L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-9 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kulturan: politika ala poliki ta...

 

Txori

 

"Euzkadi 84" sariak zirela eta Oteizak idatzitako eskutitz osoaren argitaratzeak, azkenengo bi hilabete eta erdi hauetan gertatutakoaz pentsarazi digu.

        Batzuengan —Oteizak protestatzen duen bakoitzean horrela gertatzen zaigu— itxaropenaren argia piztu zen berriro. Amairik gabe aipatutako euskal kulturaren aurrerabide, balio eta berreskurapenerako estrategia egokienetaz eztabaidatzeko unea ailegatua zela uste genuen oraingo honetan ere.

        Oso aspalditik ez bait genituen ikusten horrelako erreakzio beroak irainduengan, ez eta horrelako egoera aproposik eztabaida ahantzia plazaratzeko.

        Baina erasoaldia eta erantzunak, betiko erdipurdiko pertsonalismo, nardaskeria eta oportunismoetan geratu ziren.

        Ez da harritzeko gauza, gure herriko bizitzaren —hilzoriaren— protagonistek politika hitzaz duten konzepzioa ikusiaz. Oteizak berak eskutitzean aurresana zeukan: "...Hemos logrado dar la sensación de un país que está acabado, y son nuestros políticos que en experiencia revolucionaria y en sensibilidad contemporánea están sin empezar".

        Sorkeria estetikoa —politikoa, beraz— ezkerrean, sorkeria eskubidean. Batzuek eta bestek kultura hitza batzoki edo mitinetan, bakarrik, ahozkatzen dakitelako. Eskutitza irakurri zenetik hona gertatutakoa dugu esan honen adibide argiena. Ba zirudien "Euzkadi 84"ri egindako plantaldiak beste eztabaida nazional honen motorra bilakatuko zuela.

        Aitzitik, sumintasuna eta smokinen urraketak, "zikindutako" siglak garbituko lituzketen erreplika petraletan bihurtu ziren. Edo, beste aldian, merezimen du propioz ez irabazitako tantoetan, lotsagabeki bereganatuz.

        S. Brouarden azkartasun politikoa edo Garaikoetxea eta Ardantzaren deklarazioen pipermina ez dira gaur esku artean ditugun gai larrienak. Are gutxiago ere mendetan zehar eraikitako nortasun kulturala edo jarrera estetikoa arrisku bizian daudenean. (Erreflexioraklo datu bezala: bizimodu aurreindustriala ezagutu duen azkenengo amona hiltzen ari zaigu eta honen atzetik homogeneotasun kulturala besterik ez datorkigu)

        Oteizaren erasoaldi garratzak, azken finean, eguneroko ekintza politikoen beste akats eta huts gaitzago batzuen ondorioak besterik ez dira. Eta hemen dago koxka. Hemen kokatu behar da alde guztietatik ezkutatzen zaigun benetako eztabaida.

        Oso Oteizarra bahar du izan, noski, Mario Oraindiak desenkanto zulo beltzetik gaur egun dagoen egoera intelektual eta politikora, Quosque Tandemen eraginez, ailegatzea lortu baldin badu. Benetan hunkigarria. Baina, non dago Euskadiko Ezkerraren egitarau kulturala? Zer estratejia erabili behar dute hura ezartzeko?.

        Antzeko galderak egingo genizkioke Herri Batasunari: Kultural-estetiko ikusmira batetik zer garen kontuan hartu gabe, nola lor dezakegu Euskal Herriaren berreraikuntza nazionala? Non geratuko ote zaigu euskaldun berritutako gizadia —hizkuntzaz—, egungo eta sentikortasunez gaurkotzen ez badugu? Nork bultzatzen du iraultza fronte honetan?

        P.N.V.-z eta Euskal Gobernuaz zer esanik ez. Ezin ditugu onartu bere haserreak, gero, egiten ari diren arduragabetasun historikoari erantzuteko gauza ez ba dira.

        Gobernu Autonomoak zenbait urte bete ditu eta egitasmo kultural baten organigramarik ez dugu jaso, oraindik, ez eta gure artista, idazle, musikagile, hizkuntzalari edo antropologoen oraingotasunarekiko oinharrizko azpiegituraren aurreko urratsak eman ere, gure kulturaren berezitasuna —arazo politiko guzien etorkia— mundura zabalduz.

        Hauxe dena dugu kolonka eta galetsi Euskadin: gure euskal izatearen mamia.

        Eta eztabaida nazional hau zai dugularik, gure egunkari, irrati eta telebistako espazioak erdipurdiko politikoen mixeriaz betetzea, gutxienez, triste da.

        Kultura arloan, behintzat, burujabetasuna lortzeko aukera dugu oraindik, laister behar du izan bestela, beranduegi izan daiteke.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.