Eusebio Erkiaga-ren olerkiak
Anton Larrauri-ren doiñuentzat
Eusebio Erkiaga
Itzali ezina
Utsunez dugu etxea
asabak il bait ziren,
soiñez ez ditugu,
baiña aien gogoa emen.
Bazter oiek zer diote?
zer diote erriek?
mintzo ixillez zaizkigu
mintzatzen beti aiek;
sendoa den mintzo gozoz
mintzatzen beti aiek.
Aurretikoen
argi
itzali eziña.
Adaxka berria baitu,
zuhaitz zaharra zaitu!
Argi, argi
itzali eziña.
Eman eta zabalduko
esku eta zubiak,
alare etxeak begoz
lurrari atxikiak;
mendez-mende dirauanak
beharra du jarraipen,
bide jakiñen lorratzez
berriak urraturen.
Argi, egiña
itzali eziña.
Portu Errota
Errota, «Portu-errota»
aran baketsuan,
itsasoaren indarra
galtzen dan lekuan.
Gernikaldeko arana
urez, lurrez zelai,
ba ditu euskalerriak
milla mendi garai.
Eguzkipean sarri dago,
laiño artean sarriago:
«Portu-errota» ate zabal
adiskide jatorrentzako.
Indar ta bakez bazter eder,
zureganako naiz zoroa;
eio ta eio diharduzu
euskal-lurreko artoa.
Bizitzako errotan
eioko gu ere,
askoren ordez
bat bihurtuko
gu guztion ore.
Ene «Portu-errota»
millazka artean,
lehenez bakar izana
orain inguru betean.
Kla, kla...
Errota, «Portu-errota»
aran baketsuan,
itsasoaren indarra
galtzen dan lekuan.
Leku-lekuan, leku-lekuan,
lekuan...
Gernikaldeko «Portu-errota»
aran baketsuan.
Dirdiz
Muiño orretan
agertu ornen ziñan.
Agerkizun berri
opa dizut nik:
Gizadiaren arbola
illunean, ikus
ditzan gizonak abar guztiak.
Doiñuan batzarre
kantuz ta jauzika gizonak
baita ixiltzen ere
lurrari atxikiak.
Txistulari jauna
biribilketa berri
emaiguzu beti.
Doiñua dugula
dantza ta kantu, euskaldunok
eta bitarteka
atzaparra lurrean
ixil eta geldi
txistu-otsaren adi.
Bakea gurari, bai!
Artaganean agerturik
ametsa, egia bihurturik.
Esana ote, egia ote?
Laiñoaren truke, eguzkia;
amets-orde, egia;
gizonak du premia.
Orain eta beti
I. ERESIA
Itxaro lore genuen seme...
Gazterik ederrena zen,
sua zeraman begian,
osasuntsu zen mutilla
illik datza mendian.
Aidean ez da txoririk,
denak abar-artean gorderik.
Aberriaren seme,
bihotz zabaleko,
bizia eskeiñi zenion eta, orra,
odolusturik zaude.
Aidean ez da txoririk,
denak abar-artean gorderik.
Gazterik ederrena zen,
sua zeraman begian,
osasuntsu zen mutilla
illik datza mendian.
Aberriaren seme eder,
bihotz zabaleko,
bizia eskeiñi zenion eta, orra,
odolusturik zaude.
Gazterik ederrena zen,
sua zeraman begian,
osasuntsu zen mutilla
illik datza mendian,
ez du odolik zaurian.
II. ZORTZIKOA
Aurretikoen maitasunean
aien etxean azi, bizi;
gure Erriak eskatzen digu
gure lana ta bizia
atergabe,
ta saririk gabe,
zut iraun dezan jaun ta jabe.
Aizatu txalaparta
eta alboka,
jo txistua ere!
Gazte bulartsu arek
erein azia, orra, erne.
Egunsentiak gauazkena
puxkatutzean ozkarbi,
neska-mutillak dantzan ari
ta kantari.
Geurea zaitugu, aberri gozo,
egonleku xarmagarria
menderik mende Euskalerria.
Aberri, Aberri!
bakarra zara euskaldunontzat
orain eta beti.
|