Lizardi
Orixe
1961'ko maiatzaren 28'an, Tolosa'n
Lizardi'ren omenez eratu zan jaian irakurritako itzaldia.
Bi galdera egiten ditu Lizardi'rengaz Luis Mitxelena jaunak Historia de la Literatura Vasca'n, eta biei erantzuna izango da gaurko nere itzalditxo au.
Lenengo galdera: Lizardi'k poesi berekia edo berez-berekia ote du, au da, bere jatorrizkoa, besteren antzera gabe egiña?
Bigarrena: Luzaro bizi izan ba'litza, bere burua gaindu ote zezaken olerkian?
Lenengo galderari erantzuna txit erreza zait, ez ala bigarrenari; baiña saiatuko naiz oni ere erantzuna ematen, edozeinek aiña ezagutzen nula baitirudit. Zer esango zenukete nik au aitortuko ba'nizueke: Lizardiren olerkirik nagusienak ezagutzen ditudala, ez lenengo zirriborroetatik bakarra, ala esateko; bai ta, arek papera bextu baño len ibilli zitun ibillerak ibilli ditudala, arek ikusi zitun ikus-bitarteak ikusi, ta berarekin ibilliaz ikusi ere, lau urte-giroen jatorria adierazi-ala? Iñork ematekotan, nik eman dezazkedala ontan zearotasun osoak.
Azkeneko iru urteetan, sarritan xamar etortzen nintzaion Tolosa'ra, peria zala, naiz beste aitzaki bat asmaturik. Etxean edo lantegi-zuloan arkitzen nun, askotan mendirako asmorik gabe, artara griñatua ba'zan ere. Bai:
Gaur sortu zait barruan larrera-miña,
ta aspaldi ez-ta mendi aldi.
Bete ditzadan argiz begiok,
eten, zain-giar lotuegiok,
bularra asetuz noan geldi.
Etzun zirika bear aundirik lantegi-zulotik (...) egiten genun, pipartzaille baitzan, tabakoa erosi zezan. Bestela, zuzen ateraten giñan mendira, etxe-atzetik tren-bidea pasata. Laister, eskubitara bide bat, trenbidea utzita. Txelaiaren eskubitara, azkenean, arkaitz bakarti bat Rio de Janeiro'ko azukre-opillaren antzekoa, bere txikian. An asten zan aldapa zearra, aski pikoa, ezkerretara, eta biurgune bat eginda, eskubitara beste ainbestetsu. Goraxego baserri bat: Arane, ondoan iturri batekin. Iturri ari nik urde-iturri izena ipiñi nion, ura etenka, tarteka bialtzen baitzun. Oraindik goraxego beste baserri bat: Bereterbide. An gurdibide zelaiagoa utzi Mutitegi aldera, ta aldapa gora asten giñan bidetxurretik. Aldapa bere basotxoarekin, eta aldapa gaiñean, bereala, zuzen, «gurdibide bakan-ibill» ua, untzez eta larrostoz apaindua. «Gurdibide bakan-ibill ertzetan, masusta (beste nunbait untza) dago loretan». Bertantxe, ezkerretara, bide ertzean, pagoondo bat erakutsi zidan, osto guziak erorita oraindik bi orri igar jalki nai ezik zeuzkanak: «nola oi baituten neskazar ezin-etsiak». Aurreraxego, ezkerretara, «sagasti zuria, inguma atseden-tokia iduri, elurte arian geldia». Oraindik aurreraxego soilgune bat, gu biok eseritzen giñaneko tokia. Ezkerretara ua ere, ta Urkizu aldera begira. Tartean arru aundi ura baso ederrarekin: udazkenean «tarteka gorri garoa». Erakutsiko nizueke nun agertu zitzaion Itzala, «basoaren ume yaukala». Lau urte-giro oietan ez da batere xeetasunik nik ikusi ez dudanik. Eta au du, geienen iritziz, olerkirik bikaiñena. Ikusirik nago Zarautz'en ere (ikuskari au edozein itxas-baztarretan ikus diteke) Amerika'tara deraman urre gorrizko bidea, eguzkia etzaten astean; ikusirik nago «asaba zarren baratza untzadun ormak esia; ate gorri zurezkoa, euri zarrek usteldua, marraskilloek bide biurri dirdaitsuz apaindua». Ez nun ikusi, illa baitzan ordurako, baiña bai idurimenean artu «amona xar, zazpi begiko baratza-zaia, marrubi-lapur nenkusanetan deadarkari yayoa, alderoka, begi galduak noranai... Errukarri! Lausorik du gizargia begietan... nonai aldiaren sitsa».
Ez nun ikusi Paris'ko txolarrea, baiña berak kontatu zidan egiazko gertaera ori. Ez dago esan bearrik ere; olako bizitasunik ez dute ematen bestek idatzitako liburuen argitasunak. Berak kontatu zidan orobat, Onuzki adiskide izan zunaren zoroaldia, ta zertatik etorri zitzaion. Oiari egin zion olerkia egiteko, etzeukan iñoren antzera egin bearrik. Ango arnas eta zirrarako guziak bere bereak ditu, diran bezaiñ goxoak. Eta Xabiertxo'ren eriotza? Aita izatea aski, ta olako aita, liburu osoan dun bertsorik ederrenetakoa egiteko.
Zertako segitu? Itz batean, aitortu ditekela dirudit, bildur aundi gabe, Lizardi'k bertso-gaia bere bereki dula, aundizka ta erabat artuz, beintzat. Xeetasun bat edo beste ba ditezke an emen, besteren kutsua dutenak; baiñan orrek ez dio kentzen ezer berezko jatortasunari.
Guzia esateko, nik dakidan guzia, alegia, bi aldiz gogorarazi dit besteren zerbait. «Pagadiaren ume yaukala» esatean, Horazio'ren Silvae filia nobilis. Lizardik ume esaten dio, ta erderazkoan hija. Etzait iruditzen Horazio beiñere irakurri zunik.
Beste bein, OLERTI irakurtzean, Garcia Lorca'ren euskerara itzulitako bertso batean, gauzatxo bat arkitu nun oso lizarditarra. Ezagutu ote zun gizon au Lizardi'k? Ez nuke esango. Ez Machado'tarrik, ez Juan Ramon Jimenez, ez Garcia Lorca, ez nitun nik ordu artan ezagutzen. Orain, izenez, ez irakurriz. Lizardi ere nere moduan zebillela nik uste. Ez genitun aitatu beiñere poeta oiek, ez besterik ere. Ez gendun liburutegirik, literaturazkorik beintzat, ez ark eta ez nik. Irakurtzeko betarik eta amorraziorik ere ez. Naiko lan gendukan gure euskerarekin. Bein bakarrean ikusi nion eskuetan olerki-liburu bat: Las cien mejores poesias liricas castellanas, Menendez y Pelayo'ren bilduma.
Noiz edo noiz lagunartean entzun izan det, galdera bezela, nik zerbait lagundu ote nion, eta egia esan bearrean nago. Poesi gaiean ez ta batere. Bertso bat, lerro bat (ez kopla bat) ikutu nion liburu guzian, berak esan nai zuna polikixeago esateko asmoz, napar-esaera bat emanez, eta RIEV'en iritzia eman zionak, ori egotzi zion, euskera ez litzalakoan. Emen, bai esan dezakedala: Orixe'k egin pekatu ta Lizardi'k penitentzia pagatu.
A, bai. Xabiertxo'ren eriotza deritzaion artan lau edo bost kopla kenduazi nizkion, mugimentua beranduazten ziotelako. Aingeruen musu-garbiketa eta gañerako apainketak. Ederretsi zion nere esanari. Bañan aren emazteak, orain zana ua ere, etzidan beiñere barkatu. «Noski, alako bertso politak kenduazi bear!» Ori da guzia.
Lenbizitik ezagutu nun Lizardi'k ba-zula bere pauso segurua, ta nik baño dotoreagoa; zergatik asiko nintzaion nere moda naiz besterena erakusten? Guzi-guzia esateko, beste bein, izketa neurtu gabean, eskua sartu nion. Urte artan Kirikiño-saria Lizardi'k irabazi zun, eta artikuluari izen au ipiñi zion: «Donapaleuko bidean». Ez, esan nion, Donapaleura bidean, bide osoa ez baiña Donapaleuko.
Zer ikasi zun, bada, neregandik? Euskera. Zarautz'en ikasi zun pixka artan ere arroztu xamarra egon omen zan; bañan nik ezagutu nuneko, berritzen asia zun, autore zarrak eta bere denborakoak irakurriz. Alkarren adiskide izan giñan bost edo sei urte aietan, izugarrizko aurrera-kolpea egin zun. Alkarri laguntzen genion alegiñean. Ark neri ere asko, geroxago esango dedanez. Luis Mitxelena Jaunak dakin baño geiago esan du «discípulo y guía» esatean. Egitan, nere gidaria, ordun eta oraiñere. Nik nere aldetik ekartzen nizkion, Oreja'tik, Uitzi' tik, Euskaltzaindi'tik nerau ikasten ari nintzaneko gauzarik berrienak. Nere artikuluak ikus zein begiratuki ta zearo irakurtzen zitun: Eriotzondoan, zanaren moldezko paper batzuk miatzen ari nintzala eskuzkoak apaiz Markiegi Jaun zanari eman genizkion nere artikulu bat, Egunkari'tik goraiziz ebakia, arkitu nun beste batzuen artean, eta, ba'zeuzkan berrogei arrasto gorri lapitzez egiñak, ondo irudi zitzaizkion, itzak eta esaerak autemanez. Mitxelena Jaunak esan du beste nonbait, euskerak Lizardi'ren bidez asko zor diola Orixe'ri. Ditekena; baiña, jaunak, euskera guziona degu; bertsotan ordea, len esan dedana, ezertxo ere ez dit zor neri.
Bein bakarrik itzegin nion dalako poesi ortaz, baiña Biotz-begietan argitara ondoan, biziaren azkentxoan. Len aitatu ditudan Las cien mejores poesias aietatik, bat irakurri ta esamiñatu nion: Frai Luis de Leon'en La vida del cielo. Nik, Liburu Santuetan ezik, nere sapaierako irakurri dedan odarik ederrena. Iritxi ote ziteken artara nere laguna? Laixter erantzungo bigarren galdera oni.
Naigabez gogoratzen det arratsalde ua, ordurako osasunez maxkaltzen asia baitzan. 1932'garren urtea edo zan; baina bi urtez lenago idatzi zun Ondar gorri artan, suma bide du bêra asi dala; bestela eziñ eman diteke arako kopla bikain ua:
Kemenak uts, eta nekez bainoa,
zalantza dut zartu naizelakoa...
Udazkenak aulagotzen dit atsa,
orbelak ozenagotzen oin-otsa,
aldapak larriagotzen biotza...
lenetan ez bezain autsia natza.
Gibeletik joa zegon, beste gaitz batek eraman ba'zun ere. Etzun izan betarik olerkian gorago jotzeko, ogeitamasei urtetan ill baitzan. Iritxi ote zezaken goragoko mail ori?
Lênbizi, ez gera emen euskera kontuan ari; ortan aurreratu zezakela dudarik ez da. Ua baño amabost urte lenago asi nintzan ni euskerari ekiten, eta ua ilda ogeitamar urtetan, oraindik ikasten ari naiz, eta nik dakit nola nabillen. Ez da, bada, arrigarri, Lizardi'k an emenka izketa gogortasuntxo batzuk izatea, asko ikasi ba'zun ere. Eta olertiari gagozkiola, bai al da goragoko maillik? Berari baietz zerizkion: Jainko-olerkia bikaiñago zala. «Jo zuk ortik» esan zidan askotan. Lizardi izan ez balitza, agertuko ote zan egundaiño Barne-muiñetan? eta, Euskaldunak? Ontan ere ua izan nun zirikatzaillerik aundiena.
Egia da «Euskaltzaleak» zeritzaion lagunarteak ekarriazi nindula Bilbaotik, eta onek biltzen zidan dirua Oreja'n bizitzeko. Emen dago Labaien jauna lagunarte artakoa. Lizardi zan Lagunarte ortan ixilgordari, ta Ariztimuño Lendakari. Lizardiren bearra ba-neukan kemen puxka bat artzeko. Askotan entzun izan det bertsotarako ez dedala balio. Lênbiziko nere Irakasleak, Profesor de Poética, au esan zidan arpegira: No se hizo la miel para la boca del asno. Beste idazle batek, Bilbao uztean: Le va a salir mal el poema, porque las cosas de encargo siempre salen mal. Eginda gero, bertsogille dan batek au easen zidan: Su poema es hermoso, muy hermoso, pero le falta una cosa: le falta sencillamente poesia. Eta beste batek iritzi au bialdu zun revista batera: No se empeñe el señor Ormaechea en hacer no ya poesia, pero ni siquiera versos, porque Dios no le llama a eso.
Ba-zidan amabost urte bertsorik argitara eman ez nula; asarre nengon bertsoekin, eta oraindik ez naiz oso adiskidetu. Itzez esateko bertsoekin, batez ere; kantatzekoak, or konpon. Gure bertsolariei nik aiña esker ematen dienik nekez izango da. Jai ontarako ere egin ditut, Lizardi'k eraginda. Ez du agorik, ez du mingaiñik, eta mintzatu bezela egin zait; ez du eskurik, eta keiñuz bezela adierazten dit. Kemena ematen dit, nere gidari zala ta dala aditzera emateko.
Nere poemaren irutatik bat irakurrita joan zitzaidan beste mundura. Berri onak eman zizkidan, eta, batez ere, Gaztaiñaro artaz, «oso ederki» esan zidan: «ortan nun bildurra» esan zidan, zorioneko bikote orrengatik, «baiñan airoso atera zera».
Emen esan dezaket, iraizean, kritikuari erantzunez. Ba-dirudi Lizardi'ren, Labaien'en eta Orixe'ren berriketa entzunda diola: «ortara ezkero, bikote ori oso utzi ere egin ziteken». Iru lagunok ari giñan, ni asi baiño lentxoago, ta nik au esan nien: «Ez nuke atera nai nere poeman bikote belaxkarik edo lerdezurik, zaiñak
aulduko bailizkioke. Homerok ez du bikoterik Iliada'n; Virgilio'k ere ez Eneida'n, Dido'rekiko tarte ua baizik». Bi lagunek baietz erantzun zidaten, oraingo modarako komeni zala, ta Labaien'ek bizi bizi: «bai, gizona, ta gañera nik emango dizkizut izenak: Milkel eta Garazi». Ez al da egia, Labaien Jauna? Tamaña ederrean jarri nitula esan zidan jardunean. Axurtaro irakurri izan ba'lu, beste ainbeste esan zezaken.
Aria utzita nabil, eta natorren arira. Lizardi'k Biotz-begietan bezelako beste liburu bat utzi izan ba'ligu, aundiago izango al zan? Ez; bere neurri osoa eman zigun, aukeratu zun maillean. Zeraman biziarekin, ez zun errex bere burua ontzea. Pamiliko kezkak, ama alargunari lagundu-bearra, paurrikako buru austeak... arriturik nauka egin zunarekin ere. Lantegiko zuloak arnas-ustu batzuk eskatzen zizkion aren goputzari, ta arnas-berritze orren ondorio bezela lertu zitzaizkion barruan bertso oiek.
Jainko-bertsoak egiteko bizimodu patxarakoa nai luke agiz. Lanik egin gabe bizi izan bailitza, saiatu ziteken, eta bere burua gaindu ere bai, askotarako doaiak baitzitun. Praileak bezela otoitz luzean jardun izan al ba'lu! Orrela atera ziran S. J. de la Cruz, Frai Luis de Leon, Lope de Vega, Calderon eta olakoak. Argitasun aundiko gizona zan, eta biotz aundikoa.
Erantzun diet al dudan bezain ongi, lenbizi egin ditudan bi galdera oiei; ta ez noa luzatzera. Gauza batzuk erantsi nezazke oraindik, Lizardi maite dezutenontzat gogo-pizgarri. Azkeneko egunean gertatua jalkiko dizuet bakarrik.
Ni ordurako Oreja'n ari nintzan; baiña noizean bein Bilbao'ra joaten nintzan, Azkue'rekin eta Olabide'rekin batzordeko banintzan iztegilanetan, gure lana batzarraldietan esamiñatu zedin. Arratsalderdi batean: «Joxe Mari azken-xamarretan dala». Ba-noa korrikatxikin Begoña'ra. An bizi baitziran Lizardi'ren emaztearen anai ezkondua, ta anaiarrebaren aizpa. Bertatik bertara bezela jabetzen giñan telefonuz Tolosa'rekin nola zijoan. Ontan, «Joxe Mari'k azken burruka dula eriotzarekin». Altxatzen gera, ta, «goazen, esan zidaten, gure kotxean joango zera». Ni trabatu nintzan pixka bat, eta onela erantzun nien: «Ba-noa atzetik trenez; ez det aguroegi iritxita gizon ura iltzen ikusi nai». Artu det trena Atxuri'n eta Amara'ra. Ni Tolosa'ra orduko illa zan.
Sartu nintzan ill-gelera, ta an egon nintzan biaramon goiza arte, irten gabe. Jendeak sartu-irtenka ari ziran; baiñan ezin egon an luzaro, kiratsarengatik, gorputza zeriola asi baitzitzaion bizi zala. Nik sudurra soraio xamarra det (minberakaitza) eta izan nun iraupena. Beraz, ia bakarrik gau guzian, gauaren orduak aurreratu ziranetik. Zertzuk esan nizkion? Gauza asko ta bat ere ez, olakoetan gertatzen dana. Alako batean, bakarrik geundelakoan, belauniko jarri nintzaion, eta bekokian musu bat ematen ari nintzaiola, emakumezko bat sartu zan ixil ixilla. Ez nun ezagutu, ta gaur ba'liteke emen egotea.
Goizeko bostetan Santa Mari'ra; lênengo Meza entzun, buldaren barkapena erantsi, ta ola bakandu giñan gorputzez. Ez animaz; aren arnasa, aren itzala, obeki esan, aren argitasuna beti gaiñean sumatzen det eta lagungarri zait.
EMEN SUMATZEN ZAITUT, EGAN BEZELA, EGALIK GABE, NERI KEMEN EMATEN, ETA, BATEZ ERE, ZU GORATZERA ETORRI DAN GAZTE JEND'E AU BEROARAZTEN.
EMAIGUZU KEMEN GUZIORI, EUSKERA BIZKORERAZI DEZAGUN.
Ia, gazteak!!! segi Lizardi'ri.
|