Ezaren utsa
Anjel Bidaguren
Birinbolan, bira eta bira
txirringa lokatua iduri
amildegira naiz ni erori,
ene berengo ezer ezera.
Garraxika diardu ixillak
ertzik bako sakon illun ontan;
ots eta itzak ito eta illak
ene uts ain bete onen baitan.
Illunari lapurtu deutsadaz
betezal bako bi begi aundi
t'ezari darion argiagaz
ikusi ene utsaren auts-mendi.
Alper nagiduren ondakiñak,
arrokeri merkeen ondarrak,
lizunkeri gangarren ozpiñak;
an, or, emenka, guzur tontorrak.
Ba dirudie uraldi gorriak
amil berakoan ur zikiñak
baztertuko zaborreriak,
ustel eta ongarri ezinak.
Lurrun guztiak eskura naia,
argi betikoen lotu gurak,
guleri losi laskelen garaia;
orra ene ezaren itusurak.
Kikil larriak itonaroa,
neure urik bako itxasoan,
bildur gaziz bete agoa
etsipenaren ur-gorakoan.
Auxe bai gau onen latza,
itxar-argi torrerik bakoa,
betiko ezaren une baltza:
Neu bete olatuen kolkoa.
Une ontan egin banegi al
ixillaren garraxia ixil.
Au larri-aldi gorri ta itzal,
aleziñari kiñuka nabil.
Baletorkit arnas apurren bat
aiene bat egiteko aña,
laster litzake gora, zerurat,
bero, apal, garbi ta ariña.
Au miña, mingotsa guzur truke
gizontasuna galduarena;
jainkotxo txiki, trapuzko, merke
ta ezer ezik ezerezena.
|