L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<oler2500>— Olerti 1968 I-II Bakardade (1968-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Guztiok ote olerkari?

 

Aita Onaindia

 

Olerkia, egun akitua iduri, aldatz-beera doakigula diotenak badira. Egia ote? Poesia malda-beeran daukagula? Ez det uste. Neskatx lirain orrek ederra du jomuga ta itu, izadian ta geure barnean daukagun ederra. Izadiak eta giza-biotzak dirauten arte, beraz, olerkiak ere tente iraungo digu, mardul eta zarbatsu. Jainkoak bezela, azkenik ezpaitu. Hura du iturri, ta sorburua aitu-eziña baldin ba'da, andik datorkigun ura ere agor-eziña izan bear naitaez.

        Gure bizitzak badu bere olerki kutsua. Ta guk ori areagotzen alegiñak egin bear; ezker naiz eskui, poesi-usaiez lurrindu bear ditugu geure urratsak; geure inguruan utzi, bai, geuk daramakigun zerbait, geure izate ta gorputzari darion zerbait. Aztiak —ez al dezu entzun?— bere aztikerietan ari danean, bere-bere duan zerbait, begizkoa egin nai dionari, adibidez, ezartzen diola? Gure nor-izatetik ere irten ta bioa mundura, zerbait; zerbait au olerkia dezu.

        Olerkia ezta, egia esan, sentipena bakar-bakarrik, zerbait geiago baiño. Negua, udabarria, mendiak, itxasoa, txoriak, izarrak naiz larrosa gorrizkak abesten dituna, noski? Ezta! Ori baiño geiagoko zerbait. Oiek parrastaka aitatu ta abestu arren, baditeke olerkari kaskar baizik ez izatea; bigarren maillako poeta, ega-motxekoa. Eleberrietan bizi-bizi margozten diran biotz-urratu ta zeaztasunak ere ez dira sarri irakurle txepel batzueri negar-tantoak ixuri-azteko baiño. Ori ote dezu olerki? Ezta!

        Nortzuk, orduan, olerkari? Izarrez goitik bizi diran batzuen erentzia ote degu? Izaki auta batzuen doai? Ezta. Erri-esaerak ederki: «Guztiok gera zerbait, gero, musikalari, olerkari ta zoro». Ortik, izatez, guztiok gera olerkari; denok daukagu barnemuiñean azi izkutu ori. Ta esan oi degu: Gaueko argontzi ostean ere, or dezu olerkari bat; olerkari bat —bertsolari bat beintzat—, ofizina zokoan, lantegiko ate-ostean, kale-egalean, baserri atarian; itz au, jakiña, euskaldunok artu oi degunez arturik. Ez ukatu, ez irriño gaiztorik ezpan ertzean: gaur olerkari asko daude, iñoizkorik geien, ikasleen artean, langillen artean, kaleko ta baserriko gizonemakumeen artean.

        Joan dan urteko azillean —1967-XI-II— Madrid'en azaltzen dan Vida Nueva asterokoak, gai oni buruzko lan eder bat ekarri zuan, Pedro Lamet'ek izenpetuta. Gaur ere, ba, naiz-ta itzontzi askok beren iritzia merke saldu, olerkiak badu ezin ukatu dezakegun garrantzi apartekoa. Eguneroko ogia bezela degu. Idazki ortan bildu ditzagun, beraz, garitza umotu baten bururik ederrenak bezela, idazle trebe ark gal oni ezarri zizkion gogai ta pentsamenturik bikaiñenak.

        Espaiñar idazle erne Teresa deunak au esan zun: «Bizitza, olerkitu gabe, eraman eziña litzakigu». Ta ba-zekin ark zer ziñoan: arima eder baten jabe genduan, gauza askoren artean anitz liburu ta olerki arin idatzita utzi zizkigun. Bizitzan, alegia, poesia bear degu, ezpaldin badu geronek jarrita. Arnas bezela ornen degu barnea bertsoz ustutzea. Euskal errian bertsolari asko dauzkagu: gogora Anoeta'ko azken txapelketa; erri osoa ez ote zan gero bertsolari? Olerkariak ere naikoa; onak eta ez ain onak, danetatik: zoaz sagasti batera ta antxe ere, sagar umotu artean, onak eta txarrak idoroko dituzu. Jainko txikiak eta aundiak, noski. Baiña nortzuk aundi ta nortzuk txiki?

        Ontan oso zail degu, gaur ala ere, alderdikeri gabeko bereizketa egoki bat egitea. Giza-balioak gaur iñoizkorik nastuen dabiltz, edo dabilzkigu. Argitara dan liburu bat zenbat ertzetik begitara dakarkigun; eta, askotan, aren barne-balioari ta kritika leial batek eskatzen duen bezela begitu bearrez, norbere gusto ta adiskide-griñari amor emonik egin oi degu liburuari buruzko iritzi ematea. Ta orduan, iritz-emaille orregandik beintzat, ez dakigu nor dan jainko txiki ta nor aundi. Etzaigu jokabide onez iritzia eman.

        Egiazko kritikalari danak, idazlari baten alderdi onak eta txarrak ikusi bear ditu, edertasunak eta akatsak; idazlea artista dezu, ta egin duen lana, naitaez, eder-pitxiz apaindua izan bear. Izango ditu utsak ere; eta iritzi-emailleak, oiek ere argitara atera bear dizkigu. Ta, azkenez, ederrak eta akatsak pixugaillu batean ipiñi ta, elerti-lanaren balioari buruz, iritzi zeatz, eldu, zur ta zentzunduna eman. Irizleak ere, ortarako, artista izan bear. Maiz alare au egin oi degu: lana azal-samarretik irakurri ta hura irakurtzen izan ditugun biotz-zarrapo, zauskada ta arriduren arauz geure aburua eman. Eta nolako ziurtasunez! Geienetan norbere illargi-aldia jartzen da lege, ta ez dakigu gero egiaren eta gezurraren bereiz-marra nun dagoanik.

        Gure erri xea zentzun onekoa da. Eta erri-olerkia beintzat, bertsolarien saioetatik dakusgunez, naikoa zuzen epaitu ta txalotzen dakiana degu. Egiazko poesi jaikia, baiña, ba-liteke askok zer danik ere ez jakitea. Barne-kilikia, biotz-oiñaze, irrati jardunaldi ta olakoekin naspillazi oi du. Ta zer da olerkia? Ona Espasa'k, olerkia berezi ta mugatu nairik, zer dion: «Nor-izatean, nai erti-lanetan naiz izadiko gauzetan, aurkitu oi degun mugatu eziñeko zoramena, atsegin biguna ixuriaz arimea loxindu ta lilluratzen diguna». Eta, ain zuzen, zertan ete daukagu zoramen ori? Gizasemeak, ezarian lez, argia ta atsegiña emanik, beren baitatik atera ta olan zorakortzen ditun xarmant ori? Gaitz zaigun arren, ori jakin nai genuke.

        Goiz batean zoaz gela-leiora. Zeru azpia garbigarbi. Au da, lenbizi dakusazu zeure bizitzan, kaleko etxeen artean erdi ebakia, ortzi puska ori. Odei zalantzariz marraturiko kolore garbia ikuskatzeko biotz-ikara bizia somatzen dezu barnean. Onek beste sentipen, iduri ta gogai batzuetara, orrekin ar-emana ta zer-ikusia dutenetara zaramazki goxoro: aurtzaroko zerua, garbitasuna, len-maitasuna, gizona tipi ta aundi nola dan batera..., baiña guzti ori astrapaladan, eta ez orrela idatzirik daukagun bezela, tankera ezpaikoz eta irikiagoan baizik. Ikusten zauden izana, osorik, beregan artu, esitu, edertu, mamitu ta eguneroko iskanbilletatik ateratzen duna...

        Begizte ontan, berau aztertu ta zatika berezi al ba'gendu beintzat, bi alderdi garrantzitsuak oso dauazkagu. Or dago batetik, zeru urdin orretan, erakartzen gaituan zerbait, eder dana; ezkenuke berau, lerrenak egiñik ere, mugatu al izango. Baiña, ori bakarrik ez: leio ertzean zaudela, egi bat ere idoro dezu. Zein? Etzera konturatu ote? Zuk len ezagutzen zenuen zerua gezurrezkoa zan; bai, len

konturatu gabe, beste zerbait lez, ate-kisket bat bezela, begiratzen zenun; ez, etzenitun begiak jantzen Ieio-entzak barnean duan izkutu ernegarni ortan.

        Olenkariaren begi-zizta guztietan, errez ikusi dezakegunez, bi ekai (elementu) dauzkagu: egitan dlana —zerua— ta aren biotz-zarrazta —zuk zeruatzaz somatzen dezuna—. Bata izana dezu, ta bestea zeuk oartua; bata kanpokoa ta barrukoa bestea. Olerkiaren mamiñeraiño jetxi nai izan ezkero, bi ekai auek zeatz azterkatu bear genituzke. Poeta baten bizitzan, bada, ba-degu txoriak eta arrosa gorriak baiño geiagorik. Egiaz olerkari dana, ikerle bat degu; ez noski zenbakiak eta saio-tubuak darabilzkina, berez-berez, esan-eziñezko sentipen batek eskutik lez oratuta, gauzen muin-muiñeraiño eltzen dana baizik. Gauza mugatu baten bitartez danetakora igotzen da. Arako gizonaren oiñazea olerkitzen dauanean, une berdiñean dauden gizaseme guztiena mamitzen du nolerabait. Ingurumari ditun gauzei beren egia erauzten die, barnean duten ederraren ikur-makurrak ber-ugaldurik.

        Olerkari ­asmatzaille esan nai du­ , zentzun jatorrez beintzat, eztira gutxi batzuk baizen, esan degun begi-zizta gogozkoa benen idatzien bitartez gorputzez jazten dutenak noski. Begizte ori, alere, dala olerkian, dala musikan, naiz pinturan, naiz ziñean, ezta oiena bakarrik. Edozein erritar izan diteke olerkari: bidean gelditu, itxaron pixkat, unetxo batez bederen, eguneroko zeregin naiz jolasen iskanbil-aulezitik irten, eta gauzak ezti ta gelditsu begiratzen ikasi.

        Lizardi, pabrika bateko lanarekin bizi izan zan. Noizik-bein, baiña, gizarteko iskanbilla utzi ta gozatsu ta astiro begiratu oi zitun inguruko gauzak. Berberak diosku, esaterako, nola egiña dun NEGU deritzaion olerki yaukala. «Beiñola ­ dio ­, joan daneko Otsailla gain-beera asia zalarik, goizeko zazpiretan esnatu, ta erabaki gorri bat artu nizuten: jeiki, eskuratu makil bat eta mendira joan bear nuala, giarrari astiñaldi bat emanaz. Esan bezela egin. Mendiak —adiskide otxana baita ori beti— aspaldian neronen erruz elkar ikusi-gabeak giñan arren, berebiziko begitarte ona egin zidan. Nik eztakit zabala sorginduta al zegoan, ala lo ongi egin baten esku laztankorrak eztiz ene gogamena igurtzia. Dana dala, adiskide on ark eskeñi ikuskizunez irudimena asi zitzaidan bazter guzietatik izeki ta suak artzen. Goia, mendi-gaiilurrak, bideko zernaitxoak, basoa, elur-ondarrak: laburki, begiragarri oro, nortu ta eraski olertsuez mamitu zitzaizkidan. Sorgingarrizko nortze ta mamitze orren indarrez, Goiak ba-zirudian Egunak urrezko azkonez zauritutako norbait. Karraxika nentzun bide ertzean otalorea: aots bizi-pitzatu batek eztarri meea lakartu ta eten-bear ziolarik. Pago bakarti bati neska pertxentaren tankera artu nion. Basoa, ez aritzez zirudian osatua, baizik... norbaitzuez: oin-oñeen gañean luze-luze egiñak, erne-indarra goi argi-jario artatik egarriz edaten... Zertan jarrai?... Orrenbestez nornaik daki zein elgorriek joa nengoan, gaxo au. Musak diralako atsoek atzaparpean ninduten; irudi-miñez nengoan izorra; otzikarak astintzen ninduan; sukan larri batek menderatzen. Gaitz orrek beñere artu zaituten guziok ongi dakizute zenbatetaraiño dan beldurgarri. Zuen gonagaleari neurtitz ugarizko lasabidea eman ez artean, aiek larritasunak, aiek izerdi otzak!...» (Itz lauz, 29 orn., Donostia, 1934).

        Baiña zer balio dute esaera polit, zorrotz, sakonak, ots, olerkarien pellokeriak, mundu zabalean aunitz korapillo askatu eziñak dauzkagularik? Sentimentuz bizi, alegia, ainbat pertsona gosez iltzen diran bitartean? Ez, olerkia eztezu esaera politak asmatzea bakarrik; zerbait geiago dezu. Olerkia, Heidegger'ek uste zunez, beta bat dezu bizitzaren aurrez-aurre. Ez igaro, arren, gauzen aurretik bizitzarako onura-miñez puztua, eskumakil bat bezela iñork eramana, ark barnean duan izkutua azalduerazirik baiño. Gizonari onek emango lioke egizkortasuna, bizitzaren aurrean erakutsi bear luken arpegi egiazkoa; ta gertaerak orrela berea emateko aiña izango lirake: pertsonak eta gauzak bakoitza bere einean ezagutu ta maitatzeko indar berezi. Au da: edozein gertaerari, oiñaze, eriotz eta gaitzari ere bai, bekoz beko begiratzen ikasi, eta ondorenez, an ere ba-dala jakin, so egiten dakianarentzat, eder bat, aunditasun bat gorderik.

        Olerki begiztea, ikusi degunez, esitu ta besarkatu ezin dan zerbait da. Olerkariak ondo daki, idazterakoan, aurrean eskinka daukan lauki zonagarri artatik pixkat besterik ezin duala paperera aldatu. Azken gabeko zerbait du aren egikizun hiziak, idazlearen indarra, naiz-ta aundia izan, gaiñezkatzen duena. Poeta ta jakitunik asko dina azterketa oni buruz galdezka ibilliak. Zer au izkutua baita oso.

        Eztiote geienak kasurik egin nai. Datorrena datorren erara, geiegi kezkarazi gabe. Baudelaire'k onela: «O edertasun, nere erregiñ bakar..., zerutik nai lurretik zatozela, neri axol gutxi !». Gaurko olerkarietan naikoa dina, «ertia ertiarren» deritzaion teoria aintzat arturik, eztiote beren buruari olako galderarik ezar-azi nai. Or lore bat, usaia zabaldu du, beste ezer ere ez. Beste olerkari ta jakitun batzuk ­­zur, zorrotz ta aundi­, galdera orren ertz eta goibeak, azal eta mamiak aztertu ta ikertzen saiatu dira. Fray Luis de Leon'ek, esate baterako, ori egin ondoren, au diosku: «Olerkia goi-arnasaren ematea, ezta besterik».

        Baiña iñork ere ezpaian ipiñi ez duna, au degu: olerkian, eta ertian erabat, «geiago» adierazi eziñeko bat ematen zaigula. Karl Ranher'ek onela azaltzen du «geiago» ori: «Ertia, egiazkoa noski, beti da erti baiño geiago. Ertia, estetika arauz landu ezkero -erti aundiak sekulan, egiaz, egin eztuan-, bere izatea utzi ta bizi-larrimiñaren lo-argarri pozoitsu biurtzen zaigu. Bizi-indar bezela dagokion "geiago" hura, berak ere bere buruari eman ezin dezakeon zerbait da... Olemkariak, gogoaren goi-arnasak bultzatua, ixil-ixillik, konturatu gabe, esker-Ats doneak biotzean ixuri dion lera biziak azpimatua, zelaitako loraz naiz biotzen maitesuaz ari danean ere, itz gartsu erreak jalkitzen ditu, betetasun erneberri batez, izatasun osoaren aintzatze bein-betiko batez aseturiko itzak. Amen itza, izan ere, beste dei bati deiez dago: erantzuna damakionari deiez, naiak oro asetzen ditun itz eragilleari, Jainkoaren itzari deika».

        Ez, eztaiogun gaiari geiago eragin. Denok, egunurratze naiz sartze bat menditik edo itxas-egaletik ikustean, besteenganako maitasuna, aur baten irriparra oartzean, argi bai argi ikusiko degu gure barruak ori baiño geiago eskatzen zigula, eder-erdi orrekin ez gerala naikotzen, goragoko igon-miñez gelditzen gerala. Jakiña, erdiak Osoa eskatzen. Zer dio onek? Olerkia, naiz-ta gaiez profanua izan, berez beti degula zerutiko.

        Ain zuzen, onela naiz arela deitu, ziñez olenkari dana dabillen lurra Jainko-lurra dezu beti, poeta lurkoi batzuen antzera, euren lurra mundua dala esanagatik. Mundua bera ere egiazko ertian, nai ezta ere, jainko gauza lez damabilgu. Nola irauli maitasuna, gizarteko griñak, izadiko ikuspegi bikaiñak, biotz-oldarmak, berez naiko eztan gauzaren olako poz-atsegin berezi barik? Gor ta itsu izan diteke olerkari bat; baiña bere izakiak -asmatuak naiz asmatu gabeak-, berak entzun ez arren, barnean ditu txori antzera Jainkoari «pioka». Auxe dala-ta, olerkaririk geienak otoizka bezela idatzi oi dute; baita Jainkorik aitatu ezta ere. Or, gauzen barruan ixil dabil deadar mutuan oiu dagian Jainkoa. «Olerkariak ezin dezake Jainkoa pipen utzi», zioan Concha Lagos'ek. Oartzeke, jainkoa doa gure poematan.

        Ezta nekeza ondorenak eiotzea. Noiznai bezela, bakoitzaren fede-kemenean datza oro. Jainkoagan siñisterik ez duenak, naiz-ta orrela izan, nekez ezarriko dio Jainkoari bere olerkiaren zirrada; bere oldearen indarra besterik eztala uste izango du. Errukarria! Beste batzuk eztute olako galderik ere gatzatu nai. Baiña bietatik bat: zuk zeure eguneroko bizimoduan izatezkoa dana izatez-goitikotik banandu ba'dagizu, akeita ta guriña iganderoko mezatik, edo-ta otoitza zeure lantegiko papel artetik, olerki-zauskadeak eztu zuretzat Jainkoarekin zerikusirik izango; baiña beste aldera, zuk mundua ta Jainkoa egiazki alkar korapillatzen ba'dituzu, zuk -egiz diotzut-, olerkizko bizi-txakada ortan Jainkoaren dimdami azken bagea garbi ixurtzen zaizun unerik ederrenetarikoa izango dezu. Itzak, sorgindurik, egi uts biurtzen zaizkizu, Jaungoikoaganako bide berri bat irikiaz: eder-atomu batek, betegarri lez, beste bat eskatzen; berdintsu, eguneroko egi bakoitzak ere.

        Ta olako olerkia berez soziala degu, giza-alkartasunari zerbitzu eder bat bai dagiogu; lore bat dala, meatz-toki bat dala, naiz biotz-maitasuna naiz gerrea, noiz gosea noiz auzune bateko mixeri gorria abestu. Olerkiak olerki izateko gauzen balioa azaldu bear du, baita auek oso bakunak edo ezerezak izanik ere. Baiña iñor ezta olerkari, gai oiek ukutu arren, olerki-giroz ukutu ezik: zein epikueran zein liriku kantari, egitasun oiek beren mutu-izatetik itz egitera ateraten ditunean, ordun dezu olerkaria olerkari. Ba-dira olerkari talde itsak, gizasemeen akats, uts eta ermaiñak aizaturik, bertso negarbera atsituak, erti-indar gabeko bitxi-antz ubelak eskeintzen dizkigutenak. Talde ori eztezu iñolaz txalogarri, olerkariak duen egiteko beiñari -gizartea duindu noski- begiratu ezkero batez ere.

        Olerkia nainun daukazu eortzita: illargiaren izpietan, eleiz-arkupeko oski-garbitzailleagan, kale

espaloiko asfaltu gaiñean; bai, edozein lekutan. Baiña eortzia dago, ta norbait bear andik ateratzeko. Egi onen autorpen bizi bat dezu, adibidez, gure erriak bertsolarien aurrean daukan jokabidea. Enparantzetan bildurik, jendetza aundia egon oi da ao-zabal ta txaloka, iñoiz aspertu gabe, abeslari oien ateraldi zorrotzak entzuten. Ain zaizkie gogoko! Erri-olerkariok, izan ere, gauza ta toki bakoitzak bere baitan duen ederra, sua, olerkia azaltzen digute. Ta gizonak beti bear du amets pixkat bizitzari jarraitzeko.

        Erri xeak ote du olerkirik? Bai. Lerro auetakoa ezta bakarrik ziñez olerkari diranentzat, edo-ta eleder-auzietan oituak diranentzat; egia, olerki idatzia sarri jende berezi onen eskumende egon oi da bakarrik. Baiña, esana degunez, poesi-era bi dira: olerki bizia, au sentikortasun apur bat duen edozeiñen eskuan dago, ta olerki idatzia. Baiña bada geiagorik: kaleko naiz baserriko jendeak ere ba-du bere itzezko olerkia. Erriaren esakera zarrak, kantu bioztiak, gaurko abesti batzuk..., badute goiargizko litsik. Beraz, olerkiak edertzen digu bizitza.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.