Txindor!
Mendizabal
Egun-sentiko txindor ernaia
nola dituzu begiak
izarrak antzo ñirñiri eta
su-garra bezin argiak?
Nola, egunak goizean-goizik
atera-eta nagiak
esnatu naute zure abesti
bizitz-pozkor geiegiak?
Artizarraren argiaz jeiki
zera abeslari bizkor,
eta paparra ler-zori duzu
ainbat poz-indarrez, «txor-txor»;
bañan zerk dizu biotza uki,
nolatan zaude ain pozkor
gau-izartxu ta goiznabarreko
txori iaio zeran, txindor?
Paparra dardar, lepoa tente,
oñak jauzkor, egak iaso...
muño gañetik txiruliruka
ipar aldera zakust so.
Ze oroitzapen unkigarriak
ote zaituzte eraso
argi-urratze bertatik orren
abeslari egoteko?
Igartzen dizut zergatik zauden
ain jostalari ta alai,
eta zergatik dituzun zure
begi-niniak ain ernai.
Zure biotzak sorginkerizko
Amets-eztiaz dagi jai,
ta egatxoak zai-zai dituzu
egan ekiteko noiz-nai.
Ega txipiak, ergel-indarge
dituzula erdi jantzi,
zure ondoren dabillen mirotz
gaiztoaz zera aantzi.
Oraindik egan ez dakizu ta
zelan biar edo etzi
azi ta bizi zeran kabia,
txindor, bear dezu utzi?
Ez-ezaguna dezun ludiruntz
joan nai ba dezu, zoaz;
bañan ez izan uste geiegi
bare dagon itsasoaz;
esku zabalki dagikizuten
ongi etorri gozoaz,
edo-ta bildots-larruz jantzita
maltzur dabillen otsoaz.
Egun auetan izango duzu
makiñatxobat itz goxo;
auzo guziak abegi on ta
nunaitikan berriz: «Kaxo»,
Giro beroa oztu orduko
denak bat-batean ixo...
Ai! Begi ernai ibil zaitez ba,
ene txindor, txori-gaxo.
Amets utsetan ito baño len
zoaz ba bazterrik-bazter,
ikusi zazu ludia al dan
uste dezun bezin eder.
Buruz zuur ta begiaz ernai,
nunai beti zaitez ager...
bañan ointxoak loitu baño len
kabira itzuli laister.
Etzaitez izan Noek kutxatik
igorri zuan belea,
lokatz artean arkitu zitun
illotz ustelen jalea.
Uso antzera mokon duzula
olio-osto ezea,
zatorzkit laister, txindor zolia,
poztera kabi maitea.
Egal biguiñak zabal ta zoaz
ibar-ibar, mendiz-mendi...
Ezin besterik ase arteño
iñolaz ez egon geldi.
Amesten duzun zelai orretan
zorionez zaitez ordi.
Eta biotzen poztasun jator,
laister arte: Agur t'erdi!
|