14-18ko gerlan presuner
Batixta Borthiry-Salla
1
Eniz Uskal Herrian jeiki egün goizan,
Orhi bortia eztüt gehiago bixtan,
Ez eta üskaldünik ene lagünetan,
Emur huna düt bardin, Prüsia erditan,
Bi breset huntüko düt nula bizi nizan.
2
Eskortak üngürian ni hebentxe nago,
Printze batek elüke uhure haboro;
Enetzat nuntik jin da bonür bat holako,
Hau da bai hau lekhia behar bezalako,
Aberats izan gabe auher bizitzeko.
3
Nik irus izateko zer othe düt falta,
Libertatia baizik eta zunbalt gaiza;
Khanbera bazterrian düt arrabineta,
Ogi gütixko bena indartsia beita,
Hau ezta xuri, eta gabia da beltza.
4
Ni nagoen etxia da egin berria,
Harginaren ixilik dena xarpanteria;
Jünta güzietarik kanpoko aidia,
Goiti so egin eta üdüri zelia
Erdi zohardi eta izarrez bethia.
5
Janhari trende hunez orai nadin mintza,
Güziez orhitzeko nihaur aski niza?
Ardürarenik dügü jaten friandiza,
Hebenko muda ezta Frantziako gisa,
Gerriko zintüra da behar bethi tinka.
6
Salda elegant hunez zerbait xehetarzün,
Begirik balin balü elütüke ülhün;
Badü elegantzia berheziki egün,
Hirur garbüra zankho zopetarik hürrün,
Dantzan ari dirade, gük khanta dezegün.
7
Hogei ta hemeretzü, berrogei eneki,
Marmitari üngürü gure gameleki;
Hirur satanak dantzan orano ederki,
Hatik eztira egon lüzaz algarreki,
Zorthiak eman deit ja hetarik bat eni.
8
Hirurek ükhen dügü holakotan aski,
Gure zorthiaz bekhatx hogei hamazazpi;
Erdia eskentzeko ene lagün bati
Ganitik eztüt eta esküz ezin hautsi,
Hunen jüsa ezpeita herakitzen hasi.
9
Heben üsatzen die faltatiaz kanpo
kartofel egosia pattattekilanko,
Früta, legüma eta ezür, osto zankho;
Asteko egünetan gaiza huna franko,
Phentsa arren ordian igante goizanko.
10
Egün ja ükhen dügü, egiaz mintza nadin,
Erien favorable, janharia arhin,
Liberdiko arraiña zazpientzat bardin,
Zapata zola üdüri den larrü bateki,
Hunek izan behar dü Jüiferranen adin.
11
Kafiaz berheziki badie ürgüllü,
Egünian bi pinta bakhotxak badügü;
Gozo samin azkarra, ezta miraküllü,
Gillomek baizik nurk dü jokü hau phentsatü,
Gagar eta zi errez hura dü beltxatü.
12
Ofizier badügü bai eta medikü,
Hoien küriustarzünaz niz aperzebitü;
Zer ofizio düdan batek deit galthatü,
Nik ahalaz uneski egin arrapostü:
Jauna, heben segürrik zikiro zaiñ nüzü.
13
Zikiruak hazten tüt gustü ederrian,
Nihauren khostüz bena Gillomen lürrian,
Lau hogei kanpo eta ehün barrükian,
Arratsen etzaten niz ülhün ülhünian,
Otsuak begirari bethi üngürian.
14
Espanto egiteko zer düt azkenian,
Hortxe milakaz dira aizo lehenian;
Trükada bat egin düt beltxik ezpenian,
Beste zunbait e' saldü jun den egünian,
Mantenatzeko untsa sobera benian.
15
Hitz batez erranen düt azken bresetian,
Hatü franko düt eta bizi miserian;
Jesüs lagüntü naizü khantoren huntzian,
Orai ezar nezazü oi libertatian,
Ahal ditzadan khanta Eüskal Herrian.
|