Bertsolarien Txapelketa (1986)
Aita Onaindia
Bertsolariak! Bertsolariak! Badau doai ederrik bertsolariak ditun erriak! Ez dot izaten aukera aundirik bertso-saioetan agertzeko, baiña aurten, senar-emazte begiko biri esker, izan neban aukera Anoeta-n egin zan azken saioan egoteko, eta goiz eta arratsalde benetan aukera bikain-bikaiña gure bertsolari gazteai entzuna txalotzeko. Gitxitan izan oi ditugu jai ain bete ta atsegiñak.
Lenengo ordutik bete-betea txirringa-zelai itxia, gizategi apain biurtua. Gaztez bete zan batez be. Ezta arrigarri: ikastola ta eskoletan gaur egin oi dan bertso erakusketak, ikusten da, ba dakaz bere frutuak. Andik eta kotxez eta bultziz, eta oiñez, aratu ziranak ez da errez zenbat ziran esatea. Eta etziran ara eldu, egotearren bakarrik; nik aurrean neukazan mutiltxo bik, Errera-koak eurak, bertsolarien itz, kantu ta zirkin guztiak jasoten ebezan.
Bertso-jaia zala-ta, entzule ta ikusleak pozik gelditu zirala esatea, ez da lar esatea, egia utsa bait da. Bai an egozan entzuleak, bai kalean eta tabernetan aurkitzen ziranak eguerdian bazkaltzen eta gero, gertakizun ari buruzko goralpenak besterik ez genduan entzuten. Gaur marmartiak gara, edozergaitik miiña zoli-zoli erabilten dakigunak, eta an etzan olakorik, txapelaren aldaketari buruzko zerbait ezik. Baiña oso-osorik zailla dogu guztion gogora gauzak atontzea.
Txapelketa ortaz, aurretik eta gero, asko idatzi izan da. Merezi eban jaiak. Obariak txalotu, akatsak ezaindu. Akatsak izan ziran bai epai-maikoen aldetik eta bai bertsolarien euren jokabide aldetik be; baiña jardun eder, zentzudun eta jakingarriaren aurrean, ondo murgildurik geratu jakuzan akatsak.
Urduri ta pozez gaiñezka ara eldu ziranen artean, bat Markiña-n irakasle dan praille karmeldar Luis Baraiazarra dozu, bertsolaritzaz bizi-bizi arduratzen dan gaztea. Oraintsu idatzi dau lan eder bat «Karmel»-en jai ari ekiñaz. Aurtengo (1986-2) jorraila-ekaiña 177 zenbakian dator, 6-garren orrialdean, lan luze jakingarria. Gizonki azaldu ta epaitzen ditu ango gorabera guztiak.
Nik, beraz, ari emongo dautsot itza. Gai bitan batez be: 1) Txapelketari buruzko eritxian, eta 2) Bertsorik onenak aukeratzean.
Bere uste ta eritxia onela adierazten dausku. «Azken aldiko txapelketan -diño-, bizkaitarrak nabarmendu dira, zalantzarik gabe, bertso bikain hunkigarri horietan: 1980eko txapelketan Amuritzaren «Bihotzean min dut», «Gizona ez da ogiz bakarrik bizi» eta «Aitari» egindako bertsoak guztion gogotan daude oraindik. 1982ean Idiazabalen, txapelketako azken aurrekoan Lopategik «Ez naiz ni gerraren zale, baizik bakearen zale» gaiez kantatutako bertso zoragarriak, Durangon azken aurrekoan Jon Enbeitak eta bederatzi puntukoan, «Kantak dioen bezala, zer eskatzen du herriak gaiaz botatako hiru bertso gogoangarriak. Urte horretako finalean Amuritzak «Neguaren atarian agertzen den txantxangorriari» eta «Emakumeari» eta azkenez desenpatean Lopategik eta biek naufragoari botatako bertso bikainak. Honelako zenbait bertso entzutean, txunditurik, benetan hunkiturik geratu naizela esateko ez dut lotsarik.
«Aurtengi txapelketan zer? darrai. Aurtengo txapelketan ere bertso on ugari entzun izan dugu, baina nire eritziz, ez da aurreko bi txapelketak bezain disdiratsua eta jantzia gertatu, finala behintzat. Goizeko saioa arratsaldekoa baino hobea, hala ere. Arratsaldean, azken orduan behera egin zuen txapelketak, gartzelako gaiak ez zuelako gehiagorako ematen. Inork galtzekorik izatekotan gai hartan, goi-mailakoek, sakon, sentimenduz eta lirikotasun-kutsuz kantatzeko joera dutenek. Laster igarri zuten gai hartan, berek ohi zuten bezala bertso gogoangarriak kantatzeko, han zeuden hiru bizkaitarrek ez zutela aukera handirik izango eta halaxe gertatu. Azken puntuak bertsoari bere tonua eta zera ematen dizkionez, gartzelako iharduerak txapelketari goidura eta erremate bikaina emango ziola uste genuenean, horra non egiten duen, hain zuzen ere, beherakada! Eta guztia gai petral haren erruz. Eguna zoriontsu igaro ondoren, auto batek azkenean aurpegira botatzen dizun zipristin-parrastada iruditu zitzaidan. Baina lehenxago ere zerbait arrarorik ikusiak ginen. Galdera marka beltz eta handi batez seinalaturik dut Peñagarikanok Lopategirekin izandako jokaera, benetan itsusia izan bait zen. Zer dela eta doinu aldaketa? Laguna urduri jartzeko ez bada, zertarako? Bertsolariak, ofiziotan kantatu baino lehen, doinuaz ados jarri ohi dira eta kasu honetan ere, jakin ahal izan dudanez, hala egin zuten. Baina Peñagarikanok ez zion Lopategik hasitako doinuari jarraitu. Honek, hamarreko nagusian doinu ezagun-ezagunez eman zion hasiera eta Peñagarikanok beste doinu batez erantzun...horrela egin zuten, hasi eta amaitu, saio osoa, bakoitzak bereari eutsiz. Beste aldetik, Lopategik erabilitako doinua menderatzen ez duen bertsolaririk ez dut uste izango denik, edozein bertsozalek ere guztiz ezaguna bait du. Hau azpi-jokoa izan zenik inork ezin du frogatu, eta frogatu ezin delako, ez dago b4ieztatzerik, baina susmagarri bai bazen. Epai-mahaiko batez edo bestez ere, agian, balegoke zer-esanik, baina han ere frogaezina denez gero, hobe isiltzea!
«Gertakariak txapela buruz eta herrialdez aldatzera bideratu ziran. Sebastianen burura joan zen azkenez. «Neure eritzian gauza bi ditut garbi: Batetik, ez dela erraza izango orain arteko txapeldun eta txapeldun ordezkoa dauden lekutik mugitzea, herri tinkoak baitira, eta bestetik, garaileak «dena delarik ere» ongi taxuturiko bertsoak kantatu beharko dituela zortzikote horretan nagusitzeko. Ez dago zalantzarik. Txapelaren jabe egingo dena, bertsolari bikaina da». Jose R. Etxeberriak martxoaren 23ko «EGIN»en idatzitako hitzak dira. Aurrez eritzirik ematekotan, besteok ere horrelako zerbait esango genuen, ziur asko, baina ikusiak ikusiz, zalantzak ere sortzen dira.
«Merezi edo merezi gabe
txapel eta guzti kantari»
zioen Sebastianek. Merezi baietz esan behar, inoiz goi-mailako bertsorik egin ez arren, bertso onak egin bait zituen ia beti, eta batez ere akats nabarmenik egin gabe. Hala ere txapeldun berriak -bere etorri-erraztasun eta guzti- goidurarik ez du lortzen eta arriskatu ere ez da egin, oraingian behintzat. Tirrika-tarraka bazkaria prestatzen ari zen ama zaharraren gaia, Enbeitak, Lopategik nahiz Amurizak harrapatu balute! Baina jokaldi ikusgarriak egin ondoren, tantua galtzen duen pilotariaren antzera, goizeko bakarreko gaian bi bertso zoragarri kantatu eta gero, Amurizak txapa jo zuen hirugarrenean, Lopategik arratsaldean gartzelako gai petral hartan egin zuen bezala. «Txapelaren jabe egingo dena bertsolari bikaina da» zioen Jose R. Etxebarriak. Ona dena zertan esanik ere ez, zenbait iharduera motatan oso ona ere bai, baina oraingoan -nire eritziz- bertsolaririk bikainenak txapelik gabe geratu dira eta txapeldunak, bere birtuteak ukaezinak izan arren, haien une batetako edo besteko makaluneaz baliatu behar izan du txapela jazteko».
Ondoren ango eta emengo bertsolari batzui, Txirrita ta aren bertso-idazkerari zerbait ikutu ta gero, berak eta bere eritxiz jasotako onenen zerrenda labur bat emoten dausku. Au dausku autortzen asieran: «Neure eritziaren galbaetik pasatu ditut zenbait bertso eta aukeraketa honen erantzule bakarra neu naiz».
A. Egañak, Artxandatik Bilbora begira zaude gaiari:
Begira nago jarria beraz
zeru erditik mundura;
Bilbo aldeak sartu du nere
barrunbe hontan ardura,
kez estalia ikusitzen det
hiri haundiaren modura
hori da zatar itxura
zalantzan nago oraindik ere
petrolioa den hura,
hurbildu eta konturatu naiz
dala Nerbioiko ura.
Beraz gizonak jarriak daude
kutsaduraren esklabo;
Bilbo aldeko biztanle denak
martxa honetan akabo,
kutsadurak hor ba omen dauzka
nik ez dakit zenbat grado;
garbia gendun lenago,
orain zikina nagusitu da
piskana eta gehiago.
Erremedioa ipini dezan
Udaletxea non dago?
Alper-alperrik hasi ziraden
arren, arren eta arren;
ibai zikinak goikaldetikan
zerrikeria zekarren;
gure hirian bizi beharko
al denik eta ondoen;
badaukagu nahiko kemen
nonbait egin gura balute
lana sobra dago hemen;
beraz al dala bete dezagun
guztiok ito baino lehen.
J. Sarasuak, «urte batzuk badituzu eta bakarrik bizi zara eta gaur konturatzen zara oinetakoak lotzeko ere ez zarela gauza» gaiari botatako 2 bertsoa:
Gazte aroan eduki nuen
besteak hainbat arazo,
baina hoiei bakar-bakarrik
nahi izan nien eraso;
gaur zapatillak lotu ezinik
aurrean daukat frakaso:
maitasunikan ez nun emanda
maitasunik ez det jaso.
Euzkitzek, gai berari botatako 3-garrena:
Zahartzaro bilakatu zait
azken orduko ezbehar;
hori askoren gaitza da
eta zertarako egin negar?
Lehen gaztea nuen gorputza
orain jarri zait hiltzear,
nik laprastaka jarraituko dut
heriotz bidean zehar:
lan egin duen gizonak ez du
hiltzeko lotsarik behar.
X. Amurizak, «Askoren eritziz aurrerapen handiak egin ditu gizarteak. Zer diozu zuk» gaiez kantatuko lehen bi bertsoak:
Historiaren haritz zar horri
behar diot orain tira
aurrerapeneri begira
askori horrek begietara
ekartzen dio dirdira (bis)
pentsatzen nago lengo ibaiak
len bezain garbi balira zer
ur freskoren segida
LEN BEZALAXE GAUR ERE; JAUNAK:
len bezalaxe hiltzen dira
eta tankera berdin-berdina
daramate hilobira (bis).
Lengo mendetan piztutzen zuten
mendi goietan zuzia
tximista ere jausia
igual morroia biltzen zen bertan
eta berdin nagusia (bis)
aurrerapenik ez dut ukatzen
baina gauza itsusia
sortzen bait dago hasia,
zoriona ere non ote dagon
hori da gaurko auzia;
zorion hori galdu ezkero
galduta dago guzia (bis).
Bigarren bertso hau, bikain-bikaina da eta gaiari bete-betean dagokiona.
Gorrotxategik, «Zeri diozu beldurra?» gaiari botatako azken bertsoa:
Beste aldean lagun batzuek
egongo dira entzuten;
ai, nik bildurra diodan hori
lenagotik pasa zuten
berriro ere bilduko gera
bestaldean egun baten
ta zuek hemen jarrai zazute
abertzaleak izaten.
Ofiziotako bertso bakar bat jasoko dut hemen. Hala ere aipagarrienetarikoak hauek iruditu zitzaizkidan: Enbeitak eta Muruak, Bilbon, batek hil-kanpaiari eta besteak jaiotzak, ezkontzak etab. iragartzen zituen kanpai alaiari kantatutakoak; Enbeitak berak, soroak bedeinkatzera zetorren apaizak Sarasua etxekandreari kantatutakoak; Amurizak eta Lopategik, bata astoa eta bestea ardotan Nafarroara zihoan astoduna ofizioan kantatutakoak; Murua fraile eta Lizaso etxeko jauna ofiziokoak. Lizasoren lehenengo bertsoa jarriko dugu:
Zakurra gertu neukan
etxeko atian
eta praile zarrari
hasi atakian;
hura hantxen zegoen
len pake-pakian
zu zertara zentozen
nunbait bazekian,
oilo lapurretara
eske aitzakian.
Bertso bizi-bizia eta erasokorra; jarritako ofizioari ezin hobeto zegokiona. Akatsik ateratzekotan, gorago aipatutakoa aipatu behar. Lehengo hiru oinak ongi berdintzen dira elkarrekin, baita azkenengo biak ere; baina lehenengo hirurak ez dira azkenengo biekin berdintzekoak; atian, atakian, pakian (beraz, atean, atakean, pakean) bazekian, aitzakian (azkenengo hauek, bertsolari zaharrek bazekiyan, aitzakiyan egingo zituzten, haiekin inoiz nahastu gabe). Xalbadorren eritzia gogrregia izan daiteke, agian, poto egitea baino huts larriagotzat emanez; baina nolanahi ere, edozein epailak txapelketa batetan kontutan izan beharrekoa.
Lizasok, etxetik ihes eginik, Parisen eskale aurkitzen duen anaiari egindako hiru bertsoak:
Ara anaia zeuk egin zendun
ustez gustoko aukera
eta etxetik irten zenduen
zuk mundua ikustera;
Parisen zaude ematen dizut
eskale baten tankera,
berriz etxera juaten orain
lotsatu egiten al zera?
Ez dut kalterik hobean
bila mundurik mundu joatiak,
harrikeriak ekartzen ditu
oztopo eta kaltiak;
gizona ez du inoiz bajatzen
galtzen ere jakitiak:
zabalik daude aman besoak
eta etxeko atiak.
Paris aldean daramazkizu
egun gogor ta lizunak,
orain aparte garai bateko
adiskide ta lagunak;
zoaz etxera jan eta edan
jantzi erropa txukunak,
hori ta gero barkatuko du
bizia eman zizunak.
Nire eritziz, euskaran akats txiki batzuk izan arren, Lizasok bota zituen bertsorik ederrenak hauek izan ziren.
Egañaren bandoa:
Tarrapatan bandoa joaz
beharko degu hitzegin,
gure Udalak orain artean
ez du askorik hutsegin;
natura zaintzen jokatu behar
dugu denok zintzo ta fin,
horretan gogoz alegin (bis)
gure herria piska piskana
berdeago izan dedin,
lorategiak zainduko dira
eta berri gehio egin (bis).
Esana ongi bete zazute
ta horrenbestean tira!
gure agindu egoki hoiek
papelerara ez tira;
ea usoak bueltatzen diran
lehengo hiri eztira,
ez da gehiegi guztira (bis),
sano daudenak zaindu ta eri
daudenetaz izan mira,
animaliak zain itzazue
gure lagunak bait dira (bis).
Ez dakit ziur gure hizkuntza
ote dagon horren lerden,
gure kaletan erdera degu
jaun eta jabe nabarmen;
gure ustetan geure hizkuntzak
nagusi behar du hemen,
ez ote da nahiko krimen (bis),
damu guztiak alferrik dira
garaia pasa ondoren:
ikastetxetan «D» eredua
sar ezazue lenbaitlen (bis).
Hirugarren bertso honi azpimarragarria deritzat, batez ere azken puntuan, euskaltzaleon kezkari bete-betean erantzuten diolako.
Ehun urte bete dituen aitona bati Peñagarikanok bederatzi puntukoan botatako lehengoa:
Oindik ez da agortu
zure iturria,
itxaropena ere
ez da urria;
garai baten sasoia
ikaragarria
orain buru makurka
aiton elbarria,
len zendun irria
orain izurria,
kezka ta larria
ta istilu gorria,
zartzea hain da gauza
penagarria (bis).
Eta azkenerako utzi ditut, nire eritziz, txapelketa honetako bertsorik onenak. Sentimenduz eta fintasunez beterikoak, benetan gogoangarriak: J. Enbeitak, etxetik ihes egin eta Parisen eskale aurkitzen duen anaiari zortzi puntukoan botatakoak:
Igesi zendun, anai maitea,
zuretzat izan da hau kaltea;
juan zinandik zure sendia
dago malkotan betea,
zu horrela ikustea
benetan dugu tristea,
nahi nizuke esatea
hobea dela anai artean
beti esku ematea.
Zatoz nerekin berriz etxera,
zabalik dago atea.
Izango zendun zuk hainbatekin
sinisten dizut buru ta begi,
baina orduko aitu ezina
betirako galdu bedi;
ez dakit zendun zilegi
horrela ezin da segi
ta atsekabe gehiegi;
gaztea zara ta bizia
etzazu hola eskegi:
hemen naukazu, biok batera
emango dugu aurpegi.
Destinoaren ezten zorrotza
hain hurbila ta horren arrotza,
sarri nagusi izan nahi eta
bilatzen dugu morrontza,
igestearen mingotza
gehienetan dugu hotza;
baina arren ez zaitez lotsa,
zure etxean maite zaitugu
egiten dizut aitortza:
etorri zaite lertu orduko
zure amaren bihotza.
J. Lopategik, zabartegira erropa zaharrak bota eta haiek hartzen ikusi zuen behartsuari bederatzi puntukoan botatako bertso bikainak:
Erropa zar hoiekin
etxean nengoen,
beti jantzi ohi naiz
al denik ondoen;
akaso bota ditut
behar zen baino len,
baina ondorioa
horra hor nabarmen;
triste nago zeren
aitona zar horren
jokoa gaur zer den
ikusi ondoren,
miseria gehiegi
daukagu hemen (bis).
Besteok sarri juergan
egun eta gaba,
eta zuretzat berriz
hainbeste traba;
nere etxe ondoan
jo duzu aldaba.
Hau da nere bihotzak
dakarren algara!
Ta hori non hara
nere abiada,
justizirik bada,
zu hola nola laga?
Nere traje onenez
jantziko zara (bis).
Triste ikusten zaitut
aitona izanik,
gaizki hartu zaituzte
egia esanik;
zer eman nezake nik
zuretzat nigandik?
Ez nuen uste kasu h
ori inon zanik;
har zazu dohainik,
ez eman ordainik,
bihotza jadanik
lertua daukat nik:
erropa gehiago ere
badut oraindik (bis).
Zein eritxi ta zein bertso oberenen aukeratze, auxe dozu L. Baraizarraren galbaeak egin dauna. Anoeta-n, Bertsolarien Txapelketa finalean, ikusi ta entzun zanari begira, uste dot, zentzunez eta irizpide sakon egokian osotua dala aldatu doguntxo au. Onako gaietan esku-aldeka jokatu oi da geienik, baiña karmeldar gaztea ez da olakoa, bakotxari berea, mindura ta azpikeri gabe, emoten dakiana baiño. An parte artu eben bertsolari guztiak aipatzen ditu, naiz-ta guk banaka batzuk bakarrik emen jarri.
|