L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1981 (1981) —Hurrengo artikulua




 

 

Mikel Zarate olerkaria

 

Muniategi'tar Sabin

 

        Mikel Zarate Lezama'ko semea. Berak uste eban baiño txorierritarragoa. Euzkel alorreko langille errimea. Beti «bagendu» eta «balitz» entzuten gogaituta zegon. Egin egin bear da. Ba, «Balitzko erroteak, urunik ez». Eta, beti egitekotan egonean egon barik, zirt edo zart, alik ondoen egiten alegindu zan. Abiatu ba'zan abiatu zan bai, ederrik... Eta, gero zenbat idazlan, Euzkalerriaren onerako itxi euskuzan! Zoritxarrez, oraindik gazte zala mundutik alde egin eban, arako gure Lizardi, Loramendi, Lauaxeta (au eraildua izan zan) Aresti... Lanerako adiñik burutsu, onenean aldendu, betekoratu zan. Baiña, aren lorratzak, aztarnak, aren emoitzak, gure artean geratu dira gure euzkerearen emendio eta osasunerako. Zarate ezilkorturik bizi dogu eta biziko da gure euzkereak iraungo duen irauntzazko betiraun guztian. Lanari gogoz ekin eutson eriotz orduraño. Idazle ugaria. Ipuinlari, olerkari... Gure literatura edo elertia be poliki aztertzen aritu zan. Ainbat libururen egiIlea dogu: « Bizkai'ko Euskal Idazleak», «Haurgintza Minetan», «Ipui antzeko», eta, «Ipuin antzeko alegi mingotsak», «Euskal deklinabidea» «Higidura Berdez», «Euskal Literatura», «Euskal Ortografia», «Bizipenen Bultzadaz», eta, abade zan aldetik or itxi ebazan: «Gure Meza Deuna», «Gure Salbaziño Egintza», «Meza Liburu Txikia». Gasteleraz: «Influencias del Vascuence En la Lengua Castellana a Través de un Estudia del Elemento Vasco En El Habla Cologuial del Choricrri. Beraz, ezta edozein, gaur emen Larrean gorestera etorri garan lezamatar, bizkaitar au! Utsune aundi bat itxi eban euzkel elertian. Aren euzkera baturako batukeri guztiakin be, Mikel, ekarri aundiko, gatz eta piperrezko bide erakusle argidoia zan. Gizon irritsu, ipuin zalea. Olerkaria.

        Guk be, beti mindurik eta erostaka, etsipenduta ibil barik, oba genduke, Mikel'en antzeko lanerako gogoz euzkera alorrean aleginduko bagiñake, gure izkuntzea, berbetea sendatzeko asmoz. Ezin gara danok bardiñ izan. Ori ez, baiña nor bakoitzak egin leike egiten duan baiño zerbait geiago: Au da, euzkeraz ez dakinari ikasten lagundu; gizartean alik geien euzkeraz berba egin; idazten baldin badaki idatzi. Euzkerazko likeraz berba egin; idazten baldin badaki idatzi. Euzkerazko liburu eta aldizkariak erosi eta albada lagunartean zabaldu eta abar eta abar. Badago bai nun lan egin, egitan euzkerea nai badegu giartsu, bizirik mendez-mende, iraun dedin.

        Orrela danok ekintzatzen edo alegintzen bagara erria atarako dogu beren kinka larritik, orain nabaitzen dan il-zorizko egoera aztun mingarritik. Orrela izan ezkcro, laster sortuko dira Orixe, Lizardi, Lauaxeta, Zaitegi, Larrakoetxea, Barandiaran, Zarate, Aresti, Onaindia barriak... Ontxuago edo txartxuago guztien laguntza bear dogu: Lauaxeta'k erakutsi euskun. «Beiña ele lander baten seme iayo nintzan ezkero bertso nimiño oneik, be, argitara datorz». Darraigun bada aurrera, argitara, gizartera eroanik gure izkuntza maitagarria!

 

AURTZARO MINGOTSA

Mikel'ek, (guda ondoko umeak, mutikoak) bereak eta bost ikusiko ebazan, alako españarpekerizko ain egoera gorri, mingarrian. Zein ausartzen zan orduan, orduan (euzkera alde, aberri alde) agotik txintik ataratzen? Mikel zigortuak, irainduak, gogoan artu eban aldi madarikatu aren lazdura ta mingostasuna. Mikel'ek enela olerkiratu dausku:

 

                «Haurra izan nintzen,

                haurra;

                baina begietan,

                belarrietan,

                ditut irakiten,

                oroimenaren hotsetan,

                egun gorri haiek.

                Abioi zaharren abiada geldia,

                bonben burrunbada,

                tiroen txistua,

 

                «Sirena hots izugarria,

                jendearen arrapalada,

                arnas-hots estua,

                larriaren larria,

                zaurien larria,

                zaurien min lakarra,

                heriotzazko negarra,

                ezinaren ezina...

                gorroto lehertuaren,

                gerrate amorrotuaren

                adur zikina»!

 

        Gure erri zapaldu onek, bere gogo zaurituan, aragi minberatuan daroa oraindik alako guda-ondoriozko galtzalleen, negar-malkozko ezinbizi eta larri-aldia...

 

                «Aita kartzelan,

                Segovian,

                Cuellar'ko gaztelu zaharraren

                itzal hotzaren

                itxaropen hertsian;

 

                «Bizi alargun ama,

                hara ta hona

                laguntza eske behin eta berriz

                fusilamenduen dardara larriz».

 

        Ixillezko, bildurrezko gau baltzean iausi giñan, ezinbizizko oñazepean, erria maite genduenok... Baiña, oba da iarraitzea olerkariagaz:

 

                «Ni

                ezbeharraren

                sareetan

                nintzen erori,

                ta maisuaren

                hatzaparretan:

                «En pie, flecha de España,

                Falange victoriosa...».

 

                        «nuen ikasi,

                ta irabazleen

                haundikerizko harrokeria eroan,

                galtzaileen

                isiltasunezko bildur itoan,

                ekinaren

                okerraren leloan».

 

        Euzkal izaerea, nortasuna zapaltzeko, oinperatzeko ezikuntza iraingarria ain garrazkiro gure erriari ezarri eutsoena! Egoera mingotsa!!

        Españar nagositasun nabarmena benetan garratza, gorrotogarria zan gure bizi-alor guztietan.

 

                «EZ NINTZANA IZATEN

                IRAKATSI ZIDATEN»

 

diño olerkariak, ta olantxe izan da eta, oraindiño be... olantxe ez ete da?

 

                «Tu no te llamas Mikel,

                tú te llamas Miguel».

                «Oye tu aldeano,

                habla en cristiano»!

 

                «Calvo Sotelo,

                Onesimo Redondo,

                Jose Antonio Primo de Rivera,

                Franco, Franco, Franco...

                ¡Arriba España!

 

                «ez nintzana izaten

                iraketsi zidaten».

 

        Egoera, iñoiz aztu-ezin ori, saminduraz beterik gogoratzen dausku eta min damosku guri be, negargarrikeria, barriro begipetuz:

 

                «Haurra izan nintzen,

                haurra,

                baina begietan,

                belarrietan,

                erraiten ditut

                irakiten,

                oroimenaren hotsetan,

                egun gorri aiek,

                bihotzaren pozetan

                ezereztu naiez

                ahaztuaren hautsetan».

 

        Zalantzarik ez dago. Españarkeri biurri orren eraginpean irakunduko zan bai, mutikoaren biotza, eta egunik egun, zentzutuz, sendotuko aren abertzaletasuna, aren euzkaltzaletasuna. Baiña, askoren erdelzaletasunak, eta nortasun bako askoren izen-uts, askoren ganorabako euzkal abizenezko errotasun arrokeriak eta bururik-ezak, min damotso olerkariari eta, ezin du onartu orrelakorik. Gogoa sartzen iako euzkal abizenak itxi eta ordez erderazkoak artzeko:

 

                «Migel Perez Jimenez Gonzalez Lopez

                izan nahi nuke

                ametsezko mitoen zorabio gaxoa sendatzeko.

                Euskal Herria euskaldunez betetzeko,

                geu geutasun betean izateko.

                Nire alta eta amaren,

                aita eta ama maite-maiteen abizenak aldatu egin nahi nituzke,

                nire euskal deitura sakratuen suntsitzaile bihurtu,

                Migel Perez Jimenez izan nahi nuke

                Mikel Zarate Lejarraga izan beharrean».

 

        Amurraturik bizi da euzkereaganako bere maitasunak sortutako gorrotopean, baiña alan da guzti be, Zarate'k bere abizenak aldatzeko prest egon arren, ez dau aldatu nai bere izaerea, bere izatearen «ni» ori; «bera» izaten iarraitu nai dau:

 

                «eta, naizena izanez,

                euskaldun eta euskaltzale izanez,

                Euskal Herri osora joan nai nuke

                Xabier Artaberen buztin lehor antzua haragitzera,

                Aitor Goirizelaiaren haragi gris hila biztutzera,

                Mikel Pagonabarraga Gerrikaetxebarria Arteagoitia Gabilondo

                erdaldun erdeltzalea amorrotuaren

                arrazakeria zantar eta zikinaren

                herensuge beltz luze zahar hondagarriaren

                zazpi buruak ebakitzera

                behin betiko».

 

        Lotsa eta naska emoten dautso euskaldun erdelzale orren eta orren antzeko abizenezko arrazakeri utsak.

        Zarate'k bere burua olerkari sentitzen eban. Berak dirauskunez, gogo barruz, poemak, errez-errez, aixa sortzen ei-yakozan, edonun, noiz-nai, arinkiro eta eder, edozein garaitan...:

 

                «Argiaren birjintasunean

                etortzen dan eguna bezala;

                irribarre eguzkitsuz

                edo negar euritsuz,

                ugaritasunaren itxaropenean

                etortzen dan udaberria bezala

                etorri egiten zaizkit

                olerkiak,

                etorriaren sabel erdimintsuan».

 

        Etorri egiten yakozan bai, baiña poema bat edertuz gozoago, mamitsuago, esanguratsuago, osoago egiteko zerbaiten ikutu, ikuspegi eta abar, geigarri adimentsu, gogo-apaindura bat bear dau, bestela motela gertatuko litzake, azal utsean.

        Baiña, Zarate'k bazekin zelan opilla egin, arrautzak zelan irabiatu:

 

                «Etxeko giro maitasuntsuan,

                mendiko haizearen altzo dantzarian,

                kaleko kutsadura zaratatsuan,

                oinez, kotxean, abioian noalarik,

                geldi nagoelarik

                gizartearen naitasunean,

                «goizaldean, gauerdian...

                eta, jantzi egiten ditut nirean,

                kolore berdez,

                laztan xamurrez,

                abesti higiduraz...

                «eta jantzi eta apaindu

                egiten ditut nirean...

                «etorri egiten zaizkit olerkiak (diño)

                niregandu nahirik,

                egin, ez dut egin olerkirik».

 

        Amaika Nekeren Semea da Ogia! Aspaldi idatzi eban Barrensoro'k saritua izan zan ogiari buruzko artikulu eder batean. Orregaitik burura etortzen diran gogaiak landu, soñanz kitu egin bear izaten dira. Eta ori bazekian bai gure olerkariak. Beste olerkitxo batean, Zarate berak azaltzen dau egokiro:

 

                «Barne eraginaren

                etorriz

                eta jakitearen

                lan andiz

                jira ta bira

                ikutuka

                ta,

                sortuak dira.

                        Berez...,

                bat ere ez».

 

        Eta, zertarako dira olerkariak artzen dabezan neke guztiok? Bere «nia» niagotzeko eta betikotzeko. Orra ba, zioa. Emen be, txairoki datorkigu:

 

                «Rima gabeko

                ritmoz,

                ritmo gabeko

                rimaz;

                badatoz,

                badoaz...,

                zuri zerbait

                esanez

                ta, emanez,

                nire barnea

                asazkatzeko,

                neu izateko,

                zerbait eginez

                ahaleginez

                nire ni-a

                niagotzeko

                ta betikotzeko.

 

ZARATE OLERKARI URDURI

        Zarate olerkari urduri, eziñegona, asegaitza dogu, egungo literaturaren igidurapean edatutakoa, emengoz eta angoz, itxasoz itxaso, ur azal eta sakonetan murgildutakoa, euzkera maitea goi-maillaratzeko eta erriratzeko egarriz... Landa eta, zugaitzik zugaitz, egatzen dan txoriñoaren antzera, munduko olerkitzaren, (olerki aitzindariaren) mugondoetan ibilia dogu, euzkerea odolbarritu, indartzeko asmoz. Alan be, ez dau osotoro galdu bere euzkal sena, ez da kutsutu atzerrikerizko ikusmira deusezkorretan. Euzkaldun agertzen iaku beren ikuste, oarpen, sentipenetan. Txairo eta pinpirin abiatu zan, zelairik zelai, alorrik alor, euzkerearen gogoari eutsiz... «rima gabeko ritmoz, ritmo gabeko rimaz» beren txintada zoliz.

        Begiko eban Lauaxeta, kutun, baita Lizardi be, baiña gerora, aitzindari edo iraultzalleen alorreko poesigintzara aldatu zan, eta, Aresti buru zala onen lorratzetik ibilten asi zan, munduko beste aitzindari batzuen buru-bidez. Zarate'k bere «IPUIN ANTZEKO ALEGI MINGOTSAK» deritxon liburuan, Lauaxeta'ri zuzendu edo eskeiñitako olerkitxo batean, ondorengo autorkuntza au egiten dau: «Ipuin alegi mingotson bultzalari eta gidari izan dodan "Lauaxeta'ri", nire irakasleari»:

 

                «Zidar zuriaren

                bide barriak

                arrats beeraren

                urre gorriak.

 

                »Leenaren garrak

                barruan leer:

                barritu zaarrak,

                barriak eder.

 

                »Eder, berri, zaar,

                nire atsegin;

                zure urre-zidar

                beti nirekin.

 

                »Odolezko laiñoz

                ildako arrats

                egunsentiko poz

                bizi aberats».

 

        Zarate, gure izkuntzaren olerti bazterrak aztertzen, arakatzen alegindu zan bai, eta, berein literatura liburu osotu ebazan. Bertsogaiak, gogaiak, errez-errez, sortzen ei-iakozan... egonean, ibilian; goizean, arratsean, edonun eta edonoiz, baiña, egin... «Berez... ...bat ere ez».

        Olerkariak be, beste edozein bizibidetan lez, olerki bat taiutzeko, biribiltzeko, maillu edo zizel biurtzen dan itza bear izaten dau. Eta, orra or, gure olerkaria, garratz edo gordin, bigun edo xamur, txairo edo pinpirin, arnaska edota larri, itzaren billa, lora kukulluz gain, bertso azkez, egalari...:

 

                «Hitzaren billa

                poeta dabila.

 

                »Hiztegiaren

                mehatzeko

 

                »urrezko

                hitza

 

                »poetaren

                bizitza».

 

        Aurkitu ete eban itz sorgin, ederbidetsu, egoki eta adierazgarri ori? Eztakit. Bide orretatik zebillen bai, baiña eriotzeak oztopotu eutson tamalez, bere gogoko izango zan bide amestuaren itz elburukor ori...

        Olerkera esanguratsu, arin eta erabat iostalariz, iostalariz, igitzen da alako doñu berezidun ego-ots egaberatsuz, edozein era ta garaiz iatorkczan gogaiak itzeratuz, ezebez-ezebezak dirudien egitura arin-biziz, sakonkiro, poematxoak antolatuz. Zer da olerkia itaundu norbaitek? Erantzunik onena artu geinke gure arako esakun ederretik: «Zenbat buru ainbat aburu». Baiña, ez; goazen Unamuno'k olerkiari buruz idatzitakora ia zer diñon: «Bere igikera izkuntzaz barrua ustutzen duana dala olerkaria. Igikera orren eragiñak, larraiñean erabiltzen dan eskuara edo aizegailluz pentsamentua arazteko, aleak edo garaunak lastoagandik banatuz, eguzkidun ortzargi aizekirritsu baten». Zarate'k bere bertso ariñetan oldozgai ederrak sartzen berebizikoa dogu. Batez be, euzkeltzalea gendun eta barruti ontan burutik berako, « batua» alea. Bizkaiera maiteari dei egiten dautso batuan murgiltzeko esanaz:

 

                «urteen behingoan

                bizkaiera maite,

                euskara batuan

                murgil zaite.

 

                Euskal joskeraren

                ardatza koipatuz,

                berrehun milla euskaldunen

                hizketa batuz

                eta hedatuz».

 

        Derio'ko Seminario Ikastetxe'ko irakaslea izan zan. Eta, Euzkerazko ikasketen arduraduna eta bateratzallea E.G.B.'ko irakasleen Elizako Eskolan. Bearbada irakasle izate orrek bultzatuta barrenduko zan «batugintza» hatxedun orren erabidezko naste-borrastean. Baiña, akats-makats, egi edota guzur, aren iokabidea euzkerearen maitalle aundi batena zan.

 

                «Europako lehen

                izkuntzen senide,

                Aitorren semeen

                ulerbide!

 

                Nire mihinaren

                betiko emazte,

                udara zaharren

                lore gazte.

 

                Bizirik irauten

                duzu oraindino

                nire bihotzaren

                pozeraino

 

                Nire mihinaren min

                ene ederño maite:

                gurean gurekin

                egon zaite! »

 

        Beraz, egunero zapaltzen, oinbidetzen eban Bilbo erdelduna, (Ibilgoa?) euzkal-dundurik ikusteko gogoa agertzen dausku, uriari zuzendutako onako bertso erdimindu auetan:

 

                «Giro berrien

                erdimiñez

                agertu zintzaizkigun

                hiri urduria:

 

                Gizabideen

                bake pozez

                nahi zaitut, euskaldun,

                Bilbo'ko hiria».

 

        Biotz-biotzeko amets gozoak, egunik-egun, ikasle barrien itxaropen eder-ederrez kolkoratuak.

        Gaurkoz eta gaurkotasunean murgildurik murgiltzen iaku gauza barrien barrikeri artean, «jainko guztiak ukatzen dituen» gizartean «luma amorratuaz eta tinta garraztuaz» idazten daben igarle edo profeten artean baiña, ezin aztu, bera ume zaneko gauzak. Begira aren autorkuntza:

 

                «Maite dut lehengo Euskalerria,

                nigan bizirik dagon Euskalerri zaharra.

                         ... gaurkoa izan nai dut baina

                maite dut lehengoa»...

 

                ... mindurik nauka ezbaiaren ezten zorrotzak,

                hiri kaletsu hontako zirriparra larrian.

                ...ura ta arnasa bezala

                permiazkoa dut gaurko Euskalerria ezagutzeko,

                gaurko mundo berria euskal eraz berritzeko...

 

        Zaharra alde batera utzita konturatzen da olerkaria ezin dala egin etxe barririk. Iraunpengoa eten ezkero eztago iraupen bide on bat egiterik.

        Mikel'ek egindako olerkirik ederrenetariko bat, antolojiarako modukoa, urrengo auxe dogu:

 

BERA EZ DAGO EZ

 

                «Baztertxo hortan egoten zan eserita,

                baztertxo hortan egoten zan murmurrean

                (hezur ta azal, ximel-ximel, hilotz bizi,

                kronista zahar, lehenaren zabaltzaile,

                nire erlijio, euskara ta Euskalerri)

                hortxe egoten zan beti nire amona...

                baina ez dago... Ez dago ez, orain emen

                urte askotan maite izan nuen hura.

                Hementxe daude bere gauzak (hotz ta triste,

                bertan behera bazterturik): zapatillak,

                orratza, aria, ditarea, artaziak,

                antiojuak (kinkaileru zahar bati

                orain hogei ta hiru urte erosiak,

                kristal nabarmen haietara eratzeko

                bere begiak, okulista batek inoiz

                ikusi gabe il zirenak). Bere gauzak

                hementxe daude, baina bera ez dago, ez.

                Bere ohea, orrazia, guanteak

                ta adrilua (bere ankak berotzeko,

                oso hozbehera txikitatik izan baitzen).

                «Hementxe daude bere gauzak, baina bera

                ez dago hemen. "Betiko ez gara eta

                —esaten zidan— eldutako madaria

                jausi egiten da, jausi, bai, ene maite".

                "Ez, amona" —nik erantzuten—,

                egiaren dardara irripar batean ezkutatuz.

                Bai, ai ezbearraren ezbearra!

                esan bezala erori zen gaixoa

                eta ez dago hemen, bere baztertxo hortan,

                ez dago. Bere gauzak diote»...

 

        Zapatillak, orratza, aria, ditarea, artaziak, an bazterrean daude, baiña, bera, ez dago.

        Zarate, belaunaldi barrikoen arrobikoa dogu, euzkeratik mitoak, zarkeriak erabat kendu eta, egungo bide barrietarantza makurtu dana:

 

                «Ez aingeruk eta ez arranok

                hemen ez du jadanik

                egitekorik ezer.

                Hil zaigu dena,

                eta poetak

                uste

                du,

                ezerk ez duela balio.

                ... eta beste mila

                kinka hots,

                poeten makila kaden

                ta mingots

                erdiminetan dagon

                munduaren garrasiak

                eta antsiak.

                Kontzientziaren,

                kontzientzipearen

                ta kontzientziezaren

                higiduraz

                ta etsipenaren

                kutsaduraz

                sortuak.

                Beranduko existentzialismuaren

                kantuak.

 

        Gaurko mundu errearen kinka larriko ezinbiziaren ikusle eta aurkezkaria dogu Zarate. Ezin da esan goimallaratu zanik, baiña urrats barrien barrumiña azaltzen dau beren olerkitxoen arintasunean.

        Beren txorierritasun bizigarria eta orren ondoriotasunezko ainbat abes-txintada edergarriren pinpilinpautasuna euskal parnasoraturik alde egin euskun betiko. Beren nortasuna agertzen asi zanerako alde egin euskun adiñik onenean:

 

                «Udagoien ile urdin

                nire edade,

                nire gelan nirekin

                bakardade»

                «Ez nago ni, ostera,

                horren bakar;

                zure bihotz barnera

                berak nakar».

 

        Larri-mindurik eriotzaratu iaku euzkerea uriratu naiaren alegin etengabean. Baserria il-zoriko agonian nabaitzen du eta oiu dagi:

 

                «Nahiz eta ahalegindu

                gizaldien

                gizaldietan

                gure mendien

                barrenetan...,

                gureak egin du...

                ... egin du.

                Zereko

                (badakizu nongo)

                zeraren

                (badakizunaren

                zera

                (behera )

                hil dute,

                pertsonak hiltea

                baino hobea

                ez dena:

                sena

                hil dute

 

                berrogei urtetan

                negute

                luzearen

                nahi ta nahi ezko

                pakezko

                larriaren

                beldurretan

                eta

                nahiz eta

                ahalegindu...

                gureak egin du...

                ... egin du...

                eta, bat, bi, hiru eta lau,

                betiko leloaren

                zurrunbiloaren

                zurrupak irentsi nau.

 

                Zurrunba,

                burrunba,

                erremola,

                zirimola...»

 

        Eta, abar. Olerkera iostalaria, dantzaria gure olerkariarena. Baiña ikusten da zelakoa dan aren barru-barruko naigabea eta etsipena. Alan be, badu zerbaiten itxaropena eta, esaten dausku: «Eraman ezazu haizetara, eraman ezazu eguzkitara, eraman ezazu baserrira, eta hirira, ikastoletara, etxeetara, irratira, telebisiora..., edonora. Biaña ez sartu, mesedez, faborez, inongo bitrinatan; ez lurperatu, sekulan santan».

 

                Olaxe izan bedi!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.