|  
              
               
  
 
Eguzki goiztarraren gozotasunez 
 
  
 
Muniategi'tar Sabin 
 
  
 
                  I 
 
Eguzki goiztarraren gozotasunez, 
 
gau intz, garoaren besoetan, 
 
lurra berotuz dator goiza, 
 
argi-dizdira zerutarrez... 
 
ego ots eta, surrumur eztiz, 
 
biziaren artu-emanetan, 
 
bizia edertu eta, goretsiz, 
 
maitezko lor berriketan, 
 
gora-mañezko biotz-katez... 
 
  
 
Eta, zelaiak 
 
lorez diran bitartean; 
 
eta, basoak, 
 
itzal gozozko estalpe... 
 
ixil-giro, une eztietan, 
 
bare-bare, 
 
alaia dator aize-artean, 
 
durundi gozoz, izkutatua, 
 
Jaunaren Magalpean narrez, 
 
Ederraren edertasunez 
 
dotoretua, 
 
gaztetasunezko odolez. 
 
  
 
Oi, ze bideak eta ze zeruak, 
 
begipean bizi, ikusgarri, 
 
argiz beteak, 
 
lore-bitxiz apain eta, eme! 
 
  
 
Eta, ala ere, 
 
bizidun bizi 
 
eta, landare, 
 
zerbaiten eske, 
 
egarriz daude. 
 
  
 
                  II 
 
Lillurazko bideak dira bai, 
 
eskeintza betean, deadarrez, 
 
banaka eta, arloz, 
 
bakoitzak bere ametsakin, 
 
bere estura, 
 
ta, bere poz, 
 
oñazeakin itun edo alai, 
 
biotzik biotzera 
 
amesbera, 
 
eskua luzatuz datoztenak 
 
esku bearrez! 
 
Eta, egarbera, 
 
bideetan barna dua bizia, 
 
beti zantzoka, 
 
izan-min bete-betean, 
 
landare arterañoko 
 
muin, sustarño, 
 
bizidun guzti-guztia, 
 
goraka, aupadaz, 
 
jantzi berri diran 
 
txorikumetxoak bezela, 
 
lendabiziko bildur ikaraz, 
 
lendabiziko kezka arduraz, 
 
luma bigunakin 
 
oztaz-oztaz, 
 
abar-arteko kabi gozoetan, 
 
utsune bete eziñez 
 
betiko epeltasuna utziz... 
 
egoz-ego, 
 
aidean aide 
 
ain usu eta, eme, 
 
beste kabi eder baten ametsez! 
 
  
 
              
              |