Itxasoari begira
Olabeaga'tar Iñaki
Zuri begira nauzu aspaldi,
lilluraz bete eziñik.
Mugarik gabe zera, itxuraz;
biotz aundiagoa nik.
Besoak luza ta luza nauzu
ezin atxitu muturrik.
Oso zabal, aiñ luze, txit sakon
izanez, ez dezu ertzik.
Itxaso,
itxaso,
ez izan
aiñ arro.
Zure azal garden ta limuri
ager zait ispillu urdiña;
egunez dizdiratzen duala
eguzkiaren zirkiña.
Illargi borobil, zurbil gauez
kaskaundi zuri egiña.
Zabal zazu zure luze osoan
nere biotzaren miña.
Itxaso,
itxaso,
bare egon
luzaro.
Aundia zera ikaragarri
zure luze-zabalian.
Jaungoiko begipen bezin aundi
begien indarrian.
Beti irikirik dituzu ta
beti zerua azalian.
Nere animak orrela ba-luke
Jaun irudia muiñean.
Itxaso,
itxaso,
begira
gorago.
Ur azpian ez zaude, Itxaso,
geldi; arrai mota ugari
dute, zure errai illunpean
beren aiñ maite sorterri.
Ok danak dira arrantzaleentzat
ogi bide ta janari.
Zoritxarrez, baita sarri ere,
betiko atseden toki.
Itxaso,
itxaso,
ez izan
aiñ gaizto.
|