L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-11 (1986-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Bixente Serrano Izko

 

                "UN CAMINO CORTADO", ORAINALDI IREN BAT.

                JOSE MARI ESPARZA.

                Un camino cortado, Tafalla 1900-1939 Elkar, 1985.

        "Que no se sepa para que no vuelva a ocurrir" delako pentsakera baduzu, dudarik gabe, oztoporik haundienetariko bat gure iragan berria ezagutzera heldu ahal izateko. Historia "onek" idatzi dutenez gero, eta "gaiztoek", aldiz, zuloetan barreiaturiko hezurretatik aparte, beldurrikara, gartzela eta ixila bertzerik utzi ez digutenez gero, zaila gertatzen zaigu, eta meritagarri, "gaizto" eta "madarikatu" hauen ilusio, bizitza eta ekintzekin berkonektatzen saiatzea.

        Haien semealabek edota bizirik gelditu ziren lagunek, zorte onez batzu, garaiz aldatzen jakin zutelakotz bertze batzu, ahantziaz zuritu behar izan zuten izua, bizitzen jarraitzeko. Hori dela eta, Tafaila bezalako nafar hiri txiki baten mende honetako mugimendu aurreratzaileen historia interesgarria ahantzi sasibabesle horretatik erreskatatzea, irainordea baino askoz gehiago da: desafioa da beldurrezko berrogei urteek inposatutako ahantzi horren aurrean ez ezik, baizik eta trantsizio lotsagarrizko hamar urteak inposatzen saiatzen ari diren bertze ahantzi honen kontra ere.

        Zeren eta "que no se sepa..." delako horrek, garai berri hauetan, guk parte hartzen dugun belaunaldi berri hauetan, zirgitaldi bat eragiten bait du, inpontentziazko sentsazioa dela kausa ez ezik, haren atzean susmatzen dugun terrorearen kariaz ere. Bainan zirgitaldi hori larritasuna bihurtzen da dakusgunean belaunaldi demokratiko berriek, frankismoa akabatu eta botere uhalak hartu omen dituztenak, ahantzi berbera nahiago dutela ere, ez dakigularik izanen den haiei berdin gerta ez dakien ala haiek berek berdin egin behar ez dezaten, berriz gertatzen bada...

        Izan ere, diktadurak erreprimitutako gazteriari "Crónicas de Juventud" izeneko poema epiko edo antzeko horrek, gaurko gobernatzaileek penintsulako hirietan zehar erakutsi digutena, hotzaldi berbera sortu digu: gure burrukak, Francoren kontrako gure erreboltak, ez ziren izan bide ebakia berriz irekitzeko, baizik eta "las dos Españas" gainezkatzeko, geure arbasoen ilusio, bizitza, ekinrta eta sufrimenduak ahanzturik eta, hestutzen banauzu, hauk sarraskitu zituztenak konpreniturik ere. "Cara al sol" delakoa ez zen izan, aidanez, gaizki erabilitako poema eder bat baino, aurka egindako "las dos Españas" direlakorik gabe munduaren aurrean berrabiltzera bultzatuko gintuzkeena, ongi erabili balitz. Eta "Por Dios, por la Patria y el Rey" delako bertze abesti hori, ezbeharrezko aldarrikapen bat bide zen, denok aberri berbera bait genuen eta Errepublika edo bertze nahikeriaz damuturik bait geunden.

        Ahantziaren kontra, bai beldur eta menpekotasunarena, baita demokrata berri eta lotsagarriena ere, Tafailako bide ebaki hau berraurkitzea, berrekiten hastea da. Ezer ez dadin geldi gertatu zenean bezala. Jose Mari Esparzaren oinezko edozein irakurlek, bidearen azken arekak ikustean, argi eta garbi egiztatuko du ez zutela bidea ebaki urrutiegi heldu izateagatik, irekitzeagatik berarengatik baizik.

        Historia inoiz ez zen "magistra vitae" izan, ez eta gaur ere. Bainan iragana berraurkitzeak bai lagun gaitzakela orainaldi iren hau gainditzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.