Ibinagabeitia'tar Andima'ren karta batzuk
Elantxobe'n jaioa eta Karakas'en illa dogu Andima Ibinagabeitia. Gaztetan jesulagun izana, euskeraz sakonki ekiana. Ak idatzitako lanak interesgarri-interesgarriak jakuz, batez be liburu barriai ezarritako eritxi emateak; onetan ez da gure artean ain zintzo, artez eta leial jokatu dauanik, beti norkeri ta intzentzu botatze ganorabako barik.
Nik izan neban aregaz artu-emon naikoa barrukoa, Bergili olerkariaren itzulpenarekin bereziki. Nik egin neban Enearena, baiña ak Paris'tik Karakas'era itxasoz joalarik, itzuli eban «Unai-Kantak» idatzia, gero Zaitegi'k «Euzko-Gogoa»-n argitara emona. «Alor-kantak» liburua palta zan, eta nik lana aurreratzearren itzulpen ari eskatu neutson, eta pozik egin eustan arek. Latindar poeta aundiaren lan osoa euskeraz argitaratua ikusiz, kartaz iragarri eustanez bene-benetako poza artu eban.
Ori zala-ta, ainbat eskutitz egin eustazan; zentzun aundiko gizasemea zanez, eta euskera egiazki maite, aren lanak beti ditugu jakingarria.
Aita Onaindia
Caracas'tik Loreillak 23-1962
Onaindia'tar Jagoba Abari
Larrea'ko Karmel'era
ZORNOTZA
Adiskide ona:
Gaurtxe eskuetaratu iat zure idazki mamitsu eta pozkorra. Ez neban uste alako barri-on atsegiñez kuin-kuin etoriko iatanik, ezta urrik emon be. Eztakizu ondo zelan poztu nazen bidean iarri dautsuezan tupustari guztiak gainditu dituzulako, eskerrak zeure kemen eta adoreari. Bai betoz ordu onean zure aldizkari bikain biak euskera indartu eta bidebatez sinismena sendotuteko. Orra gure aberri doakabearen zimendu tinkoak, biak gaur egunean ain kili-kolo atzerriko aize nazkagarriak dirala-ta. Ez bakarrik atzerriko aizeak, barruko aizeak be, euskotarren betiko ergelkeria dala-ta, ez dira osasuntsuagoak gure aberri giroarentzat. Dana dala guk beintzet, egin daiguzan geure alegiñak aipatu zimenduoi gogor baño gogorago eusteko.
Eztozue lan makala burutu Aita Lino'k eta zeuk. Agiri da zuen euskalzaletasuna eztala illinti motela gar bizia baizik. Eneban usteko Enbeitaren ainbat olerki bildu eikezanik. Irureun, ezta pillo makala. Egia esan, bertsolari gitxi izango dira gure artean ainbeste neurtitz ondu dituenik, eta ain ondo. Nire ustez, Enbeitaren bertsu eta olerki guztiak liburu eder batean argitaratu bear lirake, danak batean aren etorri agortu eziñaren aberastasuna erakutsi dagien. Ondo dakit gareztitxua izango dana alako liburu mardula argitaratzea, baiña nik, neure aldetik neuriak eta bost alegin egingo dodaz biar dan dirua sortuteko. Oindiño ez naz asi eskabide orretan, zure barrien zain nengoelako. Baiña bertatik asiko naz naizta ziur egon, itz garratzik asko entzun biarko dodazala. Emengo abertzale ao-andiek, aoa zabaltzeko prest egoten dira beti be, ez ainbestean zizku-aoak zabaltzeko. Baiña zabalkunde aundi bat egin bear dot, bizkaitarren artean batez be, ortarako dirua inguratuteko. Eta zer edo zer lortuko dogu. Bitartean, zuek bildu egizuez eta garbitan ezarri olerkiok. Esan biarrik ez, zure itzaurrea liburu orren apaingarririk bikañena izango dala. Ia ba, Aita Onaindia, goraldu dagigun geure Urretxindorra ainbat olerki eta bertso eder esan zituen urretxindorra. Aberriak eskerrik onenak agertuko dauskuz egunen batean.
Barriro be bakardade soillenean gelditu naz emen Caracas'en. Aurre barru aldera ioan iaku bizitzari arpegi-emon biarrak bultzatuta. Luzaroan egon da lan barik, eta lan barri bat eskeiñi dautse, eta erdi-menturan Guaianako zelai zabal eta urrunetara ioan iaku. Zetara? Itanduko dozu biar bada zeure kautan. Zetara, eta urre billa. Naiago nuke Keresus'en urreak baiño geiago arkituko balitukez lurralde bakar areitara ioan diran euskaldunok. Bai, merezi dau adur obeagorik gure Aurre onak. Eztauka beste amesik, txanpon batzuk egin eta barriro Euzkadiratzeko baño. Neuri itzi daustaz bere olerkiak eta idazkiña gordeteko. Olerkiak txukun bildu eta idatzita daukaz al dabenean argitaratuteko. Lengo idazkian be esan neutsun, baiño gaurkoan be barriro esan bear dautsut: Noiz emongo ete dauskuz iaun Onak bi milloi (gaur geitxuago) gure idazle maiteak eta euskera dagozan leze illunetik atarateko?
Biar doiaz nire illobak Bilbaora eta etzi or izango dira. Esan dautset zuri agertu bat egiteko, baiña eztakit ba, beti ibilten baitira astiz urri. Nire Bergilirena, erdi amaituta daukat. Beste lan andi bat darabilt eskuartean: «Erbestaldiko Euskal-elertia». Berrogetaz erbestaldiko idazleen izenak batu dodaz eta gure elerti-arloan ez txatxarrenak. Olabidekin asi naz eta onen sailla amaitu dut eta emen argitaratuko dan aldizkari berezi batean agertuko da. Ondoren Orixe, Zaitegi, Larrakoetxea, Etxeberria, eta ainbeste eta ainbeste. Goxoak iarriko dira nik dakidazan batzuk, nire Olabiderena irakurtzen dabenean, batezbe Egan'eko kritikalaria eta Historia de la literatura Vasca'ren egillea. Eurak beizen eskubide iatorrak ditugu guk ere, nai duguna idatzi eta esateko. Ezteritxozu?
Bi baiño geitxuago luzetu naz. Laster iaritxiko al dozu zeure euskarako baimena be. Ortik iatorkuzan opor-aizeak pozgarriak dira. Zabalduko ete aurten orrako bideak? Ai alan balitz.
Eskumunak Aita Linori eta zuk artuixuz erbestetu onen euskal-agurrik beroenak.
Izan ditut Zaitegi'ren barriak, Platon'ena eztot oindiño ikusi eta erpai be banago irakurteko. Kritika bat eskatu daust, baiña eztakit nun argitara al izango dodan, gure Euzko-gogoa ilda gero.
Betorkigu Jel'en erreinua. Amen
* * *
Caracas'tik 1966'gko Urtarrillak 17
Onaindia'tar Iagoba Aba
Larrea'n
Adiskide maitea,
Garaia zan onezkero; emen doiatzu aspaldi agindu neutsun itzaurretxoa. Atsegin izango al iatzu, baña nire ustez eztauka funts aundirik. Alperkeriak ianda ibili naiz alako ganora bako itzaurre ori egiteko. Zeuk ikusi, ondo ezpaderitxozu apurtu eta kitu. Ainbarik argitaldu liburua.
Urte baña ezta ain ondo asi euskalzaliontzat. Naigabez iakin neban egun batzuk dirala Suizan il dala Salbatore Mitxelena prantzizkotar aita maitea. Alkarrekin izan giñan Belok'en eta Paris'en be beste zeregin barik neu ikustera etorri bai zan erri artara. Ordu ederrak emon genduzan alkarrekin bai Belok'en baita Paris'en. Eztakit zelanik iazo dan adiskide maite orren eriotza. Iakin gura neuke, ia zeuk edo bialduten daustazuzan zertzelada batzuk. Dana dala, ni neu ondo naibagetuta nago alako olerkari ona eta idazle bikaiña euskerak galdu dabelako, eta ganera oindiño gazterik il dalako. G.B.
Ni beti lez liburu barriak ikusi guraz nago eta arrituta be bai zeure Iolas'ena oindiño eldu ez iatalako. Eztau oindiño irarkolatik urten ala? Bialdu egiztazu arin arin neure egari au bardintzeko. Idatzi eztot askorik idazten, baña irakurri euskerazko zer guztiak, eskuetara iatortazan aldizkari eta liburu guztiak, ziatz irakurri be. Aurten asmo sendo bat artuta daukat, orain arte baño geitxuago idazteko... Baña nun argitaratuteko? Aldizkaririk be eztaukagu, EGAN bera be urte bete ta geiago da agertuten eztala. Zetako idatzi beraz... Orra euskal idazle askoren buruaustea, nun agerturik eza eta libururik egin ezkero barriz, gabetasun eta txirotasunez lakaripean itzi bear usteltzen. Elorrijo auxe ezin ete lei garbitu? Zelan edo alan euskal-idazleai laguntasuna emoteko biderik ezin ete leike arkitu. Nik uste, bazkun bat biar litzakela sortu euskal idazleen liburuak, euskerazkoak iakiña, argitaratuteko. Bestela, ni lez, beste asko be antzu lotuko gara ezer bere idatzi barik.
Argitaratu al dozu udazkeneko Olerti? Ori be eztot ikusi oindiño... Eta parkatu, baña berandutxu izan arren, artuixuz neure zorionik beroenak asi barri dogun urte zar onetarako. Emen geratuten naz zure barrien aiduru. Aspalditxu da Enbeita Imanolekin gertatua idatzi neutsula; eztaustez oindiño bere aitaren olerkiak biurtu, eta ikusten naben bakoitzean ez-ikusiarena egiten dau. Eztauka antza, bere aita zanaren liburua argitaratuta ikusteko gogo aundirik. Badago bakoitza gure artean... Beriak eta bost entzun biarko daustaz...
Eta anartean artuixuz neure besarkadarik sendoenak
* * *
Caracas'tik 1966'gko lorailak 4
Onaindia'tar Iagoba Abari
Larrea'n
Adiskide maitea,
Ioan dan larunbatean Enbeitaren zenbait argazki ekarri eustazan neure loba Lore'k zuk emonda. Eztakit zer egin biar dodan argazkiokaz. Dana dala, argazkirik ederrena palta da zuk bialdu daustazuzanen artean, zure GURE BERTSOLARIAK'en azalean agertzen dana ain zuzen. Belu bada be, olerkiak bialdu genduzan egazkiñez ziurtaztuta, baezpadan be. Oingo an izango dira Buenos Aires'en Ekiñekoen eskuartean. Esan ba urrengoan, zer egin biar dogun emen daukoguzan argazkiokaz.
Asko poztu nintzan nire loba Lore zu ikusten ioan zalako, eta nik ezebe esan barik ganera, bere aita zanaren obiraltzera ioan baizen, eta eneban uste batera eta bestera ibilteko gogo aundirik izango ebanik-eta. Baña Andra argi eta eragiña izan, leku guztietara eldu zan. Arek emongo eutsuzan kontixu, nire barri urtenenak. Egunotan guztiz ibili naz atsekabeturik neure koñetuaren eriotzea dala-ta. Benetan maite genduen alkar beti bizi izan bai giñan senitarterik ederenean. Iaunaren baitan izango al da. Abertzale zintzo eta euskaltzale ona izan zan.
Eztot zure liburu barria oindiño iaso, baña nik uste atetan izango dala. Ain bizi gara alkarrengandik urrun... Aurten alan be Laburdiratzeko asmoa daukat. Guztiok goiaz Euskadira, eta Lore'k ni be aruntza ioatea gura dau, Donibanera baño espada be. Dana dala, orko agintariei baimena eskatuko dautset emengo kontsularen bitartez, nire auzia zetan dan iakiteko. Erantzun onik eztot izango, baña zetan nagon orko agintariekiko iakingo dot beñipein.
Bete beterik sartu gara aste gurenean, eta eguazten gurenez itziko dautsegu guk lanari arik eta pazko-astelenerarte. Bitartean egun aundiak ospatuko doguz aberri-eguna tartean dala. Zer barri izango ete doguz aurten? Or agertuko dira.
Eta gure liburua? Zetan da? Orain, garizumako zeregin astunetatik arinduta, zedozer egin al izango dozu.
Lengo baten Batiz'en gutun labur bat iaso neban emengo lurraldeai betiko agurre egiñaz. Eldu ete da zuen artera? Biar bada or izango da. Gorantzi miñenak neure partez or arkituten baldin bada eta naibage aundia artu nebala emendik igaro etzalako.
Amaitutera noia zeresan aundirik be eztaukat eta.
Pazko-aldi zoriontsua egingo al dozu. Artuixu adiskide onen besarkadarik sendoena.
* * *
Caracas'tik 1967'gko lorailak 7
Onaindia'tar Iagoba Abari
Larrean
Adiskide maitea,
Ementxe zure gutun atsegiña eta txori goiztarren txinta zoliak baño goizago natorkizu eskerrak emotera: eskerrik asko ba, adiskide zintzoa. Diru-kontua illebete au amaitu aurretik garbituko dautsut. Eztira oindiño azkanengoz bialdu daustazuzanak eldu, baña orreik be elduko dira. Emen, ale batzuk beñipein, saldu al izango ditut neure zenbait adiskideen artean beintzat. Iragarri neutsun, eta iragarri bezela, gure liburuaren jaia ederto egin genduen gurean, txanpan da guzti. Ogeitabost adiskide euskaldun eta euskaltzale batu giñan eta anaitasunik ederrenean emon genduzan zenbait ordu eder. Arrituta nago oindiño EMAN iaso eztozulako; egalontziz bialdu neutsun baita Aita Akesolori be. Laster eltzen ezpaiatzu esan, barriro bialtzeko. Ointxe gabiz irugarren zenbakia antolatzen: nik idazteko daukodaz neure idazlanak zenbaki ortarako, eta biar dan egunean (larunbata) etxian lotuko naz egun osoan idazlanok egiteko. Kultur-saillean neonek egingo dut kritikatxu bat gure BERGILI'tzaz. Aurrek idatzi eustan Iruñako barri emonaz. A be an izan zan eta gauza ikusgarria izan ei zan benetan ango gizataldea. Pozgaña benetan berpizte ori, eta are pozgarriagoa euskerarenakin batera baldin badator. Lengo baten Z-Argian «Noiz izango degu Euskal-Biblia» artikuluan Olabideren itzulpenaren aurka Kintanak idatziak irakurrita, asrere bizitan irakiten iarri nintzan. Eztakit nor dan, bai idazle ona dana Kintana ori, baña snobkeriz eta atxe-merkeen eragiñez ari dalakoan nago.
Ara; alako gauzak irakurtzen ditudanean senetik kanpora urteten dot!
Eta besterik? Deus. Lanean asteko garaia eldu iatala. Besarkada aundi bat.
* * *
Caracas'tik 1966'gko Iorailak 24
Onaindia'tar Iagoba Aba
Larrean,
Adiskide maitea,
Luzaro eztala idazki bat egin nizun eta gaur natorkizu barriro be zenbait lerroño egitera, emen arkituko duzun ILLETA EGUNEKO MEZA zuri bialtzeko. Aita Txomin'ek (Aretxabaletako apaiz gazteak) egin du nere ezkon-anaia zanaren il-mezatarako. Atzo ain zuzen abestu genduen lenengoz meza orretan zenbait euskaldunek, eta an ziran guztiei atsegin izan iaken. Itzak Orixeren librutik artuta dagoz.
Zuri be atsegin izango al iatzu, eta beste barik ementxe bukatuten dot idazki au. Zertan zan gure Batiz? Eldu ete zan? Baiezkoan, neure gorantziak.
* * *
Caracas'tik 1967'gko Epailak 21
Onaindia'tar Iagoba Abari
Larea'n
Adiskide maitea,
Badira egun batzuk gure liburuaren bost ale iosi bakoak artu nituela eta atzo iaso neban apainki azaleztutakoa egalontziz etorrita. Milesker zure zintzotasun eta ardura aundiaren alderako. Kontuak sasoiz eta zeuk gura dukezunean egingo ditugu. Atsegin izan iat benetan azalez ain apainki iosi eragin dozun alea be; baña uts txikitxu bat arkitu dautsat: azal apaiñaren barruan, nire uste laburrean, azal-bigunaren irudia eroan bear ebala deritxot alan ba osoago eta apaiñago geratuko zan da. Quiles iaunari eztakit zelan aztu iakon ziaztasun ori, osorik eta ondo azalestatu liburu guztiak azal bigunaren ostoa gorde daroie ba batez be irudiz edo izki apaiñez iantzita baldin badator, gure liburuan lez. Dana dala ederto dagola deritxot, eta guztiz izan iat atsegin. Eta orain beste bost edo amar azalbako bialtzeko esango neuskizu, bapere barik geratu naz-ta. Iaitxo bat egingo dogu etxean, adiskide zintzo eta euskaltzale gartsuenen artean, gure liburuaren ateraldia ospatuteko; edari pizkat, gozokitxu batzuk eta txanpain bonbiltxu bat. Ezta izango emen egin daroezen liburu-batioak baizen ospetsua, baña gure artean poz-unetxo bat igaroteko bestekoa bai beintzet.
Tauer'en gutuna izan neban lengo batean bialdu deutsagun gure libruagaitik eskerak emonaz. Txundituta gelditu da egin dogun lan aundi eta ederragaz. Aita Iratzeder'ek be idatzi eustan esanaz artu ebala zuk bialduta LAN OSOAK. A be ikaratuta gelditu da gure lanagaz. Irakurri neban Etxanizek Argian diñona. Eztago txarto, baña igarri igarrian dago gainbegiratu arin bat besterik eztautsola emon gure libruari. Ezta arrigarria be. Eztakit artun ete dozun egalontziz bialdu neutsun EMAN... gure aldizkaria. Laster agertuko da irugarren zenbakia be eta bertan gure liburuaren kritikatxu bat azalduko da neuk eginda. Neuk egin ezik, nok egingo leuke? Ondo dakizu zeiñen diran nagi eta alperrak gure idazleak kritikak egiteko, eta zeñen lukurrak ganera txalo bero batzuk iñori ioteko. Eta itaunetxu bat: bialdu ete zeuntson Basarriri aleren bat bere bordatxoan gure libruaren kritikatxoren bat egin dagian? Merezi leuke ba.
Laster datorkigu Aberri eguna eta egun orrekin zuri be garizuma ondoko atseden-aldia etorriko iatzu, ondo irabazia ganera. Niri barriz orrantza iosteko eguna urbilduko iat. Egia esan, eztakit zer egin. Eztaukat bapere gogorik emendik zirkiñik egiteko; ego-Euzkadira joan al ba nei? Baña iparrean geldituteko? Eztot uste merezi dabenik. Txarrena zuen artean eztodala ezelako askatasunik ikusten, ez irar-gaietan ezta bestelako zeretan. Guzurra ta abarra besterik eztabil or gaindi, urrutietakoak atzipetzeko; Baña ni enabe atzipetzen. Fraga Iribarneren ateraldiak eta egintzak irakurri ditut; Parisko izparkari bati egin diona eta batez be katalandar iakitun ospetsu Corominas'i egin dautsona. Or askatasuna? Bai zera be... or inpernua besterik eztago.
Eta amaitutera noia lanean asteko ardua dot eta. Parkatu ain labur natortzulako; urrengoa luzezago.
Artuixu erbestetu onen euskal-agurrik kartsuena eta Pazko Aberri-egun zoriontsu bat egin.
* * *
Caracas'tik 1967'gko Otsaillak 24
Onaindia'tar Iagoba Abari
Larrea' n
Ene adiskide,
Iaso besterik eztot egin eta emen natortzu zure 20'ko gutun atsegiñari arrapaladan erantzuten. Ondo dakizun lez, zure barriak niretzako Orrileko euritxua landarentzako baño gozuagoak izaten dira. Milesker beraz, zeure barri ederren alderako. Eta eskerrak baita be, ain arreta eta ardura andiz artu dozulako niretzako bost liburuen apainketan; zer esanik bez, zure begipean apain-baño apaiñago iosiko dituela azaliostun ospetsu orrek. Azalbakoak etxataz oindiño eldu; bialdu ete zenduzan? Nik baietz uste, eta igorri ezpaldin badaustazuz, amarren bat bialdu eidazuz, beste adiskide maixagoen artean banatzeko edo saltzeko... dubakoak, esan daroen lez, ez ei dauka esker onik-eta.
Nik esanda zuk gure liburua bialdu zeuntsenetatik batek baiño eztaust oindiño idatzi eskerrak emonaz eta bera neure adiskide Mirande'tar Ion izan da, besteak eztabe txintik be atara. Izan be gu alakoxe gizabidetsuak gara. Pentsaizu, illebete bada ainbat aldizkarietara aurtengo arpide-saria ordainduaz txekeak bialdu neutsezala, ordain biarraren ganetik; iñortxuk be eztaust ezer esan, eta emen nago ni arduraz bidean edo ez ete dituen ostu txekiok. Ain gara izan be gizabidean narraxak. Ni, egia diñotsut, ezin egon izaten naz zerbait bialtzen daustenei adierazo barik; egunotan artu neban Kerexetaren BARRI ONA eta beriala erantzun neutson eskerrak emonaz, ori gero neu be gizabidean enazala ain arduratsua.
Idatzi eustan arrebeak zure ta Peñaren agertuaren barri emonaz. Pozik eta eztitan egon eizan zuekaz. Alan diñost beintzat eta liburua be zabaldu dau senitartean, illoben artean seguru be, eta beste adiskide euskaltzalen baten bati be emon deutsolakoan nago. Nire arrebiaren eritxian Bergilirena lako libururik eztago mundu guztian... zer esanik bez; beste batzuk eztabe ainbesterik usteko, ez orixe. Zeruko Argian zeure aipamena besterik eztot irakurri gu bion liburuaz; Nemseiorenik oindiño eztot ezer irakurri, ain berandu eltzen iat izparkari ori. Dana dala, pozik irakurriko nituke agertuko liraken kritika guztiak. Eta EGAN zetan da? Betiko il ete da? Edo urtean beingo gertatu ete da? Esango daustazu. Mitxelenaren barririk be eztot izan aspaldion: oindiño be Torrelavegan ete dago?
Gu emen aldizkaritxu bat egiten asi gara, erderaz eta euskeraz, erderaz geiago, eta lenengo zenbakia Urtarrillarren asieran agertu zan eta zuri be bialdu neutsun; ez ete dozu iaso? Bigarren zenbakia be irarkolan daukagu; oraingo alea Lauaxeta zanari eskeñi dautsogu, baña iñundik bere eztogu bere argazkirik arkituten; zuk ba ete daukazu batobat? Poztuko giñake bialduko ba zeunskigu. Dakizun lez, aurten beteten dira Urkiaga erail ebenetik ogetamar urte; iges Lorcaren ogeitamarrak bete zirean, eta goi erabilli eben olerkari orren izena emengo izparkarietan. Guk be zedozer egin gura Lauxetaren omenez. Urte ederra auxe aren idazlanak eta argitara bako olerkiak agertzeko.
Zorionak gizona Kolonbiko olerkarien itzulpen orregaitik. Etzaitue, orraitiño, bertanbera itziko Abrisketak eta, alako lan aundi eta ederra egin ondoren. Emengo olerkariek aldizkaritxo bat argitaratuten dabe, eta noizik bein liburutxo koxkor batzuk olerkari bakar bati eskeñita, baña beti aldizkariaren babesean. Alako batean bilduma osoa bialduko dautsut. Lanean asteko ordua dot, eta agur adiskide.
* * *
Caracas'tik 1966'gko Dagonillak 2
Onaindia'tar Iagoba'ri
Larrean'n
Adiskide maitea,
Egia esan zure gutunaren luzeritxian egon naz, baña pozik nago orain alako idazki ederra, igaro illaren 4'koa alegia, eskuartean dodalarik. Eskerrik asko. Luzapena ezta alperrekoa izan. Neuk be oi baño geitxuago luzatu dot neure erantzuna, zure Euskadira itzuleraren zain, Bartzelonako osterearen ondorean. Gutun onek etxian arkituko zaitula nik uste.
Aurrera baño len, artuixuz neure zorionik beroenak Enearena bukatu dozulako; gitxik iakingo dabe, zuk eta nik lez, zelako lan aundia dan Bergili'ren poema aundi ori euskeraltzea; zuk, zeuk bakarrik oso-osorik egin dozulako lan ori, nik barriz, olerkari aundi aren beste poematxo txikiak itzuli nitulako. Zorionak ba, Aita Onaindia, eta laster ikusiko al dogu irarrita Bergiliren lan aundi ori. Egia esan, ni beñipein erpai nago noiz ikusiko dodan gu bion liburu mardul ori irarrita, eta kezka betean nago guk nai baño geitxuago ez ete dan belutuko irarpen ori. Dana dala eneuke gura urte au igaro daiten agertu barik. Zuk orain aspaldi liburu oren izenatzaz neure eritxia eskatu zeunstan: BERGILIREN IDAZLAN OSOAK ala beste era batera ipiñiko ete geutson liburu ori izena. Eztakit atsegin izango ete iatzun, baña nik olantxerik aldatuko neuke liburu-izena: BERGILI'REN IDAZLANAK OSORIK. Dana dala, zeuk ikusi eta egokien deritxozuna ipiñi, eztago alde aundirik be ta bata besteagandik.
Lobeagaz bialdu zeunstazan argazkiak artu nituen eta zerbait idatzi neutsulakoan nago beraietaz. Imanol Enbeitari itzi neutsozan eta oindiño es daustaz biurtu, ganera asko, illun samarak dira eta ez dabe ondo urtengo liburuan eta argazki txarrez egiñiko liburua baño, obeto izaten da bapere barik agertu. Ganera, auxe be esan biar dautsut: eztot uste Ekiñekuek argitalduko dabenik liburu ori orain batez be Lopez Mendizabal'ek andik alde eginda gero. Neure adiskide batek erderazko liburu bat eukan an argitaratuteko, eta ezezkoa emon dautse, ori gero liburu bikaiñetan bikañena zala Unamuno eta Euskerari buruz. Ez ba arritu argitaratuten ezpadautsue. Eskerrak «Kulixka» argitaratu dozuna bilduma polita. Ikusi dot baita gogoz irakurri be, eta olan zelanbait berbiztu dozu gure urretxindorraren gomuta, ain aizturik euki dogun urretxindor maitiarena.
JOLASKETA benetan izan iat atsegin eta ementxe nabil irakurri ta irakurri eztitan. Lan eder eta bearrezkoa egin dozu geure aurtxo maitientzat; ikastoletarako beintzet oiñarririk bikaiñena iarri dozu, eta zuk iarri oñarri sendo orren inguruan, etxerik apain eta dotoreenak iaso al izango doguz. A zelako olerki, ipuin eta iolas bilduma edera egin dozun... Antxe arkitu dot ia aztuta geukozan adiskide batzuen izenak SISTIYA-rena esate baterako... Eta Sistiya betiko aldendu iakun euskal-arlotik oraindiño be bizi arren. Beste zenbaiten izenak be aintxen arkitu ditut, bañan batez be nere adiskide aundi zen Sistiya'renak iñarrosi daust neure biotz au. Zorionak bada, Onaindia maitea, alako lan ederrak ari dozuzalako gure euskera errukarriaren alde.
* * *
Caracas'tik 1962'gko. Epaillak 8
Onaindia'tar Iagoba Aba'ri
Larra'ko Karmel-etxe
Zornotza.
Aspaldiko adiskide:
Zure gabon-agurra poz-pozik irakurri nuen eta nik baizen pozik Aurraitz gure olerkari iatorrak. Izan be, garezti saltzen dozuzan zure barriak beti izaten dira Maiatzeko euria baño atsegiñagoak basamortu elkor onetan bizi garean euskaldunontzat: bide-ertzeko kardabera legorra lez, beti egoten gara goizeko iñontz-tantaren zai geure egarria zelanbait bardinduteko, bardindu al baledi. Ortiko aize-ozkirri barik, ito egingo giñakez gu emen.
Dakustanez, oztopo aundiak iarten dautsuez bidean zeure asmo ederrak aurrera eroateko. Euskaltzaleon bidea izan be, malkartsua da gero! Zurea bezelako adore barik, amaikatxuk toton egingo eben! Eta guk ezin ezetara be amor emon! Gure izkuntza maitagaria beste ezer baño beiñago da eta aurrera iarraitu bear dogu «sasi guztien azpitik eta odei guztien ganetik». Amaikatxu odol-tanta itxi biarko doguz oindiño sasi artean. Baiña noiz edo noiz guretzako be iaioko da egun-senti larros-kolorekoa. Ez dot uste zeruko iaun Aundiak gure naikari eta asperen mingotsak esku-gogorrez iñoiz iratoko dituanik, ezta gure euskera maitea bertan bera ilten itzi be! Nik neuk, ezin dot olakorik siñistu! Eta ementxe daragoiot gogoz neure urritasun aundian. Lan-arte guztiak euskera maiteari eskinten dautsodaz, eta beste kezkarik ez daukat ainbat denpora galtzen egotea baño, bizi-bearrak bortxatuta. Zorioneko bizi-bearra! Noiz idigiko ete dira guretzako be ondasun-iturriak? Emoiguzu launa milloi bat dolar euskera iaso eta betiko berbiztuteko! Ez da asko!
Onezkero iakingo dozu Zaitegi Guatemalaratu zana. Aurre'ri egin eutson bere azkanengo gutunean, zure aldizkari biak galazo egin zituela esaten eutson. Egia ete da? Ni ementxe nago eskuartera noiz elduko iatazan, ezin dot ezelan be sinistu olakorik-eta. Ez bakarrik ori, Karmel'erako idazlantxu bat atonduten daragoiot, eta alperreko lanean niñarduke Zaitegi'k idatzia egia baldi bada. Aurrek apain baizen argi euskeratu dau Tagore'ren «Txitra» antzerkitxua. «Egan» era bialdutekotan dabil, ez dot uste baña an argitaratuko dautsenik, eta penagarria litzake alako lan ederra itzalpean gelditzea. Orain ez daukagu Euzko-Gogoarik be. Ez dakit zein diran gerorako Zaitegi'ren asmoak. Aren barriak izan ditut zearka bederik: San Antonio Aguas Calientes deritxon erritxu txiki batean ei dago txaunburu. Ur berorik biarko dau gizaiuak bere biotz zauritua gozatuteko. Eta orain itaunetxu bat egin gura neuzkizu.
Ezin ete leitekez batu Enbeita'tar Kepa'ren olerki guztiak idazti apain batean argitaratuteko? Or dabiltza, itokarrean, bertsolari iñozo guztien bertsoak argitaratuten eta guk, bizkaitarrok, gerizpean itzi bear ete dogu geure urretxindorra? Aren bertso eta olerki asko antxiñako aldizkarietan sakabanatuta dabiz, Euzkadi, Euzko-Deya, Euzkera eta abar. Zeuk bildu zeinkez iñok baiño obeto, nik uste. Bere semiak be izango ditu, nunbaite be, bertsoren batzuk. Dirua neuk inguratuko neuke emen abertzelien artean, eta or argitaratu ezin bada berton irarriko dogu. Garaia da Muxike'ko Urretxindorrari gorazarre andi bat egiteko, eta bere olerkiak argitaratutea baño gorazarre aundiagorik bapere ez.
Onenbestez, zure barrien zain geldituten. Agindu beti be, adiskide zar oni. Agur.
|