L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-2 (1983-uztaila) —<pami0200>




 

 

M. gutun bat zen

 

Pello Lizarralde

 

Karrika hozpel batetan zetzan K.ren bulegoa.

        Prahako gela hartan paper asko bete behar izaten zuen eta bere lankideek ez zuten K.ren benetazko bokaziorik ezagutzen. Berak bazekien ezinezkoa zela betirako ongi sentitzea eta ez zuen zoriontasunik espero. Beldur zaharrenak hilobiraino lagundu zion, ikarak zorigaitza besterik zekarkiola jakinarren. Zanbuluka ibiltzera ohiturik zegoen eta barrena zeharkatzen zion dardakada baretzeko gutun erraldoi bat zuzendu zion bere aitari. Egia esateko oso jende guttik barkatzen zion edozein unetan agertzen zuen beldur hori.

        K.ren ustez oso zaila zen edonorentzat jatorrizko bekatutik kentzea eta behin eta berriro hartu zuen bide ber-bera: oinazera daramana. Pasadizuan ezagutzen zituen haiek bere bizitzaren pasarteetako ozpina gehitzera bideratuak zeuden. Eta amoranteen historioak orrialde beltzenetan idatziko zituen. Haien oroitzapenak infernu hurbila somarazten zion. "Asko sufritu dute eta ni naiz errundun bakarra; nik ere asko sufritu dut, baina gainera kalte egin diet", aitortuko zion M.ri.

        Prahako bulegoan pilatzen ziren paperen gainean hezetasuna kokatzen zen eta egun batez, K.k, odola listukatu zuen. Itxuraz estuasuna areagotu behar zuen sintoma hau irtenbide batetan bihurtu zen. Hiritik urrundu eta paper zuriaren kontra borrokatzea beharrik hertsakorrenean bihurtu zitzaion. Meranoko pentsio batetan gelditu aurretik bere ezkribuekin liluraturik zegoen neska batekin topatu zen. Lehenbizikoa suertatze iheskor bat gertatu zitzaion K.ri "Zaila egiten zait zure aurpegia gogoratzea: zure figura eta soinekoa ez ditut ahantzi". Hogeitalau urteko neska hau aberatsa zen eta intelektual batekin esposaturik zegoen. K.k ezin zezakeen burutik ken senarraren irudia eta inoiz "ni baina gizonago da" pentsatu izan zuen. K. eta neska nahiz eta hiri berean sortuak izan ez ziren hizkuntza berdinaz mintzatzen. Neskak biak menderatzen zituen eta K.k ere honela esan zion behin: "Etzazula pentsa txekoa ulertzen ez dudanik, ez da amak erakutsi zidana, baina nire bihotzetik hurbilago dago". Neskak K.ren lanak itzultzeko interesa azaldu zuen eta hura, morroien lan bat zela pentsatuarren, ez zen ukatu. Hori izan zen gutunak idazteko aitzakia.

        Neska hori M. zen. Milena. K.k guttitan deitu zion Milenka (Maitea), ez baitzeukan horretarako adina segurtasunik. Elkarren baitan arakatzeko desio su kartuan dozenaka gutun idatzi zuten hala ere. K.k pentsioan zegoelarik ez zeukan balkoia ixteko ohiturarik eta maiz txoriak eta kakalardoak ailegatzen ziren bere oinen ondora. Milenari horien higidura guztiak deskribatzen zizkion: txorien mokokadak edo hankaz goiti eroritako kakalardoen higidurak. Azken hauek bere ohizko posizioa hartzen zutenean bere burua ere asko lasaitzen zela aitortu zion K.k Milenari.

        Bi edo hiru hilabeteen buruan, Milenak, bixita bat egin ziezaion eskatu zion K.ri. Milena Viennan bizi zen bere senarrekin eta K.k ez zeukan hainbesterainoko indarrik. Milenaren ekitea, aldiz, gutunetan bidaltzen zizkion kolore eta tenperatura guztietako dardakada eta laztanetan nabarmentzen zen. K.ren azal ahuldua hotzikara batek iratzarri zuen, ohantzetik jeiki eta Viennako argi hotzek begietan kolpatzen ziotela sentitu zuen. Joan aurretik Milenarekin L. kalean topo egiten zuela amestu zuen. Milenak dezepzionaturik zirudien ametsean eta K.k bazekien ametsen errealitateaz.

        Viennara egin zuen bidaian zoriontsuak izan zirela dirudi. K.k itzuli ondoren trenean eta muga pasatzerakoan gertatu zitzaizkion xelebrekeriak kontatu zizkion Milenari irrifar bat ziren gutun haietan K.k etengabeki errepikatzen zuen Milenaren izena. Gau asko xurgatu zuen eta minutu bakoitzetik lerro ugari labaintzen zen. Tenore hartan sukarrak amaierarik ez zuela zirudien.

        K.ren ausardia ezak, ordea, ez zuen egiak esan zitzan eragozten eta duda guztiak bota ohi zituen, ametsetan gorderik zeudenak batipat. Milenak, aitzitik, ez zeraman korazarik konbatean. Bere emanaldi kixkalgarrian, eta K.k bezala, odola listukatzea lortu zuen. K.k asko estimatzen zituen keinu horiek, baina bazekien ikara zela bere buruaz nagusitu zena eta honela adierazi zion M.ri: "ez zaitez krudela izan, nire beldurra da nigan dagoen gauzarik atseginena". M.k bazekien K.ren gutunean ez zela letra, punto edo koma sobranterik: "Ederra da zu izan zaitezen nire burua torturatzeko erabiltzen dudan labana" edo "Inork ez bezala ulertzen dut jatorrizko bekatua" edo beste edozein akabera.

        Hitzak, pixkanaka, hatz artean lokartu zitzaizkien; ez zuten ia oinazearen astuntasunik nabaritu. M.ren gutunak ez ditu inork irakurri eta K.k, bere azken lerroetan, goraintzi akitu batzuk bidali zituen M.ren ateraino. Kilkerrik gabeko gau hartan.

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.