Olerti eguna
O.
Jai ederra Zornotza'ko karmeldar lekaretxean! Iragarrita egoanez, urrillaren 30'an, Kristo Errege egunez ospatu gendun, Euskalerriko olerzale auta baturik; beste zeinbatek ezin-etorria iragarri eben, Bordari'k eta A. Goiria'k batik bat. Bizi-bizi agiri zan alkar maitasuna ta umore ona olako jaietan oi danez, bai goizean bai arratsaldean. Beti alai ta baketsu, zortzigarren urtez ospatu dogu aurten, eta, egia esan, ba-dau jai onek gure biotzak sorgindu ta erakarten ditun barne ixill adierazo eziña.
Goizeko amaiketan abestu zan meza nagusia, karmeldar eleiz txukuna jentez beterik egoala; dana euskeraz, abesti, otoitz, irakurgai, ebanjelio ta gaiñerakoak. Etxaniz'tar Nemesi apaizak, aurreko urteetan lez, Kristo Erregea ta euskal gauzak goraldu zitun bere itzaldi xamurrean.
Etxaniz ta A. Onaindia mai-buruko, sariak banandu ziran gero, alkar-giro biotz-erdiragarrian. Olerkari saritu bakotxak bere lana irakurri eban. Alkar izketa, Deunoro'ren bertsozko ekiñaldia ta Aurraitz'ek irakurri euskun Enbeita'tar Kepa'ri ta Lauaxeta zanari buruzko lanagaz amaitu gendun goizeko jarduna.
Guztiz, berrogetamabi olerki-lan artu ziran. Lirika saillerako amar; Aurraitz'en Menperatuen didarra ta Muniategi'tar Sabin'en Itzartze izan ziran sarituak; Aurraitz'en Gau ankerra'k aipamena izan eban. Poema soillerako, iru; Manterola'tar Gabirel olerkari zarrak, bere Gure asmoa lanarekin, eroan eban saria; Satarka'k (Izar pozgarria) eta Bilbao'ko seme E. Artetxe-Egia'k, aipamena. Alegi-saillerako, bat; Igotz'en 12 ipuiñezko sorta. Bertso-saillerako, iru; Enbeita'tar Balendin'en Bertsolaria (12 lan) saritua ta Paulino Solozabal'en Buru (14 lantxo), aipagarri.
Ordu bat eta erdietan, bazkari ederra, gizalege ta urkotasunik begikoenean. Zintzurra busti ta urdailla zerbait zanpatu ostean, euskaldunok oi dogunez, ba-zan an bertsorik, kanturik eta izkirimirik urgari. Ta, azkenez, jaiari ereiñotz-adar bikaiña jarteko, E. Erkiaga euskaltzaiñak, beste urteetan lez au be, labur ea zeatz mamindu euskun aurten il yakun Arrutza'tar Mikel euskal idazle ugari ta olerkari leunaren iduri betea.
|