Olerkaria eta olerkia
Aita Onaindia
Munduko kondaira begi aurrean ipiñi ezkero, beti daukaguz bere orrialdeetan zalapartak, iskanbillak eta abarrotsak. Ez gizarteko auzietan bakarrik, eder-gaietan be bai. Estetika ta literaturari dagokiozala, antxiña-antxiñatik ezagutu dita joera ezbardiñak, eritxi, asmo, gogai ta gaiñerako ezbardintasunak, edo ezbardinkeriak. Euskeraz ederto esan oi dogu: «Zenbat buru, ainbat aburu». Beraz, gai askori buruzko zalapartok ez bekiguz izan arrigarri.
Olerki-zelaian be, gaur, ainbat eritxi ezagutzen doguz. Len eta orain. Gure literaturan, eta olerki-saillean berariz, ba-ziran orain berrogei urte, aurrera jo naita nunbait, gizon argi, trebe ta erreboluziño zaleak: Lizardi, Orixe, Lauaxeta ta euron garaikoak, esate baterako; beste batzuk etorri yakuz geroago, oraindik ausartagoak noski. Ta orrelaxe izan bear. Len tradiziño bat zan euskal olerkian, bai mugaz andikoak bai emendikoak naikoa zintzo zaindua. Ona tradiziño ortako iru bidearri: Etxepare, Elizanburu, Arrese-Beitia.
Eder-matxinadok, araudiz ta legez aurreratu gurarik doazanean, ez dira txarrak. Baiña entzun ederzalapartetan buru izan zan Unamuno'ri «Egiaz bestera doazanean, ez ditue curen asmo ta aginduak beteten». Bai, kontrako agertzea errez da: argiak ez dauskula nai beste argi emoten? Itzali. Barria ixiotzeko oriorik? Dana dala, lengoa eratxi, ta kitu. Ez dakigu zeren aurrelari edo bide-erakusle ditugun. Unamuno'k au dirautse onakoai: «Eskabide barri orreitan, gaiñera, ja beti asmakeri uts diranean, poetika (olerkera) baiño retorika (electa) geiago egon oi da. Ta, dakigunez, erretorika dogu pentsamentuak eta sentimentuak, bateren bat baldin bada, jantzi ta estaltzeko; poetika, ostera, pentsamentu ta sentimentu orreik billoistuteko».
Olerkaria goiargiz biztu-indarturiko gizaki berezia beti agertu izan da errien aurrean noizean beingo, bakan arrigarri legez; baiña ezta bizi erritik kanpo, gogoz beintzat erriari ondo korapillotua baiño. Sorterrikoen arnas bizi sakona lez da, arein ames, bizi-nai, biotz-ikara ta asinoak zirt eta zart, oso ausarditsu, lau aizetara iragarriaz. Asmamenez, goi-argiz ta maitasunez jantzia da; baiña bere olerkilana ezta iru gai orrein jokua bakarrik; izan daiteke, ta izan bear dau, bere erriaren barru lokartua esnatu ta indartzeko mezu bat, mandatu bat, erreparri bat daroana be.
Lenago artan, gerkar eta erromatarren artean batez be, erria gaur baiño erlejiñoari emonagoa zala, jainkozko zerbaitzat joten eben olerkaria, ta, goiargiz joa zebillenean, beronen bidez adierazten zan jainkoen abotsa. Olerkariak Platon'ek bere Ion alkarrizketan diñoskunez goitiko argi ta indar bakan batek zuzenduta idatzi oi dau bere bertsozko lana. Olerkia, beraz, ezta arentzat jakite ta teknikatik, au da, errazoi bidez datorrena; aren adierazkizunari jarraituaz, errazoi bako indar datorrena dogu, indar onek bai dautso gizakiari oso-osoan oratzen eta onik onenean, uneka, naikun izkutu arrigarri baten tresna biurtzen.
Goi-indar bakan ori Maitagarriak (musak) emona da, ta gizakia jaikozkotua dago, barruan sartu yakon jainko adorea aldean daroa-ta. Gero, olerkaria jainkotasunaren adierazie dan lez, era berean olerkia esan bear eban rapsoda be, an Grezia'n egoera bardiñean jarten zan, eragin bardiñaren mende, olerkariaren adierazle egiñik, aren eragin bizia entzuleenganaiño eldu-azteko gai zala. Jainkoaren eta entzuleen artean, olerki-kate antzekoa antolatzen da orrela, erdiko kate-oboak olerkaria ta rapsoda diralarik. Onela edo: iman arriak len engo burdiñea erakarri oi dau, ta aldi berean, berak daukan erakarpen-ala ezarten dautso.
Platon'en errazoiketa onek ba-dau zer-ikusia gure mistikuakaz. Santuak olerkari, poeta, dirala esan oi dogu; olerkari aundi ta guren. Jainko-iturrian edandako jarion gozoa liburuetara aldatu oi dabe. Gurutzeko Joan eta Teresa deuna, or mistiku bi, olerkari eder. Joan deunaren olerki munduko izkuritza guztietara itzulia, jainkozkoa da osorik, fedez ezagutu, itxaropenez bizi ta maite-suaz ikutzen eban Jainko Jaunak eraginda sortua ta liburuetan txinpar-jarioka itxia. Ta etenbako artu-emona Jainkoaz euki eban Teresa deunak, naiz itzaskatuz idatzi naiz neurtuetan, goi-iturrietatik artua damosku beti. Poesia loratan dagon arima baten usaiña ba'da, Teresa deuna olerkari bikain dogu. «Mistika diño Unamuno'k batez be ta oroz gaiñetik, olerkia da. Baiña ez asmaketa utsa danean, jainko-arnasaren emotea danean baiño. Gure mistiku guztiak olerkari, ta olerkari gorenengoak, izan ziran».
Olerkaria beti yaku eder. Bere barru-kemena damosku, bere zentzun ezkutua, izamenaren barru ixilietik jagitako adierazpen gaiñez-gaiñetikoa, metapisikua. Bere barne-lan biziakaz, munduaren eta bizitzaren gaiñezko egazkadaz, munduan eta bertoko gauzetan beeregi sarturik dabiltzan gizasemeai aparteko mandatua dakartse. Eurotan batzuk andi dira, beste batzuk ez ainbeste; andiak, noizik bein agertu oi yakuz kondairan zear, eguzki diztirakor antzera; ta txikiak, garrantzi asko bagako lanen jabe diranak, geiago izan arren, euren arlo berezia izan dabe len eta orain, eurentxoa biotz-zabalik gizarteari eskeiñiaz. Bai andi bai txiki, mundua obetu nairik orieik egiñiko lana beti izan da ontzat artua. «Poeta diño Unamuno'k-, poeta da, bere izkera ritmikuaz, bere arima billoistuten dauana. Ritmuak, gaiñera, larriñean aize-urkuluak lez bere oldozkuna, pentsamentua garbitzeko balio dautso, zeru eguzkitsuko aizetan agotza ta garaua banatzeko».
Ona E. Markina olerkari andiaren eritxia be. «Olerkaria da diño, enparauak be susmau bai, baiña zelan esan ez dakiena gogotan erabilliz ausnartu ta besteai orixe berori adierazten saiatzen dan gizakia. Barne-joera esan eziñak zauskada ta burutapenak sortzen diran arimaren barruti ezkutu ortan zirkin dagi olerkariak. Olerkaria baita igitzen da beste barruti ortan, ezkutua bera be, burutapenari gorputza emon eta, orrela esateko, berau indartzen dauan itza sortu oi dan lekuan. Lenengo une edo momentuan goi argitze unean pizkat beintzat aztru, koblakari da olerkaria; igarle be deitu yako. Bigarren momentuan adieratze unean, olerkaria, bere senez ta oldez, erriaren antzera nunbait, asmatzaille, izkeraren maixu da».
Olerkaria, alan eta guzti be, ezta burutapena ta itza bakarrik. Ez. Bera mugatu ta berezi daroana eztira gai biok bakarrik, ezta berak irakatsi edo idazteko erea be: beste aurreragoko zerbait bear
dau, ta zer ori barne-zirrarazko zerbait dozu, gaitasun aparta oso, izatearen azpi-azpitik sorturikoa. Ta bazter edo azpi ixilkoi ortatik ernetako zer orrek, izate naiz biotz-laban galgatu orrek, barnebeko naiz ausnar uts orrek, burura igon eta gogai (ideia) egin eta mamiñez jantzirik, agertzen yaku. Ta gero gogai au, pentsamentu au itz biurtzen yaku, ta azkenez itzez, berbaz, adirazoten dogu, iragarten dogu, geure gun barruko beroz ta buruko adorez osoturiko itzaren bitartez, geure-geure dan zerbait.
Eta zer orren eratzetik, aurrerapide ta prozesotik datorrena intziri, zauskada, zirkin, itz, nai dozun lez deitu, beti da geure izate-barruko zati bat. Iturritik ura lez barrutik jarioa, biotzak eta adimenak oretua, ideia ta oldozkun ederrez apaindua. Ta gaiñ ontara ezkero, ona beste zeaztasun bat: barnetiko ori, oldozkunez mamindu ori, itzez jantzi ori, geure seme ori, eztogu nai izaten era baldarrean argitara eldu daitenik. Zer egin, beraz? Itzak ez beitez baldarrak izan, dotoreak, biziak, giarrak baiño. Ots, munduari ta biziari buruzko geure sentipenak ez doguz era lautan adierazo gura. Ortarako beste zer bati oratzen dautsagu: mituari; au da, antz-irudipean, erdi-illunetan lez, agertu oi dogu, agertzekotan be, geure barren misterioaren alderdi kaskar bat.
Ona zelan: begien txairotasuna esateko, «lotearen ederra dauko dizdizka», esan oi dogu manguna bat egiñik. Eta au gizadia bere eder-arloan ume zalarik ezeze, gero be olerkaria beti izan da ume irudipen, zotin eta ikuspegi dotoreetan; au da, gauzen izatetik eta jakintzaren aurrerapenetatik igeska lez dabilkiguna. Izarrak eguzkitik lez? Dana dala, gaur be, olerkariak, gizona lurtar gauzetan geiegi sartuta ikusirik, bere mitu barrien bitartez, bere antz-agiri edo sinbolismuen bitartez, ark, gaurko gizon urduriak, gai arazoetan murgilduegi bizi danak ikusten ez ditun alderdi asko, gauza ezkutu asko ta asko, dirdirka jarri daroaz.
Olerkiaren izana, mamiña, zer dan jakitea ez yaku errez. Olerkariaren izatetiko zerbait da. Ta bakotxak, olerkari bakotxak ditu bere zerak. Ortik ditugu ondorioz pentsakera ta idazkera ez-bardiñak, diferenteak. Baiña barne-arnas ori, mamindu ori, bein neurtizlariaren izatetik kanpora urten ezkeroz, geienez zelan agertzen dan, eta zelan agertu bear dauan, ori bai jakin geinke. Olerkiak, osagai hi ditu: irudi adiera (metafora) ta igiera (ritmua). Eder-agerkarietan sustraiko bereizgarri bi ditugu oneik.
Poesi-izkeran gizadiaren asi-asieratik erabilli izan da, ta era berezi lez, antz eta irudiz geure geure barrua adierazteko era apartekoa. Zer da berau? Ona: «itzen esangura edo zentzun zuzena, alderakizun ixil batean ankalatraba beste iruditu batera aldatzea». Nundik sortutakoa ete dogu gauzak azaltzeko era au? Antxiñakoak uste ebenez eta gaur be ba-dira onako eritxidunak, debekatuta dago gauza asko edozelan esatea, ta ari edo oni kalte egin geinkeo izentatuaz bakarrik. Baiña sarritan zer orri dagokiona naitaez aitatu bearrean aurkitzen garealako, ez doguz gauza orreik artez-artez izentatzen, inguruka ta zear-mearka baizen. Eta au gauzeak gogora dakarskun antz-irudi ta bardintza baten bitartez dagigu.
Antxiñako errialde askotan, adibidez, etzan zillegi ez bidezko erregeari bere izenez deitzea. Israeldarrak be ez eutsoen Jainkoari bere izenez deitzen, «betiko», «indartsu», «santu», «onbera» ta olakoakaz baiño. Euskaldunok orobat, zeiarka lez lenago urtzi ta gaur goiko fauna deitzen dautsagu. Lenengokoen izkera berez-berez olerkitsua da, ez atsegiñezko zer batetik sortua, izateak berak eraginda jaioa baiño. Olerki-izketea, beraz, antz-irudiz jantzia, itz-lauzkoa baiño zatia aurretikoagoa dozu. Era samur giartsuan egiñak dagoz gure aspaldi bateko esaera, atsotitz eta kanta zarrak. Olerkiak, ots, asmarnen sortzailleak egin daroa izkuntza. Ortik euskaldunen len-izkera bertso-izkera mala indartsu esan gengike.
Poesi-metaforak, ba, ba-dakigu zer esan nai dauan: iraulpen eta tokiz aldatze bat, itzen esanguraren asmoan. Gauzeak dauan antzeafl dau oiñarri; au da, irudi dauan gauza bat, antza dauan beste baten izenez aitatzea. «Uren leiarra» esan oi dogu, adibidez; «urteeti pixua», «maitasun-egarria», «gizon sumindua», «itxaso asarratua»; «gizon au leoi bat da», «goizeko iruntz-pitxiak», «barruan ozka darabilgun arra». Itzul-inguruka diñoguzan zer guztiok, metaforak dira. Ta «gizon au leoi bat da» esatean, auxe esan gura da: gizon au sutsua ta indartsua dala. Taiu onetan egiazko gauza bat, asmamenaren indarrez, burutapen biurtzen dogu.
Amets bat legez da olerkia. Itz-joku lilluragarria. Egiazko mundua antz-aldatu ta irudizko bat sortu ta eratu oi da. Poesia baten, bada, irudiaren indarrak eroan oi gaitu, gauzak inportantzi ta gora geiagoz jantzi ta eder-baliotsuago egiñik. Ortaz mintzatzen yaku Ortega y Gasset. «Olerkia diño itz-joku zoragarri da; gure gogoak, gauza baten, erabilliaren erabilliaz erdi-galduta eukon alderdiaz topoz egin ez dagigun, ustekabeko itzulinguru egiñik, betiko gauza orrek dauan iñoiz ikusi bako bizkar-aldea begien aurrean ipinten dausku. Gauza txautu ta lizundu ori, izentatze barriak, sorginkiro bir-sortu ta lengoratu oi dau». Olerkiak, izan be, bere idurikizunez gauzeari izenbarria ipiñi ez-ezik, gauza orren guna, mamina, izana bera be azaldu egin daroa. Ta olerki-mundu orrek, ainbat gauza, guk sarri ikusi ta ikutzen genduzanak, barriro sortuta, jantzi zoragarriz dizditsu, lillurapenik tinkoenean jarten dauskuz. Gauzen mundu barri bat, guk ez genkiana, bizi, indartsu, dardaraz daukagu aurrean; ots, mundu au ta bertoko gauzak, irudimenezko mundu egiñik daukaguz.
Mundu ori jasotean, olerkari batzuetatik besteetara ta garai batetik bestera, alde andia ezagutu izan da. Alan eta guzti mundu au edertu ta jainkoadorez bizkortu nairik lan dagienak, beti ditugu txalogarri. Egia dozu: Aldi'ren gurpil-unetan gizasemeon aoxuri ta gustua be aldatu oi yatzu. Gaur, adibidez, Errusia'n olerkari andi dogun Evtuchenco'k, gauza zeiak, gai oso lau, berezko ta errezak darabiltz bere poesi-esaldi ta liburuetan. Baiña zelako jantzi ta suaz, gero! Gauza xumez osoturiko mundu zorakor bat dagersku. Ta, or olerkia! Or olerkaria!
Guk gaur doguzan euskal olerkarietara begiak biurturik, zer esango ete? Izan ditugu ta ba-ditugu gaur be olerkari bikaiñak, geure lurra, geure goraberak gizonki abestu dabezanak eta abesten diarduenak. Eta ona oneitariko batek lengoan zer esan eustan: «Ni zure eritxiz, A. Onaindia, olerkari aundi ala txiki nozu?» Poesi-liburu batzuk argitara emonik daukazana da berau. Ta nik, begietan irriantzo, erantzun nentsan: «Ori, adiskide, zertarako jakin nai dozu? Niretzat, olerkaritzan, jainko txikiak eta andiak ditugu. Itz-neurtutan, niretzat, obenik jagi arte, gizaldi onen barruan Lizardi, Orixe, Lauaxeta... dira jainko nagusi. Atzetik leiaka datozan gazteoi be, esanak esan, kostako yake anein parera eltzea».
Irakurri, bai, Lizardi'ren Biotz-begietan, Lauaxeta'ren Arrats-beran eta Orixe'ren olerki-lan jakingarriak. Arein mamiña ta arein azala! On egiazko olerkia, olerki iraunkorra! Mundu ontako gauza kaskarrez beste mundu zoragarri bat eratu dauskue. Baiña, naiz jainko andi naiz txiki, olerkaria beti jainko, aztru, asmatzaille jator. Eta jainko dan bitantean, bebil ortik, azkar ta gogotsu, erriaren zuzendari, zeruko Jaungoikoaren adierazle. Goiko naiz beeko, bitzuen lanak eder ta aintzagarri.
Gar ta jantzi da olerkia. Barnea gar, jantzi azala. Zoragarri izateko, biak bear. Baita guzti ori oretu, aragitu ta eun-miesa baten barruko bilbe antzera, dana bateraturik, graziz ta edertasunez jazten dauan beste zerbait be. Zer dozu ori? Igiera; erderaz esan, ritmua. Asieran olerkia musika zan: bertsoak kantatuak ziran. Grezia'n rapsodak egozan ortarako. Gu gerkarrak baiño geiago gintzazan, eta gara. Gure bertsolariak asma ta kanta, batera egiten dabe. Bai ederto! Geroago, literatura guztietan, poesi ta musika, aizta bi oneik, banandu egin zirala autortu bear. Baiña ez oso-osorik; olerkiak ba-dau oindiño be doiñudun zerbait: igiera edo ritmua.
Eta zer dogu ritmu au? «Ritmoa diño Lekuona'k itz-errenkadak barru-barruan darainan zer bat da, misteriozko zer bat; zar orrek itz-errenkada, atal txikitan -ots, oñetan- zatitzera bultzatzen bait-gaitu. Obeto esateko, itz- errenkadaren zar ori, itzetan baño areago gugan dagon sen orrek bultzatzen gaitu itz-errenkadaren zatiketa egitera». Erdel literatura askotan silabaz neurtzen dabez bertsoak; gerkarrak eta latitarrak, ostera, oiñez. Gu neurketa ortan erderaz lez silabaka asi ta ibilliak gara luzaro, baiña geure bertso-lerro ta olerkiak, latiñak eta griegoak lez oinka neurtuko ba'genduz, ez litzakez areik ain aspergarri ta lo-erazie izango. Orixe'k orrela jokatu eban, azken aldian batez be. Ta Lekuona'k amaitzen dau: «Orregatik dira Orixe'ren olerkiak ain musika-izaeradunak, musika-antzekoak, musikalak. Ez ordea musikaren gañean egiñak dinalako, musikak eta bertsoak, biok berdin-berdin, ritmoari jarraitzen diotelako baizik».
Gizaki jakin-zaleak gauzen ondarreraiño jatsi nai izaten dau. Ta guk be alan dagigu: ritmu omen izate ta jatorria nun ete dagon itandu. Ez dakigu ziur-ziur, baiña au diñoenak eztira gitxi: ots, berezko gertakari batzuetatik datorrena dala. Ta, ain zuzen, begiak edegi ta ikusi igiera, ritmu zoragarria guk inguruan daukagun munduko gauza guztietan, izarretan, lurrean, itxasoan. Begira lurrean urtebarruko aroak, negua, udabarria, uda, udazkena; begira giza-bizia, gure biotza, gure birikiak, gorputz-iñarkun guztiak. Igiera, bcraz jazoera zabal bat dogu.
Poesia, azkenez, biotz-zirrada da, dantzea gorputz irrada dan lez. Dantzeak igiera berezia eskatzen dau, olerkiak be bai. Ez bakarrik barnean sentikeran, baita esakeran be: poesia esaten dogunean, arnas-aldi antzera, dana era bardiñean barik, neurri ez-bardiñetan, saltoka lez, orain zaldiaren trakata, trakata lez, gero astoaren txaka, txaka lez neurria eroan oi dogu. Izkera neurtua ei dogu gure biotz-ikutuaren berezko adierazpena. Ta, dudarik bage, biotz zauskada ta ritmuaren arrean zer-ikusia izan bear dau naitaez; ritmuak berak, musikatik dakusgunez, biotz-birlora ta zarrasta indartsua ezarri oi dauskuz.
|