Miranderen dizdira
Jon Mirande, hil zenetik, modan egon da gutartean. Duela zortzi urte Eguzkitzak eta Peilhenek argitara zuten bere obra poetikoa eta hitz-lauzkoa. Bi urte berantago Joxe Azurmendik "Mirande eta kristautasuna" delako liburuan azterkatu eta interpretatzen zuen Miranderen ideiologia. 1.979.ean "Hordago" argitaletxeak "Igela" kazeta, Mirande eta Peilhenek egina, plazaratzen zuen.
Aurten Luis Mari Muxikak bi liburu eman du argitara Miranderen olerkigintza ikertzen Haranburu Altunaren argitaletxean. Ez dira, ordea, azaldu diren bakarrak. Patxi Urkizuk "Gauaz parke batean" izeneko liburuan (ELKAR) hamazortzi ipuin berrargitara ditu. Hauetarik hamasei GEROk publikatu antologian izanik ere, bi "Euzko Gogoa" kazetan eta "Hegatsez" liburuan aurki zitezkeen xoilik. Zernahi gisaz preminazko edizioa, bestea agortu baitzen aspaldi eta lexoarraren liburuan hiztegi ttikia eta behar diren oharrak azaltzen baitira. Ipuin hauetan bederatzi ditugu jatorrizkoak eta bederatzi Mirandek itzuliak.
"Etsipenez, Jon Txahoren memorioizunak" (ELKAR) dugu Urkizuren bigarren liburua. Iaz "Mirande Literatur-Sariketara" aurkeztua, iduriz, liburua funtsean Xiberoko parisino bitxi honen biografia da. Lehen pertsonan narratua Miranderi buruzko jakingarri berri frango ematen digu. Saio hau deigarri suerta dakioke irakurleari, zinez parterik ahulena, nonbait, kronika moduan agertzea dateke. Ofizinista baten bizitza gris, hits eta anonimoa, amoretsuki tratatua ere ezein ez literarioki ez baitateke aski halako nobela haundinahitsua egiteko.
Beste bi liburu, Durangoko Azokan aurkeztuak biak, azkentzeko: Txema Larreak apailatu "Poemak. 1.950/66" (EREIN) eta Xabier Olarrak prestatu "Ene Jainko-Eidol zaharra, lur" (ELKAR). Bietan Miranderen poemak ditugu, lehena hamarren bat poema gehiago dakarrela. Bietan iturriak eta hiztegi ttikia daukagu eta Larrearen liburuan oharrake eta bibliografia apur bat ere.
|