L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1967 III-IV Geldi ta itsu (1967-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Onoimen

 

Ereñope

 

ALDI eta, bide ioanak gogoratuz

bizi-elduaro umaotuz gainbera,

ille txuriakin, oarkizun itunez...

O, ene maite! Oroitzen al'zera

gaurik argitsuenaren izarratuz,

nola, ai! gure naia egundu zan

egun-senti bigun eskuratienez?

 

Oñak aidean, bizitzaren egarriz

beatzakin ikutuz zeru ederrean,

erlebide eztikari, gogo ariñez...

eskukada, ale aundienetakoa zan,

ametsak loran, goiz-gora, eguerdiz...

bideratzerik alai, argienean,

biotzari pausoz-pauso egaraziz!

 

Odol-irakin, iturritza gartsuz

bide ikusgarri, ibilgarria zan

bere apaindura, eskeintza betez,

gastetasun-giroz egoak arrotuz

ta, aizearekin aizeak, goi barean

alako, goxotasun bat aurkituz

begirik begirako zeruratzean.

 

Betikotasun-iraun-aleak eioz,

unea... deika zetorren bai, bidetuz

negar-oñazeak, oztopotxoak gainduz,

dana ioanez dama, gero etortekoz,

zeru-lurretan ta, urteak igaroz

eundaka eunkiak, unerik unera

ernemindu zuten azi ta, gogoz.

 

Oroitzen al'zera oroitu lenez...

gazte-deadar alai, gure zorionez?

Bizia zan bai, geureka bizi-eskez

—malkoak iruntsi, ametsak eralgiz—

begiak ederbidetuz gau-egunez,

bizia zan bai, eskuartean laztanka,

iturriño garden, emai garbienez.

 

ALDIA garaituz ta, bere sorbaldaz

bizia zan begietan gora, betikoz...

belar, intz-zerukari ta garotzaz,

zelai-iturriz, txoriakin zugaitzez,

bizia kalez-kale ta, mendi gañez,

oinkada ariñetan bata-besteka

lenaren oiartzun ta, etorbidez.

 

ITXAROPEN-arloak gaurgero landuz,

etorki zai..., —geure egunaren billa—

itzak lermin, biotz ateak irikiz

eskuka, lerden, intziri goigarriz

muinik muin... itzak baiteka zetozten,

begitasun bikain, aize gozatsuz,

muño goi goienetaraño iritziz!

 

Eguzkiak eta Illargiak bultzatuz

dana, maitezko bidearen pozera,

giartsu, geuretuz zetorren eguna,

argi-lorez eta, eskutik eskura

ikara berrietan aizea alaituz,

gañezka zetorren ta, irrintzika

emai sakon, ur garbiaren doñura.

 

Abots eztikari, ur biziena zan

mendibide, zelai, biotz egaletan...

karraxika gure muin ta, odolean

deika, goi bearrez, ernai, zabal,

barne-txustarretaraño emaitua,

noiz argiratuko loretza betean,

IZEN maitagarri zeru biurtua!

 

Deika zetorren bai, dardara emez,

gure lur, gure biotz odol ezean;

deika zetorren itxaso ta, aizez

ametsak metatuz gure aldamenean,

deika, berarizko indar, eskuartez

begietan goi, eskeintza ixillean

illun-auste, biderik ederrenez!

 

Bidearen erdi-une, arratsaldera,

giroa zan biotzaldi, eguzkibidez...

—lizar sendoak bezela azal guriz—

gorati zetorren bizia, bultzaka

gogo urduri, aizemin ariñez,

emai gartsu, gurena zan iturriz,

etorkizunezko eguneratzez.

 

Eta, egun orren pozera, nabarmen,

eskuratuz zetozten urre-bitxiz...

gure amets, gure itzaropenakin,

gogai eme elkartietan ausnartu

eta, lurrin gozo, usai gelgarriz

biotz-eskuzko arimatasunetan,

begien sakonera geuretu giñan.

 

Ze biozbide ederrak amets-txortaz

eta, ze ariñak gure egakadak,

bizitzan gora, biziari agurka,

pozkario xamur, ikutu goxoenaz!

Ze bidetasun, elkar berriketak

gure egonaldi, gure ibillietan

gogozko izar, izenik gurenaz!

 

T'emakume izate iazekoaren

soinkera garbi eta, goitasunez...

Iainkoak bakarrik eman lezaken

biderik zindo, egun pozkorrenez,

otoitzez edertua azaldu ziñan,

zugatz-orriak aizearekin bezela,

arima guztiarekin itzegiñez!

 

O! Argia zan bai, nereratu zana

—izpi alai, iturriño zerukari,

egunaren irripar legunena—

eskuz-esku, bere deitura maitez

gogo-muiñetaraño barneratuz,

arriak ere, ixillezko egonean

ain begiko eta, berea zutena!

 

Bideratze alai! Biotzez egatuak,

goibeakin iabetu giñan bai, pozez,

lillura ezti, betikoz uztartuak...

nun, nola, zer, noiz..., geuretza betean,

pausorik pausora, ekintza ederrez,

ur arinkaria bezela ibilmin,

gogozko urbide, itxasoratzez!

 

Ta, egun orren bidez, gaiñik-gain,

ze eguzki-illargiak geuretu ziran,

eskurik eskurako zeruratzez!

Ze, ale bizigarriak sortu ziran

gorputz-arimaz, lillura betean

elkarbide gurenak aizeminduz,

ainbeste asmo berri, eskuratzez!!

 

Ta, bide nola arindu, bidetu zan

geroaren doñu, egal zerukariz,

nola, alde batetik ta bestera,

itxaropenez iantzi, edertu zan

alde guztietan bizi-aupadaka,

naretasun garbi, maitezko zoriz

ta, lorekuntzarik betegarrienean!

 

ARGIA bigun ta, aizea bigunago...

Egun-irabazte zerutarretan,

gurekin bat Izadia esnatu zan,

gurekin mendi, zelai, iturriak...

gurekin itxaso, bizidun... dana.

Ezetasun ta, maite-ariz iosiak

eztei-aupada, eskontza garbietan.

 

Eta, gurari gurena baieztuz,

biotz-arimaz zantzoka, elkarrez

ta, bidea leunduz unetik unera,

poz-ikara, amesbide loretsuenez...

Ai! Udaberririk Udaberrienean

bata-bestea laguntzara beartuz,

geuretu giñan, Egun baikorrenez!

 

Neke, oñaze, arazoak leporatuz...

bai, bata-bestezko uneak ziran,

ta, bata-besteka biotzak argituz

bata-besteari eutsi ta, lagunduz...

egunbide ibilgarriak ziran bai,

alai-aldi eta, estutasunetan,

ore goigarriz bizia ianarituz.

 

Eta, geure gatz, ogi arduratsuz,

egunoroko lor, irabaziakin...

biotzak erein ta, ametsak iorratuz,

bata-bestezko artu-emantxoakin

egunak berritu eta, laztanduz

geureka goaz bai, oinbide narean,

amets-orbelpean burua makurtuz.

 

Geureka goaz elduarozko bidez,

amaika bizi-aldi sor-berrituz,

amaika gogai, eder-une egunduz;

aurrera goaz geure goiz-arratsez,

geure pozaldi ta, geure naigabez,

bata-bestezko asmo ta iokera,

pausorik pausorako betiratzez.

 

Aurrera goaz bideari iarraituz

elkar-uztarriaren irauntasunez,

aurrera goaz egungiro bakoitzez,

bidezko argi, emai, bere gogoz

ta, bere ale gorri ta, bere lastoz

biziaren malladi ta, goiberatan

amaikatxo itxaropen lauskituz!

 

Ta, egunoroko ibilli, ioatez,

bidetasun goigarri, nekezetan,

egunoroko emai, geroratzez

argimin, egitasuntxo urduriz...

geure zori, izatearen egalez

aurrera goaz bai, bide-bazterretan

zerbait kutun ta gurea zana utziz!

 

Emanez-emanez goaz bai, geurez

bein eta berriz lenera itzuliz...

gure mendi, zelai, itxas-ertzez

alako itzalpe, izkutu gozo,

alako egun eta, alako bide...

alako lagun eta, alako etxe

gure amets-eskuartera ekarriz.

 

Ai, biotz! Oroitzen al'zera lenez?

—Gaur ille txuri, neguratze otzez...

amets ill, ioanak dira... Orain emen,

gure seme-alabatan berpiztuak,

goramin datoztenak, zorion bearrez

bizialdi berrirantza bideratuak,

egun eskuragarri baten pozez!

 

Bai, ezti-usaia erleka susmatuz,

gazteak dira bizia daramatenak,

aize iaio-berri ta, amets ernean...

gazteak dira aurrera datoztenak,

zeru garbiko lore ingumatuz,

gazteak dira bai, indar-indarrean

bigarko eguntza argiaren iabeak!

 

Gazteak dira bai, geroaren oñarri

begi argi ta, soñeko azal garbiz,

Udaberri-lorez iantzi diranak;

gazteak dira bai, lorketa pozgarriz,

gure belaun makal, gorputz erori

gure emaitza emanaren emanak...

orbel ondorengo oztotza berri!

 

Zantzo alai eta, oñots goikariz

gazteak dira bai, mendu pozgarriz

gure egun beratien eutsigarri;

gure bidetasun ta, gure esku,

gazteak dira gure biziaren bizi,

gure gatz, ore ta, odol berritu

amaika amesetaren iturri!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.