Erleen antzera
Eusebio Erkiaga
I
Iturbekoa
(Jose Mari Arizmendiarrieta)
Yasetxe zuri haretako
mutiko zolia,
etxauntzea uzteko
goiminez igurtzia,
Iturbe izan zan
haren sortokia.
Gaztetan, ume artean,
basetxearen gerizean,
lanak eta pozak
umetako gauzak
beste ames batzuen eskean.
Ikasi
ikusi,
jakingurea,
bizitza
barriko
heldubidea.
Dunbotsak mendian,
suagak urian,
gerrate zital mingotsa
heriotza ugarian.
Uu uuu u, u u uuu u
ai ai ai ai ai ai
ene ene ene ene ene ene
o o o nahikoa da odolik;
gorrotoa bego,
ganezka egina
honezkero!
........................................
........................................
Jauna zuekin.
Jauna zuekin...
Goizean otoi
ta gero, ekin!
lanaren santu-gatza,
ez usteltzeko
behar dozuen
lan gozo ta latza.
Mendi heze arteko
uri politean
abadekuntza hasi
ta hantxe amaituko,
borondate betean
zintzotasun batean
Arrasatezale,
Arrasaten beti
Jose Mari Arizmendi.
Lan lan
eta beti
lan, lan.
Argitasunez buruak,
lanerako prest eskuak,
bakea gizon guztiengan;
bake horretan
kirola, eta lan
lan eta lan,
lan, beti
lan.
Aintza zeruetan;
maitetsuna, jaioengan.
Geldia, atsedena
ez zan haren griñea, uzia;
atseden egiteko...
han, azkenean, Parusia.
II
Eztigintzan
(Biktoriano Gandiaga)
Behinola...
Atx erpinetan
harriak pilatuz
biribilduriko
prailetegian
ezagutu neban
gaztetxu
gozo, ixil,
oldeder,
erditze-minetan murgil,
ameslari ta otzana,
behinola,
Gandiaga.
Gure mintzo
beheratuaren
bizigureak
sorturiko bilera
minberatsuan
batzandu ginan,
aldi baltzeko
laino artean
Aloñapean,
bihotzak mintz-zart,
lilura ta bildur
arrotzen
agintepean
orduan
eta gaur bere,
giza -bildurra
ta giza-kemena
burruka
etenbakoan,
ene Gandiaga,
bat ete da gizona
ala bi?
ta are hiru bere?
asmo, gurari goitar,
hegadun hegalari
kemen, lur, grina
ta odola
narraztari;
behinola...
Gerogarrenean
Bizkaiko
Larrako
komentu aldean
ikusia,
epaikari ni
ta Gandiaga
olerti-saridun,
gogoa
pozez igurtzia,
baina atsekabe
txiker batek zuloa
begi sakonetan,
arean
beste olerkari batek
jararik egin
ez eutsaneko
samina
behazun-tantetan.
Anartean
bezuzik
txanbelinena
edergoaren
altzora ekarri,
«Elorri»
goi-gizonaren lurruna
amaren berbeta biguna
buru-belarrian barriro,
zeruaren urruna
geureganago
geunkan
zorioneko
egun haetan.
Behinola...
mintza-ortzian
izar dirdiratian
zeruko intza,
gogoarentzat ezti;
aize, arimearentzat.
Behinola
bezala
emoiguzu,
Gandiaga,
elorri gazte,
elorri barri,
gogo igarraren
asegarri,
guretzat ezti
txertakari.
III
Izurtzan jaioa
(Nikolas Alzola Gerediaga)
Pagoak orriz jantzi
jantzi diranean
aldegin dozu,
alde ixil-ixilean,
saminez lotu gara
euskal-alorrean,
ta ustekabean.
Gizadi sail handian
banakako ume,
lurtar baina goi-aizez
sendo eta xume;
lehengoez gainera
barri dan hutsune,
maitezko lokune.
Orainaz ta geroaz
barrua urduri,
gizon bakotxak dauka
misterio txuri,
misterio horrezaz
galdeak zuk guri,
ames ta gurari.
Ederrak ikutua
arima zurea,
begietan zenduan
margo-dolarea,
lan txukun zuk bihurtzen
zeru lurraldea,
atal eta alea.
Goirantz abiauteko
azkona bezela
izpiritua zorrotz,
gorputza kartzela;
baina, bidazti zintzo
maite zenduzala
herri ta euskera.
Euskal-bide horretan
zindudazan topau,
harako ilunaldia
bai egun ta bai gau;
zerbait argitu jaku
oraingoan lur hau;
amesgurea dau.
Jakinguraz beterik
gogoa itzarri,
bidaldian batzaile
inoiz ezin geldi:
ele, ipuin, hizkera
txorta zoragarri,
arduratsu jarri.
Atalak atalkatuz
osoaren bila
zure jardun ekina
apal ta ixila;
orain burutu dozu
ardatza, harila.
Azken Biribila.
|