Poematxoak
Patxi Ezkiaga
«Zeren munduari barkhatzera,
ezin deusek ere balakatu zuen eta ez amoratu,
bere semearen heriotzeak baizen»
(Axular)
Suziri festa Belagoa gaineko espazio planetarioa,
hidrogeno hodei sotiletik errestan izar berrien sorkuntza,
eguzki bakoitza bere lurrarekin, gu denon unibertsoa
bakarrik ez egotearen ziurtasuna, beharra, oturuntza.
Gero eta gorriagoa urruntzen diren galaxien argia,
oihartzundua, tren joanaren txistu lausotua bezalakoa,
gauean bidaia eta gauean babesten gaituen geltokia,
mugitzen ez den argia soilik ziurtakorra eta beroa.
Eta, halere, izar jaio eta izarrez bizi naizen zentzua,
aspaldiko galaxietatik dela etorria nire lorea,
izar izateko hilko denaren bizitza ez dela antzua
eta nirea ez dela amodiotik ahanzturarako bidea.
«Eta hobe da batekin zoazin parahisura,
hamarrekin ifernura baiño»
(Axular)
Suaren erreketaren soinua
taupadaka datorkit
brisara mehatxulari ata
hala ere ziurtakor bezala,
mihi bakoitzarekin
meheago,
ostatuetako ateetatik, plaza,
eliz eta aberrietatik harandi,
oihartzun bakoitzarekin
sotilago.
Nirekin jarri da
eta nirekin egin du
ezpalak ezpalarekin bezala
ezkutuko musikarako
hurbilketa,
isileko espaziorako
deia.
Argi aratz baten gartzelan
izpien burniek
hautsen dantza arautzen duten
bezala
sartu nau azken doinuaren
erotismo itsu, arri
ukikorrean:
oihu
galdera
keinu,
hurrengo aztarnarentzat akorde.
«Pour nous, sondons notre coeur»
(Jean de La Salle)
Ibaia behatzen dudanean ala heriotza
mintzatzeko asmatu nahi nuke hitzik argitsuena
jarri ahal izateko behingoz eguteran laiotza,
bizien bideskan norantza bat baino ez duena.
Galtzera noan guztia berreskuratu nahi nuke
alanbrezko hesietan utzi ditudan puskak haina
haragia bera, ez dakidan arren zeren truke;
ilenti nimino honekin batera argitu ezjakina.
Hegaldi llabur hontan laztandu ez dudana ukitu
nahi baitut eta brisara izuti hau indarrez jantzi,
jakin dezadan ezerezak ez nauela gainditu,
eta esperantzak ez duela bere hitza ahantzi.
|