L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1969 I-II Udaberri (1969-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Arteaga

 

Muniategi'tar Satin

 

Neure umetako ta betiko lagun,

Aboitiz'tar Kerarta'ri, adizkidetasun sendagarritzat.

 

Aurtzaroko arimapean sugar-berrituz bizitza,

araxe noa txustarrik-txustar, ioana orainduz;

araxe artedi, gaztañadi, landa, iitzarik iitza,

ibilbide zarretako egunik gurenak laztanduz.

 

Araxe neure biotzeko erri kutun, neure lenengo

argiratze, neure iaioterri eder, maite-maitera;

araxe Arteaga artetsu, neure gogo barrenengo

errietan erri, neure Bizkai bulartsuaren senera.

 

Araxe zortzi, amar, amalau bat urteko egalez...

urte lilluratsu, urte zindo, urterik baikorrenez;

araxe usoa baño usoago, aizeaz bat egiñez,

oinkada goikari, etorkizunik etorritsuenez.

 

Araxe azi ta ezi ninduten kabi, biotzetara,

Izla Goiko ta Izla Beko, Kurtzeko, Elizondo,

Gaztelu zear, Artia-Artia, Pantxikone, Ozollo,

Agarre ta Labiru'z, zeruperik bioztuenetara.

 

Aldi alai baten bidots ta agur biziak nakarte,

argia argiago zan begi zolien ikuste argira;

arako ume-ibillien itxaro ta, ego-zabaltze,

gure lenengo bide-urratze, egaztada garbira.

 

Gaur ez aritz, ez ezkur... piñudi beltzez iantzia

ta, aize miñaren ekaitz-intziriz betea izanarren...

libertadezko nortasun, aberrimin, deadar zolia

mendiz-mendi, oparo datorkigu iñoizko ederren.

 

Ni araxe noa bai, araxe, neure lenengo lenaren

Ereñozar, Atxarre, Kanala... Kantauri itxasertzez

araxe, amaika Peru ta Mari ipui gatzituren,

sutondo epeletako sendi alkartuen maitasunez.

 

Araxe arri ezagun, zelai ta landa, zugatzartez...

araxe, arto-garitza, uda giroko mamutz-eresiz;

araxe gaztain, intxaur-azalezko esku moskolez,

ainbeste lapurketa ezkuturen, sagasti, mastegiz...

 

Araxe bizi billa, ioandako bizitz ori berbiziz,

(amaren gonape laztan, amamaren altzo bigunez)

araxe egun igesien billa biderik kutunenez,

arako gau zadortsu, izar-illargipe ikusgarriz...

 

Araxe gau trumoitsu ta arako Anbotoko zorgin,

ta, asaben lamiña ta mamutzar ta galtza gorriakin...

araxe antxume iostari, bildots baten ioranez

iñuzentzizko begiarte zoragarri ta argienez.

 

Araxe belaunburu sendo, itxaropen egotuakin,

Argatxa, Galartza, Artebaltz inguruko itzalpera;

araxe kresalezko bustialdi, iauzi ta, mustadakin,

gure igeri-toki aukeratu, atsegiñetara.

 

Araxe ugario, xapu kolonkarien gauezko bidez

bruzezko iantzi ta abarketa zuri ta urdiñakin;

araxe egun txuntxunlarietako suziri otsez,

San Polikarpotako barkillu ta errozka gozuakin.

 

Araxe gernikar astelen, oñezko ioan ta etortez,

bide alaituetako andra iztun, gizoste lerdenez;

araxe neska-mutillen gaztetasun, mintzo bakanez,

oso gautu baño lenago etxeratzeko ametsez...

 

¡Ai, nola edertzen, biotzeratzen zaizkidan izan zana,

berri maitezko besarkada kutun, gorantzi apalez!

¡Nola pilpiltzen, begiperatzen diran alai, oleska,

orduko amesbide iorantsu, lagunarte ederrez!

 

Ta, i, Kerarta... oroitzen ete aiz gure iolasakaz,

gure gartza, tronpaketa, gure laster-zeingeiagoka,

gure noizik beingo indar-burruka ta pelotaka,

alkar-arteko ume-kontu, gure egun ederrakaz?

 

¡Nola datozen gogora ainbeste izen eta, zori,

egunik egunduenetako goiz-arrats, lurrik gurenez...

nola datozen arriz-arri, bizi-lorratz sakonenez,

ainbeste oñots biozturen emai, zorioneko ur bizi!

 

Antxe ikusten naiz bai, aundi izateko nai bizian,

adiñez urtetsuago ta aundiago ziranai begira;

bizarra noiz azi, zigarroa noiz erreko egarrian,

galtza luzeak noiz iantziko gizon egiñen antzera.

 

Antxe baserri bizitzan, akulu, aidots ta irrintziz,

azpigarri ta bedar-ezezko lurrin, usai bakanez...

antxe Kerixe, Txilintxio, Juan Dios, gizon nabarmenez,

ainbeste errikoseme entzutetsuren egun zoliz!

 

Araxe noa bai, oroitzaz oroitza, erriaren egalez,

igande arratsaldetako andra muslarien atartez...

Obieta, Mustegi, Galatxu... gure baserri ta kalez,

aintziña-aintziña neuretutako ore errikorrez.

 

O, Arteaga, errietan erri! Zure luze, zabalean,

betikoz zaitut bai ementxe biotz-arimaz barrutu,

ementxe bai, neure-neurean, magalperik beroenean,

betikotuz ainbeste egun ioanen itzal berritu!

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.