L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<oler2600>— Olerti 1968 III-IV Uhaina (1968-uztaila/abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskara idatziaren batasuna

 

Aita Onaindia

 

Premiñazkoa dogu au, baiña ez il edo bizikoa. Ori barik be, nire ustez, beste muturño batzuk lotu ezkero, biziko da gure izkuntza zarra. Egoki yaku alan be batasun bidetik, lar bakarka gabiltzan une onetan. Euskal idazleok istillu geiegi darabilgu azken urteotan, bakotxak bere eritxiari estuegi eutsi naita. Onetan, naita miiñez askatasuna eskatu, egitez geu gara jauntxu, ingurukoa ondo loturik euki gurata gabiltzanak.

        Onako naste ta goraberak ezdira egiaz gaurkoak, aspaldikoak baiño. Oiartzungo seme argi zan Migel Antonio Iñarrak onela iñoan 1897garren urtean: «Gaur gaur bezela, dena kirats gaizto batek joa dago, ta egoarekin pikua bezela, punpa punpa lurrera dator. Sinizkizunak, erriketa, iritziak... Alkartiak, agintedunak, mendekoak... pentsa bideak... zer ez? Denak, denak amilka datoz...  Atzo batzuentzat arria zana, gaur besteentzat zuria da, ta bigar berriz denentzat beltza izain da, gero gorria, gero oria, gero... ezer ez: oiñik eztaukatelako».

        Ez, ez dezagun uste txori-kantuz diarduanik oiartzundar apaiz gazteak, euskal idazkera batasunaz baiño. Beraz, esta gaurkoa istillu au, kezka au. Euskaltzaindia bera be, sortu zanetik, ortan jarduna dogu. Ta 50 urte oneitan batasunera jo dogu, abiada andiz jo be; beste ainbeste urteren buruan, nik uste, gogo onez jokatu ezkero, gauzarik askotan beintzat, batasuna egiña da. Ta onan, berez-berez, egiñiko batasuna dogu ederrena, ez indarrez sar-azoa: euskaldunok ez gara indarrez ipiñitako ezer be ontzat artzekoak.

        Batasunik bikaiñena niretzat, euskera idatziz egitekoa, auxe litzake, ots, egunokaz Zeruko Argian Gaztañaga idazle trebeak diñoana: «Askorentzat idazten dana tellatupe bakoitzeko bereizkuntzak baztarturik, denentzat ulergarri dan eran egin bear da... Baiña ortarako, ikasi egin bear. Euskeraz ondo ikasi ez duana, nere ustez, ez diteke batasun-mailla jatorrera igo. Batasunerako aukeratu diran era ta moldeetan ibilliko da, bai; geiagorik ez, ordea. Idazleok, euskera sustraitik eta sakon ikasten ez degun bitatean ez det ikusten batasun-bide jatorrik. Bildur naiz, mami gabeko gain-azal otz eta illa gertatuko ez ote dan gure Euskera bateratua».

        Ortik dator, egiaz, berezko batasuna, euskeraz sakon ikasi ta, euskalki estu baten ez-ezik, danentzat idaztetik. Euskalki edo dialektu asko daukaguzala? Ondo begiratu ez, baiña, ez dogu orreitan alde andirik: askok uste baiño errezago yakuz, ta ikasi bearra dogu, geurea ta ingurukoren bat be bai beintzat, itz-egin eta idazteko moduan ikasi be. Pixkat saiatu ezkero, ez yaku au orren aldatz-gora egingo.

        Euskal idazleon artean, gaur, ganora, suster andi bako buru-austea darabilgu, au da, gazte ta zarren artekoa. Gazte ta zarren artean len lotsa ta begirune geiago zan. Orain berrogei urteko zarrak euskeraz sustraitik ekien, sakon be sakon aztertu ta ikasi ebelako. Gaur ba eta gara gai arein antzeko lanak burutzeko? Eta gaur be orduko idazle zarrak, eztago  dudarik, euskera euskera lez obeto idazten dabe. Ontan, egia esan, ba-dira gazteak be ederto idazten dabenak; baiña askok, tamalez, naiago dabe zaparrada atera euskera ondo ikasi ta txkukun idatzi baiño. Gazte askorentzat dana dogu egiteko: ortografi, euskal itzen formak, itz berrien eraketa, morfoloji, joskera ta abar, dana egiteko oraindiñokarren. Esan eta eritxi oneik gorabera, ala be, gure idazle zarren -Kanpion, Azkue, Altube, Eleizalde, Olabide, Eguskitza- lanak irakurri ta ikasiaz, euskera idatziaren batasun jator-jatorra jaritxi daikegu.

        Guk, geure erriaren gauzak aginpidez eroateko gai ez garean bitartean, ezin geinke Prantzian eta Espaiñan egin lako batasunik osotu, aginduzkoa nunbait. Beste bide bat billatu bear dogu, aginduzkoa beti, edo geienetan, ezpaita ondo artua. Gaztel-erriko dialektuaz egin zan batasunagaitik, zeinbat itz eder gelditu zan betiko baztertuta Aragoi-aldean, Galizian, Extremaduran eta abar, gaztelar mintzoan sartu barik. Jakintsuak, beti agertu izan dira joera aren aurka. Arrezkero, urte askuak igaro dira, ta orduko itsukeri ta akatsetan jausterik ez yaku egoki. Guk izkelgi danak ditugu eder; berez urri dan beste bati bizia emotearren, ez yaku komeni bat bera bertanbera iztea. Oba dogu, Euskalerri osoko euskaltegietatik onena, nasai ta zabal arturik, bat bera be atzera itxi barik, guk be gogo onez, bizia emon euskun ama txukuntzen alegindu oi garean lez, geure Euskera albait eta osotuen bateratzen saiatzea.

        Nik batez be gauza bitan nai neuke batasuna: 1) Eskola liburuetan, eta 2) Teknika liburuetan.

        Eskola liburuetan, dala gramatikan dala matimatiketan naiz geografian eta abar, itz bardiñak bear litzakez euskal erri osorako. Eta au ez litzakigu gatx, textu on batzuk egiñik. Aditza, alan be, izkelgi bakotxean ez litzake bardiña izango. Izan be, bizkaitar umetxo bati, bere izkelgia baiño ez dakianari, gauzak gipuzkeraz esaterako erakustea ez litzake errez. Nagusiakaz ezpada be, gaztetxoakaz naste andia litzake. Gai onetan niretzat eleiz-liturjian egiña da egokiena: aditza bakotxak bere izkelgikoa ta itzak danentzat bardin.

        Bigarrenez, teknika liburuetan be batasuna. Izadi-kondaira, fisika, kimika, abere-izti, landarizti, mineralogi, biologi, geologi, astronomi, pilosopi ta onakoetan naitaez bear da batasuna. Gai guztiotarako nik iztegi txiki bat osotuko neuke, ta axe erabilli danok, naiz-ta olako liburu bat egikeran itz barri ta egokiak -gaian dabillenak daki ondoen noiz zer dan egoki- sortu ta erabilteko eskubidea kendu barik. Teknika liburuok gaiñera jakintsuentzat litzakez geienbat, eta eurok izkelgi osotuan idaztea be ederto letorke.

        Egunokaz eritxi eskatu daustie eusker idatziari buruzko batasunaz, batez be: 1) Ortofrafiaz; 2)Itzen formaz; 3) Itz barrietzaz; 4) Morfologiaz; eta 5) Joskeraz. Ona nire erantzuna, labur labur.

 

        Ortografiaz

        1) f ez nuke nik asko sartuko: Bizkai osoan, gitxitan esaten dogu alfer, alper, ia beti.

        2) h, ez naz onen zale, mugaz onunzko izkelgietan erabilten danarena batez be; erriak betosko baltzez artu dau oraingo gazte batzuen moda ori. Inguruko izkuntzetan kentzen diardue; italiarrak Habana be h barik idazten dabe: Abana. Guk be, iñoiz artzekotan, bokal biren artean eta itz bardin bi adierazteko, bokal biren artean eta itz bardin bi adierazteko, ura (agua) ta hura (aquél), adibidez.

        3) Idatzi beti bildur, ez bildurr; ardi, ez arrdi.

        4) Idatzi baiña, zailla; bikain, zail.

        5) Apostrofo laen onela zan beti, Bizkaian beintzat: Bilbo'ra, ez Bilbo-ra; nik len lez erabiliko neuke, marrak bere arlo apartekoa dabelakoa.

        6) Bai, ba-dakit (ya lo sé); ba'letor (si viniese); ona da-ta (porque es bueno)

        7) v-rik eztau euskerak, beraz idatzi beti: Birjiña, bokal, berbu.

 

        Itzen formaz

        Itz bakotxari bere zentzuna emoten oitu bearrean gagoz euskal idazleok. Ezin ezetsi daikegu euskal itzik, ez angorik ez emengorik, danak baitira eder. Idazleak edertzen dau izkuntza ta guk be orretan saiatu bear. Aditz-formak -nun, nuan, nuen; deust, daust, dautzu, deutsu-, izen adierak, -biar, bigar, bier, behar-, laburpenak -lez, legez, letxe-, itz-buruak -bekatu, pekatu; errazoi, arrazoi- ta antzekoetarako norma ta arau batzuk emotea egoki litzakigu.

 

        Itz barriak

        Euskerea, itz barri premiñan daukagu; edo bere muiñetik sortuak edo besterengandik artuak, naitaez bear ditugu. Gai ontan, onan dozu nire eritxia:

        1) euskal itz zarrik badogu, axe lehenago;

        2) oraiñarte erabilli diran itz asko, erderatikoak dirala-ta bakarrik, ez baztertu;

        3) euskeraz errez da itz barriak sortzea, griegoz edo alemanez baizen errez; beraz, beti be, ulergarriago izango dira geure sor-iturritik artuak, griegotik eta abar artuak baiño;

        4) besterik ezean, besteetara jo. Gaur, jakiña, itz asko daukaguz naitaez erderatik artu ta erabilli bear ditugunak, teknika gaietan batez be.

 

        Morfologia

        Izen-jokoari ta aditzari buruz, naikoa ederto idatzi euskun Azkue zanak bere Morfologia ederrean. A ikasi ta berak an diñoan lez jokatu bear dogu euskal idazleok. Ez litzake alan be txarto etorriko norbaitek pazientziz liburu a aztertu ta bertako euskal izenari ta aditzari buruzko gauzarik bikaiñenakaz txorta apain bat osotuko baleusku; guztion onerako izango litzake ziurrik asko. Gai oneitan, ba, Azkue ta Altube doguz maixu.

 

        Joskera

        Euskerak bere joskera dau, oso ederra, ta berau zaintzea egoki yaku. Ezker-eskuma erdel-erriz inguratuak gagoz, eta ezin gu arritu geure izkuntza zarrean ainbat itz ez-egoki lez, joskeran be mordoil-koska ugari ikusiaz. Baiña, joskera, esanak esan eta idatziak idatzi, beti dogu izkuntzaren arima, gogo bizi; ta ba-dakigu, arima bako gorputza iltegira eroan oi dogu.

        Beraz, olerkian eta antzerakoetan bide barriz ibilli arren, joskerari gora andia emon bear dautsagu geure idatzietan. Atsegingarri bai dala joskera bikaiñean egiñiko lan bat irakurtea!

Zentzunez jokatu daigun beti.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.