L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1963 III-IV Minezko ezpata (1963-uztaila/abendua) —<oler1643>




 

 

«OLERTI»-ren urteroko sariketa

 

A.O.

 

        Kristo Erregeren egunean, laugarrenez ospatu gendun aurten «Olerti»-k urtero eratuten dauan poesi-sariketa. Berandu samar iragarria izanda be, gure olerkariak baeben egun orren barri ta amasei bat izan ziran sariketara euren lanak bialdu ebezanak; 28 olerki guztiz. Maikoak, N. Etxaniz'ek, Eusebio Erkiaga'k eta Aita Onaindia'k ikusi ta aztertu ebezan olerkiok, eta joandako urrillaren 27'an, sariak banandu, olerki sarituak irakurri, beste urteetan lez euskal olerkari edo idazleren bat goratu ta bere euskal-lana arakatuz (Enbeita'tar Kepa'rena aurten) itzaldia entzunik, Olerti-egun atsegingarria ospatu zan Larrea'n, Bizkai biotzeko txoko zoragarrian.

        Olerti-batzaldi onetan, ona nortzuk izan ziran sarituak eta aipatuak:

        I. LIRIKU SAILLA. Lenengo saria, osorik, Aita Gandiaga'k jaso eban, bere olerki Argi oneko poema'gaitik; bigarrena, zatituta, Muniategi'tar Sabin'ek eta Ugarte'tar Martin'ek. Aipamenak: «Izadiarekin eskuz esku», «Andrakillatxoa» ta «Gau-eresia», Muniategi'tar Sabin; «Aberriari koplak», Aita Iztueta; «Otsein» eta «Aitamak», Paulin Solozabal, «Au bizimodua!», Inozenzio Olea; ta «Bai ta ez», Aita Iztueta.

        II. EPIKU SAILLA. Bordari (F. Artola) txapeldun bere «Etorkia»-rekin.

        III. BERTSO SAIL TXIKIA. Enbeita'tar Balendin'en «Lapurra ta Txakurra», Enbeita'tar Abel'en «Txingar-apala» ta Satarka'ren «Udazkena» sarituak

 

Oarra.— Datorren urtean be, Jauna lagun, beste ainbeste egingo dogu; ots, olerki-sariketa izango da emen Larrea'n. Olerti-sail bardiñak: 1) Poesi liriku bat; 2) Poema bat; 3) Amar alegiko edo ipuiñeko sailla, ta 4) Bertso txiki sorta.

        Olerti-eguna, alan be, aldatu egingo dogu, aurtengo jaian erabagi zanez; Kristo Erregearen eguna ez yatorke askori egoki, batez be apaiz eta prailleai. Augaitik, aurrerantzean, urrillaren 12'an, Arbilleko Andra Maria'ren egunean ospatuko dogu jai ori; egun orretan, bada, —erriz jai ta eleizaz ez— danok gagoz azke.

        Lanak bialtzeko epea, beraz, dagonillaren 31'an amaituko da.

        Eta itz bi, azkenez, gaurko olerkarieri buruz. Sariketara aurkeztu dabezanak eztira edozelakoak izan, sakon, asmotsu, arin ta txanbeliñak baiño: batzuk onela, beste batzuk arela, guztiak alan be atsegingarriak. Gaur gazte-talde galanta dogu olerki-arnasak joa, gure inguruko izkuntzetan baiño be geiago neurri batean. Eta au txalotu bearra dogu; olerkariak baitira izkuntzak zuzpertu ta jaso oi dabezanak, orrela egin dabe an naiz emen.

        Kontuz ibilli bear, alan be. Gaurkoz alde guztietan dakusgu egon-eziña, urduritasuna. Onerako ala txarrerako? Txarrerako, askoz errezago, berez bait-goaz aldatz-beera. Kontuz ibilli ezik, bada, errezto txirrist egingo. Euskal elerkariak ez diñot nik bide badaezpadakotik dabiltzanik, baiña inguruan dogunagaz oso-osorik joan ezkero, arriskuan gabiltzala bai. Bide barriak beti dira onak, alan be geiegikeri andi barik; gure izkuntza, oindiño, geiegikeri askorako ez daukagu. Gabiltzan urte batzuetan bide lau ta errezez, olerki-sail ta mordo andia osotu arte, ta gero ekingo barruti zaillagoetatik.

        Ona Etxaniz jaunak, azkenengo sariketarako aurkezturiko olerkariak irakurri ondoren bialdu eustan eritxia; olerkari trebe ta jakitun bizkor dogunez, aintzat artzekoak ditugu bere esanak.

        «Gure olerkariak —diño—, Aresti'ren joerak bultzata, gandu-olerki ta esan luzeak asmatzen dizkigute. Luzeak, oso gueneko olerkia izan ezik, irakurlea aspertu egiten du. Iduri illunak, bat edo bestek, ez du olerkiaren indarra galtzen; baiña ugaltzen ba'dira, aspergarri ta illunegi egiten dute olerkia. Beste batzuek, bertso ohiak dakarzkigute, baiña noizean bein, belarri-min jartzen dira, bertsoaren etena aldatzen dutelako edo puntuaren gosez, esana beartuaz. Poemak, berez du bere luzera, baiña ortik kanpora, nik, naiago nuke, gure olerkariak, luzez baiño iduri biziz eta esan goiko olerkiz bikaiñago agertuko ba'lira. Lizardi ta Orixe'ren urratsetan, ba-degu oraindik saillik asko jorratzeko. Beste erderatan ain zabalduak diran, poesi abstrakto oriek, gerorako lagatzea obe izango degu. Ezpaidegu oraindik, erderak burutu duten biderik gaindu. Oraindik, agian, ez da gure ordua. Euskera elduago ta egosiago daitenean, orduan ba'diteke ordu obea izatea olerki illunetarako ta ulerkaitzetarako. Ederrez joka ta irabazi dezagun, ez aldrebeskeriz.»

        Eredu bikaiñak jarten dauskuz begi aurrean, Lizardi ta Orixe baitik-bat, edozein literaturatan —gaurkoetan be bai— bekokia argi agertzeko lain diranak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.