatx ta asmau-ala esanikoa, euskera errikoi ta berezkoa baiño, garbitasuna ta garbikeria zer bardiñak ez diralako, ain zuzen bere.

        Euskal-idazle izan ez diran letradun edo burujantzi asko izan da Euskalerrian. Esaterako, mixiolariak, eta baita autorrentzuleak bere. Eskribauak eta, osagilleak eta. Zenbat jazoera, zenbat egoera latz nobelagarri ez ete ditue ikusi ta bizi-izan, berbarako, mixiolari euskaldun sail zabal eta edatsuetako gizasemeak? Zegaitik ez ete deuskue aberastu gure elertia, irakurgai biribillak agertuaz? Gogoan dogu oraintxe, Jon Mirande-k idatzi eban arako esanaldi gordiña: euskaldun elizgizonak euren Erriaren alde baiño bere, beste batzuen alde lan egin izan dabela geienbat; eta, sari ordez, ostera, esker txarra baiño ez jasoteko... Egia da, alan bere, euskeraren alde jardun izan daben euskaldun euskaltzalerik zintzoenak ia beti, ain zuzen, elizgizonak izan dirana.

        Beste letradun asko, ibiltariak, itxasgizonak, aundikiak batez bere, iñoiz agertu al izan dira euskeraren aldeko lanetan? Gurasoen berbeteari ez deutse jaramonik egin; iretargiak txakurren zaunkai ainbat. Literaturaz prestaerarik izan ez dabela, aurki?

        Gure izkerako nobelagintzea, beraz, atzo goizekoa da oraindiño. Erkiña da ba, urria, umejantziduna, sustar motxekoa. Unamuno-k eta Pio Baroja-k euren nobelarik geienak edota guztiak, lendabizi euskeraz —ta gero gaztelaniaz— argitara izan ba litue, burriz, ez ete zan sortuko beste modu bateko zaparradea euskerea dala-ta ez dala?

 

        Gunaz

        Azaleko gaiak nagusi dakarz. «Jayoterri maittia»-n, lekua ta notiñak, lenengo lenengotarik agertzen ditu; pintore errimea da, ta ez edozelako esalea. Itxas-bizitzako zerzelada aundi-maundiak egoki damoskuz. Barruko bizitzeaz ez dau luzaro jardun oi, geienbat.

        Baserri-bizitzea ezagutzen dau, eguno ba. Ez ete ditu gai oetxek beste ezein baiño artezago ta txukunago bururatu? Baserri bizitza ori, ezagun ezagunean idealpetzen dau bere lanetan, ta anartean, Agirre-ren «Garoa» entzutetsua, agertu bage egoan. Emen ez eutsan gure idazlerik jatorrenari ezer ikasi, ta alan bere, aipatu dogunez, alako lillura-ikutua dauka nobela onek, basotarren izakera orrezaz.

        Gure elederrean oi ez diran atal jakingarriak bere, ba ditu. Orra or «Josecho»-n, 143gn. orrialdean, landaraz ta abereez; 177-8-9 gn. geografi-ariaz, ta 244 gn. London-go Zoo ta parkeaz lerro erreskada bakanak.

        Argiro darakus lege zaarreko ezkontza askoren jatorria; gurasoak oi ziran buztarrigille ospatsuak. Gonadunak ez ziran elementu makalenak gauzak iñoiz buruz-beera ala oiñez-gora jarteko. Lege zaar ori ez da, arranotan, zearo atzendu.

        Barruko sentipen urruntak, aulariak, erri zeearenak azaldu oi zituan. Jakituriazko asmoaz ez egoan orduan euskal-barrutian, buru-auste larririk. Jokabideak eta bakotxaren egitada zintzo ala makurrak ziran esangai. Uriko nobelagillerik ez genduan, anartean. Oraintsuago agertu yakuz, batipat. Atal alaikorretan, lagun bat da nabarmen, esan dogunez arako Agaton, bere tontor ta guzti. (Ikus, «Jaioterri maittia»-n, 114-15; Hamburgo-ko korkotxak, 145-46).

        Noizpaiteko oitura baten jarrai, idazleak sarriegitan irakurlea bakarrik uzteko larritasuna edo, erakusten dau. Kapitulu askoren amaieran eta, emengoen jazoerak isilduaz, angoen billa joateko gertauten dau irakurten diarduana.

        Arima kezkatsua eban gure idazle itxastarrak. Zeaztasunak zuzen ta zuur emoten oitua nunbait eta, estadistika-zale amurratua da. Zerzelada ta koxka ta buru-buztanak, ziur esaten dakiz, ainbesteko bear-izanik bage. Arako zigorradak; Josetxo-ren ta Eladitxo-ren adiñak sarriro gomuta-erazoten deuskuz; zapladak ta sariak zeinbat eta zelakoak izan ziran; egunak eta abereak; Sabas-en alabak eta euren adiñak; Dari-ren geiso-aldietako egunak; irabaziak eta diru garbitasunak... txit zearo jarriko ditu lumeruz.

        Artzaiñen dantza, soiñu, jolas, barre, bertsu ta abestiak unerik une esango deuskuz, larregian bear bada: 128, 143, 167, 169, 179, 211, 246, 254, 255 gn. orrialdeetan, «J. Maittia»-n. Ezin ukatu artzain-bizitzea birloratsu agertu bearrez idatzi zituala, barruko garrari emoremonaz. Moralzale bere agiri da, ta itzelean atan bere. Berengiz «Josecho»-ren zenbait lerroetan: 236, 245, 257, 368 gn. orrialdeetan. Auxe dirausku 239-gn.: «A zan zorakeria! A zan zentzunbakoak izatea...» Eladitxoren guraso setatsuei buruz. Bestelako aldea, ainbat nobelagille amoralekin!

        Matasearen kozkona edatzean, alkariizketa eta autu luzangak idoro giñeiz. Baiña, aldiari bere, jaramon egin bear deutsagu; aintzindaria genduan eta eredurik urri izanik, iñoiz arbin ta noraezean aurkitutea Etxeita gurea, izan zeitekeana da. Alan bere, ba eukan goi-aize putz meeia, arnasa jasoa, oldargi zirkiña. Mendeen mendetan eratuten dira izkuntzetan arako idazle goitarrak, eleder batentzat ore ta legami, sustarta irozogarri diran zerutar emoi bikaiñak. Eta euskaldunok, oraindaiño, idazle goren orren begira gagoz.

        Beste atal erakusburu batzuk oneek ditugu: 128 gn. Martin Zaldi-ren ezizena zala-ta; 181-4, Ermoken ta emakume zaarkote baten autua eta abar («Josecho»). Ta bigarren nobelan, 101 gn. Agaton-en ezkontza-mandatua, 114 Mandazaiñagaz barriketea, tontordun berberak. Eta beste asko ta asko.

        Ez dirudi nobelan —nunbait antzezlanean areago bear arren— autuak eta barriketek, bardinkara samarrak esanerazogarri diranik. Onetan, jorra estuagoa egin bear eukean idazleak, eta an or emen, lanok meaztu ta mozkindu.

        Itzul-jorra politak ditu, letragizonaren ikutu biguna daben errepika ta leloak. Sarriro agertzen dau bigarren elebarrian alako basotar poesi-lurruna. Eta «Josecho»-n bere bai leloak, esakera politetan: «Nor ete zan alako neskatillatxoa, bere begi baltz ederrakaz...» Eta Juana-Mari-k oi eban esan samurra, bere senarrari gogoratzeko: «Gomuta dozu, Txomin, zelan esaten neutsun mutiltxo ori agertu zanik arrezkero...»

 

        Biotzeragiña

        Orixe agertu deusku arek argi ta garbi lan guztietan. Etxeita gurea biotz-idazlea da nabarmen, baiña edermena bere, aragi bizian dauka, ta gure nobelakuntzan maisutzat artuko dogu, beste batzuen alboan. Sinismen sendoko gizona, zuzen, langille, samur ta argia, aren gaiburuak Euskalerriari eutsan maitetasuna billoizik azaltzen dabe. Eta 362 gn. orrialdea irakurri giñei: «Euskalduna ziñean —dirautsa Josetxori— ta eneban iñoiz euki zure jatorriaren bildurrik». Leentxuago, 324 gn. agiri da: «Bakizu, Sabas, zein indar daukan euskaldunaren berbeak, eta berbatuta ba dago, ezin aldatu leike ezegaitik». Izneurtu bitan «Aritx maiteari» eta «Bizi bedi euskera maitagarria», gure Erriaren izate osoagan griña zuzen ta gartsu ta bidezkoa erraldatu, zuzpertu ta atxikierazo nairik, itz bero ta barrukoak azaleratzen deuskuz euskaldun guztioi. Txomin-Txiki-k erriko osagilleari esana, Peruk Maisu Juan-eri agertua zan nunbait:

—«Zer gauza txar dakarren? Zuk lez, euskaldun guztiok erdera berba egingo ba geu, laster amaituko litzake euskaldun ta euskalerriaren izatea; zegaitik, euskera barik, ezin egon leiteke euskaldunik ez euskal-erririk. Orduan erdaldunak izango gintzakez guztiok».

        Mundaka-ko erriak zor aundia deutsa bere seme leial ta zintzo oneri. Noizbait eta leenbaileen goratuko al dau, merezi izan dauan aiñeen.

 

(Larrea'n, 1961 - X - 29'ko Olerti-egunean irakurritako lana.)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.