Poesia nolako
Gaztelu
Poesiaren eragiera gizartean
Zer esan nai degu onekin? Poesia nolako izan bear luken ala poesiak zer egiten edo zer egin izan dun? Egia esan, zerbaiten «eragieraz» diardugunean, ausaz zernai orrek egiten dun edo egin izan dunaz baño ser egin bear luken artaz pentsatzen degu. Ni ordea enagokio emen poesiak egin bear luken ari. Beti ere litekena da poesiak aurretik betetako eginkizunaz besterik etorkizunean bete dezan; bañan, alaz guztiaz ere, onuragarri da aldez aurretik : aldi batean edo bestean izkuntza batean edo bestean eta guzientzat, bete izan dun eragiera jakitea.
Gañera, poesi aundiari, garaiari nagokio emen. Ba dakit bestela ere uki ditekela gai au, bañan aipa ditezke bein-banan eta urrenez urren poesi-mota guziak eta bakoitzak gizartean izan dun eragieraz jardun, alaere poesiak poesi bezela dun guziekiko eragierara egin gabe. Banaitu dezagun, beraz, poesiaren guziekiko eta bakoitzarekiko eragiera, zertaz diardugun jakiteko.
Poesiak izan dezake gizarterako xede berezi ta oartuen bat. Antziña antziñako kopla-egituretan argi ta garbi nabari ditekena da ori. Ba dira, esate baterako, runa ta kantu zar batzu begizkoa ayenatzeko, erien bat sendatzeko edo deabruen bat emarazteko egiñak. Antziña elizkizunetarako erabilli oi zan poesia, eta oraindik ere eliz-kantu bat kantatzen degunean, gizartearekiko xede ezagun baten batekin erabilli oi degu poesia. Antziñako epopeyak eta leyendak orduan ausaz kondairatzat artzen zana kantatzen zuten; eta idazkintza sortu aurretik, edozein motako neurtizketa oso egoki izaten zan zernai oroitarazteko-eta antziñako koplarien eta ipuilarien oroimena arrigarria bide zan-gure bertsolariekin gertatzen danez. Gizarte aurreratuagoetan, Grezi zarrekoan adibidez, argi nabari da poesiak izan zun gizartearekiko eragiera. Greziar teatroa elizkizunetatik sortu zan eta agiriko zeremoni antzo iraun izan zun, oiko elizkizunekin eskuart eskuarte izaki; pindariar odak ere orduko gertarien batean du sortzea.
Oietako zenbait poesi-motak oraingo poesian ere irauten dute: eliz-kantuetan adibidez. Bañan irakas, traxedi ta pilosopi-poesia deritzana orain itz lauz egokiago eman ditekena da. Birgilloren Georgikak, adibidez, eziñ uka poesi eder-ederra diranik eta nekazaritzaz berri sendo aski ematen digute. Baña gaurko egunetan eziña dirudi poema berri bat, batean poesi on ditekenik, nekazaritzaz idatzi; alde batetik, galak berak jakintza-tankera artu du; bestetik, itz lauz egokiago azaldu ditekena da. Astronomiaz eta kosmogoniaz ere ezkenuke gaur neurtitzetan idatziko, erromatarrek egin zutenez. Berri ematea xede nabaritzat dun poesia itz lauz esaten degu gaur.
Baztertu dezagun, bidenabar, oztopo bat. Xede berexi bat dun poesiari maiz muziñ egiten dio jendeak, alegia olerkari batek gizarteaz, etikaz, politikaz edo erlijioaz dun iritzia dakarren poesiaz. Dasagun beingoz, edozein gizartearen egokera aldezteko edo jaukitzeko egin oi dan poesia eztala aintzat artzekoa. Baliteke, ontzat artzen dan joera baten azalgarri dan poesiak sapa aundia izatea garai batean; bañan olako poesia iragankor izan oi da; benetazko poesiak nunnai eta edonoiz irauten du, jende-iritzien gorabera ta aldaketaen gaindik. Lukrezion poesiak beti balio du, naiz aren pistarekiko ta izartiztiarekiko aburuak orain aintzakotzat ez artu; era berean, antziñako poema bat guztiz atsegin zaigu, darabilkin gaia gaurko egunetan itz lauz obetogo esan bageneza ere.
Dana dala, errotiko poesi-izaera azaltzeko aurrenik bere egipen nabarienak, beste edozein betetzeko bete bear ditunak, ikuskatu bear dira. Eta aurren- aurrenik poesi-ezaugarrietan auxe aipa dezakegu ziur asko: atsegingarri izatea. Zer atsegin galdetzen badidazue, poesiak eman dezaken atsegin-mota, erantzungo dizuet; bestelako edozein erantzunak urrutira garamazke, estetika-alorrera ta erti-izaeraren auzi zabalera alegia.
Ontan nerekin bat zatoztekelakoan nago, alegia edozein olerkariak, olerkari aundi izan edo ez izan, atsegiñaz landa ba dula besterik esateko; baldin atsegiña besterik ezpalu, berez atsegiña gauz garaietakorik eztala esan bear. Poesiak len aita ditugun xedeen bat izanarren, ba du beti ikasi ta ikusi berrien bat eman bearra, edo ezaguna danaren adierazte berrien bat, edo ta artarako itzik billa oi eztan zerbaiten adierazteen bat, gure ezaguera edarazi edo gure sentikizuna xautu dezakena. Nere ustez, denok antzeman dezakegu poesiak ba dakarrela atsegiñaz landa gure bizikerari erasten dion bestelako ezaugarrien bat. Bi ondore oik ezpalitu, bearbada elitzake poesi izango.
Ontan nunbait bat gatozke, bañan utzi dezagun alde bat poesiak gu gizartekide bezela ornitzen gaituna. Ain zuzen ere, ajola aundia dio erriak berekiko poesia izatea, ez bakarrik ura atsegin zaienentzat -izan ere eta nai izan ezkero olakoak beste izkuntzen bat ikas dezakete beste poesi ori txastatzearren-; baita gizarte osoari on zaiolako ere, ots, poesiaz atsegiñ eztiranentzat ere; baita beren erriko olerkarien izenik eztazaguten aientzat ere. Orixe da izan ere, salo onen egiazko gaia.
Gogoemagun poesia gañerako erti guziengandik nola bereixten dan, olerkariaren aziko ta izkuntzakoentzat besteentzat eztun balioa baitu. Egia da, musika ta pintura ere toki berexi bateko ezaupide dira; egia orobat, bestetik, itz lauz egindako idazkiak, beste izkuntza batera itzultzean, galdu egiten dutela gutxi edo geiago jatorrizko adiera; denok antzeman dezakegu, ordea, eleberri baten itzulpena irakurtzean, poema batena irakurtzean baño gutxigo galtzen degula eta jakintza-lan baten itzulkizunean berriz deusik ere eztala galtzen esan diteke. Europako izkuntzen kondairak au erakusten digu, poesia prosa baño askoz toki berexi batekoago dala. Erdiaro osoan barna eta orain mende gutxi arte, latera izan da pilosopi, teoloji ta jakintza-izkera. Edozein erriaren izkuntzak literaturan izan dun abiadura poesian nabari izan da lenenik. Ori ezta arritzekoa, poesia gauza guzien gañetik sentikizunari ta biotz-ikarari baitagokio; eta sentikizuna ta biotzikara oiek berarizko dira, aitzitik oldozmena orotariko da. Errexago da erdera batean pentsatu izkuntza berortan sentitu baño. Orregatik ezta ertirik poesia ainbat erriarekiko. Erri batek bere izkuntza galdu dezake eta beste izkuntza bat eskoletan ikasi; bañan, baldin erri orri beste izkuntza batean sentitzen irakasten ezpazaio, izkuntza zarra ezta suntsituko, berriro poesian azalduko da, poesia baitu sentibide. Izkuntza arrotz batean adierazi oi diran sentikizun eta biotz-ikarak eztira ez sentikizun ez biotz-ikara berberak. Izan ere, biozkadak eta sentikizunak obetogo azaltzen dira norbere erri-izkuntzan, ots, jende-mota guziek berekiko duten izkuntzan: izkuntza baten egitamuak, elaireak, doñuak izakerak adierazten baitute erri baten nortasuna.
Esan ditekena, olerkaria olerkari danez eztagola beres, zearbidez baizik, bere erriarengana beartua; berez ta artez bere izkuntzarekin dago bearturik: aurrenik ura zaintzeko, eta gero ura edatu ta bikaintzeko. Jendeak senti oi dutena adieraztean, aldatu egiten da sentikizuna, oartuago billakatuz: jendeak senti oi dutena garbiago jakin dezaten, beren buruaz beste zerbaiten bat irakatsiz. Bañan olerkaria esta besteak baño oartuago bat bakarrik; besteak bestelako da gañera, beste olerkariak bestelako ere; lortu dezake gañera irakurleak ordurarte senti ez izandako sentikizun berri esku-aldatu ditzaten oartuki. Eta orrela azitzen eta kantitzen da aotan dabilkiten izkera.
Ezagunak dira errien arteko sentikizun-aldeak, norbere izkuntza bidez nabarmentzen diranak. Bañan jendeak mundua, toki bakoitzean ezezik, aldi bakoitzean ere bestela senti oi dute. Egia esan, gure sentikizuna ezta txinar edo indiar batena, bañan ezta orain mende batzuetako gure aurrekoena ere. Arego, ezta gure gurasoena ere, eta gerok ere ezkera orain urtebete giñanak. Ori garbi dagola dirudit, ez ain garbi ordea ori danik poesi idaztearen ezinbestearen irizpide bakarra. Jende eskolatu geienak, bearbada, arro sentitzen dira beren izkuntzako idazle aundiengatik, iñoiz irakurri ez arren, beren erriko beste edozein doaiagatik arrotu oi diran era berean; eta baten batzuk baliteke politikoen jardunetan noizean bein aipatuak izatea. Alaere jende geiena ezta baitaratzen ori eztala naikoa; baldin erri bakoitza idazle aundi ta, batez ere, olerkari aundi sortzeari ezpadarraio, bere izkuntza gero ta urriagotzen doake, bere kultura andeatu egingo da ta baliteke beste kultura bizkorrago batek azpiratua izatea, Literatura bizi bat ezpalinbadegu, literatura zarretik aldenduz aldenduz goazke; eta katea, lotura etentzen baldin bada, literatura zarrak gero ta urrunago egindo du. Gure izkuntza aldatuz dijoa; gure bizimodua ingurumarian gerta al diran aldaketa mota guzien bulkaka bestelakotuz dijoa; eta gure izkeran berarizko sentikizun eta indarra duten gizon oietakorik ezpalinbadegu urrituz doake, adierazteko gaia ezezik, zernai sentitzeko almenik urriena ere.
Ajola gutxi dio olerkari batek bere garaian entzule ugari izateak. Aitzitik aintzatsuago da beti giza-taldetxo bat beintzat belaunez belaun entzuletzat izatea. Agirian jarri ditekena, olerkari batek bereala aldezle ugari lortzen badu, bildur izateko dala olakorik: susmo txarreko liteke ori, ezer berririk eztakarrelako zantzua baita, endeei oituta dauden ura besterik eztamaiela esan nai du. Benetan ajola aundia diona auxe da: olerkariak bere garaian aldezle oietako taldetxo bat bederen izatea alegia. Beti jende-talde aurrendari ez ugaria bear litzake, poesiari esker diona, berez-bere dana ta bere aroari aurrea artu lezaiokena edo eraberriaz alik lasterren jabetu ditekena. Kultura ugaltzeak eztu esan nai jende denak burura joan bear dutenik, «élite» bat, ots, autu edo banako batzuk izatea baño; eta irakurle-talde ugariena belaunaldi bat baño geiago, gutxi gorabera, estedilia atzeratua gelditu. Lenenik zenbaitek adierazten dituzten sentikizunen aldakerak eta agerpenak arian-arian izkeran sartuz doazke, auek idazle erritarragoetan goetan duten eragipenaren bidez; eta aldakera oiek jalki bezela, aurreragoko oinkada baten bearra sentituko da.
Orañarte poesiak norañoko eragipena izan dezaken orarrarazi nai izan degu; zeatzago esan, luzarora izkera, oarmena, gizarte bateko guzien bizikera, itz batez, erri osoa, poesia irakurri ez irakurri, ura atsegiñ izan ez izan-eta naiz bere olerkari aundienen izenak ez ezagunaldatu egiten dula, alegia. Jakiña, poesiaren eraginen azalekoena oarkaitza ta egiztatzeko oso zalla da. Ozkarbietan egazti edo egazkin baten egadari jarraitzea bezelatsu: oraindik urbil dagonean begizta albazeneza eta gero ta geiago aldentzen doalarik artan begiak tink euki albaziñitza, urrutira ere ikus dezakezu. Orobat, urrenik ikutu ditun irakurleetatik deus ere irakur oi eztuten jendeetaraño poesiaren eraginenari bazenerraio, leku auzietan oar zatzaioke. Izan ere, erri-kultura bat kultura bizi ta sendoa baldin bada, ba dirauke iraun, gizarte senda batengan alkarri ta batak besteei baitaragiote. Orixe esan nai degu, ain zuzen, poesiaren gizartearekiko eragipenaz diardugularik, adiera nasaiz arturik alegia: bere bikaintasun eta kemenaren arabera erri osoaren izkerari ta oarmenari daragiola.
Onetzaz eztegu esan nai mintzatzen degun izkuntza bakarrik gure olerkariak mugatzen dutenik. Kulturaren egitamuak ba du kakomako geiagorik. Egia da orobat poesiaren bikaintasuna erriak dabilkin izkeraren araberako dala, eta olerkariak era berean bearko dula eskuztatu. Bikaintzen badijoa, on dakarkioke olerkariari; gainbera badijoa, alik obenik egin bearko ditu gauzak. Poesiak nolabait ere zaindu ta zarberritu dezake izkuntza baten edertasuna; onen azkundeari lagun dezaioke ta ala egin bearko ere, gorabera zallenetan ta gaurko bizikeraren xede aldakorretan zorrozki ta zeazki balio dezan. Baña poesia, eta kultura deritzaiogun nortasun zurgarri omen gañerako betegarriak oro bezela, bere eskumende eztitun gauza askoei datxikie.
Poesiaren egitekoa ezta erri bat besteagandik baztertu egitea: eztet uste Europako erri berezien kulturak bakoizka loraberritu ditezkenik. Europako literaturak derakuskigunez, ezta erri iñor besteengandik berez-bere izan; aitzitik, betiko alkarren ar-emana izan dutela ta errialde bakoitza bere aldetik, aldiz aldiz, kanpoko eragipenei esker eraberritu izan dala. Kulturan ezin diteke burujabetasunik edo autarkirik izan: edozein errialdearenari iraunarazteko ustea bata besteengandiko esku-aldaketan datza. Baldin kultura bat bereixtea kaltegarri bada Europako batasunaren barrutian, kaltegarri litzake orobat era batera daramaken erabateko bategite dalako ori. Berezko du banaketa batasunak. Izkuntza batean bakarrik esan ditezken eta itzulgaitz diran gauza guzien lekuko iraunkorra da poesia. Izkuntza baten azkundea gauza bizia da, berekiko ta ez beti arrazoizko azi-lege dituna: zeazki asma- eziña ta eragaitza da izkuntza, ez aize ez euri ez giro ezi eztitezken bezelatsu.
Azkenik, poesiak olerkariaren izkeraz mintzatzen dan erri osoarentzat «gizabidezko egipena» ba dula pentsatzean oker ezpanabil, Europako erri bakoitzari poesia izatea ajola aundia diola esan nai du onek, naiz olerkariaren berri izan edo ez izan. Nik ezin det irakurri noruegatarren poesiaz, baña Noruega orain poesiarik eztala idazten esango balidate, kezka nintzake ta ez erruki xamur bakarrik. Olako gertaera eritasun baten iturburutzat, joko nukelako, agian erri guzietaraño iritxi litekena, beraldien baten asieraren zantzua, aurrerantzean edozein erriak bere gizaseme azien ez biotz-ikararik ez sentikizunik ezin azaldu lezakelako ezaupide bailitzake. Olakorik gerta ditekena da.
Luze ta zabal jardun izan da bazter orotan erlijio-sentipenaren beraldiari buruz. Aro berri baten beaztopo ezta bakarrik aurretikoak Jainkoari ta gizaldiari buruz siñesten zituzten gauza batzu siñesteziñak izatea, aiek Jainkoagatik eta gizonagatik sentitzen zuten ura ezin senti al izatea baizik. Nolabait ere, antzeman ditekena da siñesten eztan siñeste bat; bañan erlijiozko sentipen bat itzaltzen danean, gizajendeak ura adierazteko erabilli izan zituzten itzak galdu egiten dute beren zentzua. Jakiña, egia da erlijiozko sentipena, poesi-sentikizuna bezela, aldatu egiten dala errialde batetik bestera eta aro batetik bestera; sentikizuna da aldatzen dana, siñesteak, irakaskintzak (dotriñak) iraunarren. Bañan olakoa da giza-bizitzaren izakera, eta eriotzak kezkarazten gaitu. Poesi-sentikizuna, eta poesigai diran sentikizunak, leku orotan galtzea, gerta ditekena da: damurik, olako gertariak munduaren bat-egiteari lagundu dezaioke eta, gañera, zenbaitentzat beren onenako opagarri litzake. Bañan olakorik gertatzekotan, zenbat eta zenbat gordallu bitxi betikoz eta erabat galduak!
Darraike
Onoko gogarpen auetan T. S. Eliot ingelendar olerkari bikaiñari narraio bere On Poetry and Poets liburuan.
|