| 
 
 
Bertso urratuak
 
 
 
Mikel Lasa
 
 
 
Ez dezagun poema zeru-zolan ixeki
 
kaio baten orrua edo txalupa baten gibel borobilla
 
edozein poema baiño ederrago direnean.
 
 
 
Poetari haurtzaroan diruaren kutizia, gezurrez, kendu zioten;
 
bai zekiten jakin ideia hutsa zein mixerablea den.
 
Baiña nik diot:
 
        Gure poemaren egia odolarekin ziurtatzen ez badegu
 
        grazirik gabeko paiasoak gerala.
 
 
 
Poetak ez badu bere indarrez
 
ezaren burrunbea aztertzen,
 
zein ausartuko da usteldurikako egiak
 
argitara ematen?
 
Baiña Leon Felipe-k dio:
 
        Gizonen seaska ipuiz eragiten dutela...
 
        gizonen negarra ipuiz estaltzen dutela...
 
 
 
Zeiñeri ez zaio laket esatea:
 
Ni poeta arlote bat naiz, poeta baserritarra;
 
ta pinpilinpauxaren milla koloreak besterik ez ditut ezagutzen
 
ta nere hiztegiko hitz itsusienak «arrosa» ta «krabeliña» dira.
 
Baiña nik diot:
 
        Zalduntxoen oiñordea herriarena ez den artean
 
        ez dudala siñestuko Zaduntxoen sasi-ipuian.
 
 
 
Gure hiztegitik zenbait hitz doaz,
 
eta orain ez dira ezer ez bada
 
memoria desmemoriatu baten oroitzapen gazigeza.
 
Baiñan euskeltzaleak balekite aberatsegia dela
 
hizkuntzarik txiroena ere
 
gure sakelean daramagun istori apurtu hau
 
kontatzeko!
 
 
 
              
             |