Alako berbarots
B. Gandiaga
Ta alako berbarots alako orrizkoan
emakume lirain beltz jantzi taldea
bailitz, ta igikera ain alakoz ta izkuntza
ain ese ta zetaz gozatu orretan,
«insiñis»-piñuek zer ete diñoe?
Ta, aidera begiak t'erretxin-usaiñez
gozoro ordituak, baso ain eze ta
ezoko itzal-pean, adi ta adi arren,
bedar eta idaek ez dakie ezer be;
ainbeste bidean, ixilla billatuz,
igonak bai dira piñuek ain gora,
ain beti aideko sabaia billatuz.
Ta ida ta bedarrek gura leukee jakin
piñu ain yaioek goen aratz artan
zer ete dakarren esames ain luze
ta aizez betetakoz, zer ainbeste ziñu,
buru-gurka ta ainbat igikera alakoz.
Ta, artean, betiko jakin-nai luzea
geiago zuzpertuz, ona nun zearka
datorren, noizik bein, aidez beera, altutik,
norbaiti igesia, buruko-orratz antza
daukan urkulutxu polit eta arin bat.
Malko dizditsu bat dario bateon
bateri noizik bein, ta ida ta bedarrek
malko ta urkulutxu aidera atzemanik,
aidean zintzilik aintxe euki daroez,
aiekin zer egin ez dakitelakoz.
Ta, artean, piñuek alako susmur-ots
alako orrizkoan, ba-dirudi autu
txit jakingarriak darabiltzen zera.
Nork aditu eurei?
Ta, diarduela,
noizik bein, buruak zertxobait makurtuz,
ba-dirudi zaiel illunak bearrik
ez arren, artean apur bat atondu
daroezala be; ta ida ta bedarrek
begiratzen deutse, t'ezer ulertzen ez
t'ez dakie ezer be zergaitik atondu
ete daroezan zaiel ain egoki
ta ain atsegin aiek.
Ez dakie ezer be.
Ta ainbat buru-gurka ta ainbat zabu ta ainbat
berba agiñik-gabe ta aizez zertutako
entzun ta jarraitu ondoren, oraindik
ez dakie ezer be.
Ta ainbeste bidean
ixilla billatuz igonak bai dira
piñuok ain gora, bedar eta idaek
ezer be ez dakie zer ari diran, ez
zer ete diñoen ainbeste emekeriz,
berba agiñik-gabe ta aizez zertutakoz.
Ta ida ta bedarrek, baso ain eze ta
ezoko itzal-pean, piñu ain liraiñen
buruko-orratz antza dauken urkulutxu
ta aien malko aiek zintzilik artuta,
adi ta adi dagoz, begiak aidera
t'erretxin-usaiñez gozoro ordituak
aien aututik noiz ezer adituko.
|