Itzartze
S. Muniategi
Itzartze berri batera nakarren egun
ta, bizitzan gora naraman bitarte au...
betorkit egunkera, etorbide onez,
betorkit bere edergai, bere ondasun,
bere goi-ikutu, bere zador-ikara,
bere itzal-argizko uberka sakonez.
Bideratze sendo, alegin bulartsuenez
begiak argiz eleka ta, eskuok gorestuz
betorkit, biotz-ereintza itxaropentsuz,
betorkit zantzu berri, arnas betikorrez
betorkit, egia oñarritu, egia gainduz,
bein ta berriz oñera nakarren egun au...
Ai! Ez! Egun bat geiago ez bedi izan!
Alperrik ibil, bizi izandako egun,
Aperrik galdutako egun uts, illun...
olako egun ezerreztu, egun illik,
olako egun ondatu, egun galdurik,
ez bedi iñoiz olako egunik izan.
Noan bai, geiago egunik ez galtzera
alkarbidezko etorkizun, izatera;
noan bai egia goituz, egiaren aldera,
noan gizabidez gizonaren bidera,
noan biziaren oñaze, pozaldietara,
bere beartasun ta zori ezberdiñera.
Ogi, ardo... Bai, bizia eskatuz nator
bizitz egokiago baten alegiñera;
bizia eskatuz nator biziari deika,
eramankorrago litzaken etorkizun
ta, bizitza argiago, bizitza onago,
bizitza urkoago eder baten bidera.
Bata-bestezko argibide eskugarriz,
gure biotz-gogo, baratz alorrak landuz...
(garisoro burutsu, artoarte goigarriz)
emen nator, ementxe, ogia eskatuz,
ain bearrezko diran bizigai, igaliz,
ementxe bai, gurarik onenak aletuz.
Bai, ugaritu bediz gizonaren altxor,
bere zugatz, bere soro, emai garbiak;
ugaritu bere maikide, bere sendiak
bearrezko diran onuraz, tontor ta montor,
ugaritu ogasun, etxeko abereak,
anaitasun bizia dakarren bideak!
Betor bai, onez, gogozkoa dan gurari
gizonari bide-alkartuz letorkion
argiratze etorritsu, egun eder ori!
Betor ainbesteko goitasuna lekarkion
anaitasun-emai, ur garbizko iturri,
egunik argien, egunik ederren ori!!
|