1963, Seferisen urtea
aurtengo Nobel saria
Gaztelu
Urtero bezela, aurten ere Nobel-saria izan dugu. Asmakizunak asmakizun eta temak tema, albistariak aurreratu zizkiguten idazle entzunen naiko izen, gero espaloian galditu badira ere. Orrela gerta izan da oraingoz sari ori Giorgos Seferis greziar olerkari ezezagunari eman zaionean.
Ezezaguna ote? Giorgos Seferis gurean «Orixe» zana bezain aipatua dugu bere errialdean. Baña poesiari dagokion eskualdatzeko gaitasuna, beste izkuntza batera itzultzeaz galdu egin oi da. Reaktoreak bezelatsu, poemak ere soñu-marra kontra jotzen dute. Eztute «otsik» egiten arrotz-izkuntzetan, eta barne-ixiltasun-utsartean dira galtzen. Poesiak alik eta mundo guziko izkera dan musikatik urbil egon bear du. Poesia bakarrean irakrtzeko da, ez entzule askoren aurrean esateko. Damurik, maiz «zolitasuna» poesi otsandiko jo izan da, Zorrillarena esaterako. Baña olako poesi-mota epikarako da on, ta ez lirikarako.
Begirada batez, Seferisen poemak gizairudizko, «atxurdiñezko», ematen dute, Fidias ta Praxitelesenak ainbat. Izan ere, berez Nobel-saridun berriaren kantagaia erti aitorra dugu, ain berekiko era batez sentitua badago ere. Seferisek Egeoko arri zarrak kantatzen ditu; arri oiek ordea eztira gai illotzak, sogorrak, odol-jariodun arripil baizik, gizakeraz ta goi-argiz josiak; aintziña kondaira ain eder ta gaur mingarri ta matxino baten lekuko diranak. Arri oiek, bein da berriro, ispel (Afrodita), artzai (Paris) ta itxasgizon (Ulises) bezela zarberritzen dira bere bertsoetan, lengo ta oraingo grezitarren arteko lokarri dira.
Alaere, arrigarri dana, helendar eztan zera bat ba dugu bere poema zar-berrietan oartzen. Grezi berria ez ezagutzetik datorkigun bakoiztasun. Heladetar tradiziñoan edo ekarrian azirik, ipuiezko Grezi bat, orain ogei gizaldi aurretik izardun aldi batean tinkotua daukagu buruan. Baña batxiller baten Grezia, Racinerena, klasikotasun berriarena edo Moreas ta Rubenena bezin gezurrezko da. Greziari buruz bakarrik grezitarrak mintza zatzaiguteke, beren zañetan da odoletan baitaramate, ta izkuntzan ere au bereganatzen; oni jatorrizko garbitasuna biurtzen saiatu baitira.
Eginkizun ontan Giorgos Seferis izan da nabarmenena. Palamasek, Kafavisek eta Sikelianosek batetik tradiziñoan ta bestetik oraingo Greziaren egoera bizkorrean sakonki errotutako poesia eman digute, baña alako jakitun-usaiz kutsatua ordea. Poesi aratz, eskualdatzeko gai, gaurko gerkerarekin egokitutako bat lortzea, Seferisen eginbearra izan da. 1963'garren Nobel-sariduna neurtitzetan itzlauz Niko Kazantzakis dana da. Zerk eragin ote dio mail ortaraño? Ezinbestez bere aberrian bertan damurik arrotz gertatzeak, bortxaz erbestera egin eta an diplomatiku bezela bizitzeak ziur asko. Baña bortxazko erbeste-biziera, ordea, Europako kultura nagusiekin eskualdatu al zezan baliatu zaio, erri-kutunkeriz ta arkeoloxikeriz bestalde eragiñik.
Seferis, Nobel-saria irabazi ondoren, erri bateko edo besteko kultura frantsesak, Gide, Eluard, Apollinaire ta bestekin izan zitun artu-emanak gogoratuz. «Elliotek eragin dio, au bere izkuntzara itzuli baitzun!», diote bere aldetik inglesak. «Bere poesian doixtar helenismoa nabari da», diote alemanak. Ez batak ez bestek eztute arrazoirik, Giorgos Seferis greziar utsa baita, ez besterik. Ezer gutxi dazagun gaurko Greziako seme.
Aurten Giorgos Seferis Nobel-saridun aterata, nork esan aren berri ba zunik? Ozta-ozta baten batek. Nor dugu Seferis au?, zioten Parisen suminduraz. Egia esan, ipar-ameriketar Henry Miller da ura ondo asko zezagun bakarra. «Marussiko zangarra»ren egilleak onela zion orain ogei ta lau urte: «Giorgos Seferis izan da Grezian nunnai billa oi dugun sena (izpiritua) atzeman izan duna: bere poematan mamitu dun gizona». Eta auengatik: «Gero ta giago urre-bitxi ematen dute: egunetik egunera trinkogo, usugo, diztikorrago ta adigarrigo ditugu».
Sueziar Akademiaren erabakiak eztabaidan eman ditekenak dira. Arego ere, bat baño geiago motz edo musututs gelditu dira nabaski. Espaiñiarrak bintzat, Baroja ta Erramun il ondoren, eta Menendez Pidal ta Azorin uts-irten ezkero, Neruda jotzen zuten Nobel saridun. Frantsesak berriz Sartre, dirudienez azken aldiraño zut iraun duna. Samuel Beckett ere aiputan zebillen. Iparraldeko garbizalekeriagatik Alberto Morabiaren ustea ustela atera da. Politikako neutralitatea dala-ta Nerudaren itxaropena ere bai. Erlijiozko aitzakiak Graham Greene alde batera utzi dute. Igaz Nobel-saria Steinbeck iritxi zula-ta, onen erritar Ezra Pound bertan beera utzi dute. Eta abar.
Onek eztu esan nai Sueziar Akademiak Seferisi saria ematearekin oker jokatu dunik. Atzerrian ezer gutxi ezaguna izanarren, Seferis-Kafavis, Palamas ta Sikelianos bezela-balore sendoa dugu. Poesi-izkeraren eragozpena, edozein poesiaren izakera gutxikoa, itzulpen-oztopoa, gaurko Greziaren kultura-giro motxa dala-ta, izkutuan zegon gerontzean agirian jarriko dan olerkari baten lana. Eta olerkari berri bat azaltzeak pozarazi egin bear gaitu.
Nobel saridun bakan ori
Giorgos Seferis mende onen lenengo egunetan sortu zan; Esmirnan jaio ere, ain zuzen, otsaillaren 29'an, autatuen egunean. Gaur XX'garren mendean jaiotzeak eztu zer-ikusi aundirik, baña aldi artan bai; Esmirnan sortzea Turkiaren lur-barruan alegia berebiziko egokera da greziar batentzat. Azkenik, otsailaren 29'an mundura egitea besteena baño gaztaro luzeago baten ezaugarri omen.
Beraz, olerkari izateko zana ezta Grezi-lurbarruan sortzen, ez eta're Egeoko ugarteren batean, aitzitik Greziko koloniar bat da, Asia Txikieneko bat, zaindu egin bear diran lurraldetako greziar bat Itxasoak lotzen du bere aberriarekin, eta itxasora begi igarotzen du bere gaztaroa. Esmirnak, Kiosek, Argosek, Rodasek, Kolofoiak, Atenasek eta Salaminak, nork beretzat nai lukete Homeroren sorlekua. Seferisek ere helendar bitarte ortara egiten du.
Amalau urtetan Atenasen dago ikasten; emezortzi urtetan, Pariseko Ikastetxe Nagusian. Ogei ta bi urterekin jaiotetxerik gabe gelditzen da, turkoek Asia Txikieneko kolonietatik egozten baitituzte greziarrak, eta Esmirna Mustafa Kemalen pean gelditzen da. Ogei ta bost urtekin Sorbonan Filosofi ta Legetako lizentziatura-jabe egiten da, ta urrengo urtean diplomazira jotzen du.
Londres, Albani, Atenas, Ankara ta Beyruth ditu eginkizun-leku. Parisen Gideren literatura ba dazau, eta bertan Prometeo, Edipo, Teseo, beste garaietako gizaguren kezkatien mundu berarekin du topo egiten. Egungo gizakien arabera, arranoen, esfinjeen edo minotauroen batek ziztaturiko greziar artega, asekaitz. Seferisek ematen du Gide bere izkuntzan eta 1931'an argitaratzen ditu bere lenengo bertsoak. Palamas, Greziako erritar olerkariak, gaurko epika-koplakariak, gogo beroz artzen ere.
Seferisek Giderekin jarraituaz gañera, irakurtzen eta aztertzen ere ditu Elliot eta Saint John Perse. 1937'goa du itz-lauz egindako bere Txosten-Kuadernoa; urrengo urtean, doixtar-erasoaldiari itzuriz, erbestera egin bearra izaten du, zalapartan egin ere, bere bide-zorroan Eskilo ta Gide besterik ez eramaki. Urrengo bost urtetakoak, Ejipton Gobernuakin atzerrian igarotakoak alegia, ditu bere Itxasontziko Egunkariak deritzaten iru liburu. Itzultzen dute Inglaterran, Frantzin eta Italin.
Bere lan lirikoa, asieratik, bere erriko mitolojian da errotzen, baña dana gaurkoratua ta gaurko gizonari buruz emana. Bere lanetan mundu apal bat azaltzen digu, Grezia artzai-erri bat bezela itxuratuz, apeo puskatuen artean auntz-zaile dabillena, abizenez danak Ulises deritzaten itxastar-erri bat bailitzan.
T. S. Elliotek au esan du beragatik: «Bere lurralde ta erri-zale dugu, ez aberzalekeriz edo estutasunarren, atzerrian urtetan egon da egonarriz lortutako agerpenez baizik Bere errialdearekiko zaletasun au kanpoan bizi izan dan greziar intelektualaren berarizko ezaugarritako bat da. Gañerako errietan gogaikarri zaida, baña greziar batengan bidezko derizkiot, arego ere, guziz unkigarri ta zoragarri».
Seferisek, bere lanarekin, erritar esaera bat bete izan du, alegia, nola goraldu bear dun nork bere etxea gañera erori eztezaion. Berarena gaztaroan, an Esmirnan, lurreratu zitzaion, baña lurralde gordego batean egonarri aundiz ber-eraiki du, ezin konta-al gai andik eta emendik artuta, esku bat Londresen, bestea Parisen, greziar jakinduriz, izateko bere almen guziak gaurkoratuz.
|