Maitasuna
Mendizabal
Sinismena ta itxaropena,
eta zu, maitetasuna,
begirun aundiz agurtu bear
genuken irutasuna.
Iruetan nagusi ordea,
ta denok batzen gaituna,
zu zera iñoiz loitu gabeko
onbide eder, deuna.
Ludiak aiña urte dituzu,
ene onbide maitea,
baiñan alare iñoiz zartzeke,
beti dirauzu gaztea.
Zu zera gizon-emakumeak
lotzen gaituan katea;
lokarri ori autsi ezkero
agur gure izatea!
Etzaitut ongi ezagun, baiñan
zure ondorenen nabil,
gaur atsegabez, biar zorion,
baiñan uste onaz, langil.
Zure izena abestu gabe
ez naiteke egon ixil;
bizitza ontan nagon arteño,
arren, etzaitezela il!
Sortze bertatik nigan daramat
zurekiko maite-miña,
eta geroztik aundiagotzen
doakit dizudan griña.
Zu zaitut nere zorion-pake,
poztasun ta atsegiña...
Zu gabe, berriz, dena deritzait
itsas-sumin irakiña.
Gazte-gazterik maite-ametsez
dadukat biotz barrena,
ta gizartean arki nai zaitut
gizonen laztan gurena.
Zugan arkitzen bai dut zorion,
ta atsegin aundiena,
eta zugandik urrun ba nabil
gaitz iduritzen zait dena.
Zure aurkako eriotz-arrak
nastu du pake-bizitza,
eta gorroto zital orrekin
burrukan gogor zabiltza.
Irabazle nor izango ote dan
zalantzan daukat biotza...
Zure amaia ikus baiño len
betor nigan eriotza!
Gure bizia izanik orren
laburra edo txit motxa,
zu zapaldua ikusitzea
zait gaitza bezin mingotxa.
Denak gorroto bazaituztere
zaitut zorion-ametsa,
eta zu gabe bizitza au zait
eriotza ainbat utsa.
Oi maitasuna! Amets bidetan
ez nazazu utzi bakar;
zure gurariz txoro nabil ta
izan gaitezela alkar.
Zuri dizudan irrits kutun au
nigan bego beti azkar,
maitasunak bat izatea, ta
onek pakea bai-dakar!
|