L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1982 (1982) —Hurrengo artikulua




 

 

Mattin lagun zenduari

 

Jean Arrosagarai

 

Trixtura aipatzera gaurkoan banoa

Bihotza serios ta kexuan gogoa

Berriki galdu dugu lagun arraroa

Denek maite ginuen Mattin dalakoa.

 

Ezin ahantzia da holako trixtura

Euskaldun aurpegia zurekin histu da

Berriz bagindu Mattin kusteko mentura

Laster ekabo laike gure minen duda.

 

Omore ona zuen Mattin-ek lehenik

Irria ezpainetan baitzuen maizenik

Bere denboran gizon alaia izanik

Badea nehor hartaz orroitzen ez denik?

 

Aizu Mattin zurekin iragan denbora

Maiz oraino etortzen zeraita gogora

Laster airatu zira Jaunaren ondora

Guk ordaindu gabean ginaukazun zorra.

 

Gau eta egun zutaz nago pentsaketan

Zure obrak gelditzen direla jendetan

Irakurtua zauden aldi guzietan

Biziko zira, Mattin, gure bihotzetan.

 

Ahetze herria gaur zonbatez dagon hits

Zere galtzeko mina senditzen du bortitz

Bere seme izarra maite zuen ainitz

Zer atsegina luken berriz baladi pitz.

 

Joana joan dela gogoan nindagon

Sobera xangrinetan ez gaitezen egon

Bizi zelarik, Mattin, alaia baitzagon

Zeruan ere badu nahiko zorion.

 

Gu bezain uros dela pentsatzen dut egun

Mattin-en arima noiz izana da ilun?

Berekin tu zeruan hiruzpalau lagun

Xalbador, Zubikoa, Errexil, Etxahun.

 

Ahanztera nindoan lagun bosgarrena

Hura zuen Mattin-ek bat Arotzamena

Xalbador-en urtean itzalia dena

Gutan geldituko da zuen orroitmena.

 

Nola zeru zolatik izarrak erortzen

Koblariak berdintsu zaizkigu agortzen

Euskaldunen lurra da hasia idortzen

Jauna, lagun gaitzazu fruitu berri sortzen.

 

Nahi dugu ordainak ditezen atera

Denak itzaliz nun da herriko manera?

Azia daukatenak zaitezte bolera

Koblaria sekula ez baita sobera.

 

Bizia akabo guk ere ixtantean

Dugula erroituta pentsatzen hastean

Ene nahia laike Mattin gu jitean

Beha kausitzea zu zeruko atean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.