Ondartza
Piku
(Nere adiskide diran Ernesto, Bixente, Jose Angel ta Luis'eri)
Zure gogoa nai det, ondartza,
eguzkiz ta euriz mozkortu dan gogoa.
Itxura itunak,
ugalde otzak,
bakar bakarrak
neguko udak.
Ondar bustiak,
biotz lertuak,
ondar garbiak
neguko ondarrak.
Zure gogoa nai det, ondartza,
eguzkiz ta euriz mozkortu dan gogoa.
Zure gañean
ez da lorerik,
ez ta beñere
udaberririk.
Zure biotza
eguzkia da;
zure bizitza
betiko uda.
Zure gogoa nai det, ondartza,
eguzkiz ta euriz mozkortu dan gogoa.
Udara etorri da, ondartza.
Bildurra daukat.
Nortasuna galdu dezu.
Bildur beterik,
Bakardadea
gau arteraño
igeska dabil.
Zure biotzen
uda zaarrak
gizonagaitik
zikiñak berriz.
Zure gogoa nai det, ondartza,
eguzkiz ta euriz mozkortu dan gogoa.
Gaba etorri da. Geldiro,
geldiro, gorde ditu
gauzak bere biotz illunean.
Zeruan izarrak lertu dira.
Jaungoikoa jetxi da
ondartzara, ta eskutik
artuta nerekin dator,
itxasotik etxera.
Biotz pakea,
izar urdiña,
gogo berria,
Jaun laguna.
Maite limuri,
illargi maite,
zeru ta ondarrak,
muñ alkarri.
Leiopean gaude Jaungoikoa ta ni.
Eskua estutu diot, ta, irriparrez,
ondartza'ren gogoa eman dit.
|