Egunetik egunera
Txema Larrea
BIBA GU ETA GEURE BORLAK
Oraingo Jelkideendako, Hastapenean Estatutua bazen eta ene lagun batasuneroek Altsasun funtsatzen badute bere Euskal Kosmogonia, gisa berean, irazle zenbaitendako gure tenore hauxe dugu, menderen mendetan, Euskal Literaturak ezagun duen epokarik gorena. Hunat aldaratuko ditut, zure satisfazionearentzat, eta enearentzat ere, SUSA kazetako editorialeak plazaratu dituen erizpide horiek:
"Egia da gaur baino kalitate eta kantitate haundiagoz inoiz ez dela literaturarik egin, egia da garai batetako konsakratu gehienek gaur egun lotsa baino ez luketela pasako haien izkribuak gaurko idazle hasi berri gehienekin alderatuz gero, gauza guzti horiek egia dira, baina es dira aski".
Hitz horien zuzentarzuna Bergarako zaldun batek frogatu zuen aspaldi, bere belaunaldikoez irazten zuenean:
"Bi egi ditugu hontaz aitortu beharrak. Eta hauxe da bat: Behin ere ez dala, gaur euskaraz egiten dun bezain ongi mintza eta idatzi. Gaur bezalakoa bertsoak ez dirala inoiz egin izan. Ezta orain ikutu litezkeen gaiak orain arte euskeraz erabili ahal izan ere..."
Liferentzia ttipi bat bada, orden (betiko "petit detaille" hori), azken pasarte hau 1.952.ean argitara baitzen, "ALDERDI" aldizkarian eta "OTEA"k sinatua. OTEA Telesforo Monzonekoaren izenordea zen. Ez etsi adiskidito hork, Iraultzearen bideak Jainko Jaunarenak bezala, ezagutezinak baitira.
NORK EPAITUKO?
Eta literaturaz-edo ari garelarik, literatur sariketa berri baterako deialdia. Bertan literatura konpromezu politiko bezala hartu duten irazleek parte hartzea daukate, Literatura, Kultura eta Herriaren prozesu iraultzailean engaiatu direnek, alegia. EGIN egunkariak (85/Urtarrilak 5) "Premios Literarios Bergamin Etxebarrieta" sariak konbokatu ditu. Oinarrizko ponduetan, bigarrenean prezeskiago, hau irakurri ahal da:
"2. Aparte de las cualidades literarias, los jurados valoran igualmente los contenidos que mejor sepan responder al espíritu revolucionario que dan su nombre a los premios".
Galdera aunitz bururatzen zait. Iraultzailetasun baremo gaitzez batik-bat, eta laburbilduz bat: Nork epaituko?
AZKEN HITZA BERE
Bainan itsumustuan eta zirika aritu gabe, egiari zor, euskaldunetan jendeari prestuak baditugu ere. Urrunen batera gabe, garai guztietako herri guztien historia egin nahi izan duen pertsularia. Iazko Mirande literatur nobela-sariaren irabazleak ez du aurkezpen beharrik. Xabier Amurizaren aburuak, hortaz, baliosak dira, nire iduriko, gure hizkuntza eta literatur etorkizunez jabetzeko eta gogoetan jartzeko; bi iturriak aipatuko ditut: erdarazkoa Bilboko "Hoja del lunes"en plazaratu zen (82/X/6) eta euskarazkoa EGINen (82/X/10). Hunat pollitenak:
"Es difícil hallar un escritor capaz de crear obras originales y la lectura tiene algo la culpa de este hecho" ... "la lectura... eso lo dejo para cuando me encuentre en prisión"
Zehazkiago, EGINeko kronistak dihardu, Amurizaren erranak plazaratuz:
"Zergatik irakurri behar dut, nire barrutik kanpo dagoen literatura?". "Ni sortzaile bat naiz. Sortzeko gogoa badut. Sortzeko ametsik ez duenak irakur beza. Sortzeko arra dudalarik nola jarriko naiz, bada, irakurtzen? Agortzen naizenean agian, irakurriko dut".
|