Volskwagen zaharregia agian
Abrisketa
ARISTI PAKO
"Euskal Kantagintza Barria -1961-1985"
Erein. Donostia. 1985.
Pako Aristik bidaia bat proposatzen digu 1961.etik 1985.ra bitarteko Euskal Kantugintzaren barrena Ustaritzeko kanposantutik abiaturik. Ideia polita, kontutan izanik batez ere, bidaia benetako nahiz imajinario hori gehienok egina dugula adinaren arauera eta bakoitzak ahal izan duen tramuetan.
"Puzzle" bat bezela definitzen du sarrera aurreko aitzin hitz batzuetan bere lan hau Pako Aristik, baina musika arazoetan espezialistak ez garen arren, esan dezagun berehalaxe, puzzle honi ez diogula maiz osotasunaren hartu beharko lukeen irudirik atzemaiten. Ukaezinezkoa da ikerketa hau nabarmena zen hutsune bat betetzera datorkigula gai honi buruzko lan sistematiko baten premia begibistakoa baitzen. Pena bat ordea honelako ahalegin bat hain erdi bidean geratzea, ta hutsune bat betetzera zetorren lan bat hain hutsunez josia agertzea.
Osotasunean, liburuak "Ez Dok Amairu" taldearen hatz-begiak nahiko hurbiletik eta zehatz eskeintzen dizkigu, batez ere orduan protagonista izan zirenen testigantza zuzenak biltzen dituelako elkarrizketa bidez. Aportazio moduan ere, beharbada, hogei urte luze hauetan prentsak fenomenu honetaz zer esan duen biltzea. Ta kitu.
Volkswagenaren aitzin-gibelak, Pako eta Leonard-en janedan abenturak ondotxo dakizkigun arren, ezer gutxi esaten digu beretik aldi hauetako giroaz espontaneitate haundiz bilduriko datu zenbait salbu. Badirudi dokumentazioa egunkarietako errekorte kolekzionista batena dela, eta batez ere, berarengandik hurbil xamar suposatzen dugun egunkari batetakoa. Urte batzuei dagokioenez behintzat ez genuen uste egunkari batzuk hain fidagarriak zirenik.
Bibliografia broma baten karikatura da. Uste genuen bestalde, musika mugimenduei buruzko liburuak inbentaturik daudenez, bakarka, taldeka, atalka, urteka, aurrean, atzean edo erdian diskografiaren bat aurkituko genuela. Baina ez. Esfortzu haundiegi bat eskatzen zuen itxuraz.
Eta arestian aipaturiko hutsuneak zulotzat jo badaitezke ere, 1980-tik 1985-ra bitarteko aldiari buruz egiten duen aipamena amiltroka bat iduritzen zaigu. Lehenak jarraipen bat izan arren ere, edozeini begitantzen zaio, azken urteotan zerbait berri eta arras desberdin sortu dela, eta azterketa, dekripzio, edo interpretazio berenberegiko bat behar duela. Soziologigoki bakarrik baldin bada ere.
"Jotakie" taldearen aipamenaz gain, non geratu da 1985-an "Kortatu" fenomenoa?, akaso "Zarama" desintegratu egin ote da?, ez ahal da existitzen Bilbo Haundirik?, Nerbioi Ibai Ezkerraldea fikzio bat ote da?. Letra txikiak.
Liburua 29-gn orrialdetik zabaltzea suertatu zitzaidan, non Lourdes Iriondo "vedette"-ri buruz hitz egitean bere fotografia bat aurkitzen baitugun "esaunda" honekin: "Lourdes Iriondo euskal kantagintzaren sex-simbol izan zen bere minifalda ausartekin". Gera gaitezen hementxe bertan diskordiarik gehiago erein gabe.
|