Garbitokia
Dante
euskaratzailea: A.O.
V Kantua
Muiña. Mendirantz doa Olerkaria, eta arima talde batekin buru egiten; auek, bizien arteko bat an zegoela ta berau berriz ere ludiratzekoa zala jakitean, biran jarten oni, beren senideei gorantziak emateko eskatuz. Betiko salbamenari buruz nagi ta zabar jokatu lendabizi ta gero, eriok ez ustean artu zituanean, beren utsegitez damu izanak dituzu guzi auek. An daude, beste batzuen artean, Cassero'ko Jakobo, Montefeltro'ko Bonkonte, eta Siena'ko Pia, guztiak Olerkariari azaltzen ari dira beren eriotz-zehetasunak.
Itzal aietatik alderatua nintzan ni ordurako ta Zuzendari nuenaren oiñatzak jarraituz ninjoan; ontan, gibel neukan batek, atzez ni adieraziz, deadar egin zuen: «Ikus! Eguzki-izpiak ez dirudi atzetik dabillenaren ezkerrera ematen duenik, eta bizi danarena da olako ibillera!»
Biurtu nitun begiak itzok aditzean, eta neri begira ikusi nitun arri ta zur egiñik, neri bakar-bakarrik eta nik geldi-erazten nuen argiari begira. «Zergatik zeure gogoa orrenbeste kezkarazi, ibiltzea ere laburtzeraiño noski? Zuri zer, an abots ixilka, zitzi-pitzika jardunagatik? Jarrai zakit, eta utz zuzmur dezan jendeak. Iraun ezazu trinko, aizeak putz eta ats emanik ere burua iñoiz makur-azten ez duen dorrearen antzeko. Gizasemea beti, asmo bat beste baten gaiñ irakitzen duelarik, bere jomugatik urrunduz joan oi da, bateren lerak besteren garra naiz-ta aul-azi». Zer erantzungo nik oni, «ba-noa» baiño? Olaxe esan nion, gizona noizik-bein errukarri egin oi duen margoz arpegia estaldu zitzaidan arren.
Orretan aldaar zear gureganantz zetozten arima batzuk, bertsoz bertso Miserere abesten zutela. Baiña nire gorputzak ez ziela igaroten uzten eguzki-izpiei, oartu ziranean, «Oi!» luze gozagaitz biurtu zan aien kantua, eta aietatik bik, mezulari bezela guragana urbilduz, galdetu ziguten: «Jar gaitzazue jakitun zuen izaeraz». Eta nere maisuak: «Itzal zaitezte eta esaiezue bial zaituztenei, egi-egiaz bai, onen gorputza aragizkoa dala. Beronen itzala ikustearren, nik susmo dudanez, beren ibillia laburtu baldin ba'dute, erantzunik aski daukate; dedu begioe, onurakor litzakie-ta bear bada».
Egundaiño ez nuen nik leendik ikusi gau-asikeran izar lokarik ozkarbian orren azkar ezta eguzki-sartzean dagonilleko odeiak zearkatzen arima aiek bezin bizkor gorantza egiten; eta an besteakin alkarturik, gureganantz biurtu ziran galga barik dabillen zaldi-taldea iduri.
«Guztiz aundia duzu guregana datorren moltzo ori ta eskariren bat egitera datorkizu apika esan zuen olerkariak; baiña zuk jo aurrera ta zabiltzalarik egon zurt». «O arima, jaio ziñan soin-atal ber-berakin zorionera zoazan ori! zetozten oiuka. Geldiaz ezazu pitin bat zeure oinkada; begira, gutarikoren bat iñoiz ikusi ote duzun, olakoaren berria mundura eroan dezakezun. E! Zergatik zoaz aurrera? E! Zergatik atzera geratzen? Indarrez illak gera gu guztiok, eta pekatari azken ordura arte. Orduantxe argitu ginuzen zeru-argiak; olan damutu ta parkatuz, Jainkoaz onezkoak eginda, atera giñan bizitzatik; Beronek orain bera ikusteko irrikaz indar-azken gaitu».
Eta nik: «Zuen betarteak, arretaz begiratuta ere, ez dut nik bat bera ere ezagutzen; baiña ni zer-edo-zertan lagun izatea eder ba-zaizue, ezpiritu prestuok, esaidazue ta nik egingo dizuet mesede ori zuzendari onen oiñatzai jarrai munduz mundu billa-eragiten zaidan pake uragatik».
Eta aietako batek oiu: «Zin-egin ezta ere, guztiok dugu uste ona zure naian, ezinak beztu ez ba'dagi beintzat zure gogomin ona. Nik, ba, besteak baiño leen bakarrik mintzatzen natzaizun onek, eskatzen dizut, Romaña ta Karlo tartean dagoen eskualdea iñoiz ikus ba'zenekakezu, lor ezaiduzu Fano'n zeure otoitz adeitsuen bitartez ango onak eska dezatela nere onerako nere pekatu astunak garbi ditzadan. Angoa nintzan ni, baiña janaritzen ninduan odola atera zan zauri sakonak Antoner'tarren mugetan egiñak izan zitzaizkidan, antxe bai, nik ziur-ziur nengoela uste nuen tokian. Sortaldekoak agindu zuen olaxe, zuzenak eskatu baiño geiago gorroto ninduanak; nik orraitio, Oraiako'ra eldu nintzanean Mira-rantz iges egin ba'nu, oraindik arnas artzen antxe nengoken. Istingara jo nuen eta kañaberak eta lokatz-arteak atzeagarri izan zaizkidan oso, ta erori nintzan eta ikusi nuen nere zaiñak lurrean osin bat egiten zutela».
Beste batek ondoren esan zuen: «A! Bete bekizu mendi garai ontara ekarri zinduan guraria, zuk zere onguraz nerea bete nai duzunez! Ni Montefeltro'koa izan nintzan, ni Bonkonte nauzu. Jone'k ezik besteak ez dute nere axolarik; origatik noa ni buru-makur auen artean». Erantzun nion: «Zer indarrek edo-ta zer zorik eraso zinduan Kanpaldino'tik kanpo, zure illobia nun dagoen egundo ez jakiteraiño noski?» «Oi! erantzun zuen ark. Kasentino oiñean doa Arkiano deritzan erreka bat, Apenino'n, Ermo gaiñean, jaioten dana. Araxe, onezkero alperrikako izena daramanera, eldu nintzan ni, eztarrian zauritua, oiñez igeska ta laua odolez gorritzen. An galdu zitzidan ikusmena, azken-itz bezela Maria izena jalgirik; an erori nintzan eta antxe geratu zan nire gorputza bakartade gorrian. Egia bera diotzut, eta zuk ber-esango duzu bizien artean: Jaungoikoaren aingeruak artu nindun, eta infernukoak deadar: «O! zuk, zeruko orrek! Zergatik kentzen didazu au? Bere betierekoa daramakidazu lapurtu didan malkotxo batez; baiña gaiñerakoa ez dut berdintsu erabiliko».
«Ba-dakizu nola lurrin ezoa, euritan jausten dana, eguratsean biltzen dan, otzak eltzen dion lekura igo bezin azkarki. Orobat ark ere, gaitza soilki nai duen ark bildu zuen adimen-oldez ber ezin-ikusia ta ke-lurriña ta aizea naasi zituan bere izateari dagokion kemenez. Ordun arana, eguna urtu zanean, Pratomagno'tik mendi besanga aundira artekoa, gurme gertatu zan; goiko zerua aizaro egin zan guztiz, ur biurtu zan aide asea, lodia: euria jausi zan, troketara lerratuz lurrak irentsi al izan ez zuena, eta erreka guztietako ur-tiraiñak azi ta ibai nagusira oldartu ziran legez suar bizian, etzan ezer aiei eutsi al izatekorik. Nire gorpu izoztuak aren iztabo-mugan Arkiano aurkitu zuen urez azia ta Arno'rantz eraman zuen zirrika-zarraka; nik nere bularrean, oiñazeak sakaildu ninduanean, nere besoz egin nuen gurutzea andeatu zan, eta izpazterrez eta sakonez txintxilipurdi erabilli nindun ondoren; azkenez, bere ondar artean estali ta moltsotua gelditu nintzan».
«A! Munduan itzul zaitezenean, eta ibilte luzez atsedendu jarrai zuen irugarren ezpirituak bigarrenak amaitzean, oroi zaitez nitaz. Pia nauzu, Siena'k egin nindun eta Maremma'k (itxas-padurak) zuzitu. Ongi daki ark, orduko alargun, niri jarririk bere ereztuna, ezkontzaz beregandu nindunak».
VI Kantua
Muiña. Olerkariai bidera beste arima batzuk; auek ere beren gorputzetatik indarrez bananduak, eta azken-orduan Jainkoarekin onezkoak egiñak. Batzuen izenak aipatzen dira. Txeratsu artzen du Sordello mantuarrak bere erritar Bergili. Dante'ren mintzo larria Itali zatituaren eta onen gaitz guztiaren errudun diranen aurka.
Zara jokua amaituta, doazanean, txintxilimur eta buruz-bera gelditu oi da galtzen duena, esku-aldiak gomutaratuz eta naigabetan berak buruan irauliz noski; irabazi zuena, ordea, pozik doa jendez inguratua, au aurretik, ura atzetik, eta irugarrena alboan, denak bera zoriondu nairik; bera ez da gelditzen, baiña, ari ta oni entzunda ere; urari eskua luza, ta besteagandik aske: gisa onetan da lagun-andanatik jagoten.
Olaxe nengoen ni ere jendetza estuaren erdian, ona ta ara neure azbegia biurtuz, eta zarraparra artatik ni askatzeko eskatzen. An zegoen arezotarra, Tako'ko Ghin basatiaren besoz eriotza artu zuena, eta etsai-etzan zebillela ito zan bestea. An zegoen erreguka, eskuak goi, Federiko Novello, baita Pisa'ko ura ere, Marzuko onaren biotz-gotorra diztir-azo zuena. Orso kontea ikusi nuen, eta beste ura, arimea, ez erruren bategatik, gorrotoz eta bekaitzez baizik, berak aitortu oi zuenez, gorputzetik bereiztu zuena, au da, Brosse'tar Kepa diot; eta kontuz bizi dedilla emendik dalarik, Brabante'ren andrea, talde gaizkiñagoa gerta ez dadin gerokoan.
Alik azkarren santutu zitezen beren alde besteak egiteko eskatzen zidaten itzul guzti aiengandik neure burua jarei ikusi nuenean, esaten asi nintzan: «Zeure idazkunen batean, oi ene argi!, zuk argi ta garbi ukatzen duzula dirudi otoitzak ez duela zeruko erabakiak aldatzeko indarrik, eta jende onek alare ez du besterik eskatzen. Itxarobide utsa ote dute, ala nik ez ditut ongi ulertu zuk esanak?» Eta ark neri: «Argi duzu nik idatzia; eta auen itxaropena ez dabil oker, gauzak erizmen garbiz begiratu ezkero; iritziaren gaillurra ez bait da urriagotzen maitasunezko suak emen daudenak ordaindu bear dutena, unetxo baten, beterik ere; eta nik esaera jarri nuen lekuan utsak ez dira erreguz zuzentzen, utsa da-ta otoitza Jainkoagandik alde-eraginda daudenentzat. Zuk, baiña, ez egizu zeure iritzia ondu ezpai orren sakonaren gaiñ, egiaren argia ixuriko dizunak adimena argitu dezazun arte. Ez dakit ulertzen ote didazun: Beatriz dakartzut gogora; gorago ikusiko duzu bera, mendi onen tontorrean, betargi ta zoriontsu».
Eta nik jardetsi: «Jauna, goazen ariñago, orain ez bait naiz leen bezela nekatzen; eta, begira, bere aiñua ematen asia da mendia». «Aurrera joko dugu egunaren barrena erantzun zidan, al duguntxo guztian; bidea ordea ez da zuk uste langoa. Zuk, azkenera orduko, itzultzen ikusiko duzu orain gaindegi orrez estaltzen dakusazuna, ots, alderdia, zuk aren argi-izpiak autsi ez ditzakezun bestean. Ikus an arima bat geldi ta bakar, guri adi-adi; uraxek erakutsiko digu biderik laburrena».
Eldu giñan arengana. O lonbardar arima! Zu bai arro, iguingarri!, eta begi kiñuetan aundiki, garrantzizko! Etzigun ezer adierazten; baiña begiratuz bakarrik beraganatzen uzten zigun atsedenean legoken leioa iduri. Arengana urbildu zan Bergili igoteko biderik erosoena zein zan erakuts zezaigula eskatuz; ark etzion erantzun egindako itaunari, gure sorleku ta bizitzaz galdetu ba'zuen ere. Nere Zuzendari maitekorra ordun asi zan esaten: «Mantua...». Eta itzala, beregan txit bildua, zegoen lekutik jaiki ta arengana zuzendu zan, au esanez: «O mantuar! Ni Sorbello naiz, zure lurrekoa!». Eta biak alkar besarkatu zuten.
Ai, Itali jopu biurtua Aterpe gaixoti, ekaitzik zakarrenean ontzi lemazai gabea; ez onezkero erkien andera, likits-zaleena baizik! Arima guren ura, bere aberriaren izen eztia adituz bakarrik, bere urikideak jaiez ospatzen saiatu zan, eta orain zurean bizi diranak ez dakite burruka gabe bizi izaten, arresi ta arroil berberak babesten dituztenak alkarren arteko liskar lotsagarrian suntsi-azirik. Billa, doakabe orrek, zeure izpazterrez, eta so gero zeure barnera, ote duen pakerik zure zati batek ere. Zertarako doitu zizun galga Konstantin'ek, aulkia utsik ba'duzu? Ura gabe, ain gorria zure lotsa etzan izango. Ai!, elizkoi izan bear zenuenok, eta Kaisar'i laga kaderan jarten, Jainkoak orkatzekin zentzatu ez zenuelako, bere ao-ugeletan eskuak jarri zintuztenetik! O Austria'ko Albert, ezikaitz eta basati biurtzen ikusiz bertanbera laga duzuna, aren jarri-makoa estuagotu bear zenuenean! Izarren epai zuzena eror bide zure odolaren gaiñera, zigor berri ta distiranta, zure oiñordekoari zentzabide izan dakion! Zuk eta zure aitak, ba, aizu egin duzue, urre-gosez mendiak besteratuta, eremu izan dadilla aginterriaren baratza. Zatozte ikustera, gizaseme zabar, Monteskarrak eta Kapeletarrak, Menaldiarrak eta Filipeskiarrak; aiek dagoneko goibel, eta auek aiar eta sumari! Erdu, anker; erdu ta ikus zure prestuen nausikeria, eta zigor-azi aien larkeriak. Orduan dakuskezu Santaflora seguru ta nasai! Etorri ta ikus negarrez daukazun zeure Erroma, alargun eta bakarrik, gau ta egun deadarka: «Ene Kaisar, zergatik ez didazu laguntzen?» Zatoz eta ikus jendeak nola duen lotsatzera. Eta lege ba'zait, o Jabe garai!, lurrean gugaitik gurutziltzatua izan ziñan Orri nik galde dagizut: Zure begi zuzenak beste aldera itzulirik al daude? Edo-ta gertakuntzaren bat ote dugu, Zuk zeure erabakien sakonean, guk ulertzen ez dugun onen baterako? Jauntxo gaiztoz beterik daude Itali'ko uri guztiak, eta alderdi baten sartu edozein kalekumek Markel dala uste du.
Ene Fiorenza, pozik egon zindezke ez dagokizun itz-beste augatik, ain dirdaits ta trebe dan zure erriari esker! Askok biotzean dakarte zuzentasuna, eta berant erakutsi, zurtasun gabe uztaira ez irixtearren; baiña zure erriak mingain-puntan daramana duzu. Askok ez dute nai arrunten arazorik, baiña deitu gabe erantzuten du zure erriak, oiuka: «Nik nere burua eskaintzen dut!» Poztu zaitez, ba, orain eta errazoiz poztu ere; zu, aberats; zu, paketan; zu zogi ta zentzudun! Eta naiko ziñaldari egiñak dira nik egia diodala frogatzeko. Atenai ta Lakedemoni aspaldiko legeak eman zituztenak eta aurrerapen ain aundikoak, ongi bizitzeaz ikasbide bitxia eman zizuten, zuri orren erabaki sakon-zorrotzak ekarri oi dituzun orri datozkizunak: ez bait dira irixten azillaren erdira zuk urrillean eioak. Zenbatetan, gogoan dugunetik, legeak, diruak, karguak, eta ekanduak ez dira aldatu, zeure bizilagunak berriztatuz! Eta ongi oroitu ta argi ikusi ba dagizu, zeure burua aurkituko duzu, luma gaiñean aukerarik ezin idoro ta, biraren biraz, bere miñari gozadura apur bat eman uste duen gaixoaren antzera.
|