L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1964 III-IV Udazkena (1964-uztaila/abendua) —<oler1857>




 

 

Olerki liburu barriak

 

        I.— Iru poema, R. Tagore'k idatzi ta A. Onaindia'k euskeratuak.

        Mundu guztian ezaguna dogu India'ko olerkari iaio au, bere poesi-liburuak ludiko izkuntzarik ezagunenetara itzuliak diralako. Kultur agerpenaren garatze indartsuan gure euskera be aurrenengo maillako izan dedin, olerkari ots aundiko orren lanak euskeraz jartea bidezko ta egoki zan.

        Zarautz'ko Itxaropenak bere Kuliska Sorta'n argitara emon dauan liburu ontan Tagore'n iru poema sartzen dira: Illargi barria (Sisu), Baratze-zaiña (Kshanika-Kalpana) ta Liriku-eskintza (Gitanjali). Illargi barria ume liburua da: iretargiak bere uneak ditu, argitu ta itzali, iagi ta etzan; olangoxe aldakuntzak izan oi ditu umetxoak be; pozaren geznari, mandatari da aurtxoa; zelako esaera sotillez eta zein jori dirauskuzan ainbat ume-gauza! Baratze-zaiña'k olerki bizi-biziak ditu, zirikada ta zimikoz gaiñezka. Izadiari begira biribilduak dira geienak, inguruko mundu bizia dabe ba iturri eder; irakurriaz jauzi (salto) dagigu olerki baterik bestera, ardi gosetiak larra gurian andik ona zapart dagian lez. Liriku-eskintza 103 poemak osatzen dabe, barrenkoi ta mistiku loraz orniduak; zoriontsu da gogoa Jainkoaren aldamenean; ortarako onoimenak sortarazo bear barne-muiñean, A ta Aren izakiak maite izanik. Idazteunen antzeko liburua, lau alderdietatik poz atsegiña dariona.

 

        II.— Txindor egadak, Maruri'tar Erramun'ek egiña ta Donosti'ko «Izarra» argital-etxeak irarria.

        Lendik be ezagun dogu gure Maruri olerkaria. Urteak dirala emon euskuzan liburuxka bi poesi gozoz orniduta: «Biotza Abeslaria ta «Lili Txingar». «Txindor-egadak», arein anai besterik ezta. 49 olerki ditu guztira, polito taiutuak, txindor kantariaren egadak gogora dakarskuezanak. Egilleak, eder-bera, apain ustu oi dausku bere gogo-barrua. Gazte ta zar, kantari emon dau bizitza; beti euskal kantari jator.

        Zorionak biotzez, azken orduan eskintzen dauskun kanta-sail txanbeliñagaitik. Ba-ditu oraindik au lako beste liburu bi osotuteko lain olerki gaur, ixil-ixillik, Armintza'ko itxas bazterrean bizi yakun Bilbao'tar Alesander langilleak. Betoz, bada, «Txindor Egadak»-en anai geiago be.

 

        III.— Salmoak, Iratzeder-Lertxundi. Bilbao'ko Ordorika anaien lantegian argitaratua, 854 orrialde ditu, Aita Lino Akesolo karmeldarrak bizkaieraz eta Aita I. Baztarrika beneditarrak gipuzkeraz itzulita.

        Salmoak beti euki dauz Eleizeak gauza edertzat, otoitz libururik ederrenetarikotzat. Eta munduko literatura guztietan eder-eredu lez be sarri goraipatuak. Euskeraz be eztira albora itxiak izan; gure Orixe zanak maitekiro erabilli ta euskeraldu zituan; baita Olabide'k eta goiñontzeko Testamentu Zarra itzuli dabenak be. Euskal olerkariak sarri erabilli ta euskal-jantzi apaiñez dotoretu izan dabez. Eta orain, Beloke'ko praille langille porrokatuak, euskal langilleak noski, euskeraz ta kantuz emon dauskuez oso-osorik. Liturji-konturako bai datozela ederto!

        Iratzeder'en itzulpena oso egoki, errez ta txukun egiña daukagu, beste izkuntzetan baiño errez ta apaiñago, nik uste. Gero ortik ekiñaz, osotu ta argi bizitan jarri dabez Bizkai'ko ta Gipuzkoa'ko izkelgira aldatu dabezanak be. Euskalerriak pozarren artu ditu liburu oneik, mesedegarri yakozalako ziur baiño ziurrago. Langille talde onentzat gure txalo beroak be.

 

        IV.— Gure bertsolariak, Aita Onaindia'k egiña. 336 orrialde ditu, ta lau zatitan banaturik dago.

        Lenengo zatian lengo denporak dakaz gogora, zelako bertso-esaleak, bertso-egilleak eta asmau-alako bertsolariak izan diran munduan adierazoz; bertsolariak munduko literaturetan, Egipto'n, Txiña'n, Japon'en, India'n, Ebreotarren artean, Grezia'n eta Erroma'n, Kelt'arren artean, Jermania'n, Prantzia'n, Espaiñia'n eta Portugal'en; bertsolariak erri-izkuntzen azkortzaille; euskal gogo zarra ta bertsolariak; euskal kanta zarrak.

        Bigarren zatian, bertsoak egiteko lana dakar; bertso-legeak, zeintzuk diran bertso-gaiak eta olerki-gaiak, euskal idurikera bereziak, euskal neurtitzak, eta aitatzen dauz bertsoaren igiera, azentua, neurria, geldipena, amaia edo puntua.

        Irugarrenean, bertso-mota gorenengoak aitatzen dira: ume-bertsoak, kirol bertsoak, erlejiñozko bertsoak, neska ta mutil zarrenak, Amerikanoenak, txikitixak; eta iraizean lez beste era asko.

        Laugarren zatian, bertsolaria bere kondairan dator. Asieran bertsolariaren nortasuna, eten iduriko aria, idurien bizkortasuna, andik onako ibilli urduria, bertso aldrebesak, gomutamen euskorra, doiñuaren apaiña aztertu ditu. Gero bertsolariak sail bitan banatzen dauz: eskolatuak eta eskola gabeak. Onein artean, Iparragirre, Bilintx, Otaño ta Basarri datoz Gipuzkoa'tik, Arrese-Beitia ta Enbeita Bizkai aldetik, Ulibarri Araba'tik, Bordele Naparroa'tik, eta Etxahun, Otxalde ta Ibarrart mugaz andik; eskola bakoen artean Pernardo Amezketarra, Xenpelar, Pello Errota, Txirrita eta gaiñerako guztiak. Bertso-jartzailleak, bertso-paperak, txapelketak, bertso-batzaldiak, maikoen arazoa, bertsolarien zaindaria... gai guztiak azaltzen ditu Aita Onaindia'k. Liburu ederra, gaur bizi-bizi daukagun bertso-zaletasuna ugaritu, bide egokiz arteztu ta barraiatzeko.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.